Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-05-15 12:58:53
ARGIAko literatur kantoira lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak

2005-04-10 -- 1987.zenb

Aukera bustiak

Joseba Barandiaran

Elurtetik lehortera pasa gara. Bigarren postala baino ez dut hau baina, itxuraz, azken aldian urak ez dira bere bidean ibili; izoztuta egongo ziren noski.

Izoztuta utzi ninduen lehengoan, auzoaren ondoko azalpenak. "Nik etxea salgai jarri eta, beltz batek 50 milioi (300 mila euro esan nahi du), eta txuri batek 40 milioi (240 mila euro) eskainiz gero, nik beltzari salduko nioke etxea". Ahoa bete hortz ni, irribarrez bera. "Aukera normala" esan nion, totelka.

Xabier Arzalluz EBBko buru zenean baino gehiago ikusten dut azkenaldian, kalean bezala komunikabideen zeruan ere. Serio demonio beti. Azkena, Bilboko Sheraton hotelean, Egunkariaren aldeko kultur elkartearen aurkezpenean. Carlos Garaikoetxea eta biek horretan bat egiteko aukera izan zuten. Eskertzekoa. Txillida eta Oteizak Gernikan elkarri emandako besarkada baino ez zen falta izan; Espartero eta Marotok Bergaran hasitako ildoan, abiadura makaleko besarkaden euskal Y polita osatzen joateko modua zatekeen.

Abiadura Handiko Trenaz, zer esan. EAEko hiriburuetatik Rivabellosara iritsiko ote da? Eta gero, zer? Aukeran, nahiago nuen Parisetik Lapurdira eta Madrildik Rivabellosara iristea eta konponbide arrazoizko bat topatzea, EAEko benetako beharrei egokitua. Noski, aukera bat baino ez da. Aukera bustia, gure aitak sarri aipatzen zigun "papel mojado" haren parekoa.

Hurrengo postala postontzi honetan uzten dudanerako, oso gauza garrantzitsuak erabakita izango dira. Hala da, ekainak 11 dituela, Athleticek eta Osasunak Espainiako Erregearen hatz agurtzailearen aurrean -bosten artean erdikoa-, partida jokatuko ote duten jakingo da. Eta beraz, bilbotarrek delako gabarra sonatua ibairatuko ote duten edo ez. Aukera badago; ez da gutxi. Aukerarik gabea Igor Elortzak bertsoz adierazitako nahia da: nekez ikusiko ditugu Azkuna alkatea eta Yeste ûjokalari zurigorriaû, gabarra garbitzeko lanetan.

Beste aukera bat, aukera bustia, arriskatua, hau ere, duela zenbait larunbat Bilboko Ibaizabalen ikusia: gizona biluzik, orain crawl estiloan, orain bizkarrez. Igerian. Uger egiten. Itsasbehera zen eta Arriagatik oso gertu, Ibaizabal erdi-erdian, zutik jarri zen gizona. Ibaiari izena ongi jarri zioten seinale. Ibaizabal bai, Ibaisakona ez. Bilbon ibaiak duen sakonera misterio moduko bat zen, niretzat bederen.

Hauteskundeak ere izango dira agian laster batean. Aukera bada. Baina ez da aparteko hauteskunde girorik sumatzen; zaharrak berri. Tren eta maleta kontuak ari dira lurmentzen, bai, baina Madrildik hona gehiago, politiko eta ministro zenbait, badakizu. Ezer larririk ez. Aste Santuko beste prozesio mota bat.

Azkarragak esan zuen behin, ez dakit nor eta ez dakit zer, botijoa baino espainolagoa zela. Sailburu aparta da Joseba, baina adibide hoberik bazen. Inkisizioa baino espainolagoa esatea komeni zen. Botijoa, zahatoa eta enparauak, eztarria bustitzeko aukera ematen duten trasteak dira. Edonork eskertzen du barrena bustitzeko aukera.

Inkisizioa ordea, hori bai, oso aukera espainola da. Aukera Guztiak-en alde "busti" den edonor -sinadura emanez!-, Conde Pumpido inkisizio-buruak, barka, fiskal buruak ikertuko du. Sinatzaileen %5 omen dira batasuna-etarrak. Nahikoa arrazoi bada hauteskundeetan parte-hartzea lagatzeko. Izan ere, Athleticek zein Osasunak bazkideen artean portzentaje hori ere erdietsi dezakete eta, hala ere, Espainiako Ligan eta Erregearen Kopan ere parte-hartzen badute... nola eragotzi hautesle zerrenda bat demokratikoak omen diren hauteskundeetan egon dadin?

Tira, Euskal Herriko ia edozein talde, elkarte, sendi edo koadrilak ditu aukerak %5 hori lortzeko! Baina isil nadin, izena gogoratu nahi ez diodan gizon gogoangarri hark esan zuen lez, pistak ematen ari naiz eta.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa 1.1

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan