Jakoba Errekondo
Baratzetara ere iritsi da eromena. Lurrak sasoia hartu duenean aurtengorako pentsatutako baratzeko lanak arrapaladan egin behar. Orain arte elurrak galaraziak laster burutu behar, euri zaparradaren bat etorri aurretik...
Udaberrian bertan biltzeko uztekin batera geroagokoetan, uda berokoetan ere jarri behar aitzurra. Honelakoetan gauzak bi aldiz pentsatzeko denborarik ez hartzen ordea... eta gero izan ohi dira porru hazi ederrak! Bitan ez, hirutan pentsatu beharko genituzke baratze lanak. Zer barazki jarri, zein lan burutu behar den horretarako eta hirugarrena mantenua eta landarearen eta gure osasuna errazen nola zaindu. Azken honetarako landareen asoziazioak, zein zeinen ondoan jarri edo ez, nola antolatzea garrantzitsua da hirugarren helburu horren bilatzeko.
Landareak, geure moduan, etengabeko borroka batean bizi dira. Denek nahi dute ondo elikatu eta bere espeziea mantendu eta zabaldu. Estrategiak anitzak dira: ondokoaren zainei hazten ez utzi, auzoaren kontrako jario kimikoak, guda honetarako landare jende artean ez da Ginebrako hitzarmenik...
Baratzean landareak elkarren ondoan nola jarri antolatzerakoan kontuan eduki: batzuen artean elkarlana sustatzeko joera dute, hazkundean lagunduz edo arerioak diren izurriteak eta abar uxatuz; hazkunde azkarra eta motela duten landareak tartekatuz denbora eta lurra irabazten da; nolanahi ere, sustraikera desberdina duten landareen artean hobeto moldatzen dira.
Antolaketa honek landareen hazkuntzan eta uztetan duen eragina baratzegintza ekologikoaren barruan metodo biodinamikoa lantzen duen eskolak jorratu du, batez ere. Eskola honen eta tokian tokiko baratzezale amorratu askoren esperientziari esker barazki asoziazio onuragarri eta kaltegarri asko saiatu, antzeman, frogatu eta hedatzen ari da. Adibidez, auzokalte diren batzuk: baratxuria eta tipula, baba eta ilarrarekin; letxua, ekilorearekin; azak, marrubiarekin; patata, kuiarekin, tomatea, luzokerrarekin; apioa letxua, perrexila eta artoarekin. Aldiz, auzolanean gustura aritzen diren beste batzuk: zerba eta apioa, letxua eta tipula; baratxuria eta patata eta marrubia; porrua zainzuria, azenarioa, apioa, milua, marrubia, letxua, tipula eta tomatearekin.
Landareak gu bezala, egon edo jotzeko, aldamenean zein dugunaren arabera alde ederra...
Jabier Agirre
Haurtzaroaren Aldeko Batasuna izeneko erakunde iparramerikarrak dioenez, ordenagailuak, Internetek eta enparauek zaildu egiten omen dute eskolaurreko adinean dauden umeek beste haurrekin eta baita pertsona helduekin ere harremanak finkatzea. "Umeek hezkuntza osasungarria behar dute, eta ordenagailuek ezin diete horrelakorik eskaini, ez baitute bizi-bizian hezten, egiazko irakasle batek bezala", dio Joan Almon-ek, eskolaurreko irakasle izateaz gain, erakunde horretako koordinatzaile nagusia eta eleduna denak.
Ameriketako Estatu Batuetan milioika dolar inbertitzen dira urtero, lehen mailako eskoletarako eta baita oinarrizko eskoletarako ere teknologia berriak diseinatu eta garatzeko. Eta bertako Hezkuntza Sailaren arabera, eskola publikoen %99 Internetera lotuak zeuden 2004. urtearen amaieran. Almon irakaslearen ustez, teknologia berriekiko lilura horrek itsututa, eskola batzuek nabarmen gutxitu dute irakasle, liburu edo hainbat jardueren -musika, arte nahiz ibilaldien- kopurua, ordenagailuko programa eta ekipamendu informatikoetan milioiak gastatzen dituzten bitartean.
Aditu horrentzat, ordenagailuen erabilera bereziki zaindu behar da adinez txikienak diren haurretan, hain zuzen ere sozializaziorako orduantxe baitago umeen garuna unerik aktiboenean. Adin horretan, ordenagailuak oztopoa besterik ez dira umeen trebetasun sozialak garatzeko. Bestalde, ikerketa batzuek frogatu omen duten bezala, ordenagailuak 3-4 urteko umeen hezkuntzan sartzeak ez du haurren sormena gehitzen; aitzitik, nekea eragin dezake, ikusmenekoa batik bat, eta baita estresaren ondorio diren beste hainbat kalte sorrarazi ere, obesitatea bultzatzeaz gainera.
Dena den, badira kontrako iritziak ere; Alain Delamater psikologoak, esaterako, zenbait arrisku fisiko onartzen dituen arren, hezkuntza-mailako jolasek kalte baino onura gehiago ekartzen dituztela dio. "Bai, ordenagailuan jolastea jarduera sedentarioa da, baina baita irakurtzea ere", bere hitzetan, eta inork ez du irakurtzea gaitzesten.
Joxerra Aizpurua
Glaziar suitzar bat babestu nahian
Berotegi-efektuaren aurkako borroka pertsonala egitea erabaki dute Suitzako Andermatt-eko eski-estazioko arduradunek. Hain zuzen, estazioan dagoen Gurschen glaziarra ahalik eta gehien babestea nahi dute eta zati bat estali egingo dute eguzki-izpietatik babestu ahal izateko.
Orain bi urteko kanikulak eta azken urteotako tenperatura altuek eragin handia izan dute glaziarrak urtzerakoan eta gehiago ez urtzeko PVCko xaflak jarriko dira glaziarrean. Metro koadroko 20 euroko kostua dute xaflek eta oraingoz 3.000 metro koadro estaliko dira. Beraz, 60.000 euroko kostua izango duen langintza honen emaitzen zain geratuko dira glaziarreko beste zati bat estali ala ez erabakitzeko. Gainera, aipatu lana arrakastatsua baldin bada, beste eski-estazio batzuk prest azaldu dira beren indarren arabera beren kokaguneetan glaziarrak babesteko.
Andermatt-eko eski-estazioko arduradunen arabera, Gurschen glaziarra izotz asko galtzen ari da. Zuricheko unibertsitateko ikerlari-talde batek egindako ikerketen arabera, glaziar suitzarrek azaleraren %18 galdu dute 1985 eta 2000. urte bitartean eta, aldiz, 1973 eta 1985. urte-bitartean %1 baino ez zuten galdu. Alpeetako tenperatura azken 150 urteetan 1,2ºC igo da eta 2003ko kanikulak izugarrizko eragina izan zuen glaziarretan.
Biodibertsitatearen gorabeherak
62 milioi urteko zikloetan biodibertsitatea hazi eta gutxitu egiten dela aurkitu dute Berkeley-n dagoen Kaliforniako Unibertsitateko Berkeley National Laboratory-ko Richard Muller-ek eta Robert Rohde-k. Horretarako, azken 542 milioi urteko itsas animalien fosilak arakatu dituzte eta sistema informatiko konplexuarekin analizatu ondoren, 62 milioi urteko zikloak topatu dituzte.
Guztira 36.389 genero identifikatu dituzte eta horien jarraipen zehatza egin dute. Aipatu zikloen zergatia azaltzeko hainbat hipotesi geofisiko eta astronomiko aipatu dira, baina zientifikoki ez da ezer ere frogatzerik izan. Adibidez, aldika eguzki-sisteman Oort kometek sortzen duten eragina izan daiteke arrazoietako bat, baina esan bezala ez dago frogatuta. Muller arrazoi astronomikoen peskizan dabilen bitartean, Rohde arrazoi geofisikoen atzetik dabil, hala nola, sumendien erupzio masiboak.
Bi zientzialarien arabera, hainbat izakik zikloaren aurrean eragin txikia jasaten duen bitartean, beste batzuk oso sentikorrak dira. Koralak, belakiak, artropodoak eta trilobiteak daude sentikorren artean eta arrainak eta barakuiloak, besteak beste, egoera egonkorra dutenen artean.
Frogatzerik izan ez badute ere, badirudi 140 milioi urteko beste ziklorik ere badagoela, hain zuzen ere Aro Glaziarrekin erlazionaturik egon daitekeena. Ikusiko dugu nola aurreratzen duen ikerketa honek.