Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-04-10 -- 1987.zenb

Joseba Barandiaran

Elurtetik lehortera pasa gara. Bigarren postala baino ez dut hau baina, itxuraz, azken aldian urak ez dira bere bidean ibili; izoztuta egongo ziren noski.

Izoztuta utzi ninduen lehengoan, auzoaren ondoko azalpenak. "Nik etxea salgai jarri eta, beltz batek 50 milioi (300 mila euro esan nahi du), eta txuri batek 40 milioi (240 mila euro) eskainiz gero, nik beltzari salduko nioke etxea". Ahoa bete hortz ni, irribarrez bera. "Aukera normala" esan nion, totelka.

Xabier Arzalluz EBBko buru zenean baino gehiago ikusten dut azkenaldian, kalean bezala komunikabideen zeruan ere. Serio demonio beti. Azkena, Bilboko Sheraton hotelean, Egunkariaren aldeko kultur elkartearen aurkezpenean. Carlos Garaikoetxea eta biek horretan bat egiteko aukera izan zuten. Eskertzekoa. Txillida eta Oteizak Gernikan elkarri emandako besarkada baino ez zen falta izan; Espartero eta Marotok Bergaran hasitako ildoan, abiadura makaleko besarkaden euskal Y polita osatzen joateko modua zatekeen.

Abiadura Handiko Trenaz, zer esan. EAEko hiriburuetatik Rivabellosara iritsiko ote da? Eta gero, zer? Aukeran, nahiago nuen Parisetik Lapurdira eta Madrildik Rivabellosara iristea eta konponbide arrazoizko bat topatzea, EAEko benetako beharrei egokitua. Noski, aukera bat baino ez da. Aukera bustia, gure aitak sarri aipatzen zigun "papel mojado" haren parekoa.

Hurrengo postala postontzi honetan uzten dudanerako, oso gauza garrantzitsuak erabakita izango dira. Hala da, ekainak 11 dituela, Athleticek eta Osasunak Espainiako Erregearen hatz agurtzailearen aurrean -bosten artean erdikoa-, partida jokatuko ote duten jakingo da. Eta beraz, bilbotarrek delako gabarra sonatua ibairatuko ote duten edo ez. Aukera badago; ez da gutxi. Aukerarik gabea Igor Elortzak bertsoz adierazitako nahia da: nekez ikusiko ditugu Azkuna alkatea eta Yeste ûjokalari zurigorriaû, gabarra garbitzeko lanetan.

Beste aukera bat, aukera bustia, arriskatua, hau ere, duela zenbait larunbat Bilboko Ibaizabalen ikusia: gizona biluzik, orain crawl estiloan, orain bizkarrez. Igerian. Uger egiten. Itsasbehera zen eta Arriagatik oso gertu, Ibaizabal erdi-erdian, zutik jarri zen gizona. Ibaiari izena ongi jarri zioten seinale. Ibaizabal bai, Ibaisakona ez. Bilbon ibaiak duen sakonera misterio moduko bat zen, niretzat bederen.

Hauteskundeak ere izango dira agian laster batean. Aukera bada. Baina ez da aparteko hauteskunde girorik sumatzen; zaharrak berri. Tren eta maleta kontuak ari dira lurmentzen, bai, baina Madrildik hona gehiago, politiko eta ministro zenbait, badakizu. Ezer larririk ez. Aste Santuko beste prozesio mota bat.

Azkarragak esan zuen behin, ez dakit nor eta ez dakit zer, botijoa baino espainolagoa zela. Sailburu aparta da Joseba, baina adibide hoberik bazen. Inkisizioa baino espainolagoa esatea komeni zen. Botijoa, zahatoa eta enparauak, eztarria bustitzeko aukera ematen duten trasteak dira. Edonork eskertzen du barrena bustitzeko aukera.

Inkisizioa ordea, hori bai, oso aukera espainola da. Aukera Guztiak-en alde "busti" den edonor -sinadura emanez!-, Conde Pumpido inkisizio-buruak, barka, fiskal buruak ikertuko du. Sinatzaileen %5 omen dira batasuna-etarrak. Nahikoa arrazoi bada hauteskundeetan parte-hartzea lagatzeko. Izan ere, Athleticek zein Osasunak bazkideen artean portzentaje hori ere erdietsi dezakete eta, hala ere, Espainiako Ligan eta Erregearen Kopan ere parte-hartzen badute... nola eragotzi hautesle zerrenda bat demokratikoak omen diren hauteskundeetan egon dadin?

Tira, Euskal Herriko ia edozein talde, elkarte, sendi edo koadrilak ditu aukerak %5 hori lortzeko! Baina isil nadin, izena gogoratu nahi ez diodan gizon gogoangarri hark esan zuen lez, pistak ematen ari naiz eta.

Erramun Osa

Aldaketak gertatzeko baldintzak ontzen ari dira gure artean. Horrek, besteak beste, bukaerako eskenatokia ez antzematea, ziurgabetasuna areagotzea, eta batzuen aldetik, aldaketak gerta ez daitezen, erresistentziak indartzea ekarriko du, ezbairik gabe. Baina, testuinguruak aldatuz doaz, gizarteak garai berrietara egokitzen ari dira. Eboluzioa, gustuko eta ez gustuko ditugun noranzko desberdinetan, gertatzen ari da. Hizkuntza kontuetan ere beste horrenbeste. Hizkuntza gutxiagotuak, askotariko espezieak bezala, abiada bizian desagertzen ari diren mundu honetan, euskarak irautea ez ezik indarberritzea ere nahi badugu, orain arte hartu ditugun erabakiak, abian ditugun egitasmoak, eraiki ditugun diskurtsoak, jokatzeko erak eta abar mahai gainean jarri eta eguneratu egin behar ditugu.

Duela hogeita bost urte eskas, frankismoak ezarritako gauaren osteko egunsentian, ezarri ziren Hego Euskal Herrian, EAEn batez ere, euskararen indarberritzean eragin erabakigarria izango zuten hizkuntza politikaren zorua zein habeak. Ordukoa da, gutxienez, baita euskara kontuetan ere, haren alde egonik, berreskuratu berri ziren autogobernu erakundeen aldeko apustua egin zutenen eta, haien erabakiz, hortik kanpo geratu zirenen arteko etena. Testuinguru horretan, euskara eta haren aldeko gizarte mugimendua sortu berri ziren erakundeak erasotzeko baliatu zituzten batzuek, nonahi zatiketak eraginez; beste batzuek, aldiz, herritarren esku hartzea gutxietsiz, sortutako instituzio berrietan har zitezkeen erabakietan jarri zituzten itxaropen ia guztiak. 80ko hamarkadan gertatutako eten horren ondorioak oraindik nozitzen ari gara. Ahulak gara, eta gure arteko zatiketak, erronka berrien aurrean, are makalagoak izan gaitezen ahalbidetzen du.

Hezkuntzan ereduak ditugu aukeran, baina, euskaraz moldatzeko ez-gauza diren gazte andana ateratzen ari dira oraindik eskoletatik. Halaber, ereduen eskemak Lanbide Heziketarako zein Unibertsitaterako ez du balio, ezen, horren eskaintza zabala eta denboran aldakorra dena bi hizkuntzetan eskaintzeko modurik zein baliabiderik ez baitago egon. Ezta beharrik ere! Ereduen sistema, bi hizkuntzetan pentsatzen zuen gizarte batentzat nahikoa izango zen, akaso; eleaniztasunean ardaztu nahi den hezkuntza sistemarako, ostera, labur geratzen da.

Euskara dakitenen kopurua hazi da Euskal Herrian; erabilerak, ordea, oso gutxi egin du gora. Erdaraz ûbatez ereû funtzionatzen duen euskararen aldeko gizarte batean, euskaraz bizitzeko aukera urriak dituztenek zein motibo eduki dezakete euskarari atxikimendua izateko? Euskara eta haren kultur ondarea bereizi ditugun hamarkada hauetan, gure hizkuntzaren eta kulturaren arteko etena nola berreskuratu dezakegu? Gazte belaunaldiek ez dute haien gurasoen edo irakasleen antzera hitz egin nahi, eta hizkuntzaren zuzentasunaren zuzentasunaz, nazkatu ditugu, euskararekiko grina are gehiago apalduz, hizkuntza baliatzeko behar duten askatasuna murriztuz. Zein erregistro eta zertarako? Horri buruz ere hitz egin beharko dugu noizbait, euskararen forenseak diruditen zenbait filologo gorabehera.

Besteak beste, administrazioaren euskalduntzearen plangintzaren porrotak, Osakidetza bezalako zerbitzuetan euskalduntze planek izan duten atzerapen ulertezinak, halakoetan aritu izan direnek dituzten askotariko erantzukizunak aparte utzita, zera utzi dute agerian, ezen, administrazioari buruz dihardugunean, sail eta zerbitzu beste hizkuntza politika ditugula abian, eta horrela nekez egin dezakegu aurrera. Horregatik, etorkizunari beha, instituzio guztietan, euskararen indarberritze ahaleginari zehar lerroaren trataera eman gabe, bultzada politiko argirik, sendorik, komunik, bateraturik eta iraunkorrik eman ezean, atzera egiteko arriskua dugu.

Itxurakerietan erraz murgiltzen den gizarte honetan, ez da euskararekiko garai bateko grina sumatzen. Denona den ardura lagun hurkoaren bizkar utziz, erronka irabazita dagoelako ustea zabaldu da, eta hori ez da egia. Gure hizkuntza indarberritzeko ahaleginean konpromisoa behar da, norberarena zein gizartearena, arian-arian landutakoa eta berritutakoa. Euskaltzaleok ere ez gara erdal mundua euskararen beharrez ohartarazteko zein euskal mundura erakartzeko gauza izan. Ez dugu euskararen aldeko langintza oro har irabazpide bihurtu, zubiak eraikitzeko ez-gauza izan gara. Horregatik, egoera hori areagotzea zein erabateko etena gertatzea nahi ez badugu, ahalik lasterren, ahulezia hori zuzentzeko urratsak egin behar ditugu, geroz eta apartatuago geratzeko arriskua dugu bestela.

Orain arte harmailetan egon denak, hizkuntza politikaren porrotaz hitz egingo du; nik, aldiz, hiztunak ez ezik erabilera eremuak ere irabazi ditugula eta, hargatik, aurrera egin dugula ikusten dut oso garbi, baina 80ko hamarkadan zehar zehaztu zen hizkuntza politikak bere onenak eman dituela ere antzematen dut. Abagune berri honetan, Euskal Herrirako hizkuntza politika bakar bat eratu beharraz, lege geriza komuna erdietsi beharraz arituko denik izango da bazterretan, baina, diskurtso hori ez da errealitatean ardazten, antzua eta erosoa da, demagogia da. Beste lurralde batzuetan zer egin den arakatu ostean, antzeko errezetak proposatuko dira, beharbada. Gainerakoek izandako porrotez zein arrakastaz burututakoez ikas dezagun nahi beste, baina gure errealitatea kontuan eta gizartea oso gogoan, guk asmatzea da kontua. Aldaketa garaia da, erabaki estrategiko berriak hartzeko sasoia da.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan