Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-04-10 -- 1987.zenb

Katixa Garate


Dantzaren hilabetea

Arte guztietatik gutxien sustatzen denetakoa da dantza Euskal Herrian. Eusko Jaurlaritzak antolatu duen Dantza Garaikidearen I. Zirkuitoa aurrerapausoa da, baina asko dago egiteke dantza saioak -araikidea, klasikoa nahiz euskal dantzak-oholtzan maizago ikus ahal ditzagun. Horrexegatik dira garrantzitsuak Dantzaren Nazioarteko Egunaren (apirilaren 29) inguruko ekitaldiak, dantzaz gozatzeko parada izango baitugu. Apirilaren 9an Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteko ikasleek dantza emanaldia eskainiko dute Lasarte-Orian, 10ean Kontxako barandan barra saioa izango da, hilaren 16an Andoaingo Bastero antzokian Dantzaren Nazioarteko Egunaren IX. Gala egingo dute eta apirilaren 29an saio andana izango da, besteak beste, Barañainen, Durangoko Plateruenan eta Bilboko
La Fundiciónen.


ETB eta ekoiztetxeen ituna sinatuta

bi urtez eztabaidan aritu eta gero ûsalaketa administratiboak tarteanû, datozen hiru urteetan gutxienik hogeita bat film luze egiteko hitzarmena sinatu dute ETBk, Ibaiak eta Euskal Produktoreen Elkarteak: urteko zazpi film. Urteko zazpi horietatik bat gutxienez euskaraz izango da. Zazpi film horietan produktore laguntzaile gisa jardungo da, eta filmeko 150.000 euro jarriko ditu. Euskarazko filmeen kasuan, aldiz, 250.000 euro jarriko ditu. Film guztien euskarazko bertsioen eskubideak erosiko ditu ETBk. Hogeita bat film horiez gain, sormeneko beste hogeita bat dokumental egingo dira eta horien aurrekontuaren %20 bere gain hartuko du Euskal Telebistak. Oraindik ez dute TVmoviei dagokien ituna sinatu.


Sareak gora egin du

430.187 lagun izan ziren iaz Sareak (arte eszenikoak sustatzen dituen Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien, udalen eta Eusko Jaurlaritzaren ekimena) antolatutako antzerki, dantza eta musika saioetan. 411 obra izan ziren ikusgai eta horien 1.332 emanaldi. %83 antzerki lanak izan ziren, %11 dantzakoak eta %6 musikakoak. EAEko antzokietan izan ziren taldeen %49 euskal konpainiak izan ziren eta programazioaren %30 euskaraz izan zen. Berrogei antzokik parte hartzen dute Sarean. Horietatik 21 Gipuzkoakoak dira, 17 Bizkaikoak eta 2 Arabakoak. Aurtengorako hiru helburu jarri ditu Sareak: dantza sustatzea, euskarazko saio gehiago programatzea eta Arabako antzokiak Sarean sartzea.


Hamahirugarren argazki bilera

Aste santuarekin bat hasi ohi da Zarauzko Argazki Bilera. Aurtengoa ere zabalik da, argazkilaritza eremu zabala dela erakusteko helburuz. Zarauzko Photomuseumek lau erakusketa atondu ditu aurtengorako. Angel Urangaren Margoa & argazkia erakusketa apirilaren 10a arte bisitatu ahal izango da Bidea galerian. Beste hirurak maiatzaren 2a arte ikusi ahal izango dira. Carlos Canovasek Zazpi galerian paratu du Bilbo eta Bilbo erakusketa; bertan Bilboko argazkiak jarri ditu, Lucien Roisinek eta Josephe Thomasek duela mende bat egindako lanean oinarrituta. Miguel Oriolaren Atzera begirakoan sexu argazki gordinak ikus daitezke (Torre Luzea). Azkenik, Sanz Enean, hogeita bost argazkilarik Alemaniako dantza garaikidea islatu dute.

* * * * * * * * * * * * * * * *

Trikitiaren historia sarean. Trikiti Elkarteak trikitiaren gaineko dokumentazioa, grabazioak eta irudiak biltzen lan handia egin du hasieratik. Oraino eskuratutako guztia Interneten jarri du Soinuaren Hotsa webgunean (www.trikimailua.com), edonork kontsulta dezan. Hiru atal nagusi ditu: Kronologia, doinutegia eta hiztegia. Horiez gain, argazkiak eta txapelketen eta erromerien gaineko informazioa batu dute, besteak beste.

Volgako Batelariak literatur bloga sortu dute Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Juanjo Olasagarre, Ibon Egaña, Angel Erro eta Iban Zalduak. «Aldizkari digital hau sareratzea erabaki dugu bost lagunok (baina ez Enid Blyton-enak), zenakulo batean hala erabakita, potrotan jartzen zaigulako (bostok gara gizon) literaturaz jardutea, dibertitu nahi dugulako literaturaz jardunez. Gure gustuak eta gure gaitziritziak plazaratzea otu zaigu, ahalik eta zintzotasun handienaz, hori gaur egun garraztasuntzat hartua badateke ere», diote. Besteak beste honalo atalak ditu blogak: Kritikak, Testuak, Elkarrizketak, Irakurri gabeko liburuen kritikak, Inoiz idatziko ez nukeena eta Volgako Batelarien ukaseak.


Fernando Bernuesek Donostiako Txema Zubia ikusle elkarteak ematen duen Zubia saria jaso du, antzerki zuzendari gisa izandako ibilbidea dela kausa. Uneon Vaiven taldeak apirilaren 21ean Donostian estreinatuko duen Nasdrovia Chejov! antzezlanaren zuzendaritza lanetan dago murgilduta.

Patxi Araujo artista nafarrak azken bi urteetan burututako margo organikoak jarri ditu Iruñeko Ziudadelan. Maiatzaren lehena arte izango da zabalik Araujoren Inventarium.

Eneko Bidegain kazetari eta idazleak bigarren eleberria plazaratu du Elkar argitaletxearen eskutik: Mahatsaren begia. Presio sozialak norbanakoengan eragiten duen zamaz dihardu.

Aterkings 2000 urtean sortutako talde markinarrak estraineko diskoa kaleratu du: Rock'n'roll (Gaztelupeko Hotsak). Zuzenekoetan eskarmentua duen taldeak hamasei abesti plazaratu ditu. Hamabi euskaraz, hiru ingelesez eta bat gaztelaniaz.

Abigail Lazkozek (Bilbo, 1972) erakusketa du zabalik Donostiako DV galerian. Pinturan aritua, marrazkiak lantzen aritu da azken bosturtekoan. Maiatzaren 7a arte ikusi ahal izango da.

Ruper Ordorikaren Ez da posible diskoa berrargitaratu du Metak diskoetxeak. Ordorika rock aldera bihurtu zuen diskoa 1990ean plazaratu zuen Madrilgo Gasa diskoetxeak. Ordorikak berak zuzendu du berrargitalpena eta Anjel Katarain arduratu da birmasterizazioaz.


Xabier Silveirak hitzok izkiriatu zituen Garan: «Beste hizkuntzetan kultura landu, hura izaki bizidun bilakatu eta publikoak bere dirua ikuskizunagatik trukatzea lortu behar duten bitartean, euskaraz ez da hala gertatzen; gutxik lantzen dute kultura. Aitzitik, zenbatek egiten du lan kulturaren izenean? Zenbat lagun bizi dira gure hizkuntzaren osasun egoera kaskarraren ondorio diren lanpostuen kontura?».

Mikel Erramuzpe EKEko lehendakariak Berriari: «Mendeetan hemen populu batek munduaren pentsatzeko asmatu eta sortu duen zerbait da kultura (...) Gero, teoria handi horiek praktikan biziki sinpleak dira. Alduden usaian egiten dugun zerbait, adibidez: antzerki edo kantu emanaldi batetik landa arratsaldeko askaria eskaintzea, jendea mintzatzeko gisan. Ez ote da kultura hori ere? Gauza sinpleenetan ere, zer zentzu ematen diozun, horretan da gakoa».

Iñaki Muruak adierazpenok egin zizkion Deiari: «Autokritika serioa egin beharra dugu bertsolariok. Antzina bertsolaria garaiz joaten zen kantatu behar zuen tokira eta orain, berriz, presaka eta azken unean ibiltzen gara. Gainera, sarritan, berdin zaigu Bilboko jendeari kantatu edo Matximentakoari (...); hau da, bertakotu gabe kantatzeak konektatu ezina dakar».

hemeroteka

1985. zenbakia | 2005-03-27
1984. zenbakia | 2005-03-20

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan