Pako Sudupe
Berriki jardunaldiak izan ditugu Oñatin, besteak beste, Jaurlaritzak 2003ko abenduan onartu zuen kontsumitzaileen legea aztertzeko antolatuak, ez lege osoa baizik hizkuntza eskubideei dagozkien sei artikuluak. Ez ginen joan Oñatira lege horretan merkataritza eta zerbitzugintza euskalduntzeko erabateko gakoa esku-eskura geneukala etsi-etsirik, baina bai itxaropen pixka batekin.
Jardunaldiei hasiera, funtsean, Gipuzkoako ahaldun nagusiak eman zion. Gordin agertu zuen euskararen egungo egoera tamalgarria merkataritza eta ostalaritzan, komunikabideetan, eta hortxe nonbait, gure gizartean. Hona bere hitzen mamia: «Egun CAFen ariko dira berrogei bat zientzialari euskaraz eta ingelesez lanean, baina Zarautzen erosketak egitera joan edo taberna batean euskaraz eskatu, eta askotan mutur-luzeak ikusten ditut eta erdaraz egin behar izaten dut. Aldundian, prentsaurrean, zazpi bat minutuko aurkezpena egiten badut euskara hutsean hor sumatzen ditut kazetari gazte asko egon ezinik erdarazkoa eskatuz bezala, muturra luze-luze eginda. Garbi dago gauzak ez ditugula ondo egin. Espero dut zuek bide emankorragoak irekitzea». Hasiera ona zen: itxurakeriak alde batera uzteko deia eta plangintza eraginkorra zehazteko gonbita.
Jaurlaritzako kontsumo sailburuordearen hitzaldiarekin hartu zuen lehen kolpea nire itxaropen xaloak. Kontsumitzaileen legeak, hizkuntza eskubideen atalean, EAEko herritarrok merkataritzan, ostalaritzan eta zerbitzuetan, ahoz nahiz idatziz, euskaraz eta gaztelaniaz jasotzeko dugun eskubidea adierazten du, argi eta garbi. Sailburuordearen esanetan, lege hau garatzeko atzetik etorriko den dekretuan, batez ere euskararen presentzia eta erabilera sustatzeko neurriak etorriko dira, ezarriko diren obligazio juridikoak nagusiki administrazio publikoetara mugatuko dira ûhauek errazagoak bide dira lotzen entitate pribatuak bainoû errealitate soziolinguistikoaren eta administrazio bakoitzeko alderdien ordezkaritzaren arabera, eta inolako zehapenik ez dago aurreikusia.
Benetan euskaldunen eskubideak EAE osoan errespetatuak izan daitezen legea ez ezik dekretu ausartak behar ditugu, progresiboak baina ausartak, politikarien aldetik aldeko diskurtso jarraituak, eta euskara sustatzeko neurriez gain, betebeharrak eta azken baliabide gisa, besterik ezinean, zehapenak.
Frogatzen ari gara Oarsoaldean, txikizkako merkataritza eta ostalaritzan euskarazko zerbitzuak eskaintze hutsarekin, euskararen presentzia areagotzeko zerbitzua dohain eskainita, ez dela euskaldunen hizkuntza eskubideak errespetatzeari begira emaitza aski den adinakorik erdiesten.
Iñaki Agirreazkuenaga, administrazio-zuzenbidean katedraduna, etorri zen gauzak gordinago esatera. Lege hau ez da beteko, arazoa ez da legea, gure errealitate soziolinguistikoa baizik. Inozoak gu legeak betetzeko direla uste izateagatik! Kataluniako lege berdintsuak ditugu, Kataluniakoak Quebecekoen pare, eta Quebec gauza hauetan munduko aurreratuena.
Euskal kontsumitzaileok kontzientziatu behar dugu, gure hizkuntza eskubideak urratuak direla jabetzean kexatzea dagokigu eta euskarazko zerbitzu ona saritzea bezero leial bihurtuz, baina hain gaude kolonizatuak!
Jaurlaritzakoek, beren ustez, lege aurrerakoienak onartzen dituzte gure errealitate soziolinguistikoa kontuan hartuta; gero horiek garatzeko aldundiek eta udalek egin behar dute indar, eta bide horretan Jaurlaritzaren eragina lurruntzen da, eta gure zurrunbilo politikoa gainera etortzen, dena gehiago lausotzera, eta azkenean dena euskal kontsumitzaile ahularen gain geratzen da, eta gaztelaniak geroz eta balio komertzial gehiago dauka eta euskarak gutxiago.
Jaurlaritza eta gainerako erakundeen aldetik jarrera irmo, jarraitu eta gogorragoa eskatzea, egoerak berak eskatzen digu premiaz euskal kontsumitzaileoi, geure buruak aintzat hartuak sentitu nahi baditugu.
Julen Zabalo ( EHUko irakaslea)
Hauteskundeetarako kanpaina batek iraun izaten dituen aste biek ustekaberako tarte txikia uzten dute normalean ûez beti, 2004ko Martxoan, kasuû. Alde horretatik, interesgarriagoa izaten da kanpainaurrea, denbora horretan alderdiek euren aldera egokitu nahi izaten baitute jokalekua, baina tentuz ibilita, egoera argitzen den bitartean.
Ikusi ahal izan dugu, horrela, EAJ-EAren ahalegina oraingo hauteskundeak 2001ekoen ispilu bihurtzen eta mamu espainiarrarengandik babesteko deia egiten; EBrena, bitxia, ezkerreko eremua bereganatzeko, nahiz eta horretarako berak parte hartu duen gobernua kritikatu behar izan; PPrena PSE labur markatzeko, eta partekatu behar omen dituzten boto multzoa bereganatzeko; PSErena, Madrileko gobernuan PSOE dagoela baliaturik, moderazio eta eraginkortasunaren karta jokatuz, eta abar.
Baina kanpainaurre honek zerbait berezi eduki badu, hori Aukera Guztiak eta berari loturik joan den askatasun demokratikoei buruzko eztabaida izan da. Aukera Guztiak dela eta esan eta egin diren gauza batzuk gure inguruko kultura demokratiko murritzaren isla izan dira, eta ez bakarrik Espainiari dagokionez, baizik eta Euskal Herriko indar politikoen aldetik ere.
Aukera Guztiak-en sorreran, ez da ahaztu behar, aukera politiko sendo bat ilegalizatuta jarraitzea dago. Ilegalizazioak egoitzak ixtea ekarri du, diru iturriak izugarri murriztea, adierazpen askatasunerako eskubidea ukatzea -azken adibide mingarria, Aberri Eguneko karga frankista Iruñean-, eta hauteskundeetan aurkezteko eskubidea ere kentzea. Hala ere, eta kontraesankorra ematen badu ere, ezker abertzalea gainditzen ari da bere kontrako ilegalizazio hori. Gero eta ordezkapen instituzional gutxiago dauka, baina gero eta hurbilago ikusten da ilegalizazioari amaiera emateko unea. Eta hori dena milaka pertsonaren elkartasunari esker egin ahal izan da, nahiz eta hor aukera politiko handien huts egite nabarmena egon. Elkartasuna AuBren bidez etorri zen, HZren bidez, eta orain Aukera Guztiak izan da.
Aukera Guztiak-ek arazo sakon bat planteatu du: demokraziaren kontrako eraso gogor bat dagoenean, zein mailako elkartasuna adierazi behar den. Aukera Guztiak-ek elkartasun osoa proposatu du, eta lehentasuna eman dio horri. Beste batzuek, berriz, bigarren eta hirugarren mailako garrantzia eman diote, gaizki ikusiak ez izateko adinakoa, normalean. PP kenduta ûhonek oso argi eduki baituû, gainerako indar politikoak ez dira batere eroso sentitu gai hori dela eta. Esanguratsuena, indar hauek esan edo egiten zutena ezker abertzalearen botoak erakartzeko mugimenduak edo adierazpenak zirela elkarri ibili izana.
Eta egia esan, gutxik du horren zalantzarik. Are gehiago, ezker abertzalea Batasunaren izenpean aurkeztu ezin den hauteskunde bakoitzean gero eta ageriago geratu da. Laugarrenez gertatuko da hori, eta oso argudio gutxi geratzen da oraingoan baliogabetzea justifikatzeko ûbeste kontraesan bitxi batean jausiz, bide batez, ETA-Batasunaren lotura ezeztatzen baita makrosumarioak kritikatzean, baina de facto onartu, hauteskundeetan aurkezteko Batasunak ETAren diktaduratik askatu behar dela esaten denean-.
Asko eskatzea da askatasun demokratikoak bermatuta ez daudenean, euren burua demokratatzat duten indarrek uko egitea halako hauteskunde prozesu bati? Badirudi baietz, asko eskatzea dela. Baina bestelako formula apalagoak ere proposatu dira hasieratik: hauteskundeetako emaitzak onartzea eta ezker abertzaleari dagozkion botoak, eta karguak, onartzea, kasu. Hori ere asko eskatzea omen da. Baina, edozein gauza eskatuta, asko bada, non geratzen dira hain oinarrizkoak ziren askatasun demokratikoak?
Jon Alonso
A ita Santua hil... baino bi egun lehenago Pietro M.-k, Guardia Vatikanoko buruak, dei bat jaso zuen bere etxean. Erlojua begiratu eta gaueko ordu biak pasa zirela ohartzean, zimiko bat sentitu zuen bihotzean, alarmak eraginda; izan ere, bere emaztea mediku-taldeari laguntzen zion mediku-taldeko anestesistaren emaztearen adiskide mina zen, eta, haren ustez, Idazkari Nagusiak, Errepublikako Lehendakariaren ordezkariak, Erromako alkateak eta Seguritateko Buruak osatutako kontseiluak agindua eman arte ez zuten desentxufatuko, eta bere aurreikuspenen arabera, hori ez zen gertatuko hurrengo berrogeita zortzi orduak pasa baino lehen. Telefono dei eta aparteko lan askotako egunak izaten ari ziren, eta hala ere, telefonoaren hotsa, eta ordu horietan...
R. kardinalaren idazkari partikularra zen.
- Ez, oraindik ez.
Pietro M.-k sakon hartu zuen arnasa, lasaiturik. Egundoko antsiaz bizitzen ari zen egun horiek, bere bizitzako garrantzizkoenentzat jotzen zituenak, Aita Santuaren hilotza beilatzeko ohorea edukiko zuela jakinik. Asko ziren horrelako ohorerik eduki gabe erretiro hartutako Guardia Vatikanoko buruak. R. kardinalaren idazkariak prestaketak zer moduz zihoazen jakin nahi zuen. Pietro M.-k, gizon artatsua baitzen, dena prest zegoela jakinarazi zion: galazko txanbergo guztiak errepasatuta zeuden, denak lisatuta eta botoi guztiak bere tokian; kaskoek eta lantzek, produktu berezi batekin garbiturik, sekula ez bezala dir-dir egiten zuten; gizon guztiak alarma-egoeran zeuden, edozein aginduren zain... Hasperen eginez, Pietro M.-k pentsatu zuen ezen, erlatiboki erraza zen bere eginkizuna betetzeko horrenbeste lan behar bazen, zer ez ote zen beharko bestelakoak prestatzeko, heriotzaren albistea eman bezain pronto ehun milaka erromes etorriko zirela kontuan hartuta. Gogora etorri zitzaion R. kardinalak interesak zituela hotel-industrian. Baina R. kardinalaren idazkari partikularrak beste zerbaitengatik deitzen zion.
- Izan ere, garrantzi handiko mandatu oso delikatua da... San Pedroren artzain-makila edo bakulua falta da bere tokitik. Eskandalu bat litzateke Aita Santuaren hilotza bakulurik gabe agertuko balitz fededunen aurrean... Konturatzen al zara?
- Pietro M. konturatzen zen asuntoaren larriaz, noski. "Walesari galdetu al diozue?" galdetzeko tentazioa eduki zuen, baina garaiz isiltzeko gauza izan zen. Pietro M.-k gogoan zuen behin, Aita Santuaren agintaldiaren hasieran, Walesarekin egon zela, eta bere bibotetik, ustekabean bezala, langostino-azal bat ateratzen ikusi zuela; geroztik, beti pentsatu izan zuen Walesaren bibotetik edozer atera zitekeela: giltza ingeles bat, lanik gabeko obrero bat, fabrika itxi bat... zergatik ez San Pedroren bakulua?
- Baina lasai -zioen R. kardinalaren idazkariak-; uste dugu badakigula non egon daitekeen. Zu bertara joan eta jaso besterik ez duzu egin behar.
Eta hau esaten zuela, helbide bat xuxurlatu zuen.
Helbidea entzutean, Pietro M., ustekabean harrapatuta, asaldatu egin zen. Ezinezkoa zen! Izan ere, ongi aski ezagutzen zuen, berak ere, helbide hori... Baina ezer esan izan balu bere burua salduko zuen.
- Ez da uste duzuna ûmoztu zuen R. kardinalaren idazkari partikularrak, larderiaz, Pietroren pentsamenduak irakurri izan balitu bezalaû. Arrazoi estriktoki pastoralek baizik ez zuten pontifizea bultzatzen.
Beraz, Pietro M.-k, diskrezio osoz arituko zela zin eginez, hurrengo egunean bakuluaren bila joango zela agindu zuen. Laster izendatuko zuten Aita Santu berria. Hautagaietan, bazegoen austriar bat, brasildar bat, nigeriar bat... Aukera ia guztiak, toki gehienetan bezala.
Amaiera. Fedegabea naiz, baina ez diot fede askorik nire fedegabetasunari. Katolikoak eta kristauak errespetatzen ditut beraiek ere besteok errespetatzen gaituztenean -zeina ez baita beti kasua, ez horixe-. Hierarkiaren kezkak irrigarriak iruditzen zaizkit. Eta ezin eramana zait egunotan pairatu dugun bonbardaketa informatiboaren zenbatekoa, eta nolakoa.