Areso: autobidetik gertu tontor ezezagunak

Komunikazio bide garrantzitsuenetatik at, Okabio eta Ulizar mendien artean ezkutaturik, erdi galdurik egon izan da Areso historian zehar. Nafar-gipuzkoarren arteko iskanbila, arpilatze eta batailek soilik hautsi zuten eremu hauetako lasaitasuna. Etsai gipuzkoarrengandik babestu asmoz ba omen zen Areson gotorlekua, baina egun ez dugu haren inolako aztarnarik. Gatazka hauen zio nagusia, Gipuzkoa 1200. urtean Nafarroako Erreinuari kendu eta Gaztelara erantsi izana izan zen. XIX. mendearen hasieran ere, konbentzio gudan sute batek herri osoa suntsitu zuen, zutik bizpahiru baserri soilik geratuz. 1995ean ordea, sekulako aldaketa ekarri zuen Aresora Leitzarango autobidea bertatik igarotzeak. Herria baino goragotik, ospeletik igarotzen da A-15 autobia; zokoan, erreka ertzean eta eguteran geratzen da Areso. Zarata nabari bada ere, herri lasaia izaten jarraitzen du, nahiz eta gaur, lehen ez bezala, urriak izan bertan nekazaritza edo abeltzaintzatik bizi direnak. Zenbatetan pasako ote ginen autobide horretatik, parean ditugun mendietan erreparatu gabe? Ziztu bizian igaro beharrak ez digu parajeotako edertasunaz gozatzen uzten. Hori dela eta, mendiotan ehiztari eta mendizale alderrai batzuk salbu, apenas topatuko dugu jenderik, Guratzeko tontorra inguruotako garaienetakoa den arren.

Ibilbidea egin genuenean, negu gorriko egun eguzkitsua zen, zerua oskarbi zegoen, eta eguzkia saiatu arren ezin berotu ibili zen. Mendi kaskoek aurreko asteko elurteak zurituta zirauten, eguterak ordea garbi samar zeuden dagoeneko.


Aresotik Urtezarko lepora

Aresoko kale nagusian behera ekin diogu Okabioko tontorretara eramango gaituen bideari (460 m). Astamela erreka gurutzatu ostean, Patxiku-enea parean errepidea utzi eta eskuinera abiatu gara, goian dugun autobia aldera. Gurdibidean gora bihurgunea pasa eta autobia igaro ahal izateko azpi-pasagunera iritsi gara. Bertan bildutako lan tresna eta makinariak, baserritarren batek azpi-pasagunea garaje modura erabiltzen duela erakusten du.

Zeharkatu eta berehala, bideak aurrera jarrai dezan utzi eta ezkerretik jo dugu, Leitzarako bide zaharretik gora jarraitzeko, izan ere Aresok betidanik izan du harreman estua gertuko Leitzarekin. Poliki-poliki altuera irabaziz, laster batean behean utzi dugu autobiak sorrarazten duen zarata etengabea, eta zer esanik ez abiagune izan dugun Aresoko herrixka. Hasierako malda latza zertxobait leunduta, begi-bistan duen lepoa irabazi asmoz bailaran aurrera doa bide zaharra, iratze meta txikiz zipriztindutako belazeen artean lehenik eta pagadian barrena ondoren. Pista zatar horietako batekin topo egin dugu Urtezarko lepo zabalera iritsi aurretik (675 m). Leitzako ikuspegi ederra dugu bertatik, Sarrio paper fabrika nabarmen agertu arren.


Hirupagoeta estalia

Eskuinera jo dugu lepoan, Okabioko lehen tontorrera iristeko geratzen zaizkigun 200 metroak pagadian barrena zuzen igo asmoz. Malkartsua izan arren, pagadi garbian gora, txondor plaza baten ondotik igaro eta berehala hartu dugu lehen gandorra, nahiz eta hasierako orbelak azken metroetan elurrari leku egin eta gure ibilera zertxobait zaildu duen. Hirupagoeta (842 m) beste bien antzera ekialdetik mendebaldera luzatzen den gandor harritsua dugu, gure ibilbidearekiko elkartzuta dagoena. Zuhaitzek erabat estaltzen dute, eta apenas dagoen ikuspegirik. Zuhaiztian pagoa nagusi bada ere, zenbait hagin ale eder aurkitu ahal izan ditugu goialdean.


Soromearreta, tontor nagusia

Metro gutxi batzuk behera egin dugu hurrengo gandorrarekin lotzen duen lepo zabalera jaisteko (810 m). Goranzko bidea atzera, oraingoan elur gehixeago topatu arren, batere zailtasunik gabe garaiena den gandorra hartu dugu, Soromearreta (864 m). Beste bien antzera ez du buzoirik, harri pila batek soilik adierazten du hiruretan nagusia dela, besteengandik inolaz ere gailendu ez arren. Ez du ikuspegirik baina gandorraren ezkerrera, hots, ekialdera hurbiltzen bagara, erabat lekuz kanpo dagoen hormigoizko ehiza postua dago eta bertatik ikuspegi murritza izan arren, Leitzako bailaraz harago goratzen diren Haritz, Kornieta eta Zuparrobiko gandorrak ikus daitezke, Leitzako parke eolikoa osatzen duten haize errota erraldoi errenkada batek menperatuta.


Astobiaga, hirugarren tontorra

Okabio gandor multzoa osatzen duen hirugarrenaren bila abiatu gara, eta aurrekoaren modura lepo zabalera jaitsi (825 m) eta, ospelean, artean mantentzen den elurretan gora igoz, azkeneko metroak kareharrien artetik igaro eta Astobiaga gisa ezagutzen den tontorra igo dugu (851 m). Ez dugu astirik galdu eta hegoaldeko norabidea segiz, Mugako lepora eraman gaituen malda belartsuan behera jaisteari ekin diogu. Berriro pagadian, paraje hau ezagun egiten duen mugarria topatu dugu (780 m). Izan ere, Urtezarko lepotik hona eta bai hemendik Guratz tontorreraino ere, Leitza eta Areso udalerrien arteko mugalerroa da eta bidean zehar honakoaz gain, mugarri andana topatuko ditugu.


Guratzeko ikuspegia

Axusteko lepoan (755 m) Leitzatik datorren bidearekin bat egin eta aurrerantzean arrasto garbiagotik gora Guratzeko igoerari ekin diogu. Malda leun baina amaigabean gora pagaditik alertze landaketara igaro garen bitartean, altuera irabazi ahala are eta elur gehiago ageri da, igoera nekeza eginez. Azkenean iritsi gara Guratzeko tontor biribildua menperatzen duen hormigoizko erpin geodesiko itzelera (956 m). Bada hemen buzoi txiki bat. Ikuspegia ere bai, aparta ez izan arren. Batez ere, hego-mendebaldean ageri dira hainbat eta hainbat tontor, Aralarko malloak, Malkor Haundi, Atume, Elosta, eta abar.


Itzulerako bidea

Zeru garbia, ilunabarra ate joka, hotz izugarria egiten du geldirik egoteko. Itzulerako bidea hartu dugu beraz. Areso, Leitza, Uitzi eta Gorritiko udalerrien arteko elkargunea den tontor zapal honetatik beheranzko bideari ekiterakoan, ordea, tentu handiz ibili behar dugu, izan ere, mendi adar ugarik egiten dute bat tontor honetan eta adar zuzena hartzea oso da garrantzitsua, gure helmugara zuzen iritsi nahi badugu behintzat.

Elurretan behera, hasieran igoerako pausoen gainetik, berehala Gañarbeko mendi adarrerantz zuzendu gara, eguzkiaren azken printzak Aralarko mendien atzean ezkutatzen diren bitartean. Altuera galdu ahala, elurra gutxitu eta bizkarrean behera doan pista agertu zaigu. Gain batera igotzerakoan eskuinera jo dugu, pista utzi eta bide zahar batetik malda behera abiatzeko. Baina laster egin dugu berriro bat pistarekin. Zenbait bihurgune geroago, pistan behera autobideko Astamela bidezubi azpitik igaro gara, Astamelako erreka parera iritsi baino lehen. Asfaltatutako bidetik burutu ditugu Aresorako azken metroak eta baserrietako nahiz kaleko argiak jada pizturik zeudela heldu gara abiapuntura.

Aresoko bidelapurra
Kondaira zaharrak dioenaren arabera, Areson ba omen zen dorretxe edo gaztelu txiki bat, eta bertan bizi izan omen zen Azeari Sumakila, Aresoko bidelapurra. Gaizkile ezagun honen istorioa Arturo Kanpionen Don García Almorabid lanean agertzen da. Azeari Sumakila pertsonaia historikoa izan zen eta benetako izena Don Pedro Martiniz de Oyanederra zuen. Jauntxo noblea zen, eta kontatzen denez, Doña Elvira haren emaztea azken hatsa ematekotan zela, Don Pedrori deitu zion sekretu bat aitortu nahi ziola eta: zituzten hiru seme-alabetatik bat ez zen Don Pedrorena, ezkontzaz kanpoko harreman baten fruitu baizik. Jauntxoak, amorruaren amorruz hiruen bila joan eta emaztearen ohe ondora ekarri zituen, eta zein ez zen berea galdetu, baina emazteak txintik ere ez zuenez esaten, hantxe lotu eta su eman zien denei. Burua galduta ihes egin zuen, norabide jakinik gabe, bere zaldia akiturik geratu zen arte. Don García Almorabiden aurrera preso eraman zutenean, heriotz zigorra jarri zioten. Don García, ordea, haurtzaroko lagun mina zuen, eta zigorra betetzearen plantak egin eta ihes egiten utzi zion, betirako basailutza zin egitera behartu ondoren. Horrela desagertu zen Don Pedro, eta Azeari Sumakila agertu, eta gaizkile talde batekin, Aresoko dorrean jarri zen.
1276an gerrarako laguntza eskatu zion Don Garcíak Azeari Sumakilari. Heldu zenean, aspaldi Azearik berak Lur Saindutik Doña Elvirarentzat ekarri zuen erlikiak gordetzeko kaxa deskubritu zuen, eta honelaxe jakin zuen Don García lagun mina izan zela emazte Doña Elviraren maitale sekretua. Azeari bere mendietara itzuli zen orduan, mendeku hartzeko asmoarekin. Don García Andiako mendilerroan erori zen bere eskuetan eta berehala ulertu zuen azken ordua iritsi zela: harrikatuta hil zuten, adulteriogileentzako zigorrarekin, alegia.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude