Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-03-27 -- 1985.zenb

artikulu nagusira itzuli
Zuhaitza lapur

Aztikeria, bai garai batean eta baita gaur ere, gauza askotarako erabili izan da Euskal Herrian: begizkoa (biraoa) botatzeko, zaintiratuak edo hezur hautsiren bat sendatzeko, lapurra adur magikoz harrapatzeko... Euskaldunen ustez, madarikazioa objekturen baten bitartez transmiti zitekeen: argizarizko kandelak giza gorputza irudikatzen zuen, eta haren izpiritua kandelaren argia zen. Irudia zuen txanpona ere erabil zitekeen; horrela, lapurreta bat nork egin zuen jakiteko, txanpona okertu eta sutara botatzen zuten, lapurra ere txanpona bezala okertuko zelakoan.



Behin batean Leitzan, sagar-bilketarako Marikurrenea baserrikoek, ohi zuten bezala, bizilagunei eskatu zieten laguntza. Ordu batzuk lanean eman ondoren sagastiaren jabeek, adiskidetasun eta eskerronez, bizilagunak meriendatzera gonbidatu zituzten. Andre bizilagunetarik bat etxekoandreari merienda zerbitzatzen laguntzeko prestatu zitzaion. Ardoa "barkilu" izeneko zilarrezko platertxo batean atera zuen. Bukatu zuenean, sagarrondo zahar baten hutsunean utzi zuen eta erabat joan zitzaion burutik, non utzi zuen. Ilunabarrean baxera jaso eta bakoitza bere etxera bildu zen. Barkilua han geratu zen ahaztuta.



Baxera garbitzerakoan, etxekoandreak barkilua falta zela sumatu zuen eta senarrari horren berri eman zion. Senarrak, barkilu hura bere aitonaren aitonarena izanik, non edo non agertu behar zuela argudiatu zion. Erabiltzen azkena bizilaguna izan zela oroitu zuten. Ardoa barkiluan zerbitzatzen jardun zela gogoraraziz.



Bizilagunarengana joan ziren non utzi zuen galdetzera, baina hark ez zuen oroitzen. Marikurrenea baserrikoak etxera itzuli ziren, baina ez zeuden ados bizilagunak esandakoarekin eta lapurtzat hartu zuten. Hori frogatzeko, aztikeriaz baliatu ziren: kandela bihurritu zuten: "Kiskali dadila barkilua lapurtu duena kandela hau erretzen den bezala!" ûesan zuten kandela sutara bota zutenean.



Biharamun goizean bizilagunarengana joan ziren berriro, ustez gaixo aurkituko zutelakoan; hura ordea, bezperan bezain osasuntsu zegoen. Aitzitik, sagastiko sagar arbola zahar bat ihar-ihar egin zen. Harriturik, arbola lurrera bota eta barkilua haren barruan aurkitu zuten. Indar magikoak -adurrak- barkilua «lapurtuta» zeukana ihartu zuen.



Beste behin, Leitzako herrian hau ere, gizon batek zerria saldu omen zuen, ezkutuan, zor bat kitatzearren. Haren emazteak, zerria lapurtu ziotenaren ustetan, kandela bat hartu, bihurritu eta erre egin omen zuen. Handik gutxira, bere senarra ezaguna ez omen zen gaixotasun batek eraman zuen, betiko.


Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan