Osasuna: Kafea maskuriko kantzerraren kontrako babes
Jabier Agirre
Kafeinaren egitura kimiko berezia aipatu nizuen aurreko astean. Kafeinaren egitura adenosina izeneko bitartekari kimikoaren egituraren oso antzekoa da. Adenosinaren eginkizuna jarduera neurologikoa inhibitzea da: horrela, neuronaren mintzean kokatua dagoen hartzailearekin elkartzen denean, adenosinak G izeneko proteina bat harrapatzen du, eta hainbat transformazio kimikoren ondotik, neuronen kitzikatzeko gaitasuna, mugikortasuna, behaketa edo zainketarako ahalmena, eta antzeko beste eginkizunak kontrolatzen dituen konposatu kimikoaren sintesia moteldu egiten da.
Egitura kimikoa oso antzekoa dutenez, kafeina-molekulak ere adenosinaren hartzaileekin lotzen dira, baina kasu honetan G proteinak beste egitura kimiko bat hartzen du, erne egotea, erritmo zirkadianoa eta bestelako funtzio neurologikoen gain eragin estimulatzailea duen AC entzimaren jarduera bultzatuz. Horrela ulertzen da, lehen begiradan, kafeinaren eragin estimulatzailea.
Madrileko Carlos III. Institutuko ikertzaileek ere beste eragin mesedegarri bat egotzi diote kafeari: kafearen kontsumoak nolabait babestu egiten omen gaitu maskuriko minbizitik. Ikerketa horretan bi talde konparatu ziren: maskuriko minbizia diagnostikatutako 500 gaixo batetik, eta beste 1.000 pertsona, haien antzeko ezaugarriak zituztenak, baina osasuntsu zeudenak. Ikerketaren emaitza nagusia zera izan zen: tabakoa minbizi-sortzaile dela argi eta garbi frogatuta dagoen bezala, kafeak leundu egingo lukeela tabakoaren eragin kartzinogenikoa. Horrela, tabako-erretzaileek dute, noski, maskuriko minbizia izateko arriskurik gehien; baina tabakoa erretzen dutenen artean, zazpi aldiz arrisku txikiagoa dute tabakoa erretzeaz gain kafea ere edaten dutenek, kaferik edaten ez duten pertsonek baino.
Beraz, eutsi zure kafe-zaletasunari, baina neurrian kontsumi ezazu. Zure osasunak eskertuko dizu, bai epe laburrera, eta baita itxura guzien arabera, epe luzera ere.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.