CAFek Beasainen dauzka egoitza soziala eta planta nagusia. Enpresan langileak berak egin dira aurten akziodun nagusi. Halaxe da. Joan den otsailetik aurrera, Cartera Socialean, euskal enpresa horretako langileen jabetzako tituluak biltzen dituen elkarte instrumentalean, %21,6raino igo da akziodunen partizipazioa. Burdinbideen arloko enpresako langileen akzio-blokea Gipuzkoako Kutxa eta Bizkaiko BBK aurrezki kutxena baino handiagoa gertatu da. Izan ere, Gipuzkoako Kutxa akzioen %20,7ren jabe da, eta BBK-k duela gutxi murriztu zuen partizipazioa %20 arte, %4,8 saldu eta gero. Bestinver kapital sozialaren %11,31ren jabe da, eta Arabako Vital Kutxak akzioen %5 dauka. Enpresako akzioak Burtsan kotizatzen dira.
Cartera sociala akzioen %25a edukitzera irits daiteke
Cartera Sociala elkarte instrumental bat da. CAFeko langileek haren bidez kanalizatzen dute partizipazioa enpresan. Otsaileko hilabetean CAFen tituluen %2,6 eskuratu zituen, eta akziodunen rankingeko lehen postua hartu. Alabaina, zergatik erabaki da langileen partizipazio handiagoa? Operazio hori Administrazio Kontseiluaren plangintzaren barruan txertatua dago: era horretan, kapitalean partizipatzeko planetik kanpo zeuden langileei parte hartzeko atea ireki die. Helburua bete dadin, Cartera Socialak gehi dezake partizipazioa %25 arte, eta, beraz, oraindik badu kapitalaren beste %3,93 hartzeko marjina.
Partizipatzea erabakitzen duten langileek zazpi urteko epea izango dute tituluak ordaintzeko. Ordainsari gordinaren %2,5 kenduko zaie nominatik zazpi urtez, eta denbora horretan ez dute akzioen dibidenduen etekinik jasotzeko eskubiderik izango. CAFeko langileek tituluko 30 euroko prezioan eskuratuko dituzte akzioen eskubideak. CAFeko akzioak otsailean 81,75 euro kotizatzen zirela kontuan izanda, beherapen nabarmena da.
CAFek etekina %21 handitu zuen 2004an
Iazko ekitaldiko datu ekonomiko finantzarioek abalatzen dute enpresaren norabide ona. 2004an, 578 milioi euroko salmenta izan zuen, 2003an baino %16,8 handiagoa. Salmenten ehuneko handi bat kanpoko merkatuetara bideratu zen: %56. Zergak pagatu aurreko etekin gordina 17,4 milioi eurokoa izan zen; 2003ko ekitaldiarekin alderatuta, %21 handiagoa. Zergak pagatu osteko etekin garbia, berriz, 14 milioikoa. Enpresaren cash-flow edo kutxako fluxua -etekinak gehi inbertsioak- 29,7 milioi eurora heldu zen.
Iazko abenduaren 31n, 2.445,2 milioi eurokoa zen CAFen eskabideen portafolioa, kopuru errekorra bere zenbatekoetan. Izan ere, 2003ko ekitaldikoa baino %53,8 handiagoa da. Iazko kontratazioetan, honako salgai hauek dira gailen: RENFErentzako abiadura handiko eta errodadura desplazagarriko trenak (400 milioi euro), Bruselako metrorako bagoiak (100dik gora milioi euro), Madrilgo metrorako hainbat serie (500 milioi euro) eta Erromako metroko sei tren handitzea (44 milioi euro). Horrez gainera, mantenuko kontratu garrantzizkoak ere badira, guztira 400 milioi eurotik gora egiten dutenak.
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.