Astekaria

 Termometroa 

Nazioarteko enpresa liderraren akziodun nagusiak langileak dira

Daniel Udalaitz

Daniel Udalaitz


1985. alea
2005-03-27
alde 0    kontra 0

CAFek Beasainen dauzka egoitza soziala eta planta nagusia. Enpresan langileak berak egin dira aurten akziodun nagusi. Halaxe da. Joan den otsailetik aurrera, Cartera Socialean, euskal enpresa horretako langileen jabetzako tituluak biltzen dituen elkarte instrumentalean, %21,6raino igo da akziodunen partizipazioa. Burdinbideen arloko enpresako langileen akzio-blokea Gipuzkoako Kutxa eta Bizkaiko BBK aurrezki kutxena baino handiagoa gertatu da. Izan ere, Gipuzkoako Kutxa akzioen %20,7ren jabe da, eta BBK-k duela gutxi murriztu zuen partizipazioa %20 arte, %4,8 saldu eta gero. Bestinver kapital sozialaren %11,31ren jabe da, eta Arabako Vital Kutxak akzioen %5 dauka. Enpresako akzioak Burtsan kotizatzen dira.

Cartera sociala akzioen %25a edukitzera irits daiteke

Cartera Sociala elkarte instrumental bat da. CAFeko langileek haren bidez kanalizatzen dute partizipazioa enpresan. Otsaileko hilabetean CAFen tituluen %2,6 eskuratu zituen, eta akziodunen rankingeko lehen postua hartu. Alabaina, zergatik erabaki da langileen partizipazio handiagoa? Operazio hori Administrazio Kontseiluaren plangintzaren barruan txertatua dago: era horretan, kapitalean partizipatzeko planetik kanpo zeuden langileei parte hartzeko atea ireki die. Helburua bete dadin, Cartera Socialak gehi dezake partizipazioa %25 arte, eta, beraz, oraindik badu kapitalaren beste %3,93 hartzeko marjina.

Partizipatzea erabakitzen duten langileek zazpi urteko epea izango dute tituluak ordaintzeko. Ordainsari gordinaren %2,5 kenduko zaie nominatik zazpi urtez, eta denbora horretan ez dute akzioen dibidenduen etekinik jasotzeko eskubiderik izango. CAFeko langileek tituluko 30 euroko prezioan eskuratuko dituzte akzioen eskubideak. CAFeko akzioak otsailean 81,75 euro kotizatzen zirela kontuan izanda, beherapen nabarmena da.

CAFek etekina %21 handitu zuen 2004an

Iazko ekitaldiko datu ekonomiko finantzarioek abalatzen dute enpresaren norabide ona. 2004an, 578 milioi euroko salmenta izan zuen, 2003an baino %16,8 handiagoa. Salmenten ehuneko handi bat kanpoko merkatuetara bideratu zen: %56. Zergak pagatu aurreko etekin gordina 17,4 milioi eurokoa izan zen; 2003ko ekitaldiarekin alderatuta, %21 handiagoa. Zergak pagatu osteko etekin garbia, berriz, 14 milioikoa. Enpresaren cash-flow edo kutxako fluxua -etekinak gehi inbertsioak- 29,7 milioi eurora heldu zen.

Iazko abenduaren 31n, 2.445,2 milioi eurokoa zen CAFen eskabideen portafolioa, kopuru errekorra bere zenbatekoetan. Izan ere, 2003ko ekitaldikoa baino %53,8 handiagoa da. Iazko kontratazioetan, honako salgai hauek dira gailen: RENFErentzako abiadura handiko eta errodadura desplazagarriko trenak (400 milioi euro), Bruselako metrorako bagoiak (100dik gora milioi euro), Madrilgo metrorako hainbat serie (500 milioi euro) eta Erromako metroko sei tren handitzea (44 milioi euro). Horrez gainera, mantenuko kontratu garrantzizkoak ere badira, guztira 400 milioi eurotik gora egiten dutenak.

1860an abiatu zen enpresak lau milioi bidaiari mugitzen ditu munduan egunero

CAF, S.A. enpresa jatorriz 1860ko beste ekimen baten ondorio da. Orduko hartan, Domingo Goitiak, Martin Usabiagak eta Jose Frantzisko Aranak Fábrica de Hierros San Martín izeneko lantegia sortu zuten, pudelatzeko labeetan eta zilindroen laminazioan aritzeko. Handik hogeita hamabi urtera, 1892an, Frantzisko Goitia, Domingo Goitiaren seme eta oinordeko zena, Urkixoko Markesarekin elkartu zen La Maquinista Guipuzcoana lantegia fundatzeko. Enpresa horren helburu soziala zen makinak eta burdin lanak ustiatzea eta burdinbideetako material mobila eraikitzea. La Maquinista enpresak Beasainen jarri zuen egoitza soziala 1899an. Handik gutxira, 1905ean, Fábrica de Vagones de Beasain izena ezarri zioten lantegiari, eta urte horretan bertan eskatu zizkion Sociedad de Gasificación de Madrid enpresak ikatzetarako 10 tobera-bagoi, 15 tonakoak eta freno-palankekikoak. CAF, S.A. enpresa 1917an sortu zen berez. Espainiako Gerra Zibilaren ondoren, 1940an, CAFek Espainiako estatuko burdinbide-parkea berreraikitzen parte hartu zuen, eta orduan hasi zen Irango fabrika abian jartzen.



1990ean hasi zen Madril eta Sevilla arteko AVE trenerako bagoigintzan, eta 1992an jo zuen goia nazioarteko merkatuan: salmentak, esportazioa, sarearen eta instalazioen hedatzea eta mantenuko zentroak mundu osoan. CAFek, egungo egunean, Beasainen, Iranen, Zaragozan eta Estatu Batuetako Elviran dauzka instalazioak. Orain dela hainbat urtetik hona, Espainiako estatu osoan banatuta dauzka mantenuko zentroak: Bilbon, Vigon, Bartzelonan eta Sevillan, hain zuzen. CAFen esportazioko jarduna hain handia denez, hainbat herrialdetan dauzka, halaber, produzitzeko/muntatzeko eta mantentzeko plantak: eskualdeko tren arinak muntatzeko eta mantentzeko zentroa Kaliforniako Sacramenton eta mantentzeko zentroak Mexikon, Sao Paulon (Brasil), Buenos Airesen (Argentina), Lisboan (Portugal) eta Londresen (Ingalaterra).



Nabarmentzekoa da CAFek, arian-arian, zer salto kualitatibo eman duen, 1969tik aurrera I+D departamentua indartzen hasi zenetik. Azken urte hauetan, burdinbideetako material integralaren zentro teknologikoa jarri du martxan, eta, iaz, 2004ko urtean, fabrikatu eta entregatu zuen lehenbizikoz zabalera bariableko eta bitentsioko abiadura handiko trena. CAFek hain gaitasun handia du produzitzeko eta esportatzeko, non kalkulatzen baita, egunero eta mundu osoan -Madrilen, Sevillan, Bartzelonan, Mallorkan, Herbehereetan, Irlandan, Finlandian, Brasilen, Estatu Batuetan eta beste hainbat lekutan-, lau milioi bidaiarik baliatzen dituztela Beasaingo enpresa horrek hornitutako ibilgailuak -trenak, metroak, tranbiak eta abarrak-.


Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala1984
 
azala1983

1985 zenbakia.
2005ko martxoaren 27a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia