Joxe Aranzabal ezaguna zen lehendik ere zenbait zirkulutan. Komunikazioaren esparruan, esate baterako, izena aspalditik zuen lortua: besteak beste, Arrasate Pressen sortzaileetako bat eta lehenengo zuzendaria izan zelako. Baina egun batetik bestera, inork beretzat nahiko ez lituzkeen motiboak zirela medio, Joxe Aranzabal ezaguna egin da zirkulu horietatik kanpo ere bai. 2002ko irailaren 11n minbizia aurkitu zioten. Handik lau egunera, Medikuak esan dit minbizia dudala izenburuko mezua argitaratu zuen Sustatu weblog kolektiboan. Handik urte bi eta erdira, 2005eko otsailaren 22an, izen bereko liburu hunkigarria aurkeztu du, gaixotasuna mendean hartu ostean.
Zita egin genuen berarekin. Berarekin eta Bego emaztearekin, eta Miren alabarekin eta Fatima arrebarekin eta Mikel koinatuarekin. Alboan izan dituelako borroka honetan, eta ulertu dugulako minbizia min bizi baina konpartitua dela kasu hauetan, eta gaixotasuna gainditzearen meritua ere bizi-nahi konpartituan oinarritzen dela. Halaxe ikusi dugu, behinik behin, Joxeren kasuan: bere familiako kide guztien artean indarra eginez, euren bizi-nahi itzelari esker, denen umorearekin osatu dela Joxe Aranzabal.
Orain lanera bueltatu da Joxe, Mondragon Unibertsitateko HUHEZI Fakultatera. Hori gutxi ez eta egunero idazten du bere blog pertsonalean (www.goiena.net/blogak/ faroa): gustura ikusten zaio horretan ere. Inoiz edo behin metrosexuala ote den galdetu dio bere buruari, eta ez gara gu izango baietz edo ezetz esango dugunak: baina, dudarik gabe, argi dagoena da teknosexuala, behintzat, badela.
Orain hitzaldiak ematen ari da, liburua aurkezten. Ordenagailuan gordeta dituen argazki batzuk erabiltzen ditu horretarako, pantaila batean proiektatuta. Baina Joxek egiten du berba aurkezpen horietan, inoiz ez ingurukoek. Guk familia elkartu dugu eta grabagailua ahoan jarri diegu emazteari, alabari, arrebari eta koinatuari, eta Joxeri berari ere bai. Denon artean, gaixotasunak iraun duen bitartean sortutako argazki albuma errepasatu dugu.
1. argazkia: Ospitalean
Begok hartu du hitza egun haietako aldartea deskribatzeko: "Lehenengo eguna izan zen gogorrena. Jakin arte zer zeukan, mamu eta beldur guztiak bueltaka zebilzkion, baina nik gauza bat neukan buruan: banekien handik irten egingo ginela, eta halaxe esan nion, denbora guztian bere alboan izango nintzela".
Joxek ere argi dauka gaixotasunaren izena jakin arteko uneak izan zirela latzenak: "Inork ez zidan ezer esaten, baina sumatzen hasia nintzen zerbait potoloa zegoela han...". Gero, Rojas Marcos psikiatraren liburu bat irakurrita, sendatzen lagunduko zion zerbait deskubritu zuen: "Hark zioenez, horrelako zartada bat jasotzerakoan mamuak geratzen dira norberaren inkontzientean, eta komeni da mamu horiek ateratzea. Hasten bazara mamu horiei buruz berba egiten edo idazten, mamuak beheko planotik goikora eramaten dituzu, plano arrazionalera, eta plano hori kudeatzea errazagoa da".
Eta, jakina, Joxeren jarrera baikorrak familia ere kutsatu zuen: "Ikustean gaixoak erabaki duela zezena toreatzea eta ikustean bera baikor dagoela, ingurukoek ere errazago dugu jarrera positiboagoan egotea", dio Begok.
2. argazkia: Ilea mozten
Miren lagunekin zegoen egun horretan. Aita beregana joan eta txanoa kendu zuen kolpean. "Lagunak galdezka hasi zitzaizkidan: baina noiztik dago horrela zure aita? Gero, apurka-apurka, ohitu egin ziren". Baina hasierako sustotik harago, Miren ez omen zen beldurtu, lagun baten neba gaztea ere minbizitik pasatua zelako "eta banekien zelan sentitu zen, ze, gainera, gero arin eta indartsu irten zitzaion ilea".
3. argazkia: Gazteena eta zaharrena
"Esteñibar baserrian gaude, ama, aita, amama eta ni", dio Mirenek. Familiako gazteena eta zaharrena agertzen dira bertan, eta batari zein besteari minbiziaren berri ematea une kritiko eta garrantzitsua izan zen.
Mireni amak azaldu zion, goiz batean, ohetik jaiki berri: "Aitatxo gaixorik dago: ospitalera joango da, tratamendu gogorra jasoko du, ilea jausiko zaio...". Kontakizuna latza eta hunkigarria da: zelan esaten zaio ume bati aita oso gaixorik dagoela? "Negar egin zuen ûdio Begokû eta lehenengo galdera egin zuen: æzergatik nire aitatxo?Æ Erantzun nion hori ez dagoela gure esku. Esan nion ume batzuk Afrikan jaiotzen direla eta bera hemen, edo ume batzuk itsu jaiotzen direla eta ezin dituztela koloreak ikusi". Negar batzuk, beldur batzuk pasatu ostean, etxeko emakume biek hartua zuten erabakia: "Gogor egongo gara aitatxo animatzeko eta aitatxori laguntzeko".
Amamari, Joxeren amari, Esteñibarren esan zioten, geroago azalduko dugun moduan.
4. argazkia: Joxe burusoil
5. argazkia: Fatima
Emaileak eta hartzaileak genetikoki berdinak izan behar dute, eta baldintza hori betetzen duen pertsona bat aurkitzea, batzuetan, nekeza izaten da. Begok azaldu du suerte bat izan zela Fatimarena: "%25ak baino ez du lortzen emaile bat familia barruan, gainontzeko guztiek kanpoan begiratu behar dute". Eta, jakina, sendatzeko aukera gutxiago dute.
Bost bat orduz etzanda, bi besoak lotuta egon zen Fatima, "batetik odola atera eta bestetik bueltan sartzen zidaten nire odola, bueltaka, zirkuitu batean bezala". Tartean makina bat, "bereizten dituena zelula berezi horiek, eta beste guztia bueltan doa emailearenera", azaldu du Joxek.
Orain, Joxek arrebaren odola dauka: lehen A+ zeukan, eta orain O-.
6. argazkia: Joxe Valdecillako bakargelan, Anarekin hitz egiten
2003ko uda zen, bero ikaragarria egin zuen hura. Joxek guztiz isolatuta eman zituen 15 egun, gelako airea berritzeko tresna zaratatsu batekin egunero: "Gehiago entzuten zen kanpoan barrukoa, barruan kanpokoa baino. Gela horren isolatzeko modua gainpresioa zen. Makina hark ez zuen airea zurrupatzen, baizik eta alderantziz: aire garbia sartzen zuen, zirrikituetatik sar zitekeen aire apurra uxatuz", esan du Mikel koinatuak.
7. argazkia: Esteñibar
Tartean dago Salem ere bai, Mikelen koinatua: "Joxerena ondo amaitu da, baina Salem bidean geratu da". Hilabete gutxi dira minbiziak eraman zuela.
Joxeren ama ere protagonista izan zen eszenatoki horretan bertan: mahaitik aparte eraman eta semearen gaixotasunaren berri eman zioten. Paula Mendizabalek, Joxeren amak, 85 urte, ezin hobeto hartu zuen: "Zer esango dut ba? Bera horrela ikusita, ni ere konforme nago". Irudi hori buruan gordeta dute denek: tragedia izan zitekeenari beruna kendu zitzaionekoa, hain zuzen.
8. argazkia: Txoritokia
Hortik, txoritoki horretatik hunkitu gintuen Joxek, 2002ko irailaren 15ean Sustatun mezu hura aurkitu genuenean: Medikuak esan dit minbizia dudala. Txoritoki horretatik ematen du argia bere Faroak ere. Txoritoki horri esker ere sendatu da Joxe. Baina Mirenek oso argi dauka: "txoritokia txukundu egin behar da, aita!".
![]() |
|
||||
1985 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa