artikulu nagusira itzuli
Arlette Dachary, Ponts et Chaussées enpresako mekanografoa, Gurseko kontzentrazio esparruan: «Amerikarrek eta errusiarrek argazkiak erakutsi zituztenean, jakin genuen zer gertatzen ari zen»
Bordeletik Gursera, Ospitaleko idazkari izatetik kontzentrazio zelai bateko mekanografoa izatera. Bitxia ez al da?
Bordelen ez zegoen egoterik. Naziak etorri baino lehen, bonbardatu egin gintuzten behin eta berriro. Gero, sartu zirenean, eta bereziki "itsasurpekarien basea" eraikitzen hasi zirenean, Britainia Handikoen bonbardaketak etorri ziren. Jendeak uholdeka ihes egin zuen. Guk familia genuen hemen, Bearnen, eta demarkazio lerroa ezkutuan zeharkatuta etorri ginen. Uste genuen hilabete batzuetako gauza izanen zela. Baina udaberria igaro ondoren, ikusi genuen iraungo zuela. Beraz, lana bilatu behar genuen nonbait. Niri esan zidaten Ponts et Chaussées delakoan mekanografoak behar zituztela eta nire burua aurkeztu nuen. Horrela etorri nintzen Gursera. Jakina, Ponts et Chausséeskoek eraiki zuten zelaia. Baina bi urte igaro ondoren, berriro joan behar izan zuten, barrakoiak oso gaizki zeudelako. Orduan sartu nintzen ni eta horrela jarraitu genuen 1945a arte.
Zelaitik kanpo zeundeten, baina zelaian bertan egiten zenuten lan. Zer nolako harremana zenuten bertakoekin?
Guk lana egiten genuen, baina ez genuen harremanik zelaiko polizia buruekin. Barrakoien egoeraz arduratzen ginen, baita garraio kontuez ere. Suteena, suhiltzaileen ardura ere gurea zen, ura hornitzekoa. Horietan guztietan gabezia eta urritasuna nagusi ziren. Elikadura ere, den-dena, mugatuta zegoen. Esate baterako, iltzeak behin eta berriro erabili behar zituzten beharginek. Berotzeko egurra ere oso eskasa zenez, egurrezkoa zen edozein gauza hartzen zuten barrakoiak edo gure bulegoak berotzeko. Sarritan botatako edo hondatutako barrakoien egurrak besteak hobetzeko edo berregiteko erabiltzen genituen.
Garraioaz arduratzen zineten zuek. Deportazioez zer oroitzen duzu?
Bai, hala da, garraoiez ere arduratzen ginen, Prefetak agintzen zuelako. 1942tik aurrera, deportazioak hasi zirenean, Oloruen kamioiak errekisatzen zituzten jendea eramateko. Horiek gauez iristen ziren zelaira eta ordurako garraiatu behar zituztenak barruti batean kontzentratuta zeuden. Gero, sarreran zeuden bi estalpe handietara eramaten zituzten, eta hortxe bertan kamioietan sartzen zituzten Olorueraino garraiatzeko. Gau osoan jarduten zuten kamioiek joan-etorriak burutzen. Poliziek laguntzen zuten, zeren batzutan baten batek erresistentziari ekiten zion.
Gursetik atera behar zutenek ba al zekiten nora eta zertara zihoazen?
Ez, baina beldur ziren Alemaniatik deportatu izan zirenetik. Egundoko izua zuten. Pentsa, Alemaniatik, Belgikatik, Austriatik... deportatuak izan ondoren, horrelako kontzentrazio zelaietan barneratuta egon eta berriro nazien eskutara zihoazen! Ez zuten esperientzia onik Alemaniako agintariekin. Gainera, Badetik ekarritakoak oso zaharrak ziren, adineko jendea zen....
"Destination inconnue" edo Helmuga ezezagun hori horrelakoa zen edo sumatzen zenuten nora eta zertarako eramaten zituzten?
Guk ez dugu jakin Alemanian eta horrelakoetan gertatzen ari zena askapena iritsi arte. Orduan hasi ziren hitz egiten, 1945ean, Gerra bukatu zenean. Amerikarrek eta errusiarrek argazkiak erakutsi zituztenean, orduan jakin genuen. Oroitzen naiz, juduen zerrendak genituela deportatu ez zen judu batek, jendea Amerikara eramateko asmoz, izenak bildu zituelako. Horri esker berrosatu zuen deportatuen multzoa. Guk pentsatzen genuen Oloruetik Parisera eramaten zituztela.
Zelaia itxi zuten arte aritu zinen zu bulegari. Nola izan zen bukaera?
1945eko azken egunean behin betiko bukatu zen. Iraun zuen 6 urteetan gorabehera dezente izan zituen, baita bukaeran ere. 1945eko abenduan, "collaborationistak" eta soldadu alemaniarrak ziren zelaiko barneratuak. Azken horiek erresistentziarik gabe, ziur aski, gerraz asper-asper eginda harrapatu zituzten inguruko eskualdeetan. Ni beraiei egindako itaunketetan, mekanografo aritu nintzen. Noski, saiatzen ziren euren jarduna justifikatzen. Espainolen artean ere gertaera bitxiak, borrokak, suertatu ziren. Une batean gelditzen ziren zenbait errepublikanok eta Dibisio Urdinaren hainbat partaidek bat egin zuten Gursen. Pentsa zer nolako giroa! Errepublikanoen artean ere, 1944an oso iritzi desberdinak zeuden. Batzuk berriro Espainiara borrokatzera joan behar zela zioten; beste batzuk aldiz, ezetz.
Hilerria da Gurs zelaitik gelditzen den oroigarri duin eta bakarra. Ez duzue/ez dute borondaterik izan beste zerbait gordetzeko, jendeari gogorarazteko?
Gerra amaitu zenean nahi izan zuten gauza horiek guztiak deuseztatu. Udaletako lurretan landatu zituzten arbolak. Barrakoiak eraiki baino lehen landak zeuden tokietan, gaur egun, basoak dituzu. Orain bitxi samarra dirudi, baina jende guztia ados zegoen. Judua eta barneratu ohia zen Bastereck jaunak, esate baterako, esan zuen hoberena zela den-dena desagerraraztea. Beranduago, 1960 inguruan, hilerria txukundu zuten eta orduz geroztik beraiek arduratzen dira horretaz. Gainontzekoan, zuk ikus dezakezun bezala, basoak dena estali du.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.