Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-03-27 -- 1985.zenb

Katixa Garate



Antzerkiaren Eguna

Datorren igandean, hilak 27, ospatuko da Antzerkiaren Nazioarteko Eguna. 20an izan zen Haur Antzerkiaren Nazioarteko Eguna eta 21ean txotxongiloena. Egun gehiegi aukeran. Ez zaio egun ona egokitu aurtengoan taula gaineko arteari, Pazko egunean ospatuko baita, eta beraz, Aberri Egunean. Eta zaila izango da antzokietako besaulkiak egun horretan betetzea. Erronka ez da egun horretan antzokiak lepo egotea, baizik eta programazio duin bat izatea aretoetan eta ikusleak erakartzeko saiakerak egitea. Administrazioaren ardura dira horiek. Taldeena kalitatezko lan mamitsuak eskaintzea. Eta hori guztia erdiesteko egun asko behar dira.



Silveira txapeldun Nafarroan

Hirugarren aldiz nagusitu zen Xabier Silveira martxoaren 13an, Lakuntzan, Nafarroako Bertsolari Txapelketan. 1997an jantzi zuen txapela aurrenekoz, iazko eta aurtengo txapelketetan berriz nagusitu da. Estitxu Arozena geratu zen bigarren eta haren atzetik Julen Zelaieta, Joxe Juan Zubieta Etxabe, Jon Barberena, Xabier Legarreta, Juan Mari Lopez eta Iñigo Ibarra. Aurtengoan bertsolari berriak izan dira txapelketan, antolatzaileek nahi bezala. Silveirak, Arozenak, Zelaietak eta Etxabek Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian jokatzeko txartela lortu dute.


Saltsa Oteiza Fundazioan

Rafael moneo hiru urterako Jorge Oteiza Fundazio Museoko patronatukide izendatu eta 2004ko ekainean hiru kide berri izendatzeko erabakia indargabetu zuen pasa den astean Fundazioko Patronatuak. Jaione Apalategi, Xabier Morras, Jose Angel Irigarai eta Juan Antonio Urbeltz ez ziren bileran izan, arte proiektuez hitz egiten ez dela eta Patronatuaren eskumen izan beharko luketen gai asko beste bulegoetan erabakitzen direla argudiatuta. Egun berean Kontuen Ganberako presidenteak Oteiza Museoaren kudeaketa ekonomikoa oso txarra izan dela eta funtsak kontrolik gabe erabili direla berretsi zuen. Juan Ramon Corpas kontseilariak azalpenak eman zituen, baina ez zuen inolako ardurarik hartu bere gain. Aralarrek Corpasen dimisioa eskatu zuen.


Bi Harriz Lau Xori Miarritzen

Hainbat herrialdetako artisten harremana sustatzea du xede Biarritz Culture elkarteak antolatzen duen Bi Harriz Lau Xori jaialdiak. Hala, artista andanaren emanaldiak jasoko ditu Biarritzek, martxoaren 24tik 26ra: Itxaro Bordaren Hautsak Errautsa Bezain olerki bilduman oinarritutako ikuskariaren estreinaldia, Pok antzerki taldearen Muzzikiren bidaia harrigarria, Txomin Hegiren irakurketa frantsesez Atxagaren Euskal kulturari buruzko alfabetoaren gainean, Maliko Rokia Traoreren eta Garazi Philanthropik(e) Orkestraren kontzertuak...


Sarako Idazleen XXII. Biltzarra

Martxoaren 28an idazle ugari bilduko da, Sarako idazleen XXII. bileraren karietara. Iaz liburua frantsesez kaleratutako laurogehi idazleren eta euskaraz kaleratutako beste hogeita hamarren lanak izango dira salgai herriko kiroldegian, goizeko hamarretatik aurrera. Arratsaldeko hiruretan, biltzarrerako propio egindako hiru libururen aurkezpena egingo dute: Ettiene Rousseau-Plottok Ravel, portraits basques, Xabier Elosegik Les métiers de Sare au XVIIIème siècle eta Pierre Azulaik Les Bascotilles. Literaturaz gain, arteak leku nabarmena izango du. Besteak beste, Jeanne Pioten margoak, Laura Fallaren argazkiak ikusi ahal izango dira.



Kanpaien doinuak bilduta

komunikabide zuzena zen antzina kanpaien bidezkoa: norbait jaiotzear zela edota hil zela jakinarazteko tresna eraginkorra. Egun, ez dute funtzio bera betetzen, orduak adierazten dituzte eta gutxi gehiago. Lehengo kanpai joleak sistema mekanikoek ordezkatu dituzte. Altxor hori gal ez dadin, Bizkaiko kanpaien azterketa eta katalogoa plazaratu ditu Bizkaiko Aldundiak, Brontzearen soinua, Bizkaiko kanpaiak izenpean. Horrez gain, erakusketa zabaldu du Bilboko Foru Agiritegiko erakusketa aretoan. Maiatzaren 13a arte, hamahiru kanpai ikusi eta hamaika doinu entzun ahal izango dira.

* * * * * * * * * * * * * * * * * *

Bertso-Hop Kluba sortu dute Zarauzko Antoniano ikastetxean, bertsoa eta rapa uztartzeko asmoz. Imanol Epelde eta Aitor Urbieta bultzatzaileek hamasei urteko hamabi kideko taldea batu dute. Ostegunero, Gaztelaniazko hip hop taldeen (Violadores del Verso, Doble V...) letrak aztertzen dituzte eta zortziko txikian rapeatzen dute. Ikuskizun bat prestatu dute eta Aste Santua amaitutakoan Zarauzko ikastetxeetan eskainiko dute.

Boga sarea, kultur trukerako. Europako hainbat herri eta hiritako entitateen ahaleginak bateratzea, kultur ekipamenduak partekatzea, edozein adarretako proiektuak ûantzerkia, ikus-entzunezkoak, arte plastikoaû koproduzitzea... du helburu Boga sare sortu berriak. Portugal, Britainia Handia, Belgika, Espainia eta Euskal Herriko antzoki, antzerki talde eta ikastetxeak ditu kide. Bertakoen artean, Biarritz Culture, Paraiso antzerki taldea, Barañaingo Auditorioko Fundazioa eta Oarsoaldea garapen agentzia.

Japoniako zinema ezagutzeko. Zinemagintzaren historian pisu handia izandako japoniar zuzendarien lanak nahiz azken urteetan pantailarako jauzia eman duten zinemagileen filmak ikusi ahal izango dira Donostiako Kontadores gaztelekuan, martxoaren 10etik abian den Azken samuraiak: egungo zuzendari japoniarrak zikloan. Apirilaren 28a arte, ostegunero Takeshi Kitanoren, Shôhei Imamuraren, Masato Haradaren eta Nagisa Oshimaren pelikulak proiektatuko dituzte.


Salvador Azpiazuk (Gasteiz, 1867-Madril, 1927) behin erakutsi zituen bakarrik bere lanak bizirik zela. Haren marrazki, akuarela eta argazkiak ikus daitezke orain, Arabako Arte Eder museoan.

Agurtzane Intxaurragak eta Arantxa Iturbek idatzitako eta Hikak taularatutako Ixa antzezlanak jaso du euskarazko testu onenaren Max saria. Bigarrena jada, 2003an sari bera eskuratu baitzuten Ai Ama!rekin. Bi autoreek egokitu dute, halaber, Hika taldeak ekainean estreinatuko duen Alessandro Bariccoren Zeta.

Pello Ramirez akordeoi eta cello joleak bakarkako diskoa plazaratu du: Haize Oihalak (Elkar). Xabier Lete, Dulce Pontes nahiz Pier Paul Berzaitzekin aritutako musikari zailduaren estreinako lana da .

Mayi Treku hil zen martxoaren 13an, 77 urte zituela. Mattin bertsolariaren alargunak bertsoak idatzi eta kantatzen zituen arren, ez zuen bere burua bertsolaritzat. Azken asteetan, halaber, Sabin Unzurrunzaga Itxaropena argitaletxeko zuzendari ohia eta Joaquin Zabalza Los Irulako musika taldearen sortzailea joan zaizkigu.


«Ez dugu arkitektura garaikiderik Euskal Herrian. Gauza fosildu bat dugu, eta bide-itsu batera doa». Hitzok Berriari esan zizkion Claude Labatek.

Hona Harkaitz Canok Beterriko Liburuari adierazitakoak: «Irakurleari ez zaio beti nahi duena eman behar. Idazlearen zereginetako bat, irakurleari idazleak eman nahi diona ematea da. Batzuetan baita, ematen ari zaiona, berak eman nahi diona dela irakurleari pentsaraztea ere».

Javier Gonzalez de Durana El Mundon: «Folklore hitzak esanahi gaiztoa hartu du gugan, euskaldun zintzo, jator, leial eta kirri-kirriongan. Folklorea baitzaigu herri menderatuen, herri azpiratuen, herri turista zaleen kultura: beren buruak indartzeko, aberasteko eta janzteko egiten dena baino, besteei erakusteko eta saltzeko egiten dena. Baina ez al da halakoa euskal literatura? (...) Galdetzen dut nire ezjakinean, ikusirik, aspaldi honetan, zer nolako grina sortu zaigun egiten dugun guztia itzultzeko, ez gaztelerara, normalena zitekeena, baizik eta ingelesera».

Lukax Dorronsorok Berriari: «Behetik gorako kultur kreazioa landu behar da. Bestela, arrisku izugarria dugu: kontsumitzaile huts bihurtzea».

hemeroteka

1984. zenbakia | 2005-03-20
1983. zenbakia | 2005-03-13

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan