Aurelia Arkotxa
Luzaz uste izan dut mapendako dudan maitasuna hamabi urte inguruan sortu zitzaidala Hendaiako kolegio publikoan, Madame Contik historia eta geografiako kaierren apaintzeko egiten zizkigun gomendioen medio hain justu.
Prehistoriako lekuak, erromatar inperioaren zabaltasuna, barbaroen inbasioak, Niloko ahoak. Marraztu nituen mapetarik zerbait gelditua zitzaidan oroimenean. Arkatz-kolore ederrekin koloreztatzen nituen itsaso, ibai eta lehorrak. Kaierrak atxikiak izanez, berriz kausitu ditut itsasoen zeru-urdinak, kosta bazterretako uhinen ondulazioak, lurraldeen gorrantzak. Memorioak ez ninduen sobera traditu. Ordea, nehork ez jakinki, inkontzienteak sekretuki gure baitan marrazten dituen kontinenteen zinezko izenak.
Madame Contirendako hain aplikatuki marraztatzen nituen mapen gibelean bertze batzuk baziren altxatuak. Ustekabekoak. Faraoien denborako Tebas eta Abou Sinbeleko lekuen azpian, bertze leku batzuk. Ene bizi propioari lotuak.
Bi aitatxien historia ezabatuak. Bi mapetan. Mapetan ttipiena betidanik begien aitzinean ukana nuen eta aspalditik liburutegiko apal batean kokatua. Ez nuen ia ikusten ere hain zitzaidan etxekoa. Higatua, bitan doblatua izana, izkina batetik urratua. 1936an, gerla deklaratu zen bezain laster, Baztango aitatxik peñen azpian, zurubiz bakarrik lortu zitekeen harpe batean, gordea. Erreketeen eta Falangisten beldurrez. Gipuzkoa eta Zuberoa bluez, Araba eta «Laburdi» berdez, Bizkaia eta «Nabar'a» hori hitsez. Eskuinetik probintzien ikurrak.
Mapa horrek orientazio arazo batzuk sorrarazi zizkidakeen haurtzaroan, pentsatzen dut, eskolan nehoiz ez baitziguten horrelako maparik bazela ere aipatzen. Bigarrena ustekabetan berriz atzemana dut. Luzaz alferrik bila ibili ondoan. Amets eginarazten zidan anitz. Gazte zelarik Argentinara bizitzera joan zela Bizkaiko aitatxiren paperetarik datorkit. Ttipia nintzelarik Ameriketan nola urre bila ibiltzen zen kontatzen zidan eta ere nola zapaten sokak sugeen larruz egiten zituen. Mapa handi bat da, metro bat baino luzeagokoa, lauetan plegaturik ibilia. Orain plegu guztietarik tarratatua. Alde batetik Juan. E. Barra herri berriaren sorkuntza anuntziatzen da letra kapitaletan eta gorriz: Zona agrícola y ganadera, fértil y rica, estratégicamente situada entre Olavarria, Laprida, Pringles, Tres Arroyos y Juarez. 1912ko abenduaren 15ean salduko direla partzelak eta herriaren inguruan ganaderiarendako on izanen diren 2.891 hektarea. Bidaiarien trena lehen aldikotz abenduaren lehenean jarriko dela martxan. Kolonoak ez daitezen gal, mapa tipiago bat, borobila, Juan. E. Barra Argentinako eskualde zabalago batean erakusten duena. Funtsean, aski litzateke geltokiaren izena ezagutzea. Geltokiaren inguruan eraikiko baita herri berria. Buenos Airesetik Bahia Blancara doan trenbidea hartu behar da. Arrow geltokitik ipar sartaldean ateratzen den burdinbideari jarraiki gero bukaeraraino. Azken geltokiraino joan: han da Juan. E. Barra. Maparen gibelean, pioneroek sortuko duten herri berriaren plano kadastrala. Herria, alorrak, azienda lekuak. Herria: lauki kuadrikulatu bat, Juan. E. Barra geltoki ikaragarriak trebesatzen duena. Bertikalki sei karrika, zabaleran hamar. Gurutzegrama handi bat balitz bezala. Telegrafoetxea, eliza, bi eskolak -mutikoendako eta neskendako- udala eta komisaldegia. Inguruan, beste bi ibilbide herri osoari itzulia ematen diotenak. Urrunago oraino, aziendendako hazteko diren eremu gaitzak.
Aitatxien bi testamentuak.
Iban Zaldua
Edo, hobeto esanda, kontsumoko euskal literaturako liburuen -balizko- egileak ahaztu beharko ez lituzkeen hamaika aholku praktiko. Hauek:
1. - Kontsumo-literaturako autore abilak idazten izugarri disfrutatzen duela aldarrikatuko du beti. Inoiz orrialde zuriaren bertigoa sentitutakoa izan arren, ez du horri buruz tutik ere aipatuko, eta idazketa eta plazera gauza bat eta bera direla defendatuko du, "nire kasuan behintzat" zuhur bat gehituz -aukeran-: argiki aldendu behar du idazle gris eta sufritzailearen eredu patetikotik, guztiz antikomertziala baita.
2. - Kritikariengandik edota beste idazleren batengandik erasoren bat -zeharkakoa edo zuzena- helduz gero -eta helduko zaizkio, horretaz ziur egon daiteke-, saldutako edizio eta liburu-aleen kopuru zehatzaren gaineko informazio osoa izango du eskura eta, noski, behar den unean erabiliko du, publikoki beti ere.
3. - Teoria literario-soziologiko sendo batean oinarrituko du bere lana: adibidez, euskal irakurlea gauza tristeak irakurtzeaz eta batik bat nobela terroristez nekatuta dagoela defendatuz, edo Barbara Cartland bezalako idazle prestigiotsuen idazketa-dekalogoaren egokitzapen "jatorren" bat garatuz -iturria aipatu gabe, jakina-.
4. - Nobela berria eraikitzeko unean formula bat erabiliko du idazleak: adibidez, [thriller-a + umorea + sexua], ala [sexua + thriller-a + maitasunezko istorioa], ala [trama historikoa + sexua + thriller-a], eta abar, eta abar. Sexua, nola ez, heterosexuala izango da beti, eta ez du barne hartuko bagina-koitotik haratagoko praktikarik -fellatioren bat onar daitekeen arren, beti ere halako eszenen %10a gainditzen ez duten heinean-.
5. - Kritika Sarietan, Euskadi Sarietan eta, oro bat, Akademiako Jarduera Gorenetan hartaz gogoratzen ez direla-eta, garrazki eta maiz protesta egin dezake euskarazko kontsumo-literaturako liburuen balizko ekoizleak: asko saltzea ez baita nahikoa, lagunak, errekonozimendu eta prestigioarekin batera ez badatoz. Dena dela, lasai egon daiteke gure egilea: ondo dago kexatzea, egiten jarraitu beharra dagoen zerbait da, baina iritsiko da eguna, zalantzarik ez izan, kontuan hartuta joan den urtean AEBtako National Book Awards -ordura arte- prestigiotsuetako sarietako bat Stephen King-i eman ziotela. Esperantza ez da inoiz galdu behar.
6. - Izan ere, norbere buruarekin eta prentsarekin behin baino gehiagotan erabili beharko duen esaldi honen aldaeraren bat prest edukiko du beti, hots, "asko saltzea ez da literatur maila apalaren sinonimo". Konbentzimendu handiz esan behar bada ere, ez da derrigorrezkoa esaldi horren zehaztasunean sinestea.
7. - Edonola ere, kontsumoko literatoaren goiburu nagusia, gaitzespenen aurkako azkeneko baliabidea -edo aurrenekoa: ikusi behar-, hauxe izango da: "zenbat buru, hainbat aburu". Latinez botaz gero, dotoreago geratzen da: De gustibus non est disputandum.
8. - Egia da geroz eta gehiago jorratzen dela, eta jorratuko dela, baita gure literaturan ere, "nazioarteko best-seller eredua" delakoa -baina beldurrik gabe "estatubatuarra" izenda dezakeguna-, Follet, Clancy, Brown eta enparauen estilokoa -Morillo edo Ladron Aranaren lan batzuetara hurbiltzea besterik ez dago-, baina idazleak gogoan hartu behar du hori ez dela oraindik bide bakarra Euskal Herrian kontsumo-literatura egiteko. Izan ere, interesgarriagoa izan daiteke, alde horretatik, institutuetako, ikastoletako eta euskaltegietako irakurlego kautiboari zer irakurtarazten zaion ikertzea. Merkatu-azterketa alor horietatik hastea komeni zaio, beraz, balizko kontsumo-literaturako idazleari. Oraingoz behintzat.
9. - Kontsumoko literaturaren munduan murgiltzeko prest dagoenak ez luke sekula santan ere aitortu behar bere benetako gustu literarioak zeintzuk diren, edo are ez dituela ere: horni dezala editoreak idazle eta titulu zerrenda onargarri eta homologagarri batez. Zer esanik ez, kontsumoko literatura egiten duenik ez du onartuko, ezta ere: literatura bat eta bakarra dela defendatuko du eta, kontrakoa botatzen badiote, zerrenda honetako 7. aholkua aplikatzera joko du.
10. - Didaktismorantz lerratzeak ez luke batere izutu behar gure idazlea; are gutxiago, kontsumo-literaturako ekoizleak baliabide horren erabilera haize alde duela esatera ausartuko ginateke. Are Pako Aristik eta Kirmen Uribek inoiz egiten badute, haien azken aldiko testuetan, zergatik izango dio gure egileak beldurrik Paulo Coelhoren edo Jorge Bucayren ikasbideei jarraitzeari -besteak beste-?
11. - Azkenik, kontsumo-literaturako liburuen -balizko- euskal idazleak gogoan hartu behar du bere nobela ez duela zertan euskaraz idatzi ere eta, nahi izanez gero, eskuizkribua frantsesetik edo -batik bat- gaztelaniatik itzuliko diotela inolako arazorik gabe, Toti Martínez de Lecearen azkeneko foilletoi historikoaren arrakastak argi eta garbi utzi duen bezala.
Julen Garate
Herritarren hitza errespetatu, hiritarren Europa edo antzeko leloak darabiltzate aspaldian alderdi politikoek. Zuek sinesten al diezue? Nik ez. Oraingo honetan ere hauteskundeetan "demokrazia parte-hartzailea" esaldia behin eta berriro erabiliko dute, baina apirilaren 17a pasatzen denean, berriro "herritarren ordezkari" bihurtuko zaizkigu lau urte luzeetarako.
Nire iritzi horrekin pertsona ugarik bat egingo zuelakoan, Gipuzkoan hautesle elkartea sortzeari ekin nion. Baina lagunok, zeinek egiten dituzte legeak? Beraiek, eta ondorioz hautesle elkarteen kasuan hautesleriaren %1a lortu behar da aurkezteko, ia 6.000 sinadura. Batzuk ez dela asko pentsatuko duzue, baina baldintzak ere ez dira edonolakoak: sinadurak notaritzan, hauteskundeak deitzen direnetik 15 egun bakarrik dituzu -beraiek pasa den urtetik kanpainan egon arren-, sinadurarako inpreso ofizialak ezin izaten dira lehen egun horretarako lortu eta abar. Baldintza-traba guzti hauekin parte-hartzea bultzatu nahi dute ala beraiek bakarrik aurkezteko baldintzak zehazten dituzte?
Gezurti guzti hauek bere benetako aurpegia azaldu beharko dute edo bere jarrera aldatu. Gaur egun oso erraza da herritarren iritzia zein den jakitea, hona adibide batzuk:
- Basetxeako azken irabazlea hautatzeko 18.000 dei izan omen ziren ordu pare batean. Nik ez nuen deitu, baina Abiadura Handiko Trena egin ala ez proposatzen badidate, oraintxe bertan erosiko dut ez daukadan mobila, politono edo sonitonoa.
- Donostiako U2-ren kontzerturako 40.000 sarrera lortzeko jendeak 24 ordu edo gehiagoko egonaldiak egin ditu. Pasaiako Superportua egin ala ez erabakitzeko zein ilaratan jarri behar da?
- KZ Guneak herriz herri zabaltzen ari dira, posta elektroniko pertsonalizatu eta guzti eskainiz. Jaurlaritzako aurrekontuetarako bozketan nire bozka horrela bidali nahi nuke, beti ere Atutxa jaunarekin adostuta, ez dezagun bozkatzerakoan azken orduko arazo teknikorik izan!
Baina, agian, politikoei enpresen egiturak gehiago gustatzen zaizkie eta horren arabera antolatu beharko dugu parte-hartzea. Jaurlaritza inguruko edozein enpresa handiena edo handienetakoa izango da. Nola hartzen dituzte BBVA, Kutxa eta edozein enpresak erabaki garrantzitsuenak? Urtero egiten den batzar orokorrean. Ni Jaurlaritzako akziodun banaiz, akzio horrekin neuk nahi dudana egitea nahi dut, gutxiengoen taldean egon arren neure iritzia eman nahi dut aldioro. Ahal bada egunero, ezin bada urteroko batzar orokorrean. Bilbao Exhibition Center proposatuko nuke lehen batzar orokorrerako. Ez bagara sartzen toki itxietan, aire librean, Salburuaren aukera ez dut baztertzen.
Hautesle elkartea osatzeko bigarren arrazoi nagusia "gatazka politikoa" izango litzateke. Ez gatazka konpontzeko, horren aitzakiarekin bidean gelditzen diren gai sozialei benetan duten garrantzia emateko baizik. Azken bi adibideak, berdintasun eta lur zoruen legeak, horren adibide garbiak dira. Nire ustez bi lege hauek Ibarretxeren plin-plana adinako garrantzia daukate, garrantzitsuagoak ez badira. Lege horiek onartzeko "autodeterminazioa" badaukagu. Berdintasunaren legea inor gutxi konturatu gabe onartu dute eta lurzoruarena onartu gabe gelditu da hauteskundeekin gehiago pentsatzen zutelako.
Guzti honi aurre egiteko modurik eraginkorrena Legebiltzarrean egotea izango litzateke. Nik aurten saiakera bat egin dut gizarte mugimendu eta norbanako batzuekin harremana izanaz. Gehientsuenak ideiarekin ados zeuden, baina egitasmoak ez du aurrera egin. Nik ez dut etsi, eta hurrengorako prestaketetan hasi naiz. Inork informazio gehiago nahiko balu, bidali mezu bat gipuzkoakoindependienteakhotmail.com helbidera. Baten batzuk estutu baietz!
Aitor Zabaleta
Kiroldegiko aldageletan oinetakoak lapurtu zizkiotela eta, egunetan jardun zuen mutilak etorkinen kontra. Astean ia egunero ikusi nuen piszinan, eta bere kontuak entzuten aspertuta, halako batean esan nion han nik ez nuela etorkinik ikusten, eta seguruenik bera bezalako euskaldun petoren batek lapurtu zizkiola oinetakoak, eta ez marokoar, ekuadortar edo errumaniarren batek, haiek aldamioetan igota, adinekoak zaintzen edo semaforoetan kotxetako kristalak garbitzen ibiltzen direla, eta ez igerilekuetan.
Gutxitan tokatu zait atzerritarren kontrako berbak hain gertutik entzutea, eta zirrara sortu zidala aitortu behar.
Datorkiguna ez da nolanahikoa. Populazioa zahartzearekin batera, immigrazioa izango da XXI. mendeko fenomenorik aipagarriena. Lotuta datoz gainera, etorkinak baitira Europaren zahartze kezkagarriari buelta emango diotenak, hein handi batean behintzat. Estatu espainiarrak, adibidez, 50 milioi biztanle izango ditu 2025ean. Jakin nahi nuke zenbat izango diren orduan jatorri amerindiar edo arabiarreko ume eta gazteak. 2004an, 60.000 haur izan zituzten etorkinek. Eurak dira populazio hazkundea piztu dutenak, eta gauzak zeuden moduan egonda, Europako ugaltze tasa txikienarekin, zeruko bedeinkapena izan da hori.
Inmigrazioak gizartea itxuraldatuko du, aurpegi eta izaera berria emango dio, eta aldi berean, argazkia aterako digu, nolakoak garen erakutsiko duena. Askotan galdetzen diot neure buruari ea gai izango ote garen erronka handi horri behar bezala aurre egiteko. Hala ez bada, erronka arazo bihurtuko da, burukomin latza, eta orduan, oinetakoak lapurtu zizkioten mutilaren moduko pentsaerak indargabetu ezinik ibiliko gara.
Gaizki egiteko aitzakiarik ez daukagula uste dut. Lehen ere, XX. mendean, milaka etorkin hartu zituen Euskal Herriak, eta orduko egoera eta immigrazioren izaera beste bat izanda ere, badaukagu esperientzia hartatik zer ikasia.
Gainera, Europako beste herrialde batzuetan aspalditik bizi dute guri orain heldu zaiguna. Frantzian eta Alemanian gertatutakoa kontuan hartzea ez litzaiguke batere gaizki etorriko, ongi egin dutena gurera ekarriz.
Premiazkoena paperik gabekoen egoera konpontzea da, eta horretan Europako gobernu gehienak asmatu ezinik dabiltza. Espainian, adibidez, egoera hain da larria, gobernua milaka etorkinei paperak emateko prest baitago otsailean hasitako erregularizazio prozesuaren bitartez. PPk konpondu gabe eta oker lagatakoa zuzentzeko dela esan dute sozialistek, baina PPk baino baldintza zorrotzagoak ezarri dizkiete etorkinei. Informazio gutxi eman diete, tramiteak korapilatu dituzte, eta azkenean 800.000 barik, 80.000 izan daitezke dokumentuak lortuko dituzten etorkinak. Hasieran eskuzabala eta ona zirudienak, demaseko porrota izango den itxura guztia daukala salatu dute hainbat taldek eta erakundek.
Baina 800.000ek paperak lortuta ere, erregularizazioa partxe bat besterik ez da, ez baitu sakonean konponbiderik ematen. Azken 20 urteotan, bost erregularizazio prozesu berezi egin ditu Espainiako Gobernuak, eta gero ere egin beharko ditu, etorkinak euren herrialdeetara bidali ezean behintzat.
Defentsiban dabiltza Europako agintari gehienak, epe motzera begira, plangintza orokor eta sendorik gabe. Inmigrazioa arazotzat hartzen dute, eta horixe da arazoa. Erronka eta aukera polita dagoen lekuan, arriskua besterik ez dute ikusten. Bigarren mailako herritar dituzte etorkinak, eta horrela integrazioa eta kultur aniztasuna ezinezkoa da.
Duela aste batzuk erreportaje polita atera zuen egunkari batek, Madrileko eguneroko bizimodua etorkinik gabe nolakoa izango litzatekeen irudikatuz. Hiriburua geldi, langilerik ez obretan, tabernetan, garbiketa lanetan...
Igerilekuko laguna poz-pozik dago bere etxe berrian, langile marokoarrek eta portugaldarrek egindako etxean. Esaten ez nintzen ausartu, eta damutu zait, seguruenik hortaz ere ez baita konturatu.