Astekaria

 Kultura 

Argitalpenak

Irudia

Pilar Iparragirre


1985. alea
2005-03-27
alde 0    kontra 0

Ezin dut egia esan

Jokin Oregi

Artezblai

63 orrialde

9 euro

Serantes V. sariaren akzesita

Jokin Oregiren Ezin dut egia esan antzezlanak lortu zuen iaz Santurtziko Udaleko Serantes Kultur Aretoak antolatzen duen antzerki sariaren akzesita. Txiki-txikitandik lagunak diren bi emakume eta haien senarrak ditu antzelan honek protagonista. Bikote bateko emaztea eta besteko senarra, maitale izan ziren gizonak bere emaztea izango zena ezagutu aurretik. Bestalde, horien bien bikotekideen artean maitasun harremana sortu da. Dena dela, senar-emazte bien bizimoduak ohiko moduan jarraituko du gerora ere, harik eta Inesek Koldo uztea erabakitzen duen arte eta bikoteetako bat betirako banatzen den arte. Orduan emakume hori beste senar-emaztearen etxera joango da, eta istripu bat izango du.



Egan

Batzuen artean

Euskalerriaren adiskideen elkarteko «boletin»-aren euskarazko gehigarria

307 orrialde

18 euro

Monzon, Agirre, Lekuona, Janamari Malharin... gogoan

Ehun urte bete dira Telesforo Monzon jaio zenetik, eta Eganen azkeneko zenbakian haren izaera eta lanak ekarri nahi izan dituzte akordura: Koldo Izagirrek Monzonen zortzi poema argitaragabe aurkeztu ditu; Xabier Mendiguren Elizegik bergararraren erretratua egin du, bere hitz lauzko idazlanetan barrena; eta Piarres Xarritonek Iparraldeko euskalzaleen animatzaile gisa azaldu du Telesforo Monzon. Lan horiez gain, bertan aurki daitezke ere XVI. mendean Lazarragak idatzitako artzain nobela, Julen Lekuona kantautoreak utzi zizkigun piezak, Janamari Malharin irakasleari Itsasun egin zitzaion omenaldia edota Pilartxo Etxeberriak Txillardegiren hizkuntzalaritza ibilbideaz egindako azterketa.

Euskal Herriko Historiaurrea

Xabier Peñalver, María José Noain

Ibaizabal

144 orrialde 14,20 euro

Historiaurrekoen garabidea

Ibaizabal argitaletxeak aditua ez den irakurlearentzat sortutako Euskal Gaiak bildumaren barnean plazaratu du Xabier Peñalver eta María José Noainen artean osatutako Euskal Herriko Historiaurrea. Liburu honetan, gu bizi garen lurraldeak ezagutu zituen lehen giza taldeen ohituren eta garabidearen berri ematen da, adibide eta argazki esanguratsuz lagundurik. Paleolitoa, Mesolitoa, Neolitoa, Kobre Aroa, Brontze Aroa eta Burdin Aroa izenarekin ezagutzen diren garaiak iraun zuten ehunka mila urtetan zehar Euskal Herrian zebiltzan gizakiek zer-nolako bilakaera izan zuten aztertzen da bertan, urratsez urrats azalduz nola lortu zuten sua menderatzea, animaliak ehizatzea eta etxekotzea, buztina eta metalak lantzea eta, oro har, aurrera egitea.

Karmel

Batzuen artean

Euskal Herriko Karmeldarrak

127 orrialde

Urteko harpidetza:

12 euro

Karmel aldizkariaren berriena

Euskara ona izateko, hutsik gabea, ulerterraza eta aberatsa izan behar duela azpimarratzen du Gotzon Garatek Karmel aldizkariaren azken zenbakian plazaratu duen Euskaraz ongi idaztea zer den lanean. Aitzitik, Jose Inazio Basterretxeak euskarazko kazetaritzaren lehen kongresua hartu du hizpide, ahaztu gabe 1976a euskal prentsaren urtea izendatu zutela hiru euskal aldizkarik ûalegia, Anaitasuna, Goiz Argi eta Zeruko Argiaû. Xabier Kaltzakortak, berriz, 1813an gertatutako Bitoriako Batailari buruzko kopla batzuk dakartza kontura. Eta Luis Baraiazarrak Batista Spanoli dohatsua. Bestalde, gizarte sailean Karmel aldizkarian bertan hainbeste lan argitaratua den Andres Maria Urrutia Badiola euskaltzainburu berriaren bizitza eta bibliografia azaldu dituzte.

Koroi eder bat. Bertso-bilduma

Pedro Migel Urruzuno

Auspoa, Gipuzkoako Foru Aldundia

302 orrialde

Pedro Migel Urruzunoren bertsoak

Bere ipuinengatik da ezagun Pedro Migel Urruzuno (1844-1923), haatik ez bertso-jartzaile bezala egin zuen lan oparoagatik, eta hain zuzen, horixe da Antonio Zavala haren bertsoen bilketa egin eta liburu hau argitaratzera animatu duen arrazoia. Jesusen Bihotzari, Maria txit garbiari, 1881eko Arantzazuko erromeriari, Aita Sebastian Mendibururi, Josefatxoren ametsari, Kilimongo itur-errekari, Jesus jaio berriari, Hiru Erregeen adorazioari, Aldareko sakramentu guztiz santuari, Ama Doloretakoari, Aita San Joseren gozoei, neska-mutil-zaharrei, Itziarko Ama Birjinari, Aita Agustin Kardaberazi, artzaiei, Justa Jesus aingerutxoari eta beste askori jarri zizkion Urruzunok bertsoak.

Jon eta Noj

Goretti Vadillo

Elkar

45 orrialde

6,65 euro

Ametsak bezain egiazkoa den Jonen laguntxo berria

Jokin Mitxelenak marraztu duen kontakizun honen izenburu zehatza Jon eta Noj. Galaxia eta Mundua da, eta Goretti Vadillok haurrentzat idatzi duen aurreneko lana dugu. Izan ere, bere seme Jon jaio zenean, ogia besapean ekarri beharrean, hauxe bezalako umeentzako istorioak ekarri zituen. Lo egiteko orduan, argia itzalitakoan, arbel bihurtzen da Jonen gela, beltz-beltza. Eta Jonek arbelehorretan gauzak marrazten ditu. Marrazki horietako batean agertu zaio hain zuzen Noj, beste galaxia bateko mutila.

Faustoren itzala

Fito Rodriguez

Utriusque Vasconiae

121 orrialde 14 euro

Elhuyar anaien gaineko errealitatearen fikzioa

Elhuyar anaia ospetsuei La Bascongadan, Euskal Herriko Adiskideen Errege Elkartearen itzalean sortutako Bergarako Errege Mintegian, XVIII. mendean, bizitzea egokitu zitzaien gorabeheretan oinarrituta dago Fito Rodriguezen azken idazlana. Bascongada, antza denez, Espainiako Koroaren aginduz helburu militar sekretuekin lan egin zuen erakundea baino ez ei zen, eta Joan Jose Elhuyar sekretu horien zerbitzuan lan egin zuen zientzialaria. Gauzak horrela, elkarren artean etengabe txirikordatzen diren bi hari ditu Faustoren itzala nobelak. Lehenengoak, Joan Jose Elhuyarrek Fausto anaiari Kolonbiatik bidaltzen dizkion gutunek osatzen dute. Haietan, Elhuyartarren sekretua eta garaiko giroa aurkituko ditu irakurleak: Ilustrazioa, erromantizismoaren hastapenak, Inkisizioa, masoneria... Bigarren haria, berriz, gure egunetan Ipar Europatik Euskal Herrira etorritako gazte baten istorioak osatzen du. Gazte horri, Upsalako unibertsitatean noizbait aurkitutako Elhuyarren gutunak bidaltzen dizkio bere aitak. Eta dokumentu horiek direla-eta bizi behar izaten dituenen berri ematen du berak grabatutako bideoen bitartez.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala1984
 
azala1983

1985 zenbakia.
2005ko martxoaren 27a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia