Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-08-29 14:59:50
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-03-20 -- 1984.zenb

Goi goian, Goņi

Jon Artano

Goi-goian, Andia mendizerraren bizkarra igota dago Goņi bailara zoragarria. Bost kontzejuk osatzen dute: Aizpun, Azantza, Munarritz, Urdanotz eta Goņi bera. Klima urte guztian da hotza eta euritsua; neguak latzak dira paraje honetan. Muturreko bizi baldintzak muturreko lekuan. Goņi herritik hasiz Txargain eta Treku gainetatik pasata ibilbide tentagarria pagadi eta txilardegietan barrena.

Behar baino beranduago abiatu gara etxetik, baina Irurtzundik Asterain aldera egitean ahaztu egin zaigu geure buruarekin genuen haserrea. Ohiko mapetan agertzen ez diren bideen xarma du Goņi bailarara iristeko egin beharrekoak: Errotzetik Anotzera Arakil ibaiari segika eta handik Ollaranen barrena (NA-7030). Arteta herria eta izen bereko mendatea atzean utzi behar dira elur hormek hesitutako bihurguneen haranzkaldean Goņi begi bistan agertu arte.

Bidea herri sarreraraino bakarrik garbitu dute makinek, horregatik lehendabiziko etxeen hegalean aparkatu dugu. Herrira heltzerako, duda-mudakoa zen panorama erabat belztu da zeruan, elurra hasi du oparo eta ibilaldiko kera batean jateko ziren txerriki ogitartekoak automobiletik irten aurretik irentsi ditugu. Gosari-bazkariaren ostean erraketak lotu eta oinez hasi gara. Mendizaleon aurretik artzainek mendeetan erabili zituzten elurretan ibiltzeko zurezko orraziak. Herriko karriketan patsa dago eta erdi-erditik abiatu gara goruntz, San Esteban ermitaruntz. Aurrean elurra kentzeko pala jarrita duen traktorea eta etxe atarian lera baten gainean jolasean dabilen haur bikotea, ez da beste inor bistaratu.

San Estebango ermitara iritsi aurretik, ekialderantz, San Migel ermitara abiatzen den bidexka hartu dugu. Haizeak elur mordoa pilatu du eta estalita dago ibilgailuei aurrera egitea galarazten dien katea. Pixkanaka-pixkanaka ipar norabidea hartzen du bideak. Kilometro erdia ibili dugunean 90ēko bihurgunea egiten du ezkerreruntz; guk juxtu bestaldera hartu dugu eta berehala hesi bat pasako dugu langa batetik. Mustilogorri izena du inguru honek. Ukuilu eta biltegi baterantzako bidea azalduko da eskuinerantz; bide hori hartu gabe ipar-ekialderantz jarraituko dugu. Zuhaitz-enborretan seinale gorriztak daude.

Izoztutako putzua

Berehala Sasiako putzura iritsi gara. Izoztuta dago ur azala eta gutako harroxkoenak ez dio putzuaren gainean ibiltzeko tentazioari eutsi. Horrelakoetan teleserie amerikarrek irakatsi zigutena gogoratu behar da, badakizue: don´t try this at home...(Ez saiatu etxean egiten).

Iparralderantz jarraitu dugu zerrakura baten hegaletik harik eta zeharkatzeko ataka parera heldu arte. Hor hesia gurutzatu eta pagadian sartu gara. Bailaraxka baten hondotik beherantz eginen dugu. Buelta guztiko zatirik ederrenetakoa da hau. Beste txarrantxa gurutzatu eta "Coto de caza público" plaka irakurri dugu. Beheruntz segitu dugu hesitutako sima ikusgarri batera heldu arte. Hemen ezkerrera egin dugu malda suabe batetik eta berehala heldu gara Treku eta Txargain arteko mendi lepora. Mendi lepo inguruan etxola mordoa dago, erdia gutxienez hondoa jota. Harritu egin gaituzte eraikinek, anitz sasiak janda egonagatik eraikuntza dotoreak eta aberatsak zirela antzeman dute.

Arbola gabeko paraje hau errukirik gabe astintzen du haizeak; tarte batzuetan elurrez biluztu du lurra eta beste batzuetan erlaitz ikusgarriak sortu. Eskuinerantz galbiderik ez duen landa batetik Txargain ertza harrapatu dugu (971 metro). Gaur ez da itzelezko bistarik, baina Ollo eta Goņi bailarak ederki bereizten dira. Ollarango herrixkak 500 metro pasatxoko altueran daude, eta Goņibarkoak 900etik goiti. Zaila da asmatzen nork eta nola aukeratu zuen Goņibar bezelako leku bat bizitzeko.

Mendi lepora itzuli eta Trekurantz igotzen den hesia ikusi dugu berrehun-bat metro eskuinerago. Hesi horretara hurbildu eta berari jarraituz helduko gara Treku gainera. Txarrantxaren ezkerraldetik egin dugu igoera. Haize erauntsiak gero eta gogorragoak dira eta, goruntz egin ahala, pagoak gero eta txikiagoak eta bakanagoak, elur-bisutsetik babesteko uzkurtuta baleude bezala. Idoiberri eta Borderre izeneko parajeak pasata azkeneko tartea arbolen babesik gabe egin dugu. Badakigu ingurumarian hiru trikuharri daudela, baina eguraldi makurragatik hurrengo baterako utzi dugu horiek bilatzea.

Gaina (1.265m) zapaldu aurretxoan ekialdetik mendebaldera datorren beste hesi bat gainditu behar da. Puntan elur erasoa bortitza da eta hego-ekialderantz begiratuta, tarteka baino ez dira bistaratzen borda zaharrak, behe-lainotan kukututa.
Trekutik behera kontrako isurialdeko mendi mazeletik egin dugu. Treku eta Peņa Blanca arteko haranera jaistean Zuloako putzuaren ezker hegitik jarraitu dugu. Atoan Peņa Blancara igotzen hasi gara eta gure gainean haitzak ikusi arren, tontorra urrunago dago eta zelaia da. Puntatik ikusmira egundokoa ûomenû da: alde batera Andia zerra, Ergoiena bailara eta Beriain; bertzaldera Pirineoak, Elomendi, Itzaga... Guk ez dugu suerterik izan: urrunera ez da deus ere ikusten eta haizeak min egiten du puntan denbora pasa egoteko.

Gorakoan gainditutako harkaitzetara zuzendu gara atzera baina iritsi aurretik hegoaldera egin dugu, eskuinetara, belardiaren hondotik doan bideraino jaitsiaz.Aurrez-aurre dugun mendi gandorrera igo behar dugu orain, juxtu gainez-gain doan hesia ezkutatzen den lekura. Muinoaren bizkarhezurra pasa eta hesiaren ertzetik egin dugu beherantz burdinezko ataka agertu arte. Ataka gurutzatu eta basoan sartu gara pago eta elorri artean ekialderantz joateko, norabide horretan dago-eta Goņi herria. Ordu laurdenez baso erogarrian aurrera egin dugu beste hesia topatu arte eta gero hau jarraituz eskuinetara ataka topatu eta gurutzatu arte. Beti ekialderantz segituta berehala heldu gara Goņiko San Migel ermitara.

San Migel ermitaraino hasiera-hasieran hartu dugun bidea heltzen da eta ordu erdi nahikoa izan dugu bertatik herriraino dagoen kilometro t'erdia egiteko, betiere malda beheiti (1.094tik 907ra).

Fantikorenako museoa

Etxera itzultzean Artetako museo etnografikoaren (tel:948328034) paretik pasa gara. Fantikorena etxean dago Jose Luis Ulibarrena eskultoreak 30 urtean jasotako ondarea eta ez zaio inori damutuko erakusketa hori bisitatzea. Gainera Fantikorena etxea bera (XVII. mendekoa) barnean nahiz atarian gordetzen dituen objektuak bezain interesgarria da. 10etatik 13:30ak arte egoten da zabalik astelehenetan izan ezik.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan