Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-03-20 -- 1984.zenb

Jakoba Errekondo


Kontuz zirripiztinekin! Leherketa dator eta ez da lurrikararik izango. Gorputz ikara eta dardarizoa erruz ikusiko dugu. Gure idiak harrituta daude: sekula ezagutu gabeko hotzaldia, elur zuriz zikindua, bi hogeitabialdi osatuta alajainena! Urtarrileko hamabost egun eguzkitsu haietan lehen mimosek eta Sanjose lore lotsagabeenek soineko horiak jantzi zituztenean hunkitu zenik izan zen. Laster ahaztu ziren poz bera haiek...

Mimosa gehienek hala moduzko loraldia zabaldu dute eta honez gero loratuta beharko luketen besteek txintik ere ez dute mugitu. Hemendik aurrera, tenperatura gora eta argi orduak luzatzen doazen neurrian leherketa etorriko da. Laster gara udaberriko ekinozioan, hamabina ordu argipe eta ilunpe izango ditugun eguna. Eguzkiak azalak eta larruak goxatzen ditu eta nabarmena izango da.

Dagoenerako haltzek abiatua dute maratoia, loreak irekitzen hasi dira eta zortzi hilabeteko lorea-hostoa-fruitua-hazia zikloa martxan da. Sahats eta zumeak izan ohi dira hurrenak, Sanjose loreak, haginak, almendrondoak, gereziondoak, oilaranak, maaltzak, elorri beltzak, udareondoak... gero. Etenik gabeko katea bizitzen dugu negu osoan, lorez lore. Aurtengoan ordea, denak batera etorriko zaizkigu. Leherketa. Mendi garaienetan ibili ohi denak ezagutzen du hau. Beheko bailaretan hilabete pare bateko katea dena, goiko lur hotzetan egun gutxi batzuetan pilatzen da eta leherketa ikusgarria da. Ortzadarra.

Kontuz zirripiztinekin nion hasieran, baina busti! Landareek eskainiko diguten kanporako leherketa hori geure barrurakoa bihur dezagun, energia bildu eta geure ziklora bideratu. Bakoitzaren gorputza, arima edo daukana daukanakoaren inplosioa. Inoizko errazena daukazu: loratu zaitez...

Jabier Agirre


Mundu osoan ikerketa ugari egiten da kafearen kontsumoak gizakiaren osasunari dakarzkion kalte nahiz onuren gainean. Eta noski, duela urte edo hilabete batzuk esandakoa berrikusi beharrean uzten gaituzte ikerketa berriek plazaratutako datuek.

Helsinkiko Unibertsitateko ikertzaileek, adibidez, oso zalantzan jartzen dituzte kafearen kontsumoa eta bihotzeko arazoak izateko arriskua lotzen zituzten teoriak. Horrela, 10 urtean zehar (1972tik 1982ra) 20.000 pertsona gertu-gertutik jarraitu zituzten, beren bizimodua, jan-edanak, eta ohiturak zehatz-mehatz aztertuz. Eta jarraian, duela 20-30 urte hartutako datuak denbora luzean prozesatu dituzte, eta horrekin batera, aztertutako pertsona horien eboluzioa eta beren historia klinikoa ere kontrolatu dute. Kafearen kontsumoa ez zen jokoan zegoen aldagai bakarra, noski, kolesterol-mailak eta odoleko tentsioaren zifrak ere aztertzen baitziren. Baina ikerketa horrek erakutsi duenez, eta aurrez uste zenaren kontra, kaferik edaten ez zuten pertsonek arrisku handiagoa izan dute -eta aurrerantzean ere, horrela izango omen dute, ikertzaileen esanetan-, bihotzeko gaitzen bat izateko, kafea edaten zutenek baino.

Kafeak begira-denbora esaten zaiona -hau da, esna egoteko denbora- gehitu egiten du, eta loaldiaren egitura aldatu egiten da kafe-kontsumoaren ondorioz. Oheratu baino ordu erdi edo ordubete lehenago kafea hartuz gero, loaldi sakonaren fasea luzatu egiten da, baina bat-bateko edo berezko esnatze-aldien kopuruak ere gora egiten du. Horrela, kafearen eraginez, loaldia laburragoa gertatzen da, eta pertsonak ez du hainbeste atsedenik hartzen. Zerk eragiten du ondorio hori? Kafeinaren egitura kimiko bereziak, hurrengo astean ikusiko dugunez.

Joxerra Aizpurua


Itsaso izoztuen aztarnak
Planeta gorriaren ekuatore inguruko eremu lauan Ipar Itsasoa adinakoa omen zen ozeano izoztuaren aztarnak topatu dituzte. Aipatu eremuan inoiz ura jariatu zen eta azkar izoztu ere bai, eta horrela, posible izan daiteke bizia izatea lurrazalean edo honen azpian, Mars Express-eko ikerlari den John Murray-ren arabera. Iritzi honen oinarria orain bi aste Mars Express espaziontziak bidalitako irudien analisia da.
Murrayk dioenez "eremu horretan ura eta izotza milioika urtetan izan dira". Murray Ingalaterrako Milton Keynes-en dagoen Open University-ko ikerlari eta bulkanologoa da eta azpimarratu duenez "aztertzen segitu behar dugu, bizia topatuko baitugu".
Beste ikerlari batzuk ez dira hain baikorrak eta diotenez itsaso honetan laba eta ura nahasturik izango ziren garai batean, bizi-aukerari trabak jarriz.
Murray ez dago ados iritzi hauekin eta kraterren tamaina nabarmentzen du uraren teoria sostengatzeko. Oso krater txikiak direnez, ezingo zen labarik egon, zeren eta laba isurtzen den kraterretan laba bertan finkatzen baita mendi garaiak sortuz. Kraterrak dauden mendien altuera 30 eta 45 metro artekoa da eta horrek adierazten du ez dela material solidorik bertan finkatu.

Toutankhamon ez zuten erail
Toutankhamoni egin berri dioten eskaner baten arabera, eta uste zenaren aurka, ez zen eraila izan. Orain arte ezker belarriaren atzean zauri baten aztarnak zeudela zioten egindako hainbat erradiografiek, baina eskanerrak ezeztatu egin ditu emaitza horiek eta itxuraz, osasun ona zuela baieztatu du.
Beraz, 8 urterekin faraoi izatera iritsi eta 18rekin hil zen Tutankhamonen heriotzak misterio izaten jarraituko du.

Gihar artifizialak
Urteak dira gihar artifizialak deiturikoak ikertzen ari direla. Ikerketa hauetan beste urrats bat eman nahi da, robot besoaren eta giza besoaren arteko pultsua jokatuz.
Hiru diseinuk aurre egingo diote 17 urteko gizaseme bati. Ez dakigu txanda honetan nor aterako den garaile, baina garbi dago zein den helburua: giza besoa baino indartsuagoa den beso artifiziala sortzea.
Erronka orain sei urte planteatu zen. Garai hartan Jet propulsion Laboratory-ko Yoseph Bar-Cohen fisikaria polimero elektroaktibo deiturikoekin lanean hasi zenean, ez zuen emaitzarik espero gutxienez hamar urte igaro arte, baina teknologiak uste baino azkarrago egin du aurrera eta hil honetan hiru ekipo aurkeztuko dituzte bere besoek. Bat Nuevo Mexikokoa da, bestea Suitzakoa eta azkena Virginiakoa. Lehen biek plastiko eta polimeroetan oinarritutako teknologia erabiltzen duten bitartean hirugarrenak gel eta zelula elektrokimikoetan oinarritutako zuntzak erabiltzen ditu.
Ea hil honetan bertan emaitza emateko moduan garen.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan