Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-03-20 -- 1984.zenb

Katixa Garate


Dantza garaikidearen urrats berria

Dantza garaikideko lanak ikusteko aukera gutxi izaten da gurean. Eta horrek ez du laguntzen ikusle berriak dantzara erakartzeko. Sorgin korapiloa da. Horrexegatik da garrantzitsua Eusko Jaurlaritzak antzoki publikoen Sarearen barruan sortu duen Dantza Garaikidearen I. Zirkuitoa. Martxoaren 11tik maiatzaren 21a arte, bost euskal produkzio (Solo. Chipa miel del corazón dulce, Gau bakar bat, Ego-tik, Es3in, Öleles) programatuko dituzte Donostiako Gazteszenan, Elorrioko Arriola antzokian, Barakaldo antzokian eta Gasteizko Lakua gizarte etxean eta Hegoalden. Guztira, hamalau emanaldi. Ez dira asko, baina urrats batzuk badira behintzat.


San Fermin plazako aztarnak

lur azpiko aparkamentua egitera zihoan Iruñeko Udala Aldapako San Fermin plazan. 250 tokiko aparkalekua egin asmo zuen bizilagunentzat. Bertan behera utzi du ordea, Erdi Aroko dorrea eta erromatar garaiko aztarnak ûtxanponak, mosaikoetako teselak, IV.-V. mendeko eraikinak...û aurkitu dituztelako azpian eta indusketekin aurrera eginez gero aztarna gehiago aurkituko dituztela uste dutelako. Gauzak horrela, egitasmoa bertan behera uztea erabaki du Kultur Ondareko zuzendaritzak. Harritzekoa da Iruñeko Udalaren jokabidea, Gaztelu plazako aurkikuntzekin oso bestela jokatu baitzuen.


Musika sakroaren jardunaldiak

Hainbat erlijiok jainkoei egiten dizkion eskaintzak eta heriotzaren ondoko «bizitza» nola irudikatzen duten ezagutzeko parada eskainiko du Bilbao Ars Sacrum egitasmoak, hilaren 27a arte. Zeruari begira lelopean, ekitaldi andana izango da. Turéganoko Aingeruen Museoko (Segovia) koadroak eta eskulturak izango dira ikusgai; Zabalguneko merkatuan Mandala (unibertsoaren irudikatze sinbolikoa) egingo dute egunero, hondarra eta koloreak erabiliz; Verakruzeko (Mexiko) Hegalarien Erritu Taldeak jainkoei eskainitako dantza bat antzeztuko dute, lurretik hogeita hamar metrotara daudela. Gizakundearen Elizan izango dira kontzertuak. Besteak beste, flamenkoaz, musika barrokoaz eta sufi musika erlijiosoaz gozatu ahal izango da.


Giza eskubideak zineman

Joan den ostiralean hasi zen Zinema eta giza eskubideak zikloa Donostian. Hirugarren aldia du giza eskubideen aldarrikapena egiten duten filmak eskaintzen dituen ekimenak. Besteak beste, haurrak eta gerra (Zinemaldiko Urrezko Maskorra irabazitako Turtles can fly), gatazka politikoaren eraginak (Omagh eta Amaiur) eta emakumeen esplotazioa eta prostituzioa (Or) izango dituzte hausnarketa gai Donostiako Antzoki Zaharrean.


Pilota eta arteak eskutik Xiru jaian

martxoaren 18tik 20ra, pilota eta jokoa izango ditu ardatz Zuberoan egiten den Xiru jailadiak. Ostiralean, pilota partida berezia izango da Larraineko trinketean: Punpa sare kantore. Pilota partidaz gain, Amaren Alabak taldearen eta Beñat Axiariren musika izango da. Larunbatean pilota arte eszeniko bilakatuko da Gotainen eskainiko duten Pilotar(h)itza ikusgarrian. Michel Iturria pilotariak, Mizel Theret dantzari koreografoa izango du lagun gaueko emanaldi horretan. Goizean Xabier Amurizak bertsolaritza izango du mintzagai eta Angelique Fulinek Matalaz liburu-diskoa aurkeztuko du. Igandean, Bota lizeko pilota partida izango da Iribarnen eta ondoren Jose Le Piez artistaren obra bat Utürzabala gunean jarriko dute, musikari eta artisten laguntzaz.


* * * * * * * * * * * * * * * * * *


Film klasikoak eta independenteak topatzeko arazo ugari izaten da. Bideo klubetan film berriak bakarrik izaten dira gehienetan eta komertzialki arrakasta izandakoak. Hortik kanpo, ezer gutxi. Topatzeko zaila diren film horiek eskaintzen ditu Iruñean urtarrilean zabaldu zen Potemkin filmotekak. Filmak alokatzeaz gain, dendan dagoen liburutegi txikia balia daiteke. Erakusketa aretoa ere badu eta laster film emanaldiak antolatzen hasiko dira. Argibide gehiago wwwpotemkinfk.com gunean.

Literatura eta bidaia izango dituzte hizpide aurten Mondragon Unibertsitateko HUHEZIk antolatzen duen Eskoriatzako Literatura VII. Astean. Zikloa hilaren 10ean abiatu zen, Roge Blascok Ana Mª Briongos bidaiari katalanarekin Arrasatetik zuzenean egin zuen Levando Anclas saioarekin. Jon Arretxe eta Anjel Lertxundiren hitzaldien ostean, asteazkenean Harkaitz Cano izango da hizlari; ostegunean Patxi Zubizarretak, Jabier Muguruzak, Txema Garcések eta Joseba Loinazek 28 letra eta 7 nota munduaren itzulia egiteko ikuskaria eskainiko dute eta ostiralean fakultateko ikasleek Hitzak lagun, bidaia dezagun emanaldia eskainiko dute.


Mikel Valverde irudigileak SM Nazioarteko Ilustrazio Saria eskuratu du, Paula en Nueva York liburuari esker. Liburuko ilustrazioez gain, istorioaren egilea ere bada gasteitarra. Liburua urrian kaleratuko du SM argitaletxeak.

Santi Zabala Santitxo Amorotoko pandero jotzailea hil zen pasa den martxoaren 6an, 102 urte zituela. Lea-Artibaiko erromeri andana alaitu zituen gaztetandik, panderoa jotzen eta koplak kantatzen.

Bukowski taberna donostiarrak CD bikoitza plazaratu du Donostiako eta inguruko hogei talderen abestiak bilduz. Besteak beste, Surfin Kaos, Señor No, Hotel eta Sanchis y Jocano taldeek parte hartu dute.

Manu Lopez Gasenik eta Xabier Etxaniz Erlek 90eko hamarkadako haur eta gazte literatura (Pamiela) kaleratu dute. Hamarkada hori haur eta gazte literaturarentzat mugarri izan zela diote autoreek eta aurrerapausoak egin dituen arren, arreta handiagoa merezi duela.

Rafael Lafuente (Gasteiz, 1936) margolari arabarra zendu zen martxoaren 8an. Pintore autodidakta zen eta abangoardiako pintura abstraktua landu zuen, batez ere.

Antzerkiola Imaginarioak V. Donostia Antzerki Saria jasoko du martxoaren 27an, Antzerkiaren Egunean, Yuri Sam obragatik. Euskarazko ekoizpen berri bat egiteko 9.000 euro eta Marta Cardenasen artelan bat eskuratuko ditu taldeak. Bestalde, Au revoir triunfadores estreinatuko du taldeak martxoaren 18an Barakaldon eta hilabete beranduago euskarazko bertsioa.


Koldo Almandoz zine zuzendariak Matrakari esanak : «Nacho Vigalondok Clermont Ferranden munduko film laburren jaialdi garrantzitsuenean saria atera zuenean eman nituen faltan politikari eta komunikabideak. Baina, jakina, han ez dago alfonbra gorririk. Kritikatu arren, beti gaude AEBei begira».

Maider Lopezek Berriari, Veneziako arte biurtekorako aukeratu berritan: «Artea titular bat da, gizartearentzat ez da ezer. Gertutasuna lortzea, nire ustez, ez dago soilik artistaren esku, baita ikuslearen esku ere, eta ardura komunikabideena, politikoena, hezkuntzarena da».

Kepa Gallegok honakoa adierazi zion Garari: «Badirudi euskal aktore izateagatik, beti euskarazko bertsio bat egin behar duzula eta ez du zertan horrela izan ezinbestean. (...) Plaza batzuetan euskarazko lanak soilik eskatzen dituzte eta ez zait justua iruditzen. Batzuetan euskarazko lanak zaku merke batean sartzeko eta euskaraz lau txakur txikiren truk progamatzeko erabiltzen diren inpresioa dut».

Jon Maia bertsolaria Aizun: «(Bertsolari izatea) Bizimodu bat da. Ez da bertso bat egiten jakitea, ez da teknika bat menperatzea».

hemeroteka

1983. zenbakia | 2005-03-13
1982. zenbakia | 2005-03-06

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan