Estitxu Eizagirre
Irungo bertsolari errepublikarra. Oraindik indarrean dauden hamaika mito hausten ditu Joxe Mari Lopetegiren figurak. Horrexegatik, gerrak eta herbesteak ahaztuarazi zuten lehenik eta geroztik bertsolaritza arakatzen aritu direnek «ixildu». Oso garbi du hori Joxan Elosegik, Lopetegiren bizitza eta lana biltzen dituen liburuaren egileak: «Ezinezkoa da Antonio Zavalak ez ezagutzea. Txirritak erreferentzia egin zion eta Basarrik ere bertsoak idatzi zizkion, bereei erantzunez. Arrazoi ideologikoegatik ixildu du, apaizak gehiegi maite ez zituelako».
guztia irakurri
Pilar Iparragirre
Zeintzuk dira liburu honen nondik norakoak?
Munduko ibaien poemak duela bost bat urte-edo hasi nuen proiektu bat da. Batere eperik gabe ibili naiz hau egiten. Tartean-tartean atlasa hartu, eta batez ere ibai bakoitzaren forman eta ibai horren lurraldearen ezaugarrietan oinarritu naiz. Adibidez, nik beti neukan Niloren irudia belaontzi zuriak eta inguruan basamortua zuela. Horregatik diot liburuan «Lirio zuri bat/ dakar ibaiak dantzan:/ belaontzia».
Nola hautatu dituzu ibaiak?
Garrantzitsuenak-edo azaltzen dira liburuan. Izan ere, munduari irudimenezko buelta bat egin diot hemen. Ibili naiz Afrikako ibaietatik, gero Asiara pasa naiz, handik Ameriketara, ondoren Europara, jarraian iberiar penintsulara etorri, eta azkeneko urratsak Euskal Herrian eman ditut.
Zer aurkituko du Munduko ibaien poemak irakurtzen duenak?
Kontinenteka sailkatua dago liburua. Poemen ezaugarria, berriz, gutxi gorabehera sentsazio batzuk azaltzea da. Lehen esan dudan bezala, ibaiaren formak berebiziko garrantzia du. Lorenak egindako marrazkietan ere horixe azaltzen da. Geologo batek lagundu dio lan horretan. Bestalde, ibaiez gain, pertsonaia bakarra agertzen da noizean behin poemotan: inurria. Esate baterako, Mississippin inurri bat ur tanta batean harrapatuta gelditzen da, gero lurrundu eta bidaia bat egiten du, epe batera euriarekin itzultzeko; hau da, zikloa egiten du: itsasora joan ibaian, lurrundu, etorri... Horrelako elementu xumeekin egina dago liburua.
Pilar Iparragirre
Telesforo ez da Bogart
Xabier Mendiguren Elizegi
Kutxa Gizarte-Ekintza
63 orrialde
3,60 euro
Donostia Hiriko antzerki saria
Xabier Mendiguren Elizegik sortutako Telesforo ez da Bogart antzerti lanak irabazi zuen 2003an Donostia Hiriko Kutxa Literatur lehiaketaren euskarazko antzerki saria. Lan honetan, antzerki talde batek Casablanca filmaren egokitzapena antzeztea erabakitzen du. Filman, bi gizonen artean zein aukeratu ez dakiela dabil Ingrid Bergman, baina azkenean ikusleentzat maitagarriena gertatu den Bogart hiri marokoarrean utzi eta zozoagoa izan arren asmo iraultzaileak dituen bere senarrarekin joango da. Gure antzerki taldearen egokitzapenean, ordea, Telesforo Monzon izango da emazte liluragarriaren maitasuna lortzeko Bogartekin lehian arituko dena. Haatik, emakumeak ez du ikusleek zein antzerti lagunek espero duten bezala jokatuko.
Euskera
Batzuen artean
Euskaltzaindia
591 orrialde
Mikel Zarateren heriotzaren 25. urteurrenean
1920. urtetik hona plazaratzen den Euskera Euskaltzaindiaren agerkari ofizialaren azkenengo zenbakian, besteak beste, Mikel Zarateren heriotzaren 25. urteurrena izan dute kontuan: bere omenez eginiko ageriko bilera, Lezamako Zorrizketan euskara elkarteak irakurritako esker ona, Jean Haritschelharrek Mikel Zaratez esandakoak, Jose Luis Lizundiaren Mikel Zarate, bizkaieraren eta euskara batuaren arteko zubigintzaren estratega, Andres Urrutiak Mikel Zarateren irakasbidearen gainean aitortutakoak, eta Fernando Olabarrietak eta Lourdes Prudenciok dizkiotenak Mikel Zarate euskal idazle bezala zein herriko gizon, euskaltzale eta eliz-gizon gisa emandakoak gogoratuz ospatutako omenaldiari buruz.
BetiZuok...
jolasteko!
Batzuen artean
Eitb, Baleuko, Ibaizabal
32 orrialde 5,59 euro
Marrazteko eta jolas egiteko
Ibaizabal argitaletxeak Baleuko ekoizpen etxearekin eta EITBrekin elkarlanean plazaratutako bilduma da BetiZuok... jolasteko! Oraingo hau, bederatzi-hamaika urteko neska-mutikoei dago zuzendua. Bertan aurkituko dituzte euskal telebistako Betizu programatik hain ezagunak zaizkien Betizu, Eme, Betisuis eta unibertsolariak bezalako pertsonaiak, beraiekin jolastu eta ondo pasa dezaten. Nor ote da pisutsuena? Aldizkarian agertzen diren zenbait marrazki kronologikoki ordenatzeko gai ote da jokalaria? Erlojuaren orratzen norabidean letrei jarraituz esaldi oso bat ateratzeko gai ere bai? Hala bada, errazago izango zaio animalia ornogabe batzuen fitxa osatzea, zenbaki erromatarrez agertzen diren datak zeintzuk diren asmatzea, berdinak diren bikoteak lotzea...
Afrikako semea
Aitor Arana
Ibaizabal
235 orrialde
8,75 euro
Bahitutako emaztearen bila
XVIII. mendean europarrak Afrikara joan eta bahitu egiten zuten bertako jendea, Ameriketako plantazioetako jabeei esklabo gisa saltzeko gero. Horrela eraman zuten Aisa ere, Aitor Aranaren Afrikako semea nobelako protagonista gaztearen emaztea. Osanbok, ordea, ez zituen gauzak bere horretan utzi. Europarren itsasontziaren atzetik abiatu, itsasontzira igotzea lortu, eta gizon zuriek osatutako eskifaia garbitu eta preso zeuzkan anai-arrebak askatzera iritsi zen. Etxera itzultzea besterik ez zitzaien falta, beraz, beltzei. Baina, nola zuzendu txalupa handi hura nahi zuten hondartzara joateko? Eskifaiakoekin borrokan aritutako denbora luzean itsasontzia norazean egon zen, lema inork zaindu gabe. Zer egin zezaketen gizon zurien lurraldea saihesteko?
Balorazio handia. Zientzia eta gizartea Ekialdean eta Mendebaldean
Joseph Needham
Gaiak
267 orrialde
Txinatarren aurrerapen teknologikoa
Joseph Nedham biokimikari britainiarraren Science and Civilization in China lanaren sintesia da Balorazio Handia (Zientzia eta gizartea Ekialdean eta Mendebaldean). Gure aroko I. eta XIV. mende bitartean, makina bat aurrerapen iritsi zitzaizkion Europari Txinatik, hala nola inprenta, bolbora, iparrorratz magnetikoa, erlojugintzako teknika, burdina urtzea, Pascalen triangelua, brankatik poparako bela, eta kartografia kuantitatiboa. Zergatik ez ote zen, orduan, Europan gertatu zen Iraultza Zientifikoa Txinan sortu? Horixe galdetu zion Joseph Neddhamek bere buruari, eta liburu honetan ahalegindu zen galderari erantzuna aurkitzen, hainbat biokimikari txinatarrekin bilduz.
Kika Supersorgina
Knister
Gero
130 orrialde
8 euro
Kika Supersorgina eta urperatutako hiria
Jakin-nahiz betetako neskato alaia da Kika. Halako batean, magia liburu bat aurkitu zuen bere ohe ondoan, eta geroztik supersorgina bilakatu da eta egundoko abenturak bizi ditu. Nolanahi ere, ezin dio inori eman bere aurkikuntzaren berririk -ez gurasoei, eta are gutxiago bere anaia txikiari- eta bereak eta bost pasa behar izaten ditu etxekoen ezkutuan egiteko bere zereginak. Kika Supersorgina eta urperatutako hirian Atlantidara joango da gure laguna, eta adiskide franko egingo ditu bertan.
Munduko ibaien poemak
Juan Kruz Igerabide
Elkar 104 orrialde 7,50 euro
Ibaien poesia hamar urtetik aurrerakoentzat
Lorena Martínez Oronozen marrazki iradokitzaileak lagun izanik, Juan Kruz Igerabidek hamar urtetik aurrerako neska-mutikoei begira sortutako poema hauek munduko ibaiei eskainiak daude. Kontinente guztietako ibairik garrantzitsuenak hartu ditu olerkariak oinarri, haietako bakoitzak sortzen dizkion sentsazioak agertzeko orduan. Juan Kruz Igerabideren aburuz, ibaiek laztan egiten diote lurrari bizkarrean. Senegal, Niger, Orange, Nilo, Zambezi, Kongo, Limpopo... Afrikan txokolatezkoak omen dira berezko ur-lasterrak; Ganges, Indus, Brahmaputra, Jenisei, Amur, Huang He, Yangzi Kiang... Asiako lurraldeetan, ordea, arroz-esnezko ibaiak daudela dio; Mackenzie, Yukon, Mississipi, Missouri, Orinoko, Uruguai, Amazonas... kafesnezkoak ei dira Ameriketan ibaiak; berriz, Europan -Vistula, Rhin, Tamesis, Sena...- patata purezkoak omen dira urak. Azkenik, Euskal Herrian ere baditugu ibai franko, eta haietatik zenbaitzuetan jarri du Igerabidek arreta, Nerbioi, Ibaizabal, Urdaibai, Deba, Urola, Oria, Urumea, Bidasoa, Urrobi, Irati, Arga, Aturri eta Errobi ibaiei olerki-jolasak eskainiz.