Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2005-03-20 -- 1984.zenb

Mikel Asurmendi

Mario Zubiaga ETAko kide izatearen akusaziopean inputatuta dago Entzutegi Nazionalean. Espetxeratua izatearen arriskuaz galdetu diogu solasaldiaren abiapuntuan: «Batetik, arrazoiak esaten dizu ez dagoela funtsik hori gauzatzeko. Astakeria eta eromena litzateke. Bestetik, egoera politikoa azterturik, euskal gatazkaren izaera ikusita, 18/98 sumarioan gauden asko, agian, Estatuak "bahitu" modura erabil gaitzakeela pentsa dezakezu. Alegia, balizko negoziazio prozesu batean "bahitu" hauek erabil errazagoak izan gintezke beste "bahitu" batzuk baino. Estatuak Terrorismoaren Biktimen Elkartea gainean du, edozein negoziazioren aiduru. Iñaki de Juana presoaren kasua adibide bat da. Beraz, testuinguru politikoaren arabera, sumarioaren erabilera ere aldatu daiteke». Unibertsitatearen funtzioa hizpide izan dugu segidan irakasle honekin: «Egin beharko lukeena baino askoz gutxiago egiten du unibertsitateak. Euskal Herriko egoera sozio-politikoa ikusita ekarpena askoz sendoagoa eta ausartagoa egin behar luke. Tamalez, gizarte arazoak hona zabaldu dira eta hemen ere jazarpenak errepikatzen dira. Pertsonalki konprometituta eta lanean ari den multzoa badago. Baina, oro har, pentsamendua lantzeko nahiz harremanetarako jarrera eskasa dago irakasleen aldetik».

18/98 sumarioa Garzonek zabaldu zuen 1998an. Zein da bere tesia?
Tesia ez da berria. Tesi politiko soziologiko bezala ikusi izan ohi da Estatuaren baitan. Euskal Herriko fenomenoaren aurrean, Garzon epaileak, Estatuaren tresna delarik, hauxe dio: «Zein da bide eraginkorrena fenomenoa deuseztatzeko? Bada, fenomeno bortitz honen azpian dagoen esparru ideologiko eta soziologikoa desegitea». Hortaz, fenomeno honetako auziak Auzitegi Nazionalaren esku daude, Espainiako salbuespeneko auzitegia.
Tesiaren edukia oso orokorra da, tesi politiko-poliziakotzat joa da. Hartara, ezker abertzalearen esparru ideologiko eta sozialean mugitzen den oro, herritar nahiz kolektibo moduan, ETAren agindupean edo organigramaren parte direla dio. Tesia 18/98 sumarioan garatu zen lehen aldiz.

Zer bilakaera izan du sumarioak?
Garzonen nahia makro-sumarioa egitea zen. Sumario honen ondoren irekitako beste sumarioak bertan sartu nahi izan ditu: Haika/Segi, Egunkaria, Udalbiltza, Batasuna, AABà Hala ere, Garzonek halako instrukzio erraldoia bideratzea ez zela erraza ikusi zuen nonbait. Batetik, Auzitegi Nazionalak arazo tekniko larriak dituelako. Bestetik, 18/98 sumarioan hartzen diren erabakien helegiteak Auzitegi Nazionaleko 4. Aretoak berrikusten dituelako. Adibidez, 4. Aretoko kideetako batek Garzonen planteamenduekin ez zuen bat egin eta hainbat erabaki errefusatu zen. Horregatik askatu zuten Zumalabe Fundazioko hainbat kide. Beste Areto batek sumarioa har zezakeenaz jabetuta berau atalka lantzea erabaki zuen Garzonek. Harrezkero sumario berriak eratu dira data desberdinekin. Garzonek 4. Aretoari helegite horiek ikusteko eskumena kentzea lortu zuen. Horrezaz gain, garai hartako CESIDek egindako operazio baten bitartez -El Negro narkotrafikatzailearen afera tarteko- 4.Aretoko hainbat epaile espedientatu zituzten eta Auzitegi Nazionaletik at utzi. Epaile horiek, paradoxaz, ez zuten bat egin Garzonen tesiarekin.

Sumarioa PP gobernuan zegoela zabaldu zen. Nola ikusten duzu Espainiako epailetza, PSOE gobernuan delarik?
Justizia, zuzenbideko estatuaren oinarrietariko bat da botereen arteko banaketan, baina hori desideratum bat da. Espainiako Estatuan, argi dago, oso nabarmena da botereen arteko lotura. Politikaren judizializazioa eta botere judizialen politizazioa ez da berria Espainiako sistema politikoan. Joera eta lotura hau politikaren jarduerako ustelkeria kasuekin hasi zen. Horrek botere judizialen politizazioa ekarri zuen. Alegia, eztabaida politikoaren markoan ezin konpon daitezkeen kasuak, botere judizialak konpondu ditzan joera indartu zen. Gaur egun, legearen aplikazio autoritarioaren izenean -PPren Gobernuaren eskutik bereziki-, Estatuak honela dio: legeek eta prozedura arruntek ezin dute konpondu euskal arazoa, beraz, Zigor Kodearen bitartez konponduko dugu. Planteamendu ideologiko kontserbadorea hau autoritarismotik gertu dago. PP sinetsita zegoen epaileen erabilerarekin gatazka politikoa konpon zezakeela , PSOEk orain nola jokatuko duen ikusteko dago.

Kursaaleko ekitaldia eta Bilboko manifestazioaren ostean, nola ikusten duzu euskal gizartea auzi honekiko?
Euskal gizartean esparru ideologiko ezberdinak eta oso kontrajarriak daude, ondorioz borroka larriak izan dira horien artean. Esparru horiek abertzaletasun instituzionala, ezker abertzalea eta alderdi konstituzionalisten inguruak dira. Hala izanik ere, egun, esparru horietako bakoitzean eskubideen diskurtsoa errotzen ari da gero eta gehiago -1966ko Eskubide Zibil eta Politikoen nazioarteko Itunean bildua-. Aldarrikapen horretan eskubideak modu zatiezinean jasota daude, eskubideak ezin direla bereizi dio. Kursaaleko eta Bilboko ekimenek eskubide zibilak eta politikoak bide horretan garatu nahi direla erakutsi dute. Orain arte lelo hutsa izan dena, gero eta diskurtso sendoagoa eta hedatuagoa da gure gizartean. Bilakaera baikorra da. Eztabaida eskubide guztiak guztientzako diskurtsoaren inguruan garatzen bada, arazoak konpontzeko pauso garrantzitsuak emango dira. 18/98 lan taldearen helburua, gutxienez, falta zaigun esparruarekin harremanetan jartzea da -alderdi sozialistaren inguruaz ari naiz- hauxe planteatzeko: Posible al da gatazkari irtenbidea ematea eskubide zibil eta politikoen ildoan? Kontuan hartuta, jakina, horietan bizitza eskubidea hala nola autodeterminazio eskubidea biltzen direla.

Lizarra-Garaziko Akordioa mugarri izan zen norabide horretan. Desobedientzia zibilaren bidea agertu zen orduan. Zertan dago bide hori gaur egun?
Batzuontzako Lizarra-Garaziko Akordioaren porrota ia-ia pertsonala izan zen, tristea. Baina irakaspen batzuk ere jaso genituen: batetik, euskal gizartea jabetu da potentzialtasuna baduela bere helburu politikoak bide zibil eta politikoetatik lortzeko, orain arte erabilitako beste bideetatik aparte helburu politiko zilegiak eskuratzeko aukera dagoela. Nik aurrera egiteko bidea ikusten dut, bai desobedientzia zibilaren bidetik bai ikuspegi instituzional batetik. Udalbiltzak egindako ekarpena oso interesgarria iruditzen zait. Ekimen politiko zibilaren bitartez erakunde nazional bat sortzea, eskumen batzuk eskuratzea eta eraikuntza nazionalaren bidea aurrera egitea posiblea zela frogatu zen. Horregatik, bide horretan, ondoriorik mingarriena Udalbiltzaren porrota izan zen. Desobedientziaren gaia jarduera soziopolitikorako aukera gisa ulertu behar da. Bien bitartean, bidez bide, hiru esparruen arteko akordioa lortu behar da.

Hiru esparruen arteko akordioa eta eraikuntza nazionala bideratzeko aukera ikusten al duzu?
Bai. Noski, bi zereginak argi eta garbi bereizi behar dira. Nazio Eztabaidagunearen lana horren adibidea da. Bere ekarpenean bi zereginak bereizita daude, hori aurrerapausoa da eta irtenbidea erraztu dezake. Halaber, Anoetako Proposamenean akordio politiko demokratikoa eta desmilitarirazioa bereizi dira. Hori ere aurrera pausoa da. Dena batera adostu edo konpondu beharrean, zatitu eta oinarri-oinarrizkoa konpontzen joateak erraztuko du gatazkaren ebazpena.

Ziklo baten amaieran egon gaitezke beraz?
Bai. Frankismoaren amaieran hasitako protesta zikloaren amaieran gaude. Protestatzen zutenen mezua gizartean barneratu dela adierazten du zikloaren amaierak. Halaber, instituzioek mezua jaso dutela eta protesta horiek erreforma prozesu batean barneratzeko ere prest daudela. Alegia, protesta egileak sistema politikoan barneratuko dira. Datozen bi urteetan hauxe eztabaidatuko da: zein motxilekin datoz sisteman sartuko diren horiek, motxilan daramatenetik zer utziko dugu kanpo eta zer onartuko dugun sistema barruan? Negoziatzeko unea dela onartu da nolabait. Motxiladunek ez dute sistema bota, eta sistemak onartu behar du ezin dituela motxiladunak kanpoan utzi. Ezin da gizartearen %20 kanpoan utzi, negoziazioaren atarian gaude.

Konponbiderako Oinarrizko Hitzarmenak herri galdeketa gakoa dela dio.
Ados. Baina herri galdeketa mota asko dago. Prozesuaren une ezberdinetan egin daiteke, eta non egiten den eta berberari ematen zaion edukiak zeharo aldatu dezake galdeketa. Nazio Eztabaidagunearen proposamenaren edukiaren ildotik herri galdeketa egitea posible izango litzateke -EAJ ez bada sartu ez da eduki kontuengatik, kalkulu politikoengatik baizik-, baita PSOE bertan sartzea ere. Ez da Downing Streeteko Akordioaren ildoan egina, baina PSE-EEk onar lezake, Gatazkaren Konponbidea Sustatzeko Batzordeak adostu duen testua oso zabala baita. Teorian onartzea ez da zaila, forma ematea da zaila.
Galdeketa, prozesu amaieran adostutako testu baten berrespenari buruzkoa izan liteke, ibilbide naturalena eta logikoena. Konstituzioarekin edo Estatutuarekin egin zen bezala, testu araugilea eta itxierakoa. Baina, izan daiteke galdeketa subirano zalea ere, Quebecen egin izan den modukoa, egoera desblokeatzeko. Nazio Eztabaidaguneak proposatzen duen galdeketa egoera desblokeatzeko eredukoa da hain zuzen ere. Ibarretxeren planteamenduan dagoen galdeketa ere eredu horretakoa izan liteke, legitimitatea eskuratzeko galdeketa. Euskal herritarrok gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea gauzatuko litzateke orduan. Horrek prozesuari bultzada moduko bat emango lioke.


Zein egoeran gaude?
Bigarren horretatik hurbilago. Badago ere hirugarren bat. Ibarretxek galdeketa Legebiltzarrak onartu duen Estatutu Berrirako Proposamenarekin lotzen badu, galdera hau egin dezake: Legebiltzarrak onartutako Estatutu Berriarekin ados zaude ala ez? Baina ez dut uste Lehendakaria horretara iritsiko denik.

Trantsizio egoeran gaude funtsean.
Bai. Trantsizioetan lotu beharreko hiru aldagai daude ordea. Lotzen oso zaila direnak, baina trantsizioak gauzatzeko funtsezkoak: Iterra edo bidea. Locusa edo lekua. Tempusa edo denbora. Trantsizio prozesu bat hiru aldagai horien arabera erabakitzen da eta eragile nagusiek adostu behar dituzte.


Azkenik, Aukera Guztiak herri ekimena hizpide, nola ikusten duzu berau?
Orain arteko esperientziak ikusita, AuB eta HZrenak, Axularrek esandakoa gogoratuko dut: "Hauen prestutasunaz, ohoreaz eta antzinako fama on famatuaz, nork zer erranen du" (irriak). Aukera Guztiak gizarte zibiletik sortutako ekimena da, azterketa oso sinplean eta sendoan oinarrituta. Erabili duen lemak, eskubide politiko zibilen lemak, jendea harrapatu du. Gizartea kontzeptu eta ideia horien sintonian dago, sintonia naturala eta diseinatu gabea. Halaber, ekimen honek arestian aipatutako hiru esparruak gatazkaren konponbiderako beharrezkoak direla berresten du. Esparru bat lekuz kanpo geratzea oztopoa litzateke irtenbidea aurkitzeko. Aukera horrek Legebiltzarrean egon behar du. Eta erabakia ez da tekniko-juridikoa izango inola ere. Erabaki politikoa izango da eta PSOEren jarrera argituko du. Keinuen joko garaian gaude. Zapaterok berak imajinazioa behar dela esan du. Imajinazio politikorako unea da.

Daniel Udalaitz

Honezkero milaka izango dira multinazional eta patronal handien atzaparkada sentitu duten langile europarrak: produktibitatea aitzakia eta produkzioen deslokalizazioa mehatxu, asteko lanaldia orain arteko 35 orduetatik gora bultzatu nahi dute, laurogeiko hamarkadan lortutako marka historikoa izan arren. Hori gutxi balitz, ez dute inolako soldata igoerarik aurreikusten. Erasoa Euskal Herrira heldu berri da eta ziurrenik hurrengo hitzarmen kolektiboek mahai gainean izango dute eztabaidagai.
guztia irakurri

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan