Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-03-20 -- 1984.zenb

Gorka Urbizu

Negu harroa aurtengoa. Teleberrietako lerro-buru nagusiak bereganatu nahi izaten duten horietakoa. Aukera ematen bazaio, noski, eta gurean bai, gurean minutu garrantzitsuenak eskaini dizkiogu albistegietan: elurtea elurtearen atzetik, zero azpitik 25 gradu Zaraitzu ibarran, kotxea hartu behar baduzue kontuz, ski estazioen egoera orain, Ana Urrutiaren sharea gora aparra lez. Akigarria. Nik jada irudikatu dut udazkeneko Teleberrien hasiera: ETBko kazetaria Pagomarin hostoen erorketa esklusiban eskaintzen. Neguan elurra, joņo, txikitatik marraztu izan dugu horrela! Egia da azken urteetako negurik gogorrena dela hau, baina hortik ordu laurdena horretan xahutzera...

Telebista minutua garesti dagoela gauza jakina da, eta hortaz barkatuko didazue Urkiaga, Barazar, Etxegarate, Altube eta enparauak buruz ikasi ditugun asteotan pilatutako amorru punttua. Iruditzen zait denbora galtzen ari garela, taxuzko zer edo zer egiteari beldurra egongo balitz bezala. Zerbait gaizki egin eta hitz beste egiten duen haurraren moduan, telebista orduetako parrila betetzea da gauza, edukien mamia benetan eskasa izanda ere. Kantitatea kalitatearen gainetik. Zuek ez dakit, baina nik hamairu aldiz ikusi ditut jada Quebeceko telebistatik mailegutan hartutako sketch horiek, esaterako. Eta igandeetan, ez al da kirola maite ez duena erdarazko kateak ikustera bultzatzen? Horiek maratoiak, horiek! Kirolez Kiroletik Kirol-Eskirolera pasa da bat baino gehiago.

Baina noan neu ere mamira. Urtea hasi denetik hainbat kontzertutan izana naiz, ikusle gisa. Gogoko dut eszena berriaren -eta ez hain berriaren- osasuna haztatzea. Normalean lasai egoteko modukoa iruditu zait, eta zenbait kasutan zertxobait harrotzekoa ere. Harrobia gogotsu, bizkor dator, eta aurreikusten zen belaunaldi aldaketa -behar baino geldoxeago bada ere- ematen ari dela ezin uka daiteke. Egia da ere hutsune gehiegizkoa nabari dela talde handi bihurtu direnen eta hasiberrien artean; erran nahi baita tarteko maila ahula daukagula. Behin-behinekoa zirudien krisi testuinguru hau dezente luzatzen ari da eta horrek egonkortasun eza jazarri du ezinbestean, sormena-ekoizpena-komunikabideak-entzulegoa katearen begiak ahulduz. Oinarria eta teilatuaren arteko hormak falta zaizkigu. Baina tira, hori denborak berak ekarri dezakeen zera bat da; dena boladaka aldatu ohi denez, tarteko egoera ezegonkor hau ere ziurrenik igaroko da -inork ez daki nola-, pauso irmoak berriro eman ahal izateko.

Sormen aldetik osasuntsu bagabiltza eta ekoizpenaz hala moduz -agian gizartearen abiadurara ezin egokituz-, aipatutako katearen beste muturrari kirika jartzea ezinbestekoa da, hertsiki lotuak baitaude, inondik ere: komunikabideak-entzulegoa. Entzulegoa dagoena da, nahiz eta egia den hedabideetatik alde batera edo bestera "hezi" daitekeela. Dena dela, komunikabideei errua botatzea susmagarria iruditu izan zait beti. Partida galdu eta erantzukizuna epaile jaunari egozten dion entrenatzailea dakarkit gogora. Baina, noski, eragina izan badu, eta telebista publikoaren egitekoetako bat hori beharko luke: bertako kultura sustatu eta bultzatzea. Hemengo panorama musikala -musika popularrari buruz ari, rocka eta abar- kulturatzat hartzea izango litzateke lehendabiziko urratsa. Eta bigarrenik, hori aintzat eta errotik hartuko lukeen saioren bat abian jartzea. Zaila da ulertzen euskara bezalako hizkuntza minorizatu baten baitan dagoen aberastasun musikala edukita -kontuan hartzeko entzule kopuruarekin-, nolatan ez zaion taxuzko tarte seriorik eskaintzen, euskaraz dagoen kate bakarrean. Arrazoi asko datozkit gogora, baina gehienak arbuiagarriak zaizkit, eta txoritxo urdin batek esan dit arazo funtsezkoena ez dela dirua. Zer bada... elurra!?

Fernando Muniozguren ( irakaslea)

Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS) argitaratzen duen Berripaperaren azken aurreko alean, administrazioek: Jaurlaritzak, Foru Aldundiek eta Udalek hizkuntza politikarako duten izarraren gaineko garapen-datuak damaizkigute: 2004an 46 erakundek egin beharko dutela kudeaketa-planaren ebaluazioa, 44 udalek eta mankomunitate 2k. Eta, 2005ean beste 36 erakunde gehiagok bideratu beharko omen dute kudeaketa plana. Guztira, beraz, 94 erakunde izango dira EBPN garatzen.

Ez dago batere txarto, beti ere datu kuantitatiboei erreparatuz, hiru urteko ibilbidean dimentsio polita hartu baitu EBPNk.

Gaia bertatik bertara jarraitu eta eztabaida sortzeko heldutasun garaian gaudelakoan, hiruzpalau proposamen egin nahi dizkiot Hizkuntza Politakarako Sailburuordetzari (HPS) nire talaia xume honetatik, begirunez, ea denon ahaleginez lortzen dugun endogamia gainditzea. Bide batez, esan dezadan, ez legokeela txarto Euskararen Aholku Batzordeak ere, gisa honetako proposamenak jorratzea.

Azken baten, EBPN ezin baita izan beste plan bat gehiago, administrazio arloko planarekin gertatu bezala. Batez ere, negargarria da Jaurlaritzaren Euskararen Erabilera Normalizatzeko II. Planarekin gertatu dena, bide batez esanda, Iņaki Arrutik ARGIAren azken Urtekarian ondo azaltzen duen moduan. Eta, bereziki, aurrekari horrek dakartzan ondorioak. Esaterako, finkotasuna galdu duten irakasleekiko agrabioaz dihardut, kasu desberdinak izan arren, ez-euskaltzaleek heldulekua baitute.

HPSri, lehenengo eta behin, kualitatibotasunaren aldagaiari dagokion berbakizuna egin nahi nioke. Beharbada goizegi da datu kualitatiboak emateko. Batez ere, biziberritzearen zehar lerroa den erabileraren faktoreari dagozkionak. Hala ere, horiek ere neurtu, alderatu eta gizarteratzeko ardura hartu egin beharko delakoan nago, egiten ez bada, beste plan batzuetan gertatu bezala, jardun badihardugunaren ikuspegia edukiko dugulako, baina ez nola galdegaiak behar duen zehaztasunarekin erantzuteko.

Bigarrenez, nik uste, EBPNren garapenari lotuta, beste ezinbesteko zeregin garrantzitsu bat bideratzeko premia dagoela: diskurtsoarena. Plan horrek daukan inportantzia handia da, arestian esandako moduan ezin baita beste plan bat gehiago izan. Eta, horretarako, ezinbestekoa da normalkuntzak eskatzen duen diskurtsoa eta berari lotutako kontzeptuak, faktoreak, aldagaiak, zergatiak, zertarakoak, hizkuntzaren berreskurapen-baloreak eta onurak, euskararen normalizazioaren nondik norakoak eta horren baitan gizarteko subjektu bakoitzaren rola, belaunaldiko zeregina... Horrek guztiak kosmogonia sortu eta jendartea jantzi egingo du eta gaur egun dagoen delegazionismoa berbideratu eta erantzukizunak sozializatu, bakoitza subjektu bihurtuz. Horrez gain, eragiten, inertzia berriak sortzen eta une honetan, tamalez, indartuegia dagoen motibazio instrumentala bestelakoa bihurtzen lagunduko du. Ez dugu ahaztu behar, esatea egiteko eta eragiteko beste modu bat da. Hori da, gure arteko adibideetako bat aipatzearren, Oteitza batek egin zuena. Ez soilik eskulturak sortu, baita horiei loturiko kontzeptualizazio eta kosmogonia egin ere. Hain zuzen ere, horrek eman zizkion dimentsioa eta eraginkortasuna.

Bestalde, esango nuke, diskurtsoaren zutabe horrek, hizkuntza normalkuntzaren zereginari iraunkortasuna emango liokeela, herritarren agendan, denboraren joanean ere hor egon ahal izateko.

Begitantzen zait, diskurtsoa izan behar dela hizkuntza normalkuntzak orokorrean eta EBPNk bereziki falta duten sustapen lanaren oinarria eta ez tarteka komunikabideetan ikusten ditugun mami eta funtsik bako iragarki instituzional horiek.

Legegintzaldi berriari begira, alde batetik, berdintasunaren legea emakumeendako egin den moduan euskarendako ere egin dadila, batez ere, erabileraren kuotaren faktorea zehar lerro gisa finka dadin. Ezarpen arlo batzuk aipatzearren komunikabideen orrialde, publizitate eta programetan, hauteskunde-zerrendetan, dirulaguntza publikoak jasotzen dituzten entitateen jardueretan, produktuen prospektuetan, etiketetan, eta abar. Urratsak eman beharra dago. Ekimen honek eta aurrekoak emango diote premiazkoa duen prestigioa euskarari. Beharbada, laster izango dugu non begiratua, gauzak ondo bidean, katalanen Estatutu berriaren bidetik; hala bedi. Hemen gogoratu gura dut, duela gutxi Jose Mari Agirre Berezibar, Eusko Legebiltzarreko itzulpen zerbitzuko buruak dioskun moduan, Legebiltzarrean parlamentarien erabilera, salbuespenak salbuespen, urtetik urtera txikiagoa dela ahoz, eta zeresanik ere ez idatzia.

Baina, betikoa, horrek epelkeriak, autokonplazentziak eta ez-ausardia alde batera laga eta kontsentimenduaz haratago, konbentzimenduz eta koherentziaz jarduteko eskatuko digu.

Beste alde batetik, osagarritasunaren faktorea kontuan hartu eta Kontseiluarekin lankidetzan jarduteko moduak landu eta finkatu beharko liratekeelakoan nago, politika arloko mimetismo hegemonistak saihestu eta zeharo kaltegarria den dikotomia gainditzeko. Euskara egoera gutxituan, gutxituegia baitago, euskaltzaleok banatuta jarrai dezagun elkar neutralizatzen, energia eta aukerak galtzen, eta gainera, estatu-arrazoiaren erasoak jasaten, aurkariek erasoen diskurtsoa eredu bihurtu eta konpaktatzen diharduten bitartean. Beraz, Bai Euskarari ziurtagi-banaketako argazkia...

Joxe Iriarte 'Bikila'

Kirola eta giza elkartasuna. Zaletasuna eta kausa noblea, biek uztartzea ez da beti lortzen, ez horixe! Gehienetan elkarren kontra doazela esango nuke. Egungo Joko Olinpikoek ez dute antzik garai zaharrekoekin, zer esanik ez antigoalekoekin. Coubertin-eko baroia berpiztuko balitz, a zer nolako zaputza hartuko zukeen! Basamortuaren isiltasuna eta bakea apurtzen dituen Paris-Dakar lasterketa zoro horren motor harrabotsak, logoen interes komertzialak eta estatu jakin batzuen asmo kolonialistak ditu helburu, ez elkartasuna. Beste horrenbeste esan dezakegu mendi gailurrak urratzen dabiltzan zenbait espedizioen asmoez, zeintzuek gainera ingurumen guztia zaborrez beteta usten duten.

Saharako maratoiaren asmoa oso bestelako da. Domina xume bat eta herri duin bat ezagutzeko aukera, ez dago beste saririk. Elkartasuna helburu. Inskripzioaren ordainaren zati bat, egitasmoa sostengatzera bideratzeaz gain, bertako umeen kirol jardueraren azpiegitura gauzatzeko erabiliko da. Haurrak eta hezkuntza. Gogoratzen dut lehenengo bidaian irakasle batek esan zidana: "Haurrak garenetik ikasten dugu borroka egiten. Gure ahulezien, etsaien edota basamortuaren aurka... hemen, emakumeok zein gizonek, denok borrokatzen dugu nork bere ahalmenaren arabera. Borroka hori askatzailea izan dadin aparteko garrantzia ematen diogu hezkuntzari. Ezjakintasunak esklabo bihurtzen baikaitu. Haur indartsu eta kultuak, hor datza herri bezala irauteko gakoa".

Horrez gain, eta laguntza materialaz haratago -ez da beharrezkoa hara joatea jakiteko zein latza den basamortuko bizimodua- oso garrantzitsua da hain isildua dagoen borroka horren oihartzuna lau haizetara zabaltzea. Gatazka berriek sahararrena estaltzen baitute. Ez da notizia.

Internazionalistoi dagokigu mundua -eta gure eremu geografikoa ere- gobernatzen dutenen zurikeria eta faltsukeria azalaraztea. Hamarkada bat igaro da -Nazio Batuen Erakundearen bedeinkazioarekin- Maroko eta Polisarioaren arteko bake plana sinatu zenetik, non argi eta garbi adierazten zen epe jakin baten barruan indarrean jarriko zela autodeterminazio erreferenduma. Bada, oraindik egin gabe dago. Marokok, Frantzia eta AEBetako laguntzaz, mila aitzakia tarte, uko egin dio erreferenduma antolatzeari, NBE eta Espainiaren auzo lotsarako.

Elkartasuna. Ez zait ahaztuko Asmarako emakume batek esan zidana: "Kolonialismoak herri kolonizatzaileen bihotza pozoitzen du eta herri kolonizatuaren arima sumindu. Elkartasunak, berriz, samurtasuna eta elkarrekiko adiskidetasuna sortzen du. Gure haurrek zuenean egiten dituzten egonaldietan senidetzat hartzen zaituztete, eta guregana etortzen zaretenean senidetzat hartzen zaituztegu".

Errefuxiatu kanpamenduak. Hiru gauzek harritu ninduten lehengo bisitan eta gauza bera gertatzen zait itzultzen naizen bakoitzean. Lehenik, haurrak. Zalapartatsu eta nonahi. Zailtasunak zailtasun, nahiko ondo elikatuak, hobeto zainduak eta eskolatuak, familiaren eta gizartearen babesa eta maitasuna dituzte. Ez dago horrelakorik Afrika osoan.

Bigarrenik, antolakuntza eta giza legetasuna. Afrikan badaude herri asko egoera oso zailean daudenak, batzuk, gainera borrokan ari direnak eta, arazoak arazo, haiekiko elkartasuna agertu behar duguna. Baino askotan ez dago ziurtasunak, elkartasun hori nola izango den bideratua. Izan ere, mafiak tarteko, batzuetan, agintarien ustelkeria bestetan, elkartasuna galdu edo desbideratu egiten da. Saharako herriarekin ez da hori gertatzen. Ziur izan gaitezen saharar herriari eman dizkiogun apurrak, denak, ondo eta gizalegez banatuak izango direla.

Hirugarrenik, Hamada edo Basamortuko basamortuaren gogortasunak harritu nau, non neguan ia zero azpitik izatetik udan berrogeita hamar gradutik gora izatera igarotzen diren. Kolonizazio garaian, frantziarrek gotorleku militarra eraiki zuten arte, merkatari karabanen igaro bidea zen. Guk, harritzarrak, area, sugeak eta eskorpioiak besterik ez genituzke ikusiko. Alabaina, beduinoek diotenez, basamortu horretan omen dago munduko lorerik ederrena. Nik ez dut ikusi lore hori, baino, bai beste motako lore bat: esperantzaren liluraz gure sentiduek antzematen duten giza elkartasuna. Horrelako lorea duen herriak badu edertasunik berean.

Maratoia. 2001ekoa estrainekoa, aurtengoa bosgarren edizioa, orain arteko gogorrena. Zortzi maratoilari galdu ziren sirokoaren eraginez. Ilunabarrean aurkitu zituzten, gauaren hotzari, ahal zuten moduan aurre egiteko txoko bat prestatzen ari zirela areatza eta harritza artean. Azken hamar kilometroak infernu bihurtu zitzaizkigun. Riag entinak, -are ekaitzak- bere baitan harrapatu gintuen. Haizeteak kolpatzen gintuen ia alde guztietatik, are zirimolak itsutzen gintuen, eta ahoa zein sudur zuloak hondarrez bete. Egoera horretan, zezenarena egin behar. Burua makurtu eta kosta hala kosta, aurrera. Taldean edo bakarrik, bakardadea nagusi. Sentsazio ziragarria eta baita beldurgarria.

Ez gara masokistak. Hitzez adierazi ezin dudan bizi pozak hartu gintuen. Horregatik, osasuna eta indarra lagun, ahal badut berriro itzuliko naiz. Bosteko edo hamarreko zatia, erdia edo oraingoan bezala osoa; azkarrago edo mantsoago. Horrek ez du axola. Elkartasun ekintza horretan partea hartzeak du benetako garrantzia.

Imanol Alvarez

Betidanik badakit jakin "-tasunak" eta "-keriak" daudela. Baita lehenak onesgarri -edo kasurik txarrenean neutro- diren neurrian, bigarrenak gaitzesgarri direla ere jakin dut.

"-Ismoak" egon bazeudela ere banekien, baina ez, aldiz, "-ismo" horiek "-keriak" bezain arbuiagarriak omen direnik.

Aurreko artikulutxo batean aipatzen nuen nola hainbatek zioen, Madril aldetik batez ere, laikotasuna errespetagarria litekeela, laizismoa ez, ordea. Nire ustez astakeria galanta, mendetan ofizialki konfesionala izan den -eta de facto oraindik den- gizarte batek laikotasunera heltzeko ezinbestez pasatu behar baitu laizismoaren geralekutik. Artikulu berean nazionalismoarekiko paralelismoa egiten nuen, nazio bezala aitortua ez dagoen nazioaren alde borrokatzen duenari nazionalista esan ohi zaiola gogoratuz.

Batzuen iritziz, alabaina, gauzak ez dira horren sinple.

Lehengo egunean katolikoen buruak, hots Aita Santuak, ustez idatziriko bosgarren liburuko pasarte batzuk irakurri nituen eta baita nahiko gauza bitxiak aurkitu ere.

Memoria eta Identitatea du izena eta, besteak beste, Gaizkia Europako demokrazietan ezkutaturik dagoela dio. Hirugarren Reich-a, esate baterako, demokratikoki hautatua izan zela eta milaka lagun hil zituela oroitarazten digu lasai asko. Antza denez, elizak nazismoarekiko izan zuen oldarkortasun eskasa eta faxismoarekin oro har izan zuen inplikazio eskandalagarria ahaztu egin ditu. Gero, parekidetasun nabaria adieraziz, oraingo demokraziek ere milaka lagun hiltzen dituztela diosku, jaio zein jaio gabeak, abortua, eutanasia, maitasun librea, antisorgailuak eta ezkontza homosexualak legeztatzean. Era berean, lehen Espainia izan zen bezala, orain erreserba espirituala ekialdeko Europa dela ere esaten du. Beraren iritziz, burugabekeria hauen guztien erruduna Descartes gaixoa izan zen, zeren berak esan baitzuen esaldi famatua: "Pentsatzen dut, beraz banaiz". Horra hor bekatu larria: ez omen gara pentsatzen dugulako, baizik eta ez dakit zein jainkok sortu gintuelako.

Geroxeago, gaur hizpide dugun harira, aberri eta nazioez hitz egiten du liburuan. Berezko duen senaz, eta gure harridurarako, abertzaletasuna oso onesgarria dela dio -"Familia bezala, nazioa eta aberria ez dira ordezkagarriak"-. Herri txikiek egitura supranazionalen hedaduraren aurrean erne egon behar dutela eta nazio kontzeptuak gizarte baten nortasun kultural eta historikoa babesten duela ere esaten du Wojtylak, baina -nonbait egon behar beti bainaren bat- norberaren herria maitatzea "ezin da nazionalismora degeneratu". Akabo! Badirudi esan nahi duena ulertzen hasten garela, ezta? Ba, ez pentsa: "Nazionalismoak norberaren nazioaren onura baino ez du bilatzen (...), abertzaletasunak, aldiz, beste nazioei ere eskubide berdinak aitortzen dizkie". Hara! Hau ez nuen espero: abertzaletasunak zeru bidean jartzen gaitu, nazionalismoak, berriz, betiko sura bidali. Kontuz gero EAJko jendeok!

Abertzaletasuna versus Nazionalismoa! Egia esan, ez dut piperrik ere ulertzen. Aurrekoan laizismo eta laikotasunarekin gertatzen zitzaidan bezala, ez dut batere kontraesanik aurkitzen bi kontzeptuon artean. Diferenteak direla bai, badakit, baina ez kontrakoak, askotan nahitanahiezko hurrenkeran doazen kontzeptuak baizik. Hau da, norberaren herria maite badu batek -abertzalea- bere herria beste batek zapaldua dela ikustean beti izango da nazionalista, bere herri hori askaturik eta beste nazioekiko berdintasun mailan ikusi arte.

Izan ere, Wojtyla jainko batek lur planetan duen ordezkaria bada, normaltzat jotzen dut berak esandakoa ezin ulertzea, gizaki xumea bainaiz. Berdin lidake, gainera, ez balitz hainbat elizgizon eta politikarik diskurtso hori euskal nazionalismoa erasotu eta espainiarren txobinismo imperialistaren aurrean ezikusiarenak egiteko erabiltzen dutelako.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan