Jakoba Errekondo
Elikagaien Ikuskapenerako Kanadar Agentziak ohar bat argitara eman berria du. Bertan fruitu eta barazki zenbaitzuk dituzten toxina naturalen berri azaltzen du. Txosten horretan azaltzen diren fruitu eta barazki batzuk oso ezagunak dira gure dietan. Toxina natural hauek landareari bere babes estrategia antolatzen laguntzen diote eta zenbait gaitz eta intsekturen aurkako erresistentziaren parte dira. Beraien ustez, jendeak toxina natural hauek badirenaren berri izan behar du, eta gizakiarengan sor ditzaketen eragin kaltegarriak ekiditeko aholkuak ematen ditu.
Zianida hezurra duten fruituen hezur horiexen barruko hazietan -abrikota, almendra, muxika, arana eta gerezia batez ere- azaltzen da, eta hazi horiek ez jatea gomendatzen da -Napoleon hil omen zuen almendra mikatz haiena gogoratzen...-. Zianida mandioka sustraietan eta banbu kimuetan ere aurki daiteke. Bi hauek lasai jan ahal izateko egosi edo sutan puska batean eduki beharrekoak dira.
Patatak solanina eta chaconina alkaloideak ekoitzi ditzake. Hauek gehiegizko mikaztasuna eta aho-sabaiaren berotze handia sor ditzakete. Alkaloide hauek patata aleak argia hartu eta berdea jartzen denean pilatzen dira. Patata ilunpe beltzenean mantenduz gero ez da inolako arazorik izango, eta tartean muturren bat berdetua duenik azaltzen bada, ez jan eta kitto.
Garo-puja edo kimuak jateko ohitura duenak ere, lurrunetan edo zuzenean uretan ederki egosi ondoren gozatu behar dituela jakin beza. Oraindik toxina erabat identifikatu gabe dago, baina nobedadea, beherakoa, goragalea, buruko mina eta abar sor ditzake.
Azenarioak ere mikatz punttua edo "petrolio" gustua bezala definitzen dutena izan dezake. Berezko gozotasuna galdu eta gustu txar hauek hartzea etilenozko giro batean egoteak eragiten omen du. Frutek heldu edo umatzen direnean jariatzen duten hormona naturala da etilenoa, baita azenarioaren gustuaren aldaketa ondorio duten erreakzio kimikoen sortzaile ere. Beraz, etilenoa hedatzen duten sagar, madari, banana, muxika, arana, tomate eta abarrekin batera ez edukitzea gomendatzen dute.
Hala ere, lasai, esaera zaharra gogoratu: pozoirik ez da eta dena pozoia da, dosiaren arabera. Baita Kanadan ere.
Jabier Agirre
Behar baino gutxiago lo egiteak apetitua handitu egiten duela frogatu du AEBetako Chicagoko Unibertsitatean egindako ikerketak. Annuals of Internal Medicine aldizkari ospetsuan argitaratutako lanean, zientzialariek diotenez loaldia gutxitzeak asaldatu egiten ditu gosea erregulatzen duten hormonen odoleko mailak eta honek apetitua gehitzen du. Pertsonak, egoera horretan, gehien desio dituen jakiak eduki kaloriko altua duten eta karbohidratoetan aberatsak direnak dira.
Ikerketa horren emaitzekin, loaren galera obesitatearekin lotu nahi izan zuten. Esperimentuan aritutako pertsonek lau ordu besterik ez zituzten lo egin bi gauez jarraian, eta leptina izeneko hormonaren maila %18 jaitsi zen pertsona horietan. Hormona horixe da garunari janari gehiago behar duela "esaten" diona, eta beraz, jaten jarraitzeko irrika eragiten duena. Aldi berean, gosearen sentsazio subjektiboa gehitzen duen grelina izeneko hormonaren maila ere %28 gehitu zen pertsona horien odolean.
Esperimentuetan aritutako pertsonak gizonezko osasuntsuak ziren, gazteak, borondatez sartu zirenak. Eta esperimentuan loaldi baldintza bereziak jasan ondoren, beren apetitua %24 gehitu zen, eta gustukoenak janari gozoak izan zituzten -gozokiak, galletak-, gaziak -patata frijituak eta fruitu lehorrak-, eta karbohidrato asko zituztenak -ogia eta pasta-.
Ikerketak hainbat gauza frogatu dituen arren, adituen ustez, oraindik ere argitzeko dago ea bi joera horiek, obesitatea eta lo falta, benetan lotuak ote dauden gizakietan. Lorik egiten uzten ez zaien arratoiek, normal lo egiten dutenek baino gehiago jaten dute laborategian. Eta ikerketa epidemiologiko ugarik erakutsi dute gutxiago lo egiten duten pertsonek gainpisurako joera handiagoa izaten dutela. Chicagoko unibertsitatean orain arte egindako ikerketek beste hainbat zeinurekin lotzen zuten gutxi lo egitea: zahartze-zeinuekin, intsulina-erresistentziarekin, eta baita gorputzak infekzioei aurre egiteko duen gaitasuna gutxitzearekin ere.
Loak atseden fisiko eta mentala esan nahi du. Lorik ez egiteak ondorioak ditu egunean zehar: nekea, logura, suminkortasuna, hipersentikortasuna. Eta, itxura guztien arabera, baita obesitaterako joera ere, azken ikerketek frogatu bide duten bezala.
Joxerra Aizpurua
Hegalik gabe hegan egiten duen inurria
Aurkitu berri den inurri planeatzaileen espezieak frogatu du hegalik gabeko hegalaldia posible dela. Hau ez da hegalik gabe hegan egiten duen animalia bakarra, hegan egiten duten urtxintxak, muskerrak eta sugeak egon baitaude. Dena den, inurri planeatzaileek badute desberdintasun bat gainerako animaliekiko: erorketa gidatua egin dezaketela. Txindurri hauek Peruko Iquitos inguruan ikusi zituen lehen aldiz University of Texas Medical Branch-eko Stephen P. Yanoviak ekologoak.
Ekologo hau zuhaitz gainean zegoen 30 metroko altueran, eltxoek ziztatu zain, baina hara zein izan zen bere harridura, inurri sorta batek eraso egin eta beren burua lurrera bota ondoren enborrean lurrartu eta berriro goranzko bidea hartu zutenean.
Inurri-espeziearen izena Cephalotes atratus da, zentimetro bateko luzera du eta Erdialdeko Amerikan eta Hego Amerikan bizi da. Yanoviakek inurrien mugimendurak hobeto aztertzeko hankak margotu zizkien eta ikusi zuen airean 180 graduko biraketak egiteko gai zirela.
Zergatik dute portaera hau txindurriek? Ziurrenik, ez galtzeko eta, beraz, ez hiltzeko izango da. Inurriak enborrean geratu beharrean lurrean geratuko balira defentsarik gabe leudeke uraren eta depredatzaileen aurrean, beraz, garatutako abilezia irauteko abilezia dela esan daiteke.
Bideoz egindako grabaketetan oso argi ikus daitezke zein itxura hartzen duten planeatzeko unean, baina lurrartzeko sistemak oraindik misterio izaten jarraitzen du.
4 metro segundoko abiaduran erortzen dira eta askotan errebotatu egiten dute enborrean eta 180 gradu biratu ondoren berriro saiatzen dira.
Emakumeak eztabaidagai
Eztabaida sutsua sortu dute AEBetako Harvard Unibertsitateko nagusi den Lawrence Summers ekonomialariaren adierazpenek, esan baitu matematikan eta fisikan jaiotzez mutilek neskek baino ahalmen handiagoa dutela.
Orain hilabete egindako adierazpenak badira ere, gero eta pertsona gehiago sartu da eztabaidan. Adibidez, New York Timesen joan den astean Michael Cox eta Richard Alm ekonomialariak Summersen iritziaren aurka azaldu dira. Azken honek ez duela iritzirik eman adierazi du, ikerketa zientifikoek frogatu dutena azaldu baino ez duela egin. Antza denez, hainbat ikerketa zientifikok frogatu omen du gizonen eta emakumeen garunek ez dutela berdin funtzionatzen eta honek eragina du hainbat ahalmen garatzean.
Hau dela-eta neurobiologoak ere eztabaidan parte hartzen hasi dira eta oso iritzi interesgarriak plazaratu dituzte. Gehienek diotenez, egia omen da garunen funtzionamendua desberdina izan daitekeela, baina hain dinamismo handia dago garunean non desberdintasun fisikoak funtzionalki berdindu baitaitezkeen.
Ea bada nola amaitzen den eztabaida hau, amaitzen bada, noski...