Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 09:39:43
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2005-03-13 -- 1983.zenb

Aritz Garate

araizko bailara Nafarroaren iparraldean kokatuta dago eta Gipuzkoarekin egiten du muga, Tolosaldearekin zehazki. Malloen itzalera dagoen bailara, Araxes ibaiaren ibilbidean, sei herrixkek ordezkatzen dute: Arribe, Atallu, Gaintza, Uztegi, Azkarate eta Intza. Herri horiek guztiak Araizko udalerria osatzen dute, baina horiez gain geografikoki bailaran kokatuta daude ere Betelu herria eta Azpirotz herriko auzoak diren Errazkin eta Leizaeta. Orotara 1.200 biztanle inguru dituen bailara da.

Halaber, txikia bezain ederra dugu bai eta lasaia ere. Bertan belarraren berdea eta baso autoktonoen harizti zabalak dira nagusi. Nekazaritzan du bere ekonomia sostengua, nabarmen ikusten da hori bere zelaietan dauden ardi taldeei so egiten diegunean.

Bailaran zoazela, Tolosaldetik errepidean gora, Atallu herrixkaren ostean Arribe aurkituko duzu. Arriben, errepidearen ertzean, baserri bitxi bat topatuko duzu, artista baten eskuek landua. Batzarre etxea da, XIV.-XV. mendeen inguruan eraikia, baina denboraren poderioz abandonatua izan zena. Harik eta Juan Gorriti eskultorea 1972an hura berreraikitzen hasi arte. Batzarre, esan bezala, artista baten eskuek berreskuratu zuten. Gorritiren obrarik nagusiena da Batzarre, bere egileak dioenez, etxea izateaz gain eskultura ere baita. Bailarak Gorritiren obrengan duen eragina nabarmena da, artistak aitortu duenez behin baino gehiagotan Araitzen topatutako hainbat gauzaren inguruan egin baititu eskultura edo margoak, Balerdi mendiari eginiko hainbat koadro adibidez. Eskultore horren estiloa Art Brut izenez da ezaguna. Bere lanak ikusita, haien estiloa horrela deitzen zela esan zioten Gorritiri Alemaniako aditu batzuek: "Egun hori baino lehenago nik ez nekien nire eskulturak egiteko moduak izenik zuenik".

Etxeak, baina, bazuen lehendik bere historia. Inguruko herrixkek bertan zuten antzinako udaletxetzat har daitekeena. Bazarresagasti zuen izena orduan eta herritarren arteko gatazkak tratatzen ziren han. Etxearen berri Florencio Idoate idazleak ematen du Rincones de la historia de Navarra liburuan. Idoatek dioenez, Araizko bailara famatu egin zen XV. mendean sorginkeria zela-eta. Zazpi herritar epaitu zituzten Bazarresagastin eta ondoren Iruñeko espetxera eraman. Espetxean gosez hil ziren ia denak.

Mallope artisten erakusleiho

Gorritik etxea berreraiki zuenean, Batzarre izenez ezagunagoa zen eta hark izenari men egin zion. Hain zuzen ere, Batzarre etxean batu ohi dira hainbat euskal artista, bertan eraikia dagoen Mallope galerian obrak erakusteko. Galeria horretan Ortiz de Elgea eta Zumeta pintoreak, Ruiz Cabestany keramista edota Koldobika Jauregi eskultorea bezalako artistek euren obrak erakutsi dituzte. Bailara txikia izanik ere, handik igaro diren artisten zerrenda luzea da oso. Ez bakarrik erakusketak antolatzeko, baita Gorritiren eskutik Araitz bisitatzeko ere, horien artean Mikel Laboa eta Pablo Milanes abeslariak eta Joxean Artze idazlea daude. Horietako batzuk Araitzera joaten dira noiz edo noiz.

Batzarre etxea bera ikusgarria da, etxeak hainbat taila ditu bere euskarrietan eta haren ondoan Gorritik egindako egurrezko meta bat eta garai bat ikus daitezke. Horrez gain, etxearen barnean, margolan ugari dago eta Gorritiren eskulturak aurki daitezke nonahi. Juan Gorriti araiztarra da betidanik eta bailarari dion maitasunak beste artista batzuengan eragin du, horietako hiruk han bizilekua edukitzeraino.

Leku magikoa

Artista horien artean ezagunena Jose Luis Zumeta pintorea dugu. Zumetak berak aitortzen du "Gorritiren eskutik" etorri zela bailarara. Hasieran, asteburuak pasatzeko leku lasai baten bila. Hain zuzen ere, Gorritiren seme den Jonek berreraiki zuen errota batera, Gaintza herrixkara. Asteburuko atseden etxea izan behar zuena margotzeko leku izatera pasa zen gero eta azkenean bizileku bilakatu. Zumetaren ustez, bailara oso leku ederra da, bereziki Uztegi ingurua: "Badu zerbait berezia, magikoa inguru honek". Artistentzako egoki izan daitekeen lekua da, Zumetak nabarmentzen duen lasaitasuna delako nagusi bailaran. Margotzeko oso leku produktiboa dela uste du Zumetak: "Nik nahi dudana ahal dudan guztia margotzea da eta horretarako oso leku egokia da, lanerako ordu libre asko uzten dizun tokia". Ibilbide zabaleko artistak kolore askoko pinturak egiten ditu, zertxobait abstraktuak baina iradokizun figuratiboekin. Bailarak bere obran eragina izan duela aipatu digu: "Bolada batean mendira joaten nintzen, inguruko txabola batera eta hango basoak margotzen nituen".

Gorritik bailarari dion maitasunaren eraginpean ere aurkitu dugu Iñigo Altolagirre margolaria. Bere margotzeko teknika abstraktuaren eta figuratiboaren artean mugitzen da, gehienbat lehenengoa erabiliz. "Normalean abstrakzioan nabil beti forma berriak sortu nahian", argitu digu. Bailarak bere obran eragina duela dio: "Batzuetan margotu izan ditut hemengo parajeak nahiko teknika figuratiboan. Hemengo parajeak oso onak dira-eta". Bera baino lehen senide bat, hau ere artista, bailaraz maitemindu zela jakinarazi digu: Remigio Mendiburu eskultorea zena. Altolagirreren hitzetan, nabari daiteke Araizko bailarak sorginkeria antzeko bat eragin diola: "Bailara bezala zoragarria da, hor ditugu Malloak eta Aralar. Bailara honekin txoratuta gelditu gara denok". Gune geografiko moduan ere leku ona dela uste du Altolagirrek. Bailara Iruñea eta Donostia artean kokatzen delako eta horrek mugitzeko erraztasunak ematen dituelako.

Emakume artista bat ere badago Araitzen, Txitxi Orbegozo margolaria. Haren etxea Gorritiren ondokoa da. Tolosarra izanik, jaioterritik gertu zuen bailara ederra ezagutu eta Araitzera bizitzera joan zen bere senarrarekin eta bi seme-alabekin. Kirolaria gimnasia klaseak ematera joan zen Araitzera eta horrela ezagutu zuen Gorriti. Umeak hazteko leku ezin aproposagoa dela uste du Txitxik, baita artisten lanerako ere: "Artisten lana oso bakartia da, lasaitasuna behar da, eta leku hau oso lasaia da". Aitortzen duenez, bailarak eragin handia izan du bere obran. Artista honek gehienbat pastela erabili ohi du, teknika figuratiboan. Izan ere, pertsonak margotzea gustatzen zaio gehien. Horretaz gain, pintura dekoratiboan eta abstraktuan saiakerak ere egin ditu, baina azken teknika hori gogorra gertatzen zaiola dio.

Sorginkeriarengatik izan zen famatu bailara, baina haren edertasuna izan da hainbat euskal artista sorgintzeko gai izan dena.

Mikel Garcia

Musika gogoko duen lagun taldea osatu, bizilagunak gehiegi gogaituko ez dituen txokoa bilatu eta bertan entseatzen orduak eta orduak ematea. Horiek dira musika talde handienek ere beren garaian izan zituzten hastapenak eta formula ez da aldatu, baina zailtasunak ugari dira oraindik. Gainera, hasierako uneak gogorrenak direla diote taldeek; hortik aurrera, oztopoak gainditzen ikasten dute.
Jotzeko lokala topatzea, esaterako, ez da erraza, talde asko baitago eta alokatzen dituzten lekuak gazteen poltsikorako oso garestiak izan ohi dira. Horregatik, herri askotan lokal merkeagoak aldarrikatzeko mobilizatu dira azken urteotan. Irunen, adibidez, iaz lortu zuten Udalak Tunk aretoak alokatzea eta honek hiriko musika taldeei merkeago uztea. Lehen, Tunkeko bost aretoetako bat hogei orduz erabiltzeagatik 96 euro ordaindu behar zen, orain taldeek 60 eurogatik bi hilabetez alokatzen dituzte gelak. Mota horretako lokalek entseatzeko behar den azpiegitura prest dute jada eta ekimen horiei esker gazteek aurrezten duten dirua garrantzitsua da zaletasun honekin aurrera jarraitu ahal izateko.

Maila oneko ekipoa eta musika tresnak lortzea ere oztopo handia da, garestiak baitira. Gainera, askok kontzertuak eskaintzeko zailtasunak dituzte. Areto txukunetan talde ezagunak baino ez dituztela nahi diote hasiberriek eta ezagutzera emateko traba da hori. Tabernetan eta gaztetxeetan oinarritutako zirkuitu alternatiboak badaude, baina hor ere kontaktuak behar direla kexatu zaizkigu batzuk: «Jada ezin da maketa eraman eta jo al daitekeen eskatu, ezin da gehiegi antolatu gabeko kontzerturik eman», dio Irungo Bort taldeko Alvarok. Izan ere, lehia handia da, talde asko dago eta bakoitzak bere lekua egin behar du. Sekretua musikarako grina handia izatea da, ez nekatzeko eta eragozpenen aurrean ez etsitzeko. Mikel Martikorenak musikan aritzeko lokalak alokatzen ditu Iruñeko Artsaia aretoetan. Bere esanetan, egoera «ez dago ez lehen baino hobeto, ez okerrago. Zaila dago, beti bezala. Azpiegiturak hobeak dira, baina lehia handiagoa da. Batzuetan badirudi taldeek ez dutela benetan beraiengan sinesten eta hori beharrezkoa da aurrera egiteko».

Joana Etxebarria kultura librearen aldeko Gaztesarea mugimenduko kide da. Badaki panorama ez dela samurra baina egoerari aurre egiteko hainbat baldintza baikor gizarteratzen ari dela uste du. «Aldaketa oraindik ez da eman baina bidean gaude: gaztetxe eta gazte mugimendua inoiz baino indartsuago dago eta kultura librearen aldeko eztabaida polita sortu da. Lokalen falta, pirateria, copyleft-a bezalako gaiak azaleratzen ari dira eta hori ona da Euskal Herriko gazteen artean kultura libre eta alternatiboa sustatzeko».

Taldeak ezagutarazteko gida

Hala, Gaztesareak iaz Musikagida izeneko proiektua abiatu zuen. «Euskal Herrian badago kontzertu zirkuitu alternatiboa, espazioak badaude, baina horien arteko antolaketa falta da eta potentzial hori guztia bideratzea bururatu zitzaigun», kontatu digu Etxebarriak. Musikagida 250 talde ezezagun biltzen dituen argitalpena da, beraien datuekin eta harremanetarako kontaktuekin. Herri komunikabideen eta gaztetxe eta areto ugariren kontaktuak ere gaineratu dituzte, denen arteko harremanak bultzatzeko asmoz. Halako tresna altxorra izan daiteke euren lana ezagutarazi nahi dutenentzat. Etxebarriak esan digunez, emanaldiak antolatzeko hainbatek jada erabili du. Orain, gida digitalizatzea izango da hurrengo erronka. Nahi duen taldeak bere datuak Internet bidez gaineratu ahal izango ditu eta etengabeko berrikuntzaren aldeko apustua egingo dute. Talde hasiberriekin Entsegu lokala izeneko diskoa ere kaleratu dute Gaztesareako kideek. Gainera, bai Gaztesarearen eta bai Entzun aldizkariaren Interneteko atarian, talde gazteek edo maketeroek beraien abestiak erakusteko txokoa dute.

Iruñeko Artsaia areto ezagunak ere asko erraztu die bidea gazteei. Talde amateurrek bertako instalazio eta ekipamendu musikalak asteko zazpi egunetan egunero 12 orduz zabalik dituzte aloka ditzaten. Ekimena duela hamar urte jaio zen eta negozio pribatua da, baina bokazio publikoa duela esan digu Mikel Martikorena jabeetako batek, erakunde publikoetatik eskaini beharko litzatekeen zerbitzua dela baitio. Artsaiako presioari esker, Foru Erkidegoko Gobernuak talde nafarrei diru-laguntzak ematea ahalbidetu zen. Gainera, bere aretoak erabiltzeagatik Iruñeko Udalak hiriburuko taldeak ekonomikoki laguntzea ere lortu zuen. Hala, musikara gerturatu nahi duten gazteek diru-kopuru ez oso handiaren truke entseatu dezakete. Artsaiak balio erantsiak eskaintzen ditu: kontzertuak antolatzen dituzte, aretoei buruzko datu basea eta Musika Modernoko Eskola dauzkate; halaber, abestiak erregistratzeko aholkularitza juridikoa eta maketak grabatzeko laguntza ematen dute. «Oinarrizko zerbitzuekin laguntzen diegu -dio Martikorenak- baina garrantzitsuena taldeen artean sortzen diren harremanak dira. Hemen musika giroa da nagusi eta ez dago bakoitza bere kasa, mugimendu handia dago».

Elkarteetan bilduta

Halako ekimenak lagungarriak badira ere, ahalegin handiena taldeek beraiek egin behar dute eta hori zaleek badakite. Horregatik, herri edo zonaldeka antolatu eta aldarrikapenak bateratzeko elkarteak sortzea ohiko bihurtu da. Algortako elkarteak autogestioa bultzatu du eta Gernikako Non dago Iparragirreren gitarra? kolektiboak entseatzeko lokalak eta aretoak eskatzeko egindako lana ezaguna da. Errenteriako Musika Taldeen Elkarteak duela hamalau urte lortu zituen lokalak, herriko haurtzaindegi bat libre zegoela ikusi eta Udalari erabiltzeko baimena eskatuta. 18 taldek dihardute bertan eta talde bakoitzak hilean 60 euroko kuota ordaintzen du azpiegiturak mantentzeko. Aurten, musikariek kontaktuak bila ditzaten lokaletan Internet zerbitzua ipini dutela argitu digu elkarteko presidente Txema Marinek. Gainera, elkartearen ekimenez bertakoek urtean bitan leku itxuroso batean jotzeko aukera dute eta jaietako emanaldietan ere herriko taldeak eta musikari ezagunak tartekatzen dituzte. «Festetan, egunero gutxienez euskarazko talde bat egon dadin saiatzen gara, euskaraz abesten duten taldeei aukera emateko -dio Marinek-. Gainontzeko emanaldiak talde bakoitzak bere kabuz bilatu behar ditu; zirkuitu alternatiboak badaude, baina panorama zaila dago». Etorkizunera begira, elkartea Udalarekin harremanetan dago Oarsoaldea bailarako maketa lehiaketa antolatzeko.

Hondarribiko taldeek ere beraien kabuz bilatu dituzte irtenbideak. Herriko Psilocybe elkartea duela hamaika urte jaio zen, bertako taldeentzat lokalak eskatzeko xedearekin. Hiru gela lortu zituzten Psilocybe Enea deituriko eraikuntzan eta egun hamar-hamabi taldek entseatzen dute hor. Orain, eraikuntzaren beste zatia areto bihurtu nahi dute, emanaldiak eskaintzeko. Elkarteko kide Mikel Ugarteren hitzetan, «guretzat kontzertua antolatzea mugida handia da; kanpoan egin dezakegu soilik, estalkia behar da, generadoreak, eskenatokia..., eta gastu handia da. Beraz, arriskatzen gara, ez badugu jendea emanaldietara erakartzen, diru asko gal dezakegulako». Orain arte zortea izan dute, kontzertuetara jende dezente joan da eta aretoaren aldeko sinadurak bildu dituzte. Horri esker, Udalarekin dituzten bilerak bide onetik doaz eta eraikuntzaren beste zatian sartzeko eskubidea apirilerako lor dezakete. Gainera, iazko hamargarren urtemugako ospakizunekin DVDa, diskoa eta bideoklipa kaleratu ditu Psilocybek. Tolosako Bonberenea gaztetxeak ere zonaldeko musikarien diskoa kaleratua du, Euskal Herriko beste hainbat elkarte egiten ari den bezala. Halaber, Bilboko DDT disko argitaratzaile eta banatzaile kolektiboak, adibidez, 15 urte daramatza autogestioaren aldeko lanean. Beraien artean harremanak mantentzen saiatzen dira, ideiak elkarbanatzeko, kontzertuak eskaintzeko, antolatzeko. Izan ere, «Euskal Herriak sare serioa behar du musikan, Arabako azken herritik Hondarribiraino. Bestela, gurea bezalako elkarteak eta taldeak ez dira argira aterako», dio Ugartek.

Denentzako lekua

Mugimendua eta lanerako gogoa behintzat ez da falta. Azken finean, autogestioa da geroz eta talde gehiagok aukeratu duten bidea. Teknologia berriek asko erraztu diete lana beren kabuz diskoa sortu, ordaindu eta kudeatu nahi dutenei eta egungo baldintza ekonomikoek ere horretarako ateak ireki dituzte. Hori bai, horrek guztiak geroz eta maketa eta talde gehiago ahalbidetu ditu. Hala ere, denentzako lekua badagoela uste du Joana Etxeberriak, eta egungo merkatuaren legeak kanpoan uzten dituenei tokia egin behar zaiela. «Gauza asko sortzen da -dio- baina eztabaidaren muina da nola gizarteratu behar diren sortutako gauza horiek, eta ez besterik gabe sortzea. Antolatzea, hori da gakoa».

Mikel Ugarteren iritziz, jendea utzikeriak jota dago. Dauden baliabideak ez dira aprobetxatzen eta taldeek zer edo zer grabatzen dute baina ez baditu diskoetxeren batek hartzen, paso egiten dute. «Diskoetxeek egoera txarra dela diote, baina beraiek berdina kobratzen jarraitzen dute: ez dute aurrerapausorik emango eta beraz alternatiba autogestioa da, gure esku dago pauso hori ematea». Horregatik, Psilocybek Psylocybina izeneko zigilu propioa eta alternatiboa sortu berri du. Ugartek azaldu digu taldeei hastapenetan laguntzea dutela xede, baina hortik aurrerako lana beraien esku uzten dutela. «Ez da zigilua guztiz, ez dugu zigilu baten menpe egoterik nahi, taldekideak lanean inplikatzea eta mugitzea bilatzen dugu».

Dudarik gabe, musikaren merkatu komertzialetik at bizi diren doinu eta erritmoak areagotzen ari dira. Gehienek ez dute arrakasta edo Grammy saria buruan, aisialdia musikari eskaintzea eta jendaurrean jotzea nahikoa dute eta horretarako antolatzen eta beren kabuz bidea egiten ari dira. Pixkanaka, talde txikien lekua geroz eta handiagoa da.

Pilar Iparragirre

Zer da 'Réquiem para sordos?'
Gorrarena egiten dutenei, beren buruak diotena besterik entzuten ez dakiten horiei egindako salaketa da. Haientzat, Euskal Herrian ez dago gatazka politikorik, «bortxakeria» baizik; ez da go torturarik, «Segurtasun Indarrei eginiko irainak» baizik; Nafarroako Gobernuak ez du euskararekin anker jokatzen, «gaztelaniaren eskubideen alde» baizik. Eta egunkariak ixten dira «prentsa askatasunaren» izenean. Etorkizuna erabakitzeko herriak botoa eman dezala eskatzea «ETAren txantajeari amore ematea» da. Berriz, milaka hiritarri hauteskundeetara aurkeztea debekatzeak «heldutasun demokratikoa» adierazten du.

Nola egin diezaieke inork aurre aldarrikapen horiei?
Dauzkaten bitartekoak zein zabaltzen duten mezuaren zakarra kontuan izanik, alde ikaragarria dago beraien eta gure artean, eta ezin zaie behar bezala erantzun. Beraz, ez da batere harrigarria, autodefentsa gisa guk ironia erabiltzea. Espainiar gizartea haserretzen denean euskal gizarteak barre egiten badu -edo alderantziz-, bi elkarte ezberdinez ari garen seinale. Horregatik ernegatzen dira hainbeste ahotsik ahulenak ere aurre egiten dienean. Liburu honetan nik esandako gauzengatik, Sebastián gotzainak «ezjakina eta psikologikoki heldugabea» deitu zidan; Savaterrek, berriz, urdea eta terrorista. Del Burgok, xenofoboa...

Eta, zinez, zein da zure liburu honen helburua?
Iraganeko estiloari eginiko requiema izan nahi luke. Mundu guztiak entzungo duen bake eta konponbide doinuz osatutako obertura bat sor dedin.

Pilar Iparragirre

Odolaren
mintzoa
Fernando Aire Xalbador
Auspoa
311 orrialde
9 euro

Odolaren mintzoa berrituta

Bertsolaritzan zein euskal olerkian gailurtzat jo ohi den Fernando Aire Xalbador zenaren Odolaren mintzoa berrargitaratu du Auspoa argitaletxeak. Liburuaren hirugarren argitalpena da hauxe: aurrenekoa 1976ko azaroan plazaratu zen, Xalbador hil baino pixka bat lehentxeago. Bigarrena, berriz, 1989an. Denak agortu ziren, ordea, eta hirugarren honetan, presaren presaz 1976koan agertu ziren okerrak zuzentzeaz gainera, Urepeleko artzain eta bertsolari handiak etxean gorderik zituen beste bertso batzuk ere gehitu dizkiote, esate baterako Intxauspe diputatuarentzat egin zituenak, hil baino zortzi egun lehenago Antton Lantzirin urepeldarraren ezkon mezan kantatzeko prestatutakoak eta euskaldun gazteriaren egutegian argitaratzeko osatu zituenak.

Euskal Herria
Batzuen artean
Sua
132 orrialde
5,15 euro

Aezkoa, Xabi Otero argazkilariaren irudi miragarrietan

Euskal Herria aldizkariaren otsaila-martxoko zenbakia irakurtzen duenak makina bat ibilaldi zoragarri egin ditzake, irudimenarekin besterik ez bada ere. Aezkoako bazterretan galdu daiteke, adibidez, Xabi Otero argazkilariaren irudi miragarriak lagun dituela. Edota Bardeetan zehar ibili, Ernio mendiko gailurrera igo, Euskal Herrian zehar zut eta babesturik dauzkagun berrogeita hamar zuhaitz paregabeen berezitasunak ikuskatu, edota Laudion aurkitzen den euskal gastronomia museoa ezagutu. Eta horiez gain, Donostiatik, Iruñeatik, Gasteiztik zein Bilbotik gehiegi urrundu gabe, hiriburu hauetatik gertu dauden natur guneetara edota menditara egin daitezkeen ibilaldi politen berri ere jasoko du irakurleak.

BetiZuok... jolasteko!
Batzuen artean
Eitb, Baleuko, Ibaizabal
24 orrialde 5,59 euro

Haurrek ikas dezaten

EITBko Betizu Klubak bereziki gomendatzen duen aldizkaritxo honen bidez, hiruzpalau urte dauzkaten umeek hainbat gauzatxo egiten ikas dezakete. Adibidez, itxuraz berdinak diren bi marrazkien artean dauden aldeak aurkitzen, koloreak bereizten, bakarrik triste aurkitzen diren lagunak elkarrekin lotzen, Artik Jupirengana joateko hartu beharreko bidea erakusten, telebista saiotik hain ezagunak zaizkien irudien izenak osatu eta faltan sumatu duten letraren bat edo beste idazten, Obadelek eta Saturrek galdu duten pilota hartzeko zer egin behar duten atzamarrarekin adierazten, hainbat irudi kolore aproposekin margotzen, aldizkarian azaltzen diren untxiei azenario bana eman eta gero soberan zenbat gelditu diren asmatzen...

Aisia Biziz
Batzuen artean
Urtxintxa Eskola
54 orrialde
5 euro

Aisialdiaz gozatzeko aldizkaria

Urtxintxa Eskolak plazaratzen duen Aisia Biziz hiru hilabetekariak aisialdiaz gozatu ahal izateko eta gizartean dauden baliabideak deskubritzeko aukera eskaini nahi die irakurleei. Bide batez, aisialdian lan egiten dutenen hausnarketak eta esperientziak ere azaltzen ditu, horretan lan egiteko beharrezkoak diren trebakuntza ikastaroen berri emanaz. Aisia Bizizen azken zenbakian, aisialdiko formazioak duen garrantziari buruz galdetu diete Gipuzkoako Urtxintxa Eskolan lanean diharduten Joxe Jimenezi eta Agurtzane Etxeberriari, eta baita Bizkaiko EDE elkarteko boluntario eskolen koordinatzailea den Jose Felix Tomasi ere. Eta gero, aisialdiko hezkuntzaren labirintoan barna abiatzeko jakitea beharrezkoa den guztiaren berri ematen ahalegindu dira.

Txikiak baina bixkorrak
Iñaki Zubeldia
Ibaizabal
79 orrialde
7,80 euro

Donostian bizi diren galtzagorri horiek

Zortzi urtetik aurrerako irakurleentzat Iñaki Zubeldiak sortu duen Txikiak baina bixkorrak kontakizunean, Donostiako Alde Zaharreko Abuztuaren 31 kalean bizi diren galtzagorriei suertatuko zaizkien gertaerarik gogoangarrienen berri ematen da. Lan eta lan aritzeaz gain jostatzen ere ederki dakiten galtzagorri horietako bat da kontalaria. Igeldon hanka-hezurrak hautsi eta hilabete pasa behar izan zuen galtzagorri gazte horrek Gorriti jaunaren, emazte Mikaelaren eta alaba Amaiaren etxean. Denbora horretan irakurtzen eta idazten ikasiko du, eta bere sendatzaileak gizakion umeentzat galtzagorrien historia konta dezan eskatzen dionean, ezin izango dio eskariari uko egin.

Juan de Landa
José Miguel de Amezketa
Euskadiko Filmategia 261 or. / 12 euro

Juan de Landa zine aktore ospetsuari buruzko lana

1894an Mutrikun sortu zen Juan Pisón Pagoaga, Juan de Landa izenarekin euskal aktore batek gaur arte zinean sekula izan duen arrakastarik handiena lortu zuen gizona. XX. mendeko 30eko hamarkadan Ameriketara joan zen operan aritzeko asmotan, baina zine izar bihurtu zen eta hogeita zazpi urtez lanbide horretan jarraitu zuen. Jose Miguel de Amezketak haren gainean egindako liburu honetan bere bizitzaren nondik norakoak eta parte hartu zuen filmen zerrenda aurki daitezke, argazkiz aberasturik.

Réquiem para sordos
Jose Mari Esparza Zabalegi
Txalaparta
276 orrialde 14 euro

Jose Mari Esparzaren artikuluen bilduma

Hamalau urteetan etengabe agertu du bere iritzia Jose Mari Esparzak Euskal Herriko hainbat egunkaritan. Eta hain zuzen ere, iritzi artikulu horien arteko hautaketa eginez osatu du Réquiem para sordos liburua Altaffaylla Kultur Taldeko sortzaileetakoa eta Txalaparta argitaletxeko zuzendaria denak. Egin egunkarian ûGarzon epailearen aginduz itxi zuten arteû plazaratutakoak datoz lehenengo, eta jarraian harrezkeroztik Garan eta Diario de Noticiasen argitaratutakoak. Ironia darien idazlan horietatik gehientsuenak Espainiako komunikabide indartsuenetatik espainolkeriaz euskal gatazkaren gainean pontifikatzen aritzen direnei zuzenduak baldin badira ere, Jose Mari Esparzak ez ditu, haatik, bere herritarren, eta are ezker abertzalearen, hainbat jarrera desegoki astindu gabe utzi. Navarra 1936. De la esperanza al terror, Un camino cortado, Jotas heréticas de Navarra, íAbajo las quintas! edota Tafallaren Historia liburuen egilearen ustez, gure herriari benetako bakea ekar diezaiokeen konponbidera iristeko, ikusgune erabat aldaezinak bazterrera utzi eta nolabait elkar ulertzen saiatu beharra dugu guztiok.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan