Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2005-03-13 -- 1983.zenb

Mikel Asurmendi

Josu Ortuondok ibilbide profesional oso oparoa dauka. Enpresa pribatuan aritu zeneko oroitzapen onak ditu. Baina, batez ere, politikan aritua da: «Politika lanen artean udaletxekoarekin geratuko nintzateke. Herritarrengandik hurbilena izanda, presio handia sortzen dizu. Alabaina, berotasun handiena berak ematen dizu. EITBko lanaz gomuta oso ona daukat, sorkuntzaren mundua zinez mundu bizia baita. Europako Parlamentua berriz, mundua behatzeko toki ezin aproposagoa da eta ilusioz ari naiz», adierazi digu berbaldiaren hasieran. Beste euro-parlamentariekin harremanak izan ditugu hizpide segidan: «Gauza bat da ezberdintasun ideologikoa eta besterik tratu pertsonala. Bigarrena zuzena izaten da. Batzuekin hurbiltasun handiagoa duzu besteekin baino, eta txantxaren bat ere partekatzen dugu. Abertzaleen arteko harremanak onak dira. Gainerakoan, bereziki joera nazionalistako parlamentari kataluniar, galiziar edota andaluziarrekin adiskidantza bizia daukat».

Europako batasun politikoa urrun dago euskal herritarrengandik, ezta?
Ez bakarrik euskal herritarrengandik, oro har, Europako dinamikaren beraren ondorioz, urrun dago inongo herritar ororengandik. Baina arazo hau zuzentzen joango da astiro. Izan ere, lehen aldia da historian europar espazio bateratu politikoa eraikitzen ari garena, atxikimendu librean oinarrituta. Atxikimendu librean oinarritua denez, zaila da tokian tokiko herritarren ekimenen bidez egitea, hartara egileak buruzagiak dira eskuarki. Bestelakoan, historian ahalegin asko izan da baina denak inposatuak. Gogoratu ditzagun, besteak beste, Karlomagno, Napoleon, Hitler...

Hala ere, ez al da munduko interes geopolitiko eta makropolitikoei erantzuteko egitura, herritarren erakundea baino?
Bai noski! Horrela da. Baina ezin da herritarren mesederako erakunde politikorik eraiki mundua aintzat hartu gabe. Besterik pentsatzea, errakuntza, entelekia edo kimera litzateke. Herritarrok munduan bizi gara, munduan interes kontraesankorrak, tentsioak eta problemak daude. Europa herritarrekin eta munduarekin egin behar da, bien uztarketa da. Orain arte, Ikatza, Altzairua eta Erkidego Ekonomikoa erakundeek osatua izan da, hainbat arau eta itunekin. Orain laugarren erakundea integratzea falta da, Energia Atomikoarena. Europa ez da batua oraindik ere. Europako Batasun juridiko-politikoa eraikitzen ari gara eta horretarako Itunari oinarrizko eskubideak gehitu behar zaizkio, herritarren espazioa eraikitzea funtsezkoa delarik.

Itunak badira, akordioak dira beharrezkoak ordea. Espainiako Estatuko erreferendumean, Hego Euskal Herrian, herritarren %60 abstenitu egin da.
Abstentzio altua izan da, euskal herritarrek ez dutelako sentitzen Europako erabakiak euren botoaren araberakoak hartuak izango direnik. Hori da errealitatea. Etorkizunean joera hori zuzenduko delakoan ziur nago hala ere. Herritarrek oraindik honela pentsatzen dute: «Europan erabakiak estatuetako gobernuek hartzen dituzte». Beraz, axolarik ez. Oraintsu arte, egia da, Europako Parlamentuak gaien %30a estatuetako gobernuekin ebatzi du. Konstituziorako Itunarekin ordea, Parlamentuak erabakien %100a hartuko du. Hori aurrerapen demokratiko izugarria da.

Artean, zer ekar diezaioke Itunak estatu gabeko herriei?
Batez ere errespetua, baita espazio juridiko-politikoa lortzeko eskubideen bidea ere, estatuen eskubideez harago doan espazioa. Itunak edozein egitura instituzional eraikitzeko aukera ematen digu, eta hori PPk eta PSOEk -gobernuan dagoenetik apur bat aldatu dena- ez dute begi onez ikusten. Adibidez, gure Estatutu Berrirako Proposamena legez kanpokoa dela zabaldu dute alderdi biek Europan. Argudio hori erabili dute -erreferendumaren kanpainan- Ibarretxe geldiarazteko, eta gezurra da. Giscard dÆEstaing-ek berak ezeztatu du gezur hori: «Konstituziorako Itunak ez du eskumenik horretan. Euskal arazoa Espainia edota Frantziako egituren barnean erabakiko dela» esan du. Itun honek ezin du estatuen egituretan erabaki, eta aldi berean, herritartasun europarra sortzen duenez, estatu gabeko herriei espazio juridikoa ematen digu, espazio espainolaz eta frantsesaz harago doana. Auzitegi batzuen bermea ematen digu, ez frantsesek edo espainolek osatua, pertsona anitzek osatua baizik.

Zein legitimitate dauka erreferendum honek horren parte-hartze apala izanda?
Galdera berebizikoa da, erreferendumeen legitimitatea zehazten duen araurik ez baita inon idatzia. Beraz, nik ez dut erantzunik. Garbi dago, erreferenduma loteslea izan ez denez gero, ez du Ituna legitimatuko, Espainiako Parlamentuak baizik. Erreferenduma ez dela oso legitimoa onartu nezake, baina, zer aldatzen du horrek?

Erreferendumari EAJren baietza ez al da gainerako abertzaleen kontrakarrean ipintzea?
Ez. Kontrakarrean ipintzea litzateke, ikusi izan bagenu Itunak egoera txartu egiten duela. Horrela balitz, Itunari ezetza emango geniokeen. Ordea, gure ikuspegi demokratiko nahiz nazionalistatik, baita herritarren ikuspegitik ere, Itun honek egungo egoera hobetzen du. Zergatik esango dugu ezetz? Idealena ez delako? Ituna bidearen bukaera dela ustea akats izugarria da. Hau ez da azkena, etorriko dira Itun berriak. Orain artekoa -Nizakoa deitua- baino hobeagoa al da? Bai. Orduan aurrera. Gauza bera gertatzen da Estatutu Berrirako Proposamenarekin. Honek Gernikako Estatutua hobetzen du? Bai. Bada aurrera. Hori al da guk nahiko genukeen guztia? Ez. Burujabetasunaren bidean harago doan Estatutua nahi dugu. 2005ean ordea, hau da lortu daitekeena.

Nola bizi izan duzu Ibarretxe Planaren onarpena Europako Parlamentutik?
Errespetu handiz, PPk eta PSOEko parlamentariek berau hiltzaileen botoekin onartu dela esan arren. Nik hauxe esan diet: «Zuen jarrera ez da zuzena ez demokratikoa. Hara -sozialistei bereziki- gobernuan zaudete, ba, hiltzaileak badira sartu itzazue espetxean». Ez, inola ere ez. Batasuneko kideak legebiltzarkideak dira, eskubide osoz. Aurrekontuak edota Lurzoruaren Legea errefusatzeko botoak behar dituztenean onak dira eta bestelakoetan hiltzaileak. Europako parlamentarien gehiengoak irtenbide demokratikoa Estatutu Berriaren bidean ikusten du eta auzia Espainiako Estatuaren baitan ebatzi behar dela.

Apur bat atzera eginez: Ibarretxe Planari Batasunaren baietzak EAJ tokiz kanpo utzi zuela esan da.
EAJko sektore txiki bat, baliteke. Nik zerbait gertatzea espero nuen, ordea. Ez dut orain esaten. Bozketaren bezperan esan nuen Deustuko Batzokian.

Orduan zu ez zara EAJn urduri ipini omen zen sektoreko kidea.
Urduri zergatik? Baten bat lekuz kanpo geratu zela? Bai. Ni ez. Aste bat lehenago Egibarri esan nion: "Joseba, plana onartua izan daiteke".


Nola ikusten duzu EAJ datorren legealdiaren aurrean?
Erabat seguru eta ausart. Legebiltzarrean onartutako Estatutu Berria bururaino eramateko prest. 2001ean proiektu hau -tren baten modukoa- aurkeztu genion gizarteari eta bertan joateko billetea eman ere. Trenak helmuga bat dauka, bidaia berean jarraitzen dugu beti ere.

Baina trena bultzatu behar da. Erritmoak eta epeek berealdiko funtsa dute. Kexu den jendea badago. Ibarretxe lehendakariak, berriz ere, erreferenduma egin ahal izateko EAJ-EAk eserlekuen gehiengoa erdiestea funtsezko jotzen du datozen hauteskundeetan. Erreferenduma aurreko legealdian burutuko zela agindu zuen Ibarretxekà
Estatutu berriaren testua onartu da eta ez da gutxi alajaina. Hasteko, testua Espainiako Kongresuan izan zen, eta Ibarretxek agerraldi distiratsua egin zuen, Europan goi-mailako kalifikazioa jaso duena. Espainiako Estatuan aro demokratikoan izan den eztabaidarik onena. Besterik da azken emaitza. Erreferenduma? Hauteskundeak erreferendumaren aurre-saioa izango dira.


Batasuna hauteskundeetan ez egoteak beste alderdien emaitzetan ondorio onuragarriak izan omen ditzake. Nola ikusten duzu afera?
Guk gauza guztien gainetik aukera guztien parte-hartzea defendatzen dugu. Alderdien Legearen aurka gara su eta gar. Batasuna ez egotea PP eta PSOEri interesatzen zaie batez ere. Haiek guri komeni zaigula diote. Baina, ez. 2001eko hauteskundeetako emaitzak kontuan hartzen baditugu, Batasunaren botoak kenduta, PP eta PSOE dira hobekien paratuta ateratzen direnak. Hor dago koska!

Ibarretxe Planak balio al du euskal arazoa gainditzeko? Alderdien arteko mahaia osatzea aipatzen ari da. Batasuna Legebiltzarrean ez badago...
Guk Batasuna Legebiltzarrean egotea eta mahaia osatu dadin nahi dugu. Azken lau urteetan Batasunak parte hartu du eta segi dezan nahi dugu. Onartezina da gizarteko zati batek besteari bere proiektua inposa diezaion. Horrek ez du etorkizunik. Iragana ikusi besterik ez dago.

Zapatero jabetu ote da horretaz? Nola ikusten duzu estatu buru bezala?
Zapatero arazoaz kontzientea da. Beste gauza bat da zein irtenbide eman nahi dion. Zapaterok Estatutu Berria errefusatua izatea nahi zuen. Legebiltzarrak atzera bota ostean «herriaren ordezkaritza demokratikoak uko egin dio» esango zuen. Batasunaren sostenguak bai harritu zuela Zapatero. Zapaterok Batasunaren erabateko ezetza nahi zuen lehenik, Kataluniako Parlament-ek bere Estatutua onartu zezan gero, ondoren Kataluniarako Estatutua guri eskaintzeko. Eskuduntza bereko Estatutua, noski.

Zapaterok Batasuna kontuan hartu behar duela dirudi. Zer diozu Batasuna eta PSOEren arteko balizko harremanez?
Ez dakit zein den Batasunaren edota bere ingurukoen jarrera. Edonola ere, nik Aukera Guztiak kandidatura onartua izan dadin eta herritar guztien eskubideak onetsiak izan daitezen nahi nuke. Baina ez ditzatela gero eserlekuak hutsik utzià

Haiek esan dutena hori da.
Hara, errespetu guztiarekin, onena beren lekua bete eta lanari ekitea litzateke denon onerako. Legebiltzarreko eztabaida politikoari beren ekarria egin beharko liokete. Legebiltzarrean herritar guztien ordezkaritzak presente egon behar du beti. Batasunak zer egin nahi duen ez dakit ordea. Hor dago koska! Abenduaren 30ak hiru Bai eta hiru Ez eman zituen. Baietzak erreferendumaren aukera bideratzeko eta ezetzak ez dituelako bere helburu guztiak betetzen. Ez nireak ezta EAJrenak ere! Nik Estatutu Berrian nazionalista baten helburu guztiak sartuko nituzke, baina gizarte honetan ez gara euskal nazionalistak bakarrik bizi. Gizarte anitza da, elkarbizitza eredua aurkitu behar dugu. Ezin da inposaketa bitartez bizi. Ez alde batekoena ez bestekoena. Konstituzionalistek honela diote: %51 %49ari inposatuko zaio? Orain alderantziz da: %49 %51ari inposatzen ari zaio. Ereduak ez du balio beraz.

Daniel Udalaitz

Martxoaren 8a dela-eta, emakumeen mundu martxa egin da eta, bertan, euskal emakume batzuk ere izan dira Euskal Herria ordezkatuz. Emakume langilearen eguna dela eta, Euskal Herri osoan ere hainbat ekitaldi eta manifestazio egin dira emakumeen eskubideak defendatzeko.

Emakumearen mundu zabalean, esparru batetik bestera eta emakumearen jatorriaren arabera, desberdina da diskriminazioa. Zalantzarik gabe, sektore kaltetuenetan lan egiten duten emakumeek eta sorterria utzi eta lan eta janari bila alde egin behar izan duten emakume etorkinek jasaten dute diskriminaziorik handiena. Horregatik, erreportaje honetan, etxeko emakume langileek Euskal Herrian bizi duten diskriminazioa jorratuko dugu, gaur egun munduko hainbat herrialdetako emakume asko ari baitira lanean sektore horretan.

Gai honen inguruan, beste hainbatetan bezala, euskal herrialde bakoitzeko oso datu gutxi dauzkagu, eta Euskal Herri osoari dagokionez, askoz ere gutxiago. Horrenbestez, Etxe Langileen Elkartea-Asociación de Trabajadoras de Hogar (ELE-ATH) Bizkaiko elkarteak orain dela hiru hilabete emandako datuetan oinarritu behar izan dugu artikulu hau. Sortu berria den Gaindegia Euskal Herriko Ekonomia eta Gizarte Garapenerako Behategia ere etorkizunean erabilgarria izan daiteke hutsune estatistiko hori betetzeko.

Lan baldintzak hobetuko dituen legea

Koadroan zehaztu dugu nolakoa den etxeko langileen lan eskubideen egoera. Lehen aipatutako elkarte bizkaitarrak egin duen ikerketako gauzarik adierazgarriena da etxeko langileen %77k astean 40 ordutik gorako lanaldiak dituela, %15ek astean 60 ordutik gorakoak, eta horiek guztiek oso soldata txikia daukatela. %42 ez zen Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (SMI) kobratzera ere iritsi ûtxostena egin zenean, 2004an, SMI 490,80 eurokoa zenû. Gaur egun, 2005ean, urteroko gehikuntza aplikatuta, 512,90 eurokoa da SMI. Bestalde, etxeko langile gehienak ez daude Gizarte Segurantzan sartuta. Etxeko langileen egoera oso larria da, baina oraindik larriagoa da etxeko langile atzerritarren egoera. Egunetik egunera gehiago dira gure auzotar askoren etxeetan lanean ikusten ditugun langile kolonbiarrak, ekuadortarrak, boliviarrak, filipinarrak, errumaniarrak, arabiarrak, eta abar. Langileak hartzen dituztenak etorkinetaz baliatzen dira soldata gutxiagoren truk lan gehiago egin dezaten.

Testuinguru horretan, "lan baldintza duinak onartu eta etxeko lana beste edozein lan bezala tratatuko duen" legeria eskatzen du ELE-ATHk euskal sindikatu guztien sostenguarekin. Beraz, legeriak etxeko langileen lan eskubideak jaso ditzala eta langile horien egoera Gizarte Segurantzan erregula dadila eskatzen dute. Etxeko lanaren kontratua erregulatzea eskatzen dute, eta kontratu hori Gasteizko Legebiltzarrari bidaliko diote, handik Espainiako Gobernuari presioa egiteko, "Europako Batasuneko beste legeekin bat datorren" eta "jasaten dugun diskriminazioarekin bukatuko duen" lege berri bat ezar dezan.

Gutxieneko errebindikazioak

Zehatzago esanda, hauxe da legeria berrian sartzeko eskatzen dutena: astean 40 orduko lanaldia gehienez ere; egin beharreko lanen araberako soldata, 40 orduko lanaldiarentzat gutxienez SMIren %120koa izango dena; langile internoen kasuan, jatordu eta ostatuarengatik soldatan deskontuak egitea debekatzea; astean egun eta erdiko atsedena -24 ordu jarraian eta, segidan edo banatuta, beste lanaldi erdi bat-; eta, sektore guztietan bezala, kaleratzearen kalte ordaina.

Ainhoa Lendinez

Baserriko gizona da Elexpuru, baina erdal giroan hazi zen. Euskaltzaletasunik ez zuen inguruan eta seminariotik itzuli zenean, 18 bat urterekin, piztu zitzaion euskararekiko interesa. 70eko hamarkadan ohartu zen gurasoen eta aiton-amonen euskara ezberdina zela oso, aberatsagoa, biziagoa. Hari horri tiraka hasi eta makina bat fitxa betetzen hasi zen, herri hizkerako lekuko ziren hitzekin. 1990ean hasi zen proiektua indartzen. Bergara aldeko lanbideak jasotzeko lan-talde bat sortu zen eta grabazio lanei ekin zieten. 1996-1997 inguruan aurkeztu zuen euskararen gaineko doktorego tesia.

Euskararen etorkizunaren inguruko eztabaidaren zantzuak antzeman dituzte askok era honetako lanetan. Izan ere, galduko diren beldurrez ari gara jasotzen han eta hemen herri hizkerak? Nolako bilakaera izan dute?
Argi dago, belaunaldi aldaketarekin batera, eta gaztelaniaren presentzia izugarriarekin batera eskolan eta abar, herri hizkeraren transmisioan guraso edo aiton-amonengandik seme-alaben edo ilobengana, gauza asko galdu direla. Gainera eskoletan euskara batua erakusten da. Beraz, herri hizkeraren bilakaeran hiru faktore nagusik eragiten dute. Batetik, gaztelaniak, indar handia duelako gure esparruan. Bestetik, euskara batuak, euskara eta herri hizkerak aldatu egiten dituelako ûeta hori ez da inondik ere txarra!û. Eta azkenik, bizimodua bera, aldatu egin delako. Orain dela hirurogei urte esaterako, jendea gehiago bizi zen baserritik edo eskulangintzatik eta lan horiek galdu diren heinean, horiei loturiko lexikoa eta espresioak ere galdu egin dira. Naturarekin ere, lehen harreman handiagoa zegoen, haizea, elur motak, euria eta abar gehiago bereizten ziren eta horri buruzko lexikoa ere bai. Aldaketa etengabea dago hizkuntzan.

Erabileraren araberako sailkapen bat egin duzu hiztegi lan honetan. Zer aztertu duzu zehazki?
Hari horretatik, liburuan mailaketa bat egin da, asko erabiltzen diren hitzak, gutxiago erabiltzen direnak... sailkatzeko. Hitzak lau kategoriatan sailkatu ditugu. Berba bakoitzari a, b, c edo d letra jarri diot aldamenean. D letra dutenak esaterako, gutxien erabiltzen direnak dira, arkaikotzat edo jotzen dira ia, eta Bergarako adineko jendeak, hiztun onek erabiltzen dituztenak dira. Batzuek gainera erabili ere ez dituzte egiten, gogoratu egiten dituzte bakarrik. Gazteek ere jaso dute herri hizkera, eta adinekoek beste ez jakin arren, ez dute inondik inora lagun artean euskara batua egin nahi, artifiziala begitantzen zaielako.

Bilduma lan hauek guztiak lagungarri dira oso, baina praktikan nola iraunaraz genezake herri hizkera?
Herri hizkerari eusteko, herriko euskaran idazten erakutsi beharko litzateke, herri euskaran ere modu zuzen batean egiten. Bestela, ez bada ez erakusten, ez irizpiderik markatzen, hizkuntza gero eta sakabanatuago egongo da, batek modu batera esango du gauza bat eta besteak bestera. Gainera, erabili erabiltzen da herri hizkera, eta asko, idazteko orduan ere bai. Esaterako, herriko lagun bati gutun bat edo mezu bat idazteko normalean ez dugu euskara batuan idazten, edo etxean telebista itzaltzeko esanez ohar bat jartzeko ere herri hizkeran idazten dugu. Esparru piloa daude euskara batuari ez dagozkionak, eta horiek ere erakutsi egin behar dira.

Hala ere, euskara batuak lagundu egiten dio herri hizkerari?
Euskara batua ezinbestekoa da, hil edo bizikoa, hizkuntza nazionala da, komunikatzeko tresna, kultura eta administrazio tresna. Hori ez dut zalantzan jartzen. Bere egunean euskara batua bultzatu eta indartu izan ez balitz, hilda geundeke. Baina une honetan beste gauza bat planteatzeko ordua dela uste dut. Euskalki zentraletan, gipuzkeran, ez dakit zenbateraino, baina Bizkaiko eta Nafarroako esparruetan, euskara batua eta herri hizkerak guztiz bateragarriak direla erakutsi behar da, eta horren araberako irakaskuntza aplikatu. Euskara batua eta herri hizkerak biak zuzen erabil daitezkeela, eta batak besteari laguntzen diola erakutsi behar da. Bata ondo jakiteak besteari mesede egiten diola. Izan ere, zer da ba euskara batua? Euskalkia, ezaugarri fonetikoak, aditzak eta bestelako ukitu batzuk eginda.

Euskararen eta zehatzago herri hizkeren bilakaeran irakaskuntzak garrantzia handia duela esan duzu. Bergara aldeko hiztegia didaktikoki zabaltzeko asmorik badago?
Hiztegi bat, berez, didaktika aldetik eta gauzak ikasteko ez da izaten tresnarik onena, oso handiak direlako, letra txikiz idatziak eta oso garrantzitsua den hitz baten ondoan inportantzia gutxiko beste bat ageri delako. Dena dela, nik uste dut hiztegi hau erraz irakurtzen dela. Horregatik, hemen jasotakoarekin material didaktikoa egin daiteke. Esaterako, landareen inguruko hitzak hartu, bakoitzaren argazkiak, ezaugarriak eta abar eta sailkapen bat egin daiteke. Adjektiboekin ere berdin, gutxiesgarriak edo mespretxuzkoak, erabilienak... Ondoren, horrekin guztiarekin material didaktikoa presta daiteke. Hiztegi bat oinarri hartuta, oso gauza politak egin daitezke eskolarako eta euskaltegietarako, eta egin behar direla uste dut.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan