Foro zabalagoetarako aurrekaria
2003ko uztailaren 4an Donostiako Miramon Parke Teknologikoan Nazio Eztabaidagunearen lehen bilera publiko hura egin zenean gutxik pentsa zezaketen talde hark halako garapena izan zezakeenik. Oraingoaz, hilaren 5ean Bilbon aurkeztutako Gatazkaren Konponbiderako Oinarrizko Hitzamen Demokratikoa izan da foro horrek utzi duen emaitzarik esanguratsuena. EAJ ezik, alderdi eta gizarte eragile abertzaleak bildu ditu bere baitan, eta orain ikusi beharko da datozen hilabeteetan beste norbait erakartzeko ahalmenik izango duen. Ez dirudi hori samurra izango denik, baina foro honek balio dezake beste foro zabalago baten aurrekari gisa. Eta balio dezake, halaber, iraganari eta eragile bakoitzaren historiari uko egin gabe, etorkizuna bide politikoetara bakarrik bideratzeko. Bitxikeria baino gehiago da lehenbiziz halako akordio mota batean Euskal Preso Politikoen Kolektiboa eta Iheslarien Kolektiboa izatea: hor izateko borondatea izan dute eta gainerakoek hau onartzeko prestutasuna.
Kataluniako ispilua dantzan
Kataluniako hiruko Gobernuak bere lehen urtemuga ospatu eta gutxira etorri da bigarren krisi handia. Lehena Carod Rovirak ETArekin izandako bileraren haritik sortu zen eta hura gainditu ondoren gobernu hura ezerk gutxik hondoratu ahal izango zuela pentsatu zuten hiruko kideek. %3ko diru sarien aferak, ordea, berriz jarri du kolokan Gobernua edo, hobeto esanda, honen helbururik garrantzitsuena, Estatutuaren erreforma. Hauteskundeak aurreratzearen aldeko ahotsak entzun dira Katalunian, baina halakorik inori ez zaiola komeni aipatu da, ez Gobernuko kideei, ez CiUri ere. Kataluniako bide bereziari etorkizunik ikusten ez ziotela aipatu zuten zenbaitzuek hirukoa osatu zenean, eta PSC-ERC baino, CiU-ERC gobernua hobesten zuten ahots horiek ûXabier Arzalluzek, esate baterakoû. Estatutuaren erreforma geldotzeko Maragall presidentearen jokaldi makiabelikorik ere ikusi izan du batek baino gehiagok afera honetan. Baina giltzak ERCren eskuetan jarraitzen du, eta pentsatzekoa da giltza hori Estatutuaren erreformarako eta bere interesen arabera mugituko duela. Estatutuaren erreformak bere bidea darama eta hauteskundeak oraindik urruti dira, eta gainera ERCk CiU higatzen jarraitu dezake iragan hurbileko halako kontu ilunekin. Pentsa liteke, beraz, hirukoak krisi handi hau ere gaindituko duela; beste kontua da, Estatutuaren erreforman nola eragingo duen. Laster ikusiko ditugu honi buruzko zantzuak, atzeratuta dabiltzan Estatutu proposamenaren lehen zirriborroak aurkezterakoan, zenbait aste barru.
Gaur egun ezin ei da finantzatu Abiadura Handiko Trenaren proiektua
Alvaro Amann Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lanen sailburuak, urteroko bere ohiturari jarraituz, «Y» tren proiektua 2010erako eginda behar duela esan du, baina oraingoan, urrats bat gehiago eman eta lanen hasiera iragarri du uda osterako. Hauteskunde kutsu agerikoa du iragarpenak, eta hala leporatu diote alderdi eta gizarte eragile desberdinek. Edozein eratan, ez da argitu garrantzitsuena, ea nola finantzatuko den proiektu osoa. Aditu askoren arabera, ez dago horretarako dirudik, ez Jaurlaritzan eta diputazioetan, ezta Espainiako Gobernuan ere, honek dagoeneko 2010era arteko bere diruak konprometituak baititu, eta konpromiso horietan ez baitago aurreikusia EAEko «Y» proiektuarena.
823 ziurtagiri
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak 2004. urtean Bai Euskarari Ziurtagiria lortu edo berritu zutenak omendu zituen joan den astean Donostiako Kursaal Jauregian. Orain, 823 enpresa, saltoki eta entitate dira ziurtagiria dutenak. Iaztik hona ziurtagiria lortu dutenen kopurua %32 igo da. Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak esan du helburua epe motzean 823ko kopuru hori bikoiztea dela. Ekitaldi berean kanpaina berria jarri zuten abian: Euskarari bai? Hartu zure konpromisoa.
Justo Mari Mokoroaren esapideak Interneten
Aita Justo Mari Mokoroaren 92.147 esapideak Interneten jarri dituzte www.hiru.com webgunean. Aspaldi hasi zen Mokoroa Euskal Herrian erabiltzen diren esapideak jasotzen. 1931. urtean ekin zion lanari eta ehun koaderno betetzeko astia eta gogoa izan zuen. 1990. urtean Eusko Jaurlaritza, Etor eta Labayruren arteko hitzarmenari esker, Ortik eta Emendik izenburupean, bi tomotan, argitaratu zuten lan guztia. Zortzi urte geroago paperetik euskarri digitalerako saltoa egin zuen bildumak eta CD-ROMa atera zuten. Orain, sarean dira dantzan 90.000tik gora esapide.
Nafarroako Gazte Sozialistak eta euskararen inguruko diskurtso propioa
Joan den larunbatean PSNren bilkuran aurkeztu zuten izen hau zuen txostena: JSN y el euskera: para evitar la apropiación interesada de nuestro patrimonio lingüístico (JSN eta euskera: gure ondare linguistikoa interesen arabera nork bere egitea saihesteko. Nafarroako Gazte Sozialistek Hizkuntza Politikako Zuzendaritza Orokorraren kontzeptua kendu eta Hizkuntza Politikako Nafarroako Bulegoa sortzea proposatu dute. Zuzendaritza Orokorrak «ospe txarra» omen du eta erakunde berria «benetako adituek» osatu behar omen lukete. Bestalde, zonifikazioa berregituratzea proposatu dute eta euskarari koofizialtasuna onartzearen aldekoak dira.
Hizkuntza koofizialik ez kongresuan
Frantziako Legebiltzarrean bota zuen segidakoa, martxoaren 1ean, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak: «Gaztelaniaren Espainia handia da, baina oraindik handiagoa da katalanaren, galegoaren eta euskararen Espainia gehitzen badizkiogu». Esanak esan, Madrilgo Diputatuen Kongresuko presidente Manuel Marinek ERCko Joan Tarde diputatuari katalanez hitz egiten segitzea debekatu zion. Otsailean adostu zuten katalanez, euskaraz edo galizieraz parte-hartze laburrak egin eta gero itzultzeko aukera. Manuel Marini ordea, luzeegia iruditu zitzaion Tarderen hizketaldia eta alderdien artean lortutako adostasuna bertan behera utzi du. Katalanez, euskaraz edo galizieraz hitz egiteko alderdiek berriz jarri beharko omen dute ados.
Daniel Udalaitz
SOCADE, Euskadiko Garapenerako Kapitaleko Sozietatea, Euskal Herriko arrisku-kapitala kudeatzen duen SGECRren mendeko zazpi sozietateetatik garrantzitsuena da. Eusko Jaurlaritzak sektore estrategikoetan inbertitzeko duen instrumentua da SGECR. Partizipazio guztien 114 milioi euroen erdiak baino gutxixeago, 50 milioi euro inguru, SOCADEren bitartez egiten dira. Eusko Jaurlaritzak sozietate horren %40 dauka eta gainerako %60 hiru foru aldundiena da. 2002ko abenduan, SOCADEk 47 milioi euro zeuzkan inbertitzeko, eta lehengo AHVren oinordeko den Acería Compacta de Bizkaia (ACB) konpainian partizipatzen du. Halaber partizipatzen du enpresa hauetan: Alfalan S.A.n, (bertako presidente exekutiboa Francisco Egea da, Lan eta Justizia Saileko kontseilari ohi sozialista; Mungiako Consonni kooperatiban, (material elektrikoa fabrikatzen du eta MCCn integratuta dago 1999tik); Iparlat S.A.n, (presidente exekutiboa Jose Manuel Goikoetxea da, Nekazaritza Saileko EAJko kontseilari ohia); eta Vitoria Integrated Air Services S.A.n. Azkenik, Eusko Jaurlaritza, SOCADEren bitartez, Industria de Turbo Propulsores S.A.ren kapitalean sartu zen eta 13,2 milioi euro inbertitu zituen. Horrela bereganatu zuen haren kapital sozialaren %5,3aren kontrola.
Aukera Guztiak plataformari dagokionez dena dago airean oraindik, eta hauteskundeetako kanpainan bete-betean sartuta, egunotako aktualitate politikoa horretan zentratuko da, ea partehartzea ahalbideratuko zaion ala ez. Ez bazaio uzten, Batasunaren botoa baliogabeen zerrendara bideratuko da berriro; partehartzea ahalbideratzen bazaio, aldiz, Batasunaren botoa zerrenda horretara bideratuko litzatekeela pentsa liteke, nahiz eta gero legealdian zehar hori nola borobilduko litzatekeen irudikatzea ez den erraza. Edozein modutan, lau urteko tartea legoke egoera konpontzeko, eta legealdian zehar Batasunaren partehartzeari ate bat zabaltzea izan liteke oraingo jokaldiaren muina.
Maiatzaren 29an egingo da Frantzian Europako Konstituzioaren erreferenduma eta Espainian izandakoa baino zalapartatsuago aurreikusten da, ia alderdi nagusi gehienetan ezezkoaren eta baiezkoaren aldeko sektore handiak direlako. Ipar Euskal Herriko alderdi abertzaleen artean EAJk bakarrik eskatuko du baietza.