Inma Errea
Dinouart abade frantsesaren L'Art de se taire, principalement en matière de religion izeneko liburutxoak 1771n ikusi zuen argia. Liburuan, Ilustrazioko hainbat ideiari kontra eginik, isiltasunaren inguruko kontsiderazio moral eta erlijiosoak bildu zituen Dinouartek, atzerakoiak bezain harrigarriak: liburu gehiegi argitaratzen zirela zioen, baina berak ez zion uko egin liburuak idazteari, eta irakurleen zein idazleen kopuruak gora egin izana kritikatu bazuen ere, nahikoa ez zela idazten utzi zuen esana. Kontraesanik ez, ordea, haren hitzetan: erretoreak disimulurik gabe adierazi zuen bere ideologiaren gustuko obrak baino ez zituela nahi ikusi argitara emanak.
Guztiarekin ere, Isiltzearen artea egungo liburu praktikoen aurrekari bitxia da, bere laburrean. Dinouartek, besteak beste, isiltzeko printzipioak zerrendatu zituen, eta isiltasun motak eta horien zergatiak sailkatu, isiltasuna, betiere, baliabide etiko eta erretorikotzat harturik, baina inongo xede mistikorik gabe.
Naizen kalakari honi liburuaren izenburuak eman zion atentzioa, berritsuoi izugarri interesatzen baitzaigu isiltasuna. Jende lagunkoi eta irekia zaretenok konprenituko didazue: mintzo ugarikook badakigu, ohartzen gara, astunak izateko arrisku handia dugula, edo indiskretuak, edo, besterik gabe, fidagaitzak. Normalean miresmena baino ez diogu jende isilari, esaten ahalko luketena isilpean iraunarazten dakiten pertsona zuhur horiei. Hiztunok badakigu, ohartzen gara, jende isilak askoz itzal handiagoa duela guk baino, eta ausaz hobe izanen genukeela isiltzea. Dinouartek berak zioenez, "oro har, arrisku handiagoa hartzen da mintzaturik isilik egonik baino", nahiz aldi berean, batzuetan hitz egitea zuhurra dela gaineratu zuen!
Eskarmentuak erakusten du, bestalde, badela munduan besteen isiltasuna eta diskrezioa izugarri ongi aprobetxatzen dakien jendea. Mobbing edo bulling fenomenoak ia ezinezkoak dira isiltasunik gabe. Emakume anitzek jasaten dituzten tratu txarrek ere sekretua dute osagarri printzipalenetako bat, haurrei egindako abusuek bezala. Adituek diote: egoera bortitz horiei hitz eginik egin behar zaie aurre, egoerak jendaurrean azalaraziz.
Anitzetan gizarteak berak zedarritzen du zerk iraun behar duen isilpean gorderik, zer isildu behar dugun. Euskaldunok gure kulturan arras barneraturik dugu, esaterako, trapu zikinak etxean garbitu behar direla, kanpoan aireratu gabe. Horrek zer onik eta zer txarrik dakarkigun aztertu beharko genuke, agian.
Badira, ordea, adibide orokorragoak, mendebaleko kulturan txertatuak. Anitz eta anitz emakumeoi dagokigu, eta horietako bat da hilekoaren inguruko isiltasun ozena: emakume anitzek segitzen dute pentsatzen ez dela egokia hilekoaz mintzatzea jendaurrean, batez ere, gizonen aitzinean, eta errefus horrek egungo neskatila anitzengan dirau, ahalke naturaletik haratago.
Demokraziaz mintzatzen denean, sistema politikoaz besteko gairik ez da aipatzen. Ez dira eztabaidatzen egunero inork aipatu gabe gure bizitzak mugatzen dituzten kontuak, ez ditugu kolokan paratzen afektibitatea edo maitasuna kudeatzeko porrot egin duten manerak, ez zaigu bururatzen jendearen arteko harremanek egokiagoak eta erosoagoak izan beharko luketela, demokrazia autentikoago batean, ez diogu gure buruari galdetzen nori egiten dion mesede gure ekonomia partikularren berri jendaurrean emateko debeku adierazi gabeko horrek, eta isilik segitzen dugu, otzan, gure sekretutxoak gordeta... Dinouart apaizak herritarrok horrela, isilik, egoteko esaten zuen. Eta guk, bi mende luze geroago, kasu egin hari!
Iñaki Mendiguren
Gauza bat esaten zaigu eskuineko belarrira eta oso bestelakoa ezkerrekora. Bizimodu jakin batera bultzatzen gaituzte, eta gero zaplatekoak eman biziera horren ondorioengatik.
Gehiegizko kontsumoa omen dugu EAEn, gure proportzioan bi planeta eta erdi beharko omen lirateke. Baina, normala! Gau eta egun horretaraxe bultzatzen gaituzte, ordea! Zertan oinarritzen da, ba, gure ongizatea, gure aurrerapena, gure ekonomia osoa? Nola neurtzen da, ba, gure hazkundea, gure Barne Produktu Gordina, "aurrera doan herria" garen ala ez? Zer da, ba, gure kultura eta gure aisialdia ûasteburuak, oporrak, turismoaàû mugitu eta gastatu, eralgi eta xahutzea baizik?
Bestalde, badirudi hemen gibel-handiak garela denok eta bonbillak piztuta, txorrotak zabalik eta motorrak martxan utzita oheratzen garela! Ura aurrezteko, hondakin gutxiago sortzeko, automobila gutxiago erabiltzeko eta energia gutxiago erretzeko ematen zaizkigun aholkuak, ondo, bai, baina txikikeriak iruditzen zaizkit, eta ganorazko ezer gutxi egin dezakedala sumatzen dut, bizimodua erabat aldatu edo beste mundu batera joan gabe, behintzat.
Azkenaldian dei gehiegitxo egiten dio Administrazioak -Ingurumen Sailak, EVE-EEEk, IHOBEk...- gizabanakoaren kontzientzia ekologistari; eta ez nago horren aurka, herritarron ohitura txarrak zuzentzea beharrezko eta lagungarri baita; baina lan pedagogiko horretaz gain, eginkizun garrantzizkoagoak eta zailagoak badituzte gobernuek.
Auto partikularraren gehiegizko erabilera kritikatu aurretik, gure bizimoduak eskatzen duenari erantzungo dioten garraio publikoak jarri behar dira ûedo bestela, gure bizimodu osoan aldaketa sakonak planteatu erro-errotikû. Garraio publikoa lastertasunez, erosotasunez, preziozà ona denean, jendeak laster ikasten du erabiltzen -adibidez: Metroa Bilbon-. Baina, salbuespenak salbuespen, auto partikularraren erabilera lehenesteko dago pentsatua azpiegitura-sare osoa. Eta ez adarrik jo esanez Abiadura Handiko Trena hori konpontzera datorrela. Interes handia balego autoaren erabilera murrizteko, oso bestelako tren-sistema diseinatuko zen.
Eta zahietan hain zuhur diren horiek... zer diote egunero Frantziatik Espainiara edo Afrikara ûeta bueltanû erdi-erditik igarotzen zaizkigun milaka kamioiez? Badago hori kontrolatzeko gaitasunik? Ala gehituz joango da erremediorik gabe? Gure ekonomia jendearen eta merkantzien joan-etorri etengabean oinarritzen da. Tamaina zentzugabean, gainera, errentagarritasunaren izenean. Interesgarria oso Le Monde Diplomatique-ren urtarrileko dossierra energiaz: "Los estragos del movimiento perpetuo" (14-15 orr.). Bertan kontatzen da nola batzuen irabaziak gehitze aldera, garraiolariak ia esklabo bihurturik, produktuek milaka kilometro egiten dituzten eskulan merkearen bila, horrek energia, ingurumen eta gizartean dituen ondorio guztiekin. Nik neuk euskaratzen ditudan ipuin asko Txinan (!) inprimatzen dira, gero hemen saltzeko.
Gobernuek ezer askorik ezin dutelako edo ez dutelako egin nahi... ematen du herritarren gain bota behar dutela beren ezintasuna, horrela erantzukizunak sakabanatu eta lausotuz. Kontsumitzaileak ibili behar du bilgarri gutxieneko jogurtak aukeratzen, eta gobernuek ez dute ahalmenik ekoizleei ontziratze-arauak emateko? Erosleak ibili behar du etxetresna elektrikoen kontsumoari begira, eta gobernuak ez dira gai horien fabrikatzaileei, autogileei, etxegileei, eta abarri, energia aurrezteko neurriak ezartzeko? Ala lobby indartsuegien aurrean gaude horiei ezer agintzeko inork?