Historiaurrean ere bizirik zegoen Bergara, Udalerriko Brontze Aroko monumentu megalitikoek erakusten dutenez. Ehorzketa monumentu ziren trikuharri eta tumulu horiek Udala-Intxorta eta Elosua-Soraluze guneetan daude. Baina Bergararen aipamena jasotzen duen lehen dokumentu idatzia 1050. urtekoa da. Hain zuzen ere urte horretako lur eta soroen emate batean aipatzen da Bergara. 1200. urtean, Gipuzkoa Gaztelako erreinuan sartu zenean, hiriak sortzeko prozesu bat hasi zen eta Bergarako hiribildua, "Villanueva de Vergara" izenekoa, 1268. urtean sortu zen, Alfontso X.a Jakintsua erregeak biztanleei Hiribildu-Agiria edo Forua eman zienean. Bergara merkataritza gune bihurtu zen orduan.
XIV. mendea
Bando arteko borrokak
XVI. mendeko aberastasuna
XVIII. mendea
Ikerketan puntako Seminarioa
Bergarako besarkada
Artea, oinarrizko ezaugarri
Historiaren gordailu diren etxeak
Artekalen, bada aurrealde txiki bezain berezia duen etxetxo bat, 15.a. Beheko solairuan XVI. mendeko apaingarri errenazentistak ditu.
Arrese kantoian Arrese etxea dago, XVI. mende hasierakoa. Orduan sarrerako arku handi bat baino ez zuen eta mendearen bigarren erdian eraiki zen Errenazimendu estiloko balkoi handia.
Parez pare Irizar Jauregiarekin egingo dugu topo. Herrera maisuaren korronte klasizistako eraikuntza hau XVII. mendekoa da eta bertan sinatu zuten Esparterok eta Marotok Lehenengo Gerra Karlistaren amaiera ekarri zuen hitzarmena, 1839an.
Barrenkale amaieran 1585eko Egino-Mallea jauregia dago. Aurrealde nagusia Errenazimendu manieristaren joerakoa da, Euskal Herriko ederrenetarikoa.
Deba ibaiaren beste aldean Santa Marina parrokia dago, gure hurrengo geralekua. Euskal Gotikoaren adibide, bi epetan eraiki zen. Hala ere, estilorako irizpide bateratua gorde zuten. Ezin aipatu gabe utzi parrokiaren aldare nagusiko erretaula, jauregi barroko aberats baten aurrealdea gogorarazten duena. Apaingarri gisa ditu predela garaiak, arrokai eta panopliaz apainduriko ordena erraldoiko lau zutabe ildaskatu eta egitura mugitu eta apurtua.
Berriro ere ibaia zeharkatu eta Barrenkaleko 7. etxean Arostegi etxea aurkituko dugu. XVI. mendeko atea du ezaugarri nagusi eta Manierismotik gertu zegoen Platereskoaren fase aurreratueneko dekorazio elementuak biltzen ditu.
Ibilbidean aurrera egin eta Multzo Historiko-Artistikoko San Martin Agirre Plazara egingo dugu. Bergarako Errege Seminarioaren eta Udaletxearen aurrealdeak daude hemen. Seminarioaren aurrealdea XIX. mende erdialdekoa da. Udaletxea, berriz, Lucas de Longa arkitektoak eraiki zuen, XVII. mende amaieran. Plazaren albo batean Jauregi Etxea dago, aurrealdearen lehenengo pisu osoan ageri diren XVI. mendeko grabatu germaniarretan inspiraturiko eszenengatik aipagarria.
Ondartza eta Olaso dorreekin amaituko dugu ibilbidea, Komenio kalean gora. XVI. mende hasieran eraikiek dorre gogorren itxura dute.
San Pedro parrokiako dorrearen parean eta San Pedro kalearen kantoian Agirrebeña Etxea dago, Arrese jauregia bezala, balkoi eder batez eta armarriz hornitua. San Pedro kalera begira dagoen aurrealdea polikromatutako 53 zeramika plaka ederrek apaintzen dute. Azken ikerketen arabera, plaka horiek Alemanian sortu zituzten XVI. mendearen lehenengo erdialdean, jatorrian berogailuak zirela uste da.
Baina gune historikotik at ere Bergara artearen gordeleku da. Ozaeta eta Gabiria dorreak herri erditik gertu daude. Bertan bizi ziren familiak gogor borrokatu ziren Behe Erdi Aroan udalaren boterea lortzeko.
Azkenik Elosu gainera egingo dugu. Zelai zabalak eta zuhaiztiak izateaz gain, Gipuzkoako ikuspegi zoragarriaz goza daiteke bertatik. Aritzeta mendian XI. mendeko dokumentu batean jasotzen den San Migel ermita dago.
UNED eta Eusko Jaurlaritzaren Dokumentu Ondarearen egoitzak biltzen ditu Bergarak. Bergaran garrantzia handia dute antzerkigintzak, arte plastikoek, dantzak eta musikak eta arlo horietan jarduten den makina bat talde dago, Bergarako Orfeoia, Aritzeta Abesbatza, Udal Musika Banda eta Bergarako Orkestra Sinfonikoa, esaterako.
Hainbat ekitaldi izaten da: Udazken kulturala, Udaberriko Kontzertua eta hilean behin antzezlanak. Helduentzako Txotxongiloen Nazioarteko Mostra ere ospatzen da bi urtean behin, maiatzean.
Pazko eta Pentekoste jaiak dira Bergarako ospakizun nagusiak. Lau egunetan zehar kontzertuak, dantza ikuskizunak, margo eta abarren lehiaketak, kirol probak eta beste hamaika kontu izaten da jostatzeko. Irailaren 16an San Martin Agirre bergarar santu martiriaren omenezko ospakizuna izaten da, danborradaren eta suzko gurpilen inguruan. Eskualdeko barazki, fruitu, gazta eta lore lehiaketa irekia ere izaten da. Erramu Larunbateko Ganadu eta Eskulan Ferian abeltzaintza eta nekazaritza produktuen salmenta izaten da Bergarako Udalak antolaturik. Uztailaren 18an Santa Marina jaiak dira aipagarriak. Auzoetan ere izaten da olgeta eta dantzarako tarterik. Ekainaren 30ean, esaterako, San Martzial eguna ospatzen dute Bergaran eta egunaren ondoko igandean tradizio aski zabala duen erromeria egiten da San Martzial auzoan. Elosun, Mendiko Abere edo Ganadu Feria egiten da urriaren 12an. Behi, ardi, zaldi eta ahuntz azienden lehiaketak izaten dira azoka horretan, Elosuko Taldeak eta Bergara nahiz Azkoitiko Udalak antolaturik.
Koldo Eleizalde
(1878-1911)
Lan handia egin zuen hizkuntza, politika, literatura, hezkuntza eta euskalduntze arloetan Euskal Herriaren nortasuna berreskuratzeko. Bergarar idazle eta hizkuntzalariak Zientzia ikasketak egin zituen eta Bizkaiko Aldundiko irakaskuntza-ikuskaria izan zen. Sabino Aranaren jarraitzailea eta Eusko Alderdi Jeltzaleko kidea izan zen. Aldizkari askotan kolaboratu zuen eta Euzkadiko zuzendaria izan zen (1912). Oñatin izandako Eusko Ikaskuntzaren lehen kongresuan parte hartu zuen (1918) eta Euskaltzaindiaren sortzaileetako bat izan zen, baita 1918az geroztik euskaltzain osoa ere. Lan asko idatzi zituen: Razas, lengua y nación vascas (1911) eta abar.
Telesforo Monzon
(1904-1981)
Politikari eta idazlea. EAJko Gipuzkoa Buru-Batzarreko lehendakari eta Gipuzkoako diputatu izan zen gerra aurretik. II. Errepublikan Euskal Herrirako autonomi estatutua defendatu zuen eta lehenengo Eusko Jaurlaritzako gobernazio-kontseilaria izan zen. Eusko Jaurlaritza monarkikoengana hurbildu nahi zuen baina Agirre ez zetorren asmo horrekin bat eta Monzonek Eusko Jaurlaritza eta EAJ utzi zituen (1952). ETAko errefuxiatu politikoekin harremanetan hasi zen Iparraldean eta Anai-artea elkarteko lehendakari izendatu zuten. Hegoaldera itzuli eta ezker abertzalearen inguruan ibili zen. Idatzizko lan asko utzi du. Kanta sortzaile ere izan zen, berea da Lepoan hartu ezaguna. Euskaltzain urgazlea izan zen 1966tik.
Justo Garate Arriola
(1900-1994)
Bergaran jaio zen Barrenkaleko 27ko etxean, eta Argentinako Mendoza hirian hil zen. XX. mendeko euskal kultura gizon garrantzitsuenetakoa da. Mediku handia eta Madrilgo eta Platako (Argentina) unibertsitateetako doktorea izan zen. Espezializazio-ikasketak egin zituen Fribourg, Paris, Berlin, Heidelberg eta Munichen. Mediku aritu zen Bilbon eta Argentinako Tandil eta Mendoza hirietan. Eskolak ere eman zituen Basurtoko erietxeko unibertsitate-eskolan, eta Mendozako Unibertsitateko Medikuntza fakultateko Klinika Medikoko katedradun izan zen. Lan handia egin zuen gerra aurreko euskal kultura suspertzeko Eusko Ikaskuntza elkartean. 1921ean Euskal Unibertsitatea sortzearen aldeko agiria sinatu zuen.
![]() |
|
||||
1982 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa