Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-03-06 -- 1982.zenb

Jakoba Errekondo


Hango baso apurretan daude bai, inoizko gerrate gehien pairatu dituzten zuhaitzak. Zedroak. Kulturak, baldin eta izan behar badu, nahi eta nahiez erlijioari uztartua behar duela pentsatzen dutenek beharrezkoak dituzten gerrateak. Nekazari libanoarrek Arz al-Rab deitzen diote zedroari, "Jaunaren zedroa". Era guztietako jainko-jainkosen bizileku izan den basoak gaur egun ere badu apopiloa: etorkizunerako babesteko, bere adarrak sutarako ebakitzen dituen guztia madarikatzen duena.
Maronitek baseliza bat dute han: abuztuero meza ospatzen dute, zuhaitz sakratuen ohorez. Hauentzako bezala, erlijio suntsitzaileak baino lehenagokoentzat zuhaitz batzuk espiritua zuten: grekoen hamadriadak, errusiarren zuhaitzetako demonioak, egiptiarren sikomoroetako jainkotxo lotsatiak... Maronitentzako bezala Siriako Nosairi tribukoentzako zedroak jainkotasunez blai dira eta Feniziarren garaietatik etengabe bete dute baso sakratuak gurtzeko erritoa.
Sakratuak ez ziren basoak, ordea, gupidarik gabe eraitsiak izan dira. Feniziarrek Egiptora saldu zituzten duela bost mila urte eta Biblostik abiatuta itsasoz almadia gisara eraman zituzten haraino. Lehen faraoien hil kaperak, gorpuen baltsamoak eta papiroak kontserbatzeko gaia zen zedroa.
David erregearen tenplua, asiriarrenak, babiloniarrek Mardukeri eskainitakoa eta pertsiarren Persepolis hiria denak dira zedro. Gero erromatarrek ontziak egiteko epaia eman zieten basoei eta enbor ipurdien arteko harkaitzetan seinaleak zizelkatu. Bizantinoek elizak eraikitzeko, arabiarrek ontzigintzarako eta Justinianok Jerusalengo Birjineran basilikako teilatua egiteko, kostata baina basotxo bat topatu eta desegin zuen. Lehen Mundu Gerran turkiarrek burdinbideak eraikitzeko erabili zuten zura hau. Victoria erreginak, koloniaren aldeko itxura lanetan, galtzeko arrisku bizian ziren zedroen bueltan harresi bat eraikiarazi zuen.
Gaur egun bai arriskua. Munduko erlijio gerrazaleenen topagune bortitzenean baitaude Libanoko zedro hauek. Gerrak eta erlijioak akaba ditzagun... zedroen alde!

Jabier Agirre


Antibiotikoak alferrik kontsumitzearen arrisku larriei buruzko ohar mediko eta zientifikoek oihartzuna izan dute, itxura batean, Espainian; izan ere, azken urteotan murriztu egin baita kontsumoa. Baina arriskua ez da erabat desagertu, ezta gutxiagorik ere. Estatu hau bigarren lekuan dago, Frantziaren atzetik, aipatutako botika horien erabilera txarrean eta abusuan. Eta horrek ondorio larriak ditu: nabarmenena, antibiotikoen sendatzeko ahalmena gutxitu edo ezabatzen duten erresistentzia anitzak sortzea.

Antibiotikoen Kontsumoari buruzko Europako Sareak (ESAC) bilera egin zuen Madrilen joan zen azaroan, eta bertan antibiotikoen abusuaren profila definitzeko bidean aurrerapausoak eman ziren, sarearen koordinatzaile José Campos-ek dioen bezala, abusu hori zenbatzen oso zaila den arren. Nazioartean gehien erabiltzen diren datuak salmentan oinarritzen dira, eta Espainiako kasuan, zifra puztea gerta daiteke, zifra horietan sartzen baitira, esaterako, hemen merkeagoak izanik beste herrialde batzuetara han berriro saltzeko eramaten diren botikak, edota turismoko lekuetan atzerritarrek egiten duten kontsumoa.

Baina, hori guztia onartu eta kontuan hartuta ere, Espainia agertzen da Europan gehien kontsumitzen duten herrialdeen artean, Frantzia eta Greziarekin batera. Zergatik kontsumitzen da sarritan gehiegi? Lehenik eta behin, automedikazioaz hitz egin beharko genuke, errezetarik gabeko salmentan ematen den baimenarekin batera -kalkulu batzuen arabera, berrogeita hamar botika errezetaturekin batera, errezetarik gabeko beste bat saldu eta kontsumituko litzateke, horrek dakartzan ondorio txar guztiekin-. Eta horrez gain, hobekuntza nabaritu orduko tratamendua bertan behera uzten da askotan, botika etxeko armairuan gordetzeko, hurrengo txanda batean berriro ere kontsumitzeko ûez errezetarik, ez medikuaren aholkurik gabeû. Zer dago horren atzean? Herritarren axolagabekeria besterik ez? Edota egiazko kontzientziazio eta heziketa-falta? Zorionez, badirudi azken urteotan martxan jarritako kanpainak emaitzak lortzen hasi direla, eta itxaropenez begira diezaiokegula arazoari.

Joxerra Aizpurua



Sakelako telefonoetan ere birusak

AEBetan detektatu berria da orain zortzi hilabete Filipinetan sortutako birus bat sakelako telefonoetan. Cabir deituriko birusa ez da oso kaltegarria, bateriak deskargatu baino ez baitu eragiten. Mundu osoko dozena bat estatutan azaldu dira jada birusak sakelako telefonoetan, baina adituak ez dira gehiegi kezkatu, telefono etxe ugari baitaude eta bakoitzak bere teknologia baitu eta, uste denez, teknologiaren desberdintasuna bera nahiko oztopo izan daiteke birusen hedapenerako. Hala ere, hasi dira sakelako telefonoetan instalatzeko antibirusak garatzen. Kaliforniako Santa Monican birusak detektatutako bi aparatuak sofistikatu samarrak ziren, zeren eta telefono izateaz gain e-mailak bidaltzeko eta Interneten nabigatzeko sistema garatuak ere bazituzten eta, uste denez, azken honetatik sartu zaizkie birusak. Beraz, irakurle, oraingoz lasai ibili.


Untxiaren arbaso zaharrenak, orain, 60 milioi urte izango zukeen

Ezagutzen den untxien arbasorik zaharrenak untxien antzera jauzi egiten zuen eta atzeko hankak oso luzeak zituen, Science aldizkarian Robert Asher eta lagunek argitara eman berri duten artikuluan adierazten dutenez. Ikerlari hauek Mongolian aurkitutako Gomphos elkemaren fosila aztertu zuten eta marraskari eta untxien familiakoa zela ikusi zuten. Gomphosek untxi eta erbiekin antz handia baldin badu ere, hainbat ezaugarri fisiko urtxintxen modura ditu, hala nola, isats luzea eta hortz txikiak. Hala ere, ikerketa molekularrei esker, urtxintxekiko hurbiltasuna baztertu egin da eta untxien familiarekin lotu dira Gomphosak.


Titanen krater erraldoia aurkitu dute

Cassini zundak radar bidezko irudi ugari ari da bidaltzen Lurrera. Titanen hartutakoetatik azkenek erakusten dute talka gogor batek eragindako krater erraldoia. Krater erraldoi honek ia 440 kilometroko diametroa du eta izugarrizko harridura sortu du ikerlarien artean zeren eta orain arteko irudi guztiek Titan leun bat erakusten zuten. Krater honek jarduera geologiko garrantzitsua adierazten du eta duen atmosferaren ezaugarriekin zerikusia izan dezake.
Aurkikuntza hau otsailaren 15ean egin zen Cassini Titanen inguruan hirugarren bira ematen ari zela 1.577 kilometroko altueran. Jakina da Titan Saturnoko ilargi bat dela eta hemendik aurrera datu gehiago izango dira bere ezaugarriak aztertzeko.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan