Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-13 16:35:30
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-03-06 -- 1982.zenb

Iñaki Zubeldia

Abenduaren 3an Zumarragan ikuskizun bikainaz gozatzeko parada izan genuen. Poesia emanaldi berezia, musikaz eta dantzaz lagundua, giro barnekoi, intimista batean. Baina, ekitaldiaren beraren gogoeta eta balorazioa egiten hasi aurretik, zilegi bekit ikuskizun horren sorrera zerk eragin zuen azaltzea. Andoni Salamerok eta Josi Labajosek poesia liburu bana idatzi eta autoeditatu zuten. Lehenengoak, Zu. Ni. Bi. Bideanà izenekoa, euskaraz. Eta bigarrenak, Por tierra de nadie izenekoa, erdaraz. Bi liburuak mamitsuak, sakonak, bizikizunez beteak, estiloz eta edukiz desberdinak, baina barruko mintzetaraino iristen zaizkizunak dira.

Eta liburuak argitaratu ondoren, argitaletxerik ez zeukatenez horien promozioa egiteko, pentsatu zuten poesia emanaldi berezi, hunkigarri batzuen bidez jendearenganaino iristea eta beren obra ezagutzera ematea. Eta egia esan, bide hori baliagarri suertatu zaie ez euren obrak ezagutzera emateko bakarrik, jendeari poesiaren xarma eta ikuskizun zirraragarri baten edertasuna transmititzeko ere baizik.

Ekitaldia jendetsua eta beroa izan zen Zumarragakoa, Legazpi Dorretxeko aretoan. Andoni eta Josi zumarragarrak direnez, herritarren babesa eta beroa gertutik sentitu zuten. Aurkezpen lanetan Pello Biain aritu zen. Erudizioz, literatur aipamenez eta sentimenduz beteriko aurkezpena berea. Hona hemen, besteak beste, Josi Labajosen poema liburuari buruz aipatu zuena: "Poema hauek irakurtzea geure inozentzia propioa eta geure hitzena berreskuratzea bezalaxe da, hitz laidoztatuak garbitzea, mintzatzen ari zaizuna asmorik garbienarekin ari zaizula ziurtatzea...". Andoni Salameroren olerkiei buruz, beste gauza askoren artean, hauxe esan zuen: "Zer helarazten digu Andonik bere liburuan? Lehenik, bizitza hau bide bat dela, eta bakoitzak bere bidea bilatu, aurkitu eta ibili egin behar duela, eta bide asko daudela, baina gizaki guztion eginkizuna dela benetako bidea bilatzea eta aurkitzea".

Eta poesia emankizuna bera zoragarria izan zen. Oso kalitate handikoa, hunkigarria eta duina. Andoni Salameroren errezitazioa hunkipenez, sentimenduz, ñabarduraz, mugimenduz, keinuz, isilunez eta ahots intonazio bariatuz josia egon zen, behar zenean tximeletaren hegaldi arin, leunaren antza hartuz edota haize burrunbaren zarata eta dardarrotsa sentiaraziz edota, Josi Labajosen armonikaren hotsarekin batera, doinu burlati, ironikoa hartuz. Hauxe izan zen niretzat momenturik apoteosikoena.

Josi Labajosen lana izugarria izan zen pianoa, gitarra akustikoa eta elektrikoa, baxua eta armonika joz eta doinu sakon, triste, alai, ironiko, intimista eta sujerikorrak interpretatuz. Era askotako doinuak interpretatzen ditu Josik, hala nola soul, funki, jazz, blues eta country tankerakoak ere bai. Poesia errezitaldian musika mota hauek guztiak nolabait presente zeudela esan genezake ukitu intimista batez blaiturik.

Eta nolatan dantzari bat emankizun honetan? Uste dut bete-betean asmatu dutela bi poetek Ana Remiroren kolaborazioarekin. Zeinen ondo sartzen zen poesiaren mamian eta nolako goxotasuna eta edertasuna ematen zion hitzezko mezu zirraragarriari eta musika sujerikor eta barnekoiari... Eta nolako edertasuna zabaltzen zuen eszenatokian barrena, giroak hala eskatzen zuenean mugimendu sentsual lasaiak edo mugimendu arin eta indartsuak interpretatuz eta mugimendu hauen bidez poesiaren eta musikaren magia konpendiatuz.

Azken balorazioa eginez, esan dezadan euskara eta erdara hain modu naturalean uztartzea, eta poesia, dantza eta musikarekin halako sinbiosia egitea lorpen izugarritzat jotzen dudala. Hauxe zen nik ekitaldi garaian egiten nuen gogoeta: zein aberatsa den elebidun izatea eta bi hizkuntzetan emandako mezu eder eta hunkigarriak ulertzeko gai izatea. Zenbat hobeto biziko ginatekeen denok elkarri ulertzeko gai izango bagina eta denok elkarrena errespetatu eta maiteko bagenu.

Xabier Gurrutxaga

Datozen urteetarako euskal politikaren nondik norakoak apirilaren hamazazpian egingo diren hauteskundeetako emaitzek argituko dizkigute. Gau horretan jakin izango dugu Ibarretxeren egitasmoa bezala ezagutu dugunak berezko ibilbiderik duen ala ez. Hau da, egungo Autonomia Estatututik harantzago jaurtiketa erradikala egiteko masa kritiko nahikorik baden. Abenduaren hogeita hamarrean euskal parlamentuak onartu zuen Estatutu Berria negoziaziorako tresna baliagarria izango da baldin eta gaurko hiruko gobernua osatzen duten alderdiek gehiengo absolutua lortzen badute. Kontuan izanik euskaldunon erabakitzeko eskubidean oinarritutako autogobernu berri baten alde jeltzaleek duela urte batzuk hartutako erabakiak zailtasun politiko handiak dituela errealitatean gauzatu dadin, ezinbestekoa zaio abertzaletasun horri gehiengo oso hori lortzea Estatuko ordezkariekin modu eraginkorrean negoziatu ahal izateko.

Baina estatuko ordezkariekin baino lehenago elkarrizketa eta negoziazioa Euskadin eman beharko da oraingoan bertako herri ordezkarien artean. Emaitzek esango digute zein izan beharko lukeen akordioaren eduki nagusia. Eduki horri dagokionez bi joera nagusi nabarmen ditzakegu gaur bertatik. Abertzaletasunaren eta Ezker Batuaren garaipen argi batek posible egingo luke Jesus Egigurenek ordezkatzen duen sozialismoarekin elkarrizketa eta negoziazioa euskaldunon erabakitzeko eskubideari buruz. Beste gauza bat litzateke herritarrek gehiengo osoa sozialisten eta popularren emaitzen esku utziko balute. Hipotesi hau konfirmatuko balitz hauteskundeetan euskal politika beste koordenada batzuetan mugituko litzateke sozialisten zuzendaritzapean eta autogobernuaren eztabaidak beste norabide bat hartuko luke. Aipatu aukera hori emango balitz kolpe ikaragarria suposatuko luke abertzaletasunarentzat eta, batez ere, Ibarretxe lehendakariak azken lau urte hauetan eraman duen estrategiarentzat. Aldaketa sakonen premia begi-bistakoa litzateke ustezko egoera horretan, nahiz eta gaur egun Ibarretxek babes osoa izan jeltzaleen munduan.

Probabilitate hori posible al da egungo errealitate elektoralean? Galdera honen erantzunak Batasunarengana garamatza zuzen zuzenean. Batasunak ordezkatzen duen ezker abertzaleak ez badu lortzen hauteskundeetan modu legalean egotea, uste dut orduan bakarrik izango litzatekeela posible sozialisten eta popularren arteko emaitzen baturak gehiengo osoa lortzea, eta hori gainera konfirmatuko balitz sozialisten igoera handiagoa dela popularren jaitsiera baino. Ez da erraza, baina, Batasuna Legebiltzarrean ez badago, posible da. Eta zer ondorio izango lituzke besteengan Batasunak hurrengo legegintzaldian ordezkaritza parlamentarioa izateak? Behin baino gehiagotan esan ohi dudan bezala, bere ordezkaritzaren pisu politikoa baino askoz ere pisu eta eragin handiagoa izango luke euskal politikan. Hau da, politikaren nondik norako bat baino gehiago baldintzatzeko moduan legoke. Gehiengo absolutuaren posibilitatea itxirik geldituko litzateke PSOE-PP bikotearentzat eta, segur aski, baita gaurko hiruko gobernuarentzat, eta horrek aukeren eta alternatiben mundua zabalduko luke. Besteak beste, euskal politika bi ardatz nagusien arabera taxutzeko aukera azalduko litzateke. Bata, jeltzaleek eta agian EAkoek sozialistekin osatu dezaketen ardatza. Bestea, ETArik gabeko ezker abertzaleak PNV-EA bikotearekin hitzartu dezakeena. Bi eszenatoki guztiz diferenteak, bietan jeltzaleak barneko eztabaida bat baino gehiago egitera behartuak.

Eta Batasuna prest al dago politika eraginkor hori egiteko, hartu behar dituen erabakiak hartzeko? Alegia, prest al dago Anoetako proposamenaren arabera etxeko lanak egiteko etxekonekoei pilota ate aurrean utzi baino lehen? Txomin Iturbek aspaldi esan omen zien, esan behar zienei, Aljerreko elkarrizketak zirela-eta, negoziatu dezagun negoziatzeko zerbait dugun bitartean. Alperrik, ordea. Gizona baita harri berdinean estropezu egiten duen animalia bakarra.

Rosa Martin Sabaris

Argazkilaria zeharo nazkatuta zegoen aurreko egunetan bere inguruan izan zuen goseaz. Lanegun gehiegi zeraman beltz negarti haiek erretratatzen. Atsedena behar zuen eta herrixka zikin hartatik urruntzeko asmotan paseatzera irten zen. Kilometro bat harantzago, basamortua da dena, 44 gradu, harea larria eta kiskalitako haizea baino ez. Argazkilariak lauzpabost urteko neskatila beltza ikusi du Ayod herriko jantokira hurbildu nahian. Astiro, begiak hautsetik babestearren esku beltzak aurpegian, zangoak apur bat tolestuta bere burutzar beltza gehiago ez makurtzearren. Klik, argazkilariak lehen argazkia egin du. Neskatila aurrera egiten saiatu da. Klik, beste angelu bat. Neskak estropezu egin du eta lurrera joan da belauniko. Klik, beste argazki bat, klik, klik, klik. Argazkilariak amaitu du eta badoa, tente.

Baina une bat geroago, pentsatzen hasi da, barrunbea irauli zaio eta zerbaitek neska beltzarengana itzuli behar duela esan dio. Neskato beltzak lurrean uzkurtuta jarraitzen du, bere ondoan putre erraldoi bat duela, putre zuri-beltz handia. Argazkilaria arretaz mugitu da, putrea ez uxatzea nahi du beste ezer baino gehiago, eta poliki-poliki hurbildu da. Klik, klik, klik. Ondoren, urrundu eta herrira itzuli da.

"Inoiz ez nuen pentsatu argazkiarekin Pulitzer irabaziko nuenik. Egiten ari nintzela, banekien izugarrizko indar dramatikoa zuela, zirrara handia eragingo zuela. Sentitzen dut hau esan behar izatea, baina ez nion neskatxari laguntzarik eman. Alde egin nuen, eta han utzi nuen. Ez zen bidezkoa izango berari bakarrik laguntzea, gosez zegoen ume mordo hura kontutan hartuta, bidegabekeria izango zen". Sudan, hegoaldeko suduna, Sudan, Bitad al-Sudan arabiarretik, beltzen lurra.

Antzeko zerbait idatzi nuen duela hamaika urte. Argazkia famatu egin zen, eta handik gutxira, argazkilariak bere kotxeko ihes-tutuan beste tutu bat jarri, kotxean sartu, leihatilak itxi eta bere buruaz beste egin zuen, 33 urte zituela bere errutik ihesi.

Hamaika urte igaro dira eta asko aldatu da dena. Gaur goizean zuri-beltzeko beste argazki bat ikusi dut egunkarian. Hurbilagoa zait, antz handiagoa du nirekin, Bilboko Otxarkoaga auzoan bizi da eta 38 urte ditu argazkiko emakumeak. Intimitatea gordetzeagatik aurpegia desenfokatu diote, konorterik gabe daramate poliziek. Zuri-beltzak ez dit odola ikusten uzten, baina jipoi bat eta lau labankada daramatza gainean, eta 11 urteko alaba ondoan. Maria de Gracia du izena, eta orain Basurtoko ospitalean dago.

Aurreko astean dei bat jaso zuen Maria de Graciak. Telebistara joateko, jendea telefono mugikorraren bitartez ezagutu duten gonbidatuak behar zituztela, eta berak bazuela zer kontatu. Eta mila zalantza izan bazuen ere, telebistako erredaktorearen beste hamaika dei jaso eta gero, azkenean joan egin zen. Eta hantxe eseri zen koloretako besaulkian, argi-fokuez inguratuta, kamara aurrean bere lekukotza ematera. SMS mezuei esker lagun berriak egin zituela esan zuen. Senarra izandakoa ikus-entzule nonbait.

Orain Maria de Graciaren irudiak eta ahotsak askoz gehiago balio dute. Albistegi batean atera litezke, edo emakumeen aurkako bortxakeriari buruzko dokumental batean protagonista izan liteke, edo munduko Goya eta Oscar guztiak irabaz litzakeen luzemetraia batean, beharbada. Baina datorren astean gure telebistako talk-showak emango duen saioaren izenburua zera da: ¨Por qué no lo olvidamos y empezamos de nuevo? Eta bertan ere parte har lezake. Akaso senarrarekin batera.

Komunikabideen burrunbaren oihartzunak. Hamaika urte, Ayod eta Otxarkoaga, hain urrun, hain hurbil.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan