Sandra Ott: «Amodio handia behar duzu Santa Grazin bizitzeko»


2005eko otsailaren 27an
Alemanen kontrako erresistentzia zenuen ikergai, oker ez banaiz. Jean-Louis Davanten pastoralak bezala esatera, Xiberuko makia. Horixe ikergai...
Lehen-lehenik bai, baina gero haboro ikasi behar nuela ikusi dut eta, orduan, XIX. mendera joan behar izan dut, hirondelak ikastera.

Hirondelak?
Bai. Hirondelak neskak dituzu, Aragoitik eta Nafarroatik 1890ean Maulera jinak lan egiteko espartin fabrikan. Horregatik, Espainiako herri txipi bat duzu Maulen sasoi hartan. Hasten dut ene lana denbora hartan eta, gero, ikasten dut Zuberoako bizitza eta politika XX. mendean. Espainiako gerra denboran eta alemanen okupazioa baino aitzinago, beraz.

Makiak aztertzeko interes handia ere baduzu...
Bai, interes handia badut, eta xiberotarrek ere badute interesa erresistentziari buruz. Xiberuko makia pastorala ikusi dut eta jakin dizut erresistentzian izan direla bi talde: Corps Franc Pommiès eta L'Armée Secret. Corps Franc Pommiès erresistentziako nagusi izan duzu Clement de Jaureguiberry, Zibozekoa. Bigarren makian, L'Armée Secret horretan, nagusia izan duzu Maulekoa: Pierre Beguerie. Bi makia horien historia ikertzen dut. Denbora hartako testimonioak xerkatzen ditut eta jendeekin, emazte eta gizon zaharrekin, elestatu naiz.

Jendea aise mintzo zaizu? Kontatzen dizkizu aldi hartan gertatuak?
Bai. Atzeman dut jende anitz nahi duena elestatu Alemaniako okupazioaz. Baina ez duzu ber gauza Espainiako gerra denboraz. Nekezago duzu horretaz jendeekin elestatzea…

Zer zen makiek egiten zuten borroka?
Normalean sabotajeak izan dituzu elektrizitatean, zubian, bidean… ez armekin. Baina ukan duzu bost borroka handi Zuberoan, bost eraso alemanei; bat hemen, Maulen, Bildozen. Eta beste tragedia handi bat ukan duzu Ospitalepean, 1944ko arramaiatzean, ekainean. Historia hau behar dut izkiriatu, baina neke duzu. Oraingo jendeak nahi du detaile oro kontatu, baina nire lana ez duzu gerrako akto denen egutegia egitea. Atzeman dut zenbaitez aiseago elestatzeko emazteekin.

Emazteek ere parte hartu zuten erresistentzian?
Ez erresistentzian, baina emazteak aiseago elestatzen dira, aise eta eder, okupazioko denboraren gainean. Ez dakit zertako. Zenbait gizon erresistentzian izan dituzu eta behar ukan du soldadu bat izan. Eta xuxen-xuxen oro erranen dizu: zenbat arma, zenbat eraso, zenbat preso… eta hori ontsa duzu, baina nik nahi nuke ikasi nola zen bizitza, nola zen jendea, eta normalean gizonek beste kontuak dituzte: aktoak eta erasoak zer egunean, zer tenorean, eta zenbat arma, zenbat granada…

Eta, bistan da, hori ez da zure interesekoa.
Bai, baina ez. Behar dut beste lana egin, orduko Mauleko jendeen bizitza ikasi.

Zerk ekarri zaitu gai honetara?
1976an hasi nintzen. Santa Grazin izan ninduzun beste lan baten egiteko, baina han entzun nuen, abantzu 30 urte lehenago, makia izan zela Santa Grazin berean: L'Armée Secret. Gainera, entzun dut beti mugalarien historia: Frantziatik eta Iparraldetik Espainiara joan ziren jendeak, juduak ihesi lehenik, eta, ondotik, santa grazitarrak eta xiberotarrak Nafarroara joanak, ardien begiratzeko, gasnaren egiteko. Hemen baduzu beti-beti jendeen trafika hori. Gerra denboran ere bai. Entzun dut zenbait historia triste baina 1976an Santa Graziko jendeak ez zuen nahi sobera elestatu eta nik errespetatu dut haien gogoa. Handik landa, jin nauzu Zuberoara 2001ean eta Jean-Louis Davanten pastorala ikusi dut Sohütan, Xiberuko Makia, eta hasi dut ene lana, oraingoa: alemanen okupazioa Bigarren Mundu Gerran. Aitzinean, interesa izan dut, baina pastoralean izan nauzu eta pentsatu dut: "Sohütarrek pastorala, erresistentziaren gainean!". Pastoral horretan ikusi dut jendea, zenbait negarrez, zenbait interes handiarekin, zenbait… orotarik. Gero kontrobertsia izan da Zuberoan.

Kontrobertsia? Zergatik?
Zenbaitek uste izan du gaia oso presente zela, oso delikatua zela. Normalean, pastoralaren gaia aspaldikoa duzu…

Gai historikoa...
Bai, eta makia ez duzu aspaldikoa, eta baduzu jendea oraino bizi dena.

Jende asko bizi da denbora hartako testimonioak emateko moduan? Horien lekukotasunak biltzen eman dituzu azken bi hilabeteak…
Baduzu, bai, ez anitz baina baduzu. Ez dakit zenbat, ez ditut kontatu, baina lauretan hogeiren bat bai, hain segur.

Aise izkiriatuko duzu liburu bat...
Bai, badut bi libururen egiteko!

1976an Zuberoara lehenbiziko aldiz heldu zinenean beste proiektu bat zenuen asmo. Ikerketa burutu eta liburua izan zenuen emaitza orduan ere: The Circle of Mountains. Santa Graziko komunitatea xehe-xehe aztertu zenuen bertan...
Hala egina dut, bai. 1976an nahi nuen lehengo kostumak eta lehengo bizitza begiratu: lehengo erritoak, lehengo olak, ardiak, artzainak… Enetako interesgarri izan duzu lehengo bizimoldea ikertzea. Oraingoa egiteko on izan dut, gizon eta emazte zaharrekin elestatzeko... Ez dut ber gauza egiten orain baina testimonioak entzuten ditut. Prozesua bera da, amiñi bat.

Asko aldatu da Santa Graziko komunitatea?
Bai eta ez. Anitzez txikiago duzu orain. Ez duzu berrehun jende eta baduzu anitz etxe hutsik, edo zerraturik, edo ama eta seme bat ez ezkondurik bizi direna. Auzo batean badira bost etxe eta bi familia. Besteak hilik edo Pauera edo Bordelera joanak dira. Santa Grazin orain ez duzu auzorik. Etxeak hutsik dituzu eta ez duzu posible auzolana egitea lehenago bezala, ekonomia aldatu duzu. Nik antzeman dut bizitza haboro etxe barnean egiten dela. Lehengo jendeek egiten dute oraino txerri hiltzea, baina ez baituzu auzorik, senideekin egiten dute. Baduzu ola bat, bakarrik, gasna egiten dizu, baina besteak hutsik dituzu. The Circle of Mountains ene liburuan esplikatu dut anitz bizitza hura, baina ez duzu haboro.

Oxfordeko Unibertsitateko antropologo zinen Zuberoara etorri zinen denboran. Nola jo zenuen Santa Graziko komunitatea aztertzera?
Izkiriatu dut lehen aldiz William Douglassi Renora. Ez dut ezagutu, baina izkiriatu dut. Bere liburuak irakurri ditut. Franco hil ondoan zen, justu, 1975ean. Berak erran zidan: "Sandy, zoaz Iparraldera, ez duzu beste antropologorik han". Orduan, nik izkiriatu dut Eugene Goiheneche, Uztaritzen bizi baitzen. Gero, Euskal Herrira heldu nintzelarik, berriz izan nauzu Eugenerekin. Eta erran diot: "Eugene, nahi nuke eskuaraz ikasi. Nahi nuke herri txiki bat!". Eta lehen aldiz jin nauzu Eugene Goyenetcherekin Santa Grazira, bertako pastoralaren ikustera, 1976an. Gero, Donibane Garazi ondoan izan nauzu hilabete bat, Mendeberri ikastolan; hau ere ez duzu haboro. Han ikasi dizut euskara batua, eta nik erran diot zuzendariari: "Behar dut xiberotarrez ikasi!". Orduan atzeman dut ene lehenbiziko euskarazko gramatika Oxforden: XIX. mendekoa, Grammaire Basque, baina xiberotarrez, Louis Gezek egina. Hilabete batez ikasi dizut rez eta handik landa joan ninduzun Eiherelarrerat. Marcel Etchehandyren tanta, izeba bat han bizi zela uste dut, eta han igaro dizut hilabete bat manexa ikasteko amiñi bat. Handik Santa Grazirat. Han atzeman dut Txomin Peillen, eta Txominekin ene familia, Irigarai Kurutxaga. Gaixoa! Galdu dizugu ene etxeko andere zaharra orain dela lau hilabete. Hil duzu 91 urtetan. Han egin dizut urte bat eta gero atzeman dut oraingo Santa Graziko etxea, Goiartian.
Ari zara, eta neure buruari erraten diot ez dudala beste estatubatuarrik ezagutzen xiberotarrez hitz egiten duenik…
Badituzu amerikano eta amerikantsak, baina euskaldun berriak ez anitz.

Are gutxiago xiberotarrez mintzo denik...
Segur.

Neke izan zen euskararen ikastea?
Bai, neke, eta nekez ematen dut, ez ontsa, baina Santa Graziko ene irakaslea izugarri on izan duzu, beti zorrotz, izugarri zorrotz. Egun oroz ibili behar duzu jendeekin, lan egiteko arto sartu eta zuritzen, belar egiten, txerria hiltzen... Nik egin dut bederatzi txerri hiltze, txerriboda, ene lehen urtean. Behar duzu hiru egun txerri hilketa batentzako, eta nik bederatzi egin ditut, segidan: hogeita zazpi egun txerri lanean!

Oraingo egonaldi honetan ere bi txerri hiltze egin dituzu, eta beste bat duzu zain...
Bai.

Ikustekoa izan behar du estatubatuar antropologoa txerria hiltzeko lanetan. Maite duzu ofizioa?
Ez, lan txarra duzu baina gero on duzu jateko.

Zerbait izkiriatu duzu txerri hiltzearen gainean…
Bai, izkiriatu dut, baina ez duzu antropologia ez autobiografia, beste molde bat duzu: poema. Baditut poema zenbait izkiriatuak, Santa Graziko familiaren gainean, txerri hiltzearen gainean. Bata publikatua duzu Antropology of Food aldizkarian, ekainean.

Euskara batua ere badakizu, zertxobait...
Ez dut sekula ikasi, irakurtzen dut zerbait, eta praktikatzen amiñi bat.

Txerri hiltzea aldatua da lehengo denboratik hona?
Ez. Santa Graziko etxea izugarri tradizional duzu. Baditugu hiru generazio etxean, eta xerrika da lehen bezala. Hemen, Zuberoan, jendeak normalean ekartzen dizu albaitaria, baina ene etxean ez.

Hogeita hamar urte dira Santa Grazin izan zinenetik. Orain, zinez aldatu da herria. Uste duzu biziko dela Santa Graziko komunitatea?
Ez duzu erraten ahal. Gazteak ez du nahi han egon. Artzainen bizitzea ez duzu aise. Zazpi egun astean, aste oroz. Ez duzu bakantzarik ere. Amodio handi bat behar duzu Santa Grazin bizitzeko…

Irakasle zara Renon, Euskal Ikasketen Zentroan. Inguruan bada xiberotarrik...
Bai, ikasle bat baduzu, haren gurasoak dira xiberotar: Argitxu Etchecopare. Baina ez duzu haboro. Herrian baduzu Louis Erregibel, ez dizu eskuara ematen, baina mauletarra duzu.

Renon ez da Louis Erregibel ezagutzen ez duenik: Louis' Basque Corner jatetxe ezaguneko jabea...
Hasi duzu negozioa 1966an uste dut, Lorraine emaztearekin. Han ez duzu Zuberoako jatekoa, baina mauletar duzu Louis, eta izugarri jentil duzu.

Zure eskolara eraman izan duzula dakit…
Bai, Basque Culture da ene gaia eta gonbidatu ditut Louis eta Lorraine ikasleak ezagutzeko. Azken hiru eskoletan diaspora ikasi dugu: Ameriketako euskaldunak. Orduan, gonbidatu ditut biak. Louis Erregibel elestatu dizu emigrazioa nola zen 1948an, zertako utzi dizun Maule eta bere bizitza Euskal Herrian, eta nola atzeman dizun bere bizitza berria Nevadan. Bere osaba han izan duzu: beste mauletar bat, Joseph Erregibel. Ardi saldo bat eman dio osabak Louisi: 2.000 ardi. Gainera, mendian lo egiteko zakua, zaldia, janari pixka bat eta "Zoaz mendira!" erran dio. Louis izan duzu mendian bi aste bakarrik eta erran dio osabari: "Ez dut hori ene lana. Nahi nuke kozina egin!". Orduan, kanbiatu dizu bere lana Renon, kasinoan. Kozinero. Horrela hasi duzu Louis Renoko kozinaren egiten. Eta eskolara ekarri dut. Baina, klasean, gaixoa Louis! hasi duzu elestatzen bere gerra denboran ukan duen esperientziaren gainean. Nik ez dut galdegin. Bera da hasi: "18 urtetarik izan naiz evadee STO-n (Service de Travaux Obligatoire). Ibili nauzu Espainiara beste 18 gazterekin, eta bi bakarrik itzuli gara berriz gerraren ondoan bizirik!". Eta negarrez hasi duzu... Negar anitz egin eta gero aldatu dizu tema. Azken klasean, esamina finala egin eta gero, ia denak, ibili gara Louis Basque Corner-a.

Xiberotar askorik ez da AEBetan...
Ez, ez duzu anitz. Gutxi duzu. Baduzu anitzez haboro Argentinan, nik uste, eta Montevideon. Amerikan badituzu Aldudekoak, Baigorrikoak, Bankakoak… baxenafarrak bai, baina xiberotarrak anitz ez. Xiberotar izan duzu Nevadako autore handiena, Robert Laxalt! 1950 inguruan xiberotarrak haboro izan dira Susanville-n (Kalifornia). Baina orain ez duzu xiberotar anitz Nevadan ez Kalifornian...

Pastoralak on
«Lau pastoral ikusi ditut. Santa Grazi, Xiberuko Makia... Azkena, iaz, Antso Handia, Maule berean. Beti dira luze, baina hau Zuberoako pastoralaren moldea duzu. Antso Handia atzeman dut izugarri eder, kostumak, kantuak... Pastorala gauza izugarri on duzu, jendeentzako, herrientzako, gazteentzako. Zenbait aldiz ikusi dut gazteak euskaraz ez dutela nahi elestatu baina gero nahi dizute pastoralean lan egin. Ez duzu euskara anitz eman behar pastoralaren egiteko baina han baduzu Euskal Herriko giroa eta mintzaira… Pastorala egun handia duzu Zuberoan».

Bertsoa

Doinua: Lagundurikan danoi

Urrunetik gertura,
atzotik gaurrera,
bidaiatu nahi duzu
galderaz galdera.
Hizketan jaso eta
gero paperera,
gertatu zena zer den
ohartuko gera,
baina altxorra ez al da
testigantza bera?

Mauletik Pauera
«Orain Pauera noa. Han Departamenduko artxibategian eginen dut lan Espainiako Gerraren gainean eta alemanen okupazioaren gainean. Baimena ukan dut Pariseko gobernuarena, Vichyko agiriak irakurtzeko. Nahi nuke anitz ikasi. Interesgarri da komunisten historia ere. Maulen xuri eta gorri izan zirela erraten dugu baina badakigu komunistak ere izan zirela. Orain bezala. Ez anitz, baina badituzu. Horien zuhainak hasi dituzu Espainiako Gerraren denboran. Hemen jendeak oraino erraten du 'La Revolution', ez du erraten 'La Guerre civil espagnole'. Ene lana ez da sekula fini, baina oraingo hau behar dut bukatu, Zuberoako jendeen testimonioak bildu eta artxiboko lana finitu. Liburua izkiriatzen hasi behar dut».

Nortasun agiria
Euskaldun berria zubereraz mintzo. Sandra Ott, antropologo bat Maulen. Hogeita hamar urte lehenago egonaldi luzea egin zuen Santa Grazin. Xehe-xehe aztertu zuen bertako jendeen bizimodua eta liburua argitaratu: The Circle of Mountains. A Basque Shepherding Community. Santa Grazin artzaina nagusi zen garaiko kontuak. Orduan ez bezalako gaia du orain esku artean baina, orduan bezala, atez ate jo du informazio eske. Egun, alemanek okupatu zuten Zuberoa hartaz urregorrizko datuak ditu Sandra Ott-ek. Estatubatuarrak atera behar dizkigu babak eltzetik beste behin.

Grabagailurik ez
«Duela hogeita hamar urte Santa Grazin nintzelarik, jendeek ez zuten elestatu nahi erresistentziaren gainean. Orain bai, zaharrek nahi dute, urgentzia dute elestatzeko, usu. Zenbaitek erran du: ‘A, Sandy, zurekin aiseago duzu elestatzea. Zu ez zara Corps Franc Pommiès, ez zara L'Armée Secret; ez xuri, ez gorri; ez eskuin ez ezker, zu kanpoan zira’. Atzeman dut jende anitz, izugarri jentil. Gainera nik ez dut deus grabatzen. Aiseago da gabe. Ez da hainbeste tentsio. Zaharrekin elestatzen ari eta nik beti izkiriatzen dut ber denboran. Gero, berriz elestatzen naiz jendeekin, segur izateko. Hau da ene lan egiteko moldea. Eta jendea kontentago da».


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude