Nola baloratuko du euskara etorkinak guk berea baloratzen ez badugu?
Malores Etxeberria
Unibertsitateko irakasleek, halaxe baitziren lehen eguneko lau hizlariak, herri hartzaileetako eta bidaltzaileetako egoerak aztertu zituzten. Europako herrialde hartzaileetan, iparraldeko herrialdeetan eta Herbehereetan nagusiki, etorkinen integraziorako irakaskuntzan aplikatzen diren baliabide eta esperientzien berri eman zuten. Urte askotako esperientzia dute herrialde hauetan, eta baliabide ugari bideratzen dituzte zeregin honetara, kultur eta hizkuntz aniztasuna aberastasun iturri den uste osoarekin, nahiz eta azken urteotako joerek asimilaziorako gogo handiagoa erakusten duten integraziorako baino. Zalantza bera agertu dute bai Suediako irakasleak eta baita Herbehereetakoak ere.
Herrialde bidaltzaileen ordezkari, Hector Muńoz, txiletarra, Mexikotik Amerikako Estatu Batuetarako emigrazioaren garrantziaz eta honen ondorio ekonomiko, politiko nahiz hizkuntzazkoaz aritu zen. Hizkuntzari dagokionean azpimarratzekoa da egin zuen adierazpena, alegia, emigrazio honen eraginez indigenen hizkuntzak, sorterrian azpiratuak eta gutxietsiak, biziberritzen ari direla jatorrizko lurraldetik kanpo, eta, ondorioz, baita jatorrizko lurraldeetan ere. Lanak eta bizimodua atera beharrak elkartuta, talde oso egituratuak eta dinamikoak sortu dira Amerikako Estatu Batuetan eta berauek dira hizkuntza indigenak sustatzen eta indartzen ari direnak.
Mohand Tilmatine amazight etniakoa (berberea), berriz, berbereen integrazioaz eta identitateaz aritu zen. Berbereak maiz arabiartzat hartzen dira Europan eta ez zaie aitortzen beren identitate eta hizkuntza, ezagutu ere ez dugu egiten askotan, eta arabiar klasikoko eskolak ematen dizkiegu beren ama-hizkuntza arabiera delakoan. Fenomeno bera beste kultura eta herrialde askotako etorkinekin ere gertatzen da, Hego Ameriketakoekin esaterako. Ekuadortik edota Boliviatik datozkigunak gaztelaniaz mintzo direla uste dugu eta, aldiz, ketxuaz edo aimaraz ari dira. Honek erakusten du zer nolako informazio falta daukagun datozkigun pertsona hauen jatorrizko hizkuntzaz.
Informazio zuzena izatea funtsezkotzat jo zuten bigarren eguneko hizlariek ere, Kataluniatik etorriak asko, eta, berriro ere, hizlari trebeak bezain didaktikoak direla erakutsi digutenek.
Artur Noguerol irakasleak integrazioaren bidean eskolak duen zeregin garrantzitsua azpimarratu zuen eta integrazioa etorkinari bertako hizkuntza irakastea ez ezik, bertakook beraien hizkuntzak ikastea ere badela adierazi zuen. Eta hiztun eleanitzak sortzeko helburuarekin Kataluniako eskola batzuetan hizkuntzez jabetzeko duten Evlang programaren berri eman zuen. Eskola bakoitzak bere proiektu berezitua izan behar duela adierazi zuen eskola horretan irakasten diren eta presente dauden hizkuntzak kontuan hartuta. Hizkuntzak, bestalde, ez dira bakoitza bere aldetik eta aparteko moduan irakatsi behar, elkarlotuta eta harreman estuan baizik.
Helduen hizkuntz integrazioari dagokionean, Dolors Solá hizkuntz normalkuntzarako teknikariak Voluntaris per la llengua programaren berri eman zuen oso modu sutsu eta erakargarrian. Euskal Herriko mintzalaguna, berbalaguna... antzeko programa da hau.
Amaitzeko, Carme Junyent-ek hiztun anitz hauen etorrerak hilzorian dauden katalanari eta euskarari aukera berria ematen diotela adierazi zuen hizketaldi guztiz interesgarrian.
Grup d´Estudi de Llengües Amenaçades taldeko ordezkariaren esanetan, elebitasun egoerek hizkuntza gutxituaren ordezkapen prozesuan amaitzen dute, beti. Eta irauten duten hizkuntza gutxituak egoera anitzagoetan daudenak izaten dira. Horregatik, eta gure (katalana nahiz euskara) egoera elebidun hilgarritik salbatzeko aukera ikusten du berak etorkinen uholde hau. Hauek beren hizkuntza gutxituaren kontzientzia hartzen duten neurrian baloratuko dute gure hizkuntza gutxitua ere. Baina, noski, guk beraien hizkuntza gutxitua baloratu egin behar dugu horretarako. Berbereei edo aimarei gaztelaniaz hitz egiten badiegu, beraiek ere arabierara edota gaztelaniara joko dute, beren hizkuntza baztertuz, eta, orduan, akabo beraien tamazight eta aimara eta akabo gure katalana eta euskara ere.
Euskaldunon errealitateari hurbilenetik heldu zion hizlaria izan zen Carme eta entzuleok eskertu genuen hurbilpen hori. Izan ere, ez da gauza bera hizkuntza normalizatua dagoen komunitatera datozen etorkinekin sortzen den egoera eta hauen integrazioa bideratzeko egin beharreko lana edota bertako hizkuntza oraindik normalizatu gabe egonda, beste hizkuntza bat nagusi den komunitate batean sortzen den egoera, Euskal Herrikoa kasu. Aurreko etorkin uholdeak eragindako egoera normaldu gabe beste uholde bat datorkigu, lehenengoa baino ahulagoa, oraingoz, baina bigarren uholde honek badirudi batzuetan estali egiten duela lehenengoa, eta, haren balantze erabatekoa egin gabe egin nahi diogula aurre bigarren honi. Etorkinez osatutako mahai-inguruko amazight-ak gogorarazi digu: "Ni Bilbora Kataluniatik bueltan nentorren. Katalunian hasia nintzen katalana ikasten, baina Bilbora etorri beharra egokitu zitzaidan. Buruan nekarren etorri bezain laster euskara ikasten hastea, Bilbon euskaraz hitz egiten zela uste bainuen. Bilbora iritsi eta konturatu nintzen jendea gaztelaniaz bizi zela. Urte mordoxka daramat hemen eta beti buruan dut euskara ikastea, baina oraindik ez dut ikasi. Bilbon ez da beharrezkoa eta ikasteko aukerak ere ez daude oso eskura. Haurrak ere askotan gaztelaniazko irakaskuntzara biderarazten dizkiguzue..."
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.