artikulu nagusira itzuli
«Gemma Zabaletarekin dudan harremana, oraindik ez da normaltzat hartzen, tamalez»
EAEko Legebiltzarrean Berdintasunerako lege proiektuaren ebazpena onartua da. Zergatik SAren abstentzioa batzordean?
Hasieran osoko zuzenketa jarri genion proiektuari, legean jasotzen zena nahikoa ez zelako. Legea aztertzean hutsune asko ikusi genuen, baita emendakinen bidez hobetu beharra ere. Gure zuzenketak onartzea ez da erraza izan, eztabaida burutu eta gauzatu ahala gure jarrera egokituz joan da, eta eskubide horietako asko -oso funtsezkoak- onartuak izan dira. Legeak ez du hirukoak proposatu zuen bezala aurrera egin, legea hobetu da gure emendakinei esker. Orain, berau osoko bilkuran eztabaidatzea eta lantzea proposatu dugu. Horregatik gure abstentzioa. Osoko bilkuran 40 emendakin inguru aztertuko ditugu. Oraindik ere aldaketak sarraraziko ditugulakoan ari gara lanean.
PSE-EErekin bat egin duzue abstentzioan.
Bai. PSEk abstentzioa planteatu du beste arrazoiengatik. Baina jarrera orokor bateratua ere bageneukan, osoko bilkuran emendakinak proposatzeko asmoa, adibidez. Guk negoziatzen segitu nahi dugu. Adibidez, Euskal Herria -kontzeptu bezala- sartu dugu legean lurraldez lurraldeko instituzioekin elkarlanean aritzeko. Hori onartzeaz gain, genero indarkeriaren inguruan neurri bereziak hartuko dira. Lan esparru horren barnean eta Euskal Herrian bakarrik egongo den Pentsio-fondoaren bidez tokian tokiko auzitegian emakumeen eskubideak gauza daitezen. Hala nola, hirugarren adineko osasun eta hezkuntza esparruan.
PSE-EEko Gemma Zabaletaren ondoan agertu zara beste behin ere hedabideetan. Harreman ona duzue. Elkarlanean betiere?
Egia da harreman onak ditugula, eta ez bakarrik biok. Ez daukagu inongo arazorik edozein gauzaz hitz egiteko, are gehiago, gure lorpenak ez dira gehiegi zabaltzen -berari guri baino zailagoa baitzaio zerbait adostu dugula agertzea-. Joan den egunean, batzordeko zuzenketak egin baino lehen berak bere taldearen abstentzio jarrera azaldu zigun. Guk ere berdin egin genuen. Berak eta nik argi daukagu gauzak hitz egiten konpontzen direla, ez dugu hitz egiteko beldurrik, ezta arazoak elkarlanean bideratzeko. Dena den, gero eta gehiago elkarlanean ikusi izanagatik, gure harremanak ez luke gauza deigarria izan beharko. Tamalez, oraindik ez da harreman normaltzat hartzen.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.