Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-02-20 -- 1980.zenb

Katixa Garate



Kultur aniztasuna jokoan

Globalizazioak geroz eta pisu handiagoa duen garaiotan, gaitza da herri bakoitzak bere kulturari eustea. Gaitzago, interes ekonomikoak atzean daudenean eta haien atzean herrialde indartsuenak. Kultur aniztasuna babesteko akordioa lortzearren, Unescoko 190 herrialde kideetako ordezkariak bildu ziren Parisen, urtarrilaren amaieratik otsailaren 12ra arte, Unescok deituta. Ez da lehen aldia, 2001ean kultur aniztasunaren aldarrikapen unibertsala onartu zuen erakundeak eta hura babesteko beharraz ohartarazi. Aldizkaria ixterakoan bukatu gabea zegoen Parisko biltzarra, baina zaila da imaginatzea akordioa erdietsiko dutenik. Alegia, kulturen altxorrak ez duela diru gosea garaituko.


Nafarroako Bertso Txapelketa gertu

Lakuntzan (Sakana) izango da aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketaren finala, martxoaren 13an. Duela 24 urte jokatu zen Sakanan (Etxarri-Aranatzen) finala azkenekoz eta lehenengoz eta bertan egitea bertsolaritzan azken urteetan izandako zabaltzearekin lotu dute antolatzaileek. Joan den asteburuan jokatu zen lehen finalaurrea Larraintzarren eta hurrengo biak Goizuetan (hilak 19) eta Iruritan (otsailak 27) izango dira. Aurten hiru lagun izango dira txapelketan estreinakoz: Oier Lakuntza, Diego Riaño eta Miguel Mari Elosegi Luze.


Bost kontinenteetako musika tresnak

Mundu osoko laurehun eta berrogeita hamarretik gora musika tresna bildu dituzte Gasteizko Vital Kutxaren aretoan Mundu osoko instrumentuak. Ikusteko musika goiburupean. Fernando Martínez de Viñaspre komisarioak Irungo instrumentu bildumazale ezagun batzuen funtsetatik aukeratu ditu martxoaren 13a bitarte zabalik izango den eraskusketan paratutako tresnak... Laurogeita zortzi herrialdetako instrumentu horiek ikusita, kontinente bakoitzean zein motatako tresnak nagusitzen diren jakin dezakegu. Afrikan estetikari ematen diote garrantzia handiagoa soinu kalitateari baino, Asian sokazko instrumentuak eta perkusiokoak dira nagusi, Amerikan haizezko tresnak dira nagusi, Ozeanian didgedirooaren modukoak eta Europan soinuaren kalitateari eman izan zaio garrantzia tresnak sortzerakoan.


DFoto bigarrengoz

COFF Ordóñez Falcón fundazioak irudiaren gaineko DFoto topaketa antolatu zuen iaz lehenengoz eta hark izandako harrera beroak berriz antolatzera animatu ditu. Iaz Europako galeriek parte hartu zuten eta horiez gainera New Yorkeko eta Teherango galeria bana izango da argazkigintza eta bideo garaikidearen azokan euren lanak erakusten. Apirilaren 14tik 17ra bitarte, laurehun artistaren lanak izango dira ikusgai. Gainera, aurten argazkigintzaren gaineko argitalpenak, katalogoak eta aldizkariak izango dira propio jarriko duten liburu dendan eta enpresetako arte bilduma kontserbatzaileen nazioarteko bilera egingo da egun horietan Donostian.


Topagunearen film labur zirkuitua

Eskaintza kulturala aberastea, euskarazko ekoizpena sustatzea, zinema ezagutaraztea eta zinegile eta ikusleek elkar ezagutzea helburu izanik, abiatu zuen iaz Film Laburren Zirkuitua Topaguneak. Hala, euskarazko bost film labur erakutsiko ditu Hegoaldeko hogeita bi herritan: Iñaki Beraetxe eta Iñigo Kintanaren Ostertz, Safy Nebbouren Lepokoa, Angel B. Aldarondoren Amnesiak, Ane Muñozen El Salto de Beamon eta Koldo Almandozen Amuak.

* * * * * * * * * * * * * * *

Euskaldunen Argentina erakusketa zabaldu dute Irisarriko Ospitalean, Euskal Argentina elkarteak, Nafarroa Behereko Museoak, Euskal Kultur Erakundeak eta Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiak babestuta. 1850 eta 1930 urteen artean Euskal Herritik ûIparraldetik batez ereû Argentinara joandakoen lekukotasunak biltzen ditu (argazkiak, ikus-entzunezkoak, dokumentu historikoak...) eta ekainaren 4a arte bisitatu ahal izango da. Kepa Etxeandia argazkilari baionesaren ideia izan zen erakusketa hau antolatzea. Izan ere, Argentinara joandako senide bat aurkitu zuen Argentinan duela hiru urte eta orduan materiala biltzeari ekin zion. Argentinara emigratzeko izandako arrazoiak, hara heldutakoan bizitakoak, hemendik hara eta handik hona idatzitako gutunak eta egungo euskal argentinarren bizimoduaren berri jasoko du Irisarrira bertaratzen denak.

Operara hurbiltzeko. Bigarren urtez, DVD bidezko opera emanaldi zikloa antolatu du Donostiako Orfeoiak. Opera zaleei hurbiltze aldera, musikagile garrantzitsuen obren berri emango du Carlos Benitok emanaldia hasi aurretik eta operek gaztelaniazko azpitituluak izango dituzte. Dagoeneko aurkeztu ditutzte Ludwig Van Beethovenen Fidelio eta Carl Maria von Weberren Isilpeko ehiztaria eman dituzte jada. Otsailaren 24an Richard Wagnerren Holandar herratua eskainiko dute, martxoaren 3an Engelbert Humperdincken Hansel eta Gretel eta 10ean Richard Straussen Salome. Guztiak arratsaldeko zazpietan izango dira, Orfeoiaren egoitzan.


Biarritz baletaren Création lanak atzerriko ikuskizun onenaren Kritika Saria jaso du La Habanako (Kuba) Nazioarteko Balet Jaialdian. Thierry Malandain da koreografiaren egilea eta Beethovenen musika du lagun.

Brigada Criminal Lazkaoko punk rock taldea bakarkako lehen diskoaren grabaketetan murgilduta dago. Iaz Stupenda Jones taldearekin batera atera zuen talde lazkaotarrak Osti bi diskoa eta bakarkakoa apirilean kaleratuko du Gor diskoetxearekin.

Lur argitaletxeak Historia de Euskal Herria. Historia general de los Vascos obra plazaratu du sei liburukitan. Joseba Agirreazkuenagak zuzendu du azken 25 urteetan 45 katedradunek egindako lana biltzen duen argitalpena.

Ekin artistaren lanak ikusi ahal izango dira hilaren amaiera arte Angeluko Mojito ostatuan. Graffitien teknika erabiliz osatutako hamar artelan bildu dituzte.

Julian Peña bilbotarra suertatu da garaile Ondarroako nobela laburren sariketan, Apologia eleberriarekin. Udaberrian kaleratuko du Elkarrek.

Harkaitz Canok, Itziar Lamuedrak eta Patxi Santamariak Ahulkiak ikuskizuna estreinatuko dute Donostian otsailaren 18an. Errezitaldi antzeztutik antzezlanetik baino gehiago duen lanean, aulkiei buruzko gogoeta poetikoa egiten dute.


Helena Taberna zinema zuzendariak Euskonews & Mediari esanak: «Olerkari batek esaten zuen bezala, norbera nolakoa den, horrela maitatzen du. Zinemaren kasuan, nolakoa zaren, horrelako zinema egiten duzu. Ez zait zinema politiko edo militantea interesatzen. Niri historia onak interesatzen zaizkit, panfletorik gabeak».

Joxan Sagastizabal idazleak honakoa zioen Deian: «Arrakasta izan eta jendearengana iritsi nahi baduzu, euskaldunen artean nekez lortuko duzu horrelakorik ulertzeko zail samarra den hizkuntz eredua edo hizkera erabiliz, edota mezu sakon eta aldrebestuak erabiliz ere (...) Erdaraz oro har entzuten diren gauzak ulertzeko gaitasunaren parera oraindik ez gara iritsi euskarazkoen kasuan, eta antzerki lanetan hori kontuan hartu behar da».

Et Incarnatus orkestako zuzendari Migel Zeberiok musika klasikoaren egoera zuen hizpide El Paísen: «Zoritxarrez, oso gutxi programatzen da, eta gure areto handietan (Baluarten, Kursaalean edo Euskaldunan), dela konplexuagatik, dela talde horiek duten kalitate ukaezinagatik, normalean talde atzerritarrak ekartzen dira. Oso polita geratzen da».

hemeroteka

1979. zenbakia | 2005-02-13
1978. zenbakia | 2005-02-06

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan