Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2005-02-20 -- 1980.zenb

Mikel Asurmendi

Hainbat esparrutan dihardu. Entzutegi Nazionalean, esaterako, Batasuneko kideen auzia kari, Fernando Lopez Aguilar Espainiako Justizia ministroari Batasunaren «Orain herria orain bakea» proposamena ematen saiatu zen Goirizelaia abokatua: "Ematea ezinezkoa izan zen, jakina. Baina Espainiako hedabideen aurrean gure nahia bakea lortzea dela aditzera eman genuen". Negoziaziorako sen berezia duen pertsona dirudi. Legebiltzarreko batzordeetan buru-belarri aritzen da: «Nahiz eta PSE eta PP kontra egon, hirukoarekin emendakinak negoziatu ostean, adin txikiko pertsonen zigorrak Euskal Herrian betetzea onartua da», aditzera eman digu pozarren. Horra jarraian EAEko datozen hauteskundeak eta Eusko Legebiltzarra hizpide esan diguna: «Batasuna Legebiltzarrean ez balego instituzio hori ez litzateke EAEko gizartearen isla, herriaren zati garrantzizko bat kanpo legoke. Legebiltzarrak legitimitatea falta izango luke eta gainera gatazka konpontzeko bidea bilatzen ari omen direnen asmoa eta gogoa ebidentzian geratuko litzateke». Elkarrizketa amaieran baikor agertu zaigu hala ere. Gatazka gainditu ahal izateko berebiziko aukerak ikusten ditu.


Ibarretxe Planaren aldeko hiru botoak hizpide. Zer-nolako harrera izan zuen erabakiak Batasunaren baitan?
Batasuneko kideek ez zuten espero. Arnaldo Otegik gure botoak iragarri zituenean ezuste itzela izan zen. Osoko bilkura amaitu orduko mezu asko jaso genuen Legebiltzarrean, militanteen oniritzia eta poza jaso genituen. Ondoren, lurraldeko bilerak egin genituen. Bizkaikoan 300 pertsona bildu ginen. Jendeak ondo hartu zituen emandako azalpenak. Ez zen ulertzeko arazorik izan, gure erabakia gure jarduera politikoaren ildoan iritsi baitzen. Bakea lortzeko eta gatazka gainditzeko ahalbidetu nahi dugun jokaleku politikoa aurkitzeko erabaki egokitzat jo zuten. Alegia, planaren aldeko nahiz aurkako jarrerarekin estatutu berri baten iruzurra errefusatzen dugu eta herri galdeketa hobesten dugu autodeterminazio eskubidea gauzatzeko.

Zer bizi zenuten saioa amaitutakoan?
Bilera bukatu aurretik EAJko agintariak biltzen hasi ziren. EAJn ustekabekoaz gain, haserre itzela antzeman genuen; Josu Jon Imazen aurpegia ikusi besterik ez zegoen. Are gehiago, EAJko legebiltzarkide batek «nik ez dakit zure erabakia ona edo txarra den, baina guretzat ez da ona» esan zigun. Hark eta Egibarrek esanak ez zetozen bat. Harrezkeroztik, EAJren balorazioak kontraesankorrak izan dira.

Otegi, Salaberria, Permachek aldeko botoa eman zuten. Peńa, Alvarez eta zuk ezezkoa. Espekulazioak izan ziren.
Erabakia ez zen bat-batekoa izan, gogoeta sakona burutu eta adostu ondoren baizik. Botoen banaketak ez zuen inolako gorabeherarik sorrarazi gugan. Eserlekuetako lehenengoak «ez» esatea erabaki genuen eta hurrengoak «bai». Nork «bai» eta nork «ez» esatea eserlekuaren arabera izan zen. Espekulazio izugarriak izan dira: «bai» bozkatu zutenak bigunak eta negoziazioaren aldekoak dira eta besteok gogorrak. Gurean ez dago horrelakorik.

Ibarretxek Madrilgo Kongresura eraman zuen proposamena. Nola baloratu zenuen agerraldia?
Estatutu berriaz hitz egin zuen, baina herri batez ere hitz egin zuen: autodeterminazio eskubideaz, euskaldunok errekonozituak izateko eskubideaz, herri galdeketaz, euskaldunok erabakitzen duguna errespetatu beharraz. Tira, gure aldeko botoak ez ziren alferrikakoak izan. Agerraldia positiboa izan zen, baldin eta Ibarretxek norabide horretan jarraitzen badu noski.

Zein da traba norabide horretan ez jarraitzeko?
Interes alderdikoiak eta elektoralak, beste behin ere. EAJk aurpegi bi ditu, edo hiru edo lau, nola gerta eta egoera politikoaren arabera. Ibarretxek euskaldunon eskubideak lortuko ditugula dio, eta segidan Josu Jon Imazek zehazten du: guk Estatutu Berrirako Proposamena eraman dugu Madrilera. Hori negoziatu behar dugu. Alegia, bi diskurtso darabiltzate: Ibarretxek diskurtsoa eskubideen inguruan kokatzen du, hau da, euskaldunok erabakitzeko eskubidea dugula dio, eta Imazek berriz: «Estatutu berri batez hitz egin behar dugu». EAJn filosofia eta arau joko desberdinak daude. Oso abilak dira joko bikoitzean. Batzuek autonomiaren eskumenak zabaltzearekin eta estatuko politika kudeatzeko ahalmenak handitzearekin aski dute. Ibarretxe, irudiz, harago joateko prest dago. EAJn ez daude ikuspuntu guztiz adostuak, EBBn garaile atera zirenek PSOErekin estatutu berri bat negoziatu nahi dute. Legebiltzarreko gure erabakiak EAJren estrategia apurtu zuen eta une batez tokiz kanpo geratu zen.

Ibarretxek hauteskundeak iragarri eta aurreratu zituen gero. Ustekabekorik?
Ibarretxek ez aurreratzeko aukera zeukan, ez zeukan arrazoi berezirik hauteskundeak aurreratzeko...

Zergatik aurreratu zituen orduan?
Ibarretxe tokiz kanpo geratu ostean, Espainiako Kongresuaren agerraldia olatu gisa hartu zuen hondartzara ondo iristeko. Legebiltzarrean ez zegoen arrazoirik ez arazorik ponentziak lantzen segitzeko. Baina, Kongresuan egon ostean presa sartu zitzaion.

Politikaren tempoa aldatu zen.
Jakina, erabakiak interes elektoral eta politikoengatik hartzen dira: «Guk nahi dugu zuek legalak izatea eta hauteskundeetan eskubide guztiekin parte-hartzea» diote. Baina ez dute ezer egiten horrela izan dadin. Bazuten hauteskundeak beranduago planteatzea, baina ez zaie interesatzen. Ibarretxek bere esku dagoen guztia egingo duela esan zuen, eta Ińigo Urkulluk berehala ez dagoela beren esku dio. EAJk aurpegi birekin jokatzen du. Jeltzaleek berehalako hauteskundeak nahi dituzte, aldeko emaitzak aurreikusten dituztelako. EAJk beti jokatzen du horrela.

Noren esku dago Batasunak hauteskundeetan parte-hartzea?
Guztion esku eta ardura da, ez gurea soilik. Parte hartzeko eskubide eta aukera berdinak ditugula diote, baina ez da egia. Herritarren eskubideez hitz egiten dute, baina badakite hurrengo Legebiltzarrak ez dituela ezaugarri demokratiko horiek bilduko. Denok egin behar dugu zerbait arazoa konpontzeko, baina hasteko haiek hauteskundeak aurreratu egin dituzte.

Miren Azkaratek Batasunari azken kale borrokako erasoen aurrean jarrera hartzeko eskatu dio. Zer diozu?
Guk gertaera horien aurrean jarrera hartzen dugu. Herri honetako gertakari guztiak zein parametroetan kokatzen ditugun azaldu dugu behin eta berriro. Arazoaren 14an, Anoetako proposamenaren bidez, gure bidea argi eta garbi azaldu genuen: bide demokratikotik eta instituzionaletik goaz. Bide horretan zazpi konpromiso planteatu genituen. Horietako bat guztien eskubideak errespetatzea da. Beraz, horrelakoak gertatzen direnean ez dugula jarrera hartzen esatea ez da egia. Ez dugu esaten haiek gura dutena, baina esanda ere, ez lukete ontzat emango. Hemen kontua ez da zer esaten den. Hemen, une batez, Batasuna politikatik kanpo uztea erabaki zen, baina ez gertakari hori edo hura ez dituelako kondenatzen, Batasunak herri honen politikan planteatzen dituenak estatuarentzat oso arriskutsuak direlako baizik. Ikusi besterik ez dago, Ibarretxek esaten duena ezker abertzaleak iraganean planteatutakoa da, eta Madrilen beldur dira ideia horiek praktikara eramateko gauza garelako. PPk eta PSOEk erabakia hartu zuten eta gainerako alderdiek hemen instituzioak Batasunarik gabe osatzea onartu zuten. Eta datozen hauteskundeetan ere onartuko dute gu gabe. Hala ere, gu egotea nahi dutela diote. Bada hitz egin dezagun, konpon dezagun arazoa Batasuna egon dadin.

Artean, ezker abertzaletik mugimendu berriak espero al daitezke? ETAren aldetik, kasu.
Hori entzuteak lur eta zur uzten nau. Hemen mugitu den bakarra ezker abertzalea da. Gehiago mugitu behar al dugu? Anoetan aditzera eman genuen nondik nora joan nahi dugun gatazka konpontzeko. Ondo baloratua izan bazen ere, ia inork ez zuen deus berezirik ekarri. Gero, ETAk komunikatu bat atera zuen proposamena begi onez ikusten zuela eta proposamenaren bidean gatazka gainditzeko prest zegoela adierazteko. Legebiltzarreko erabakia eta Zapaterori bidalitako gutuna etorri ziren gero. Nahiz eta gu independentistak garen, guk planteatzen dugun akordioa -autodeterminazioaren bidean- herri honen hitza errespetatua izatea da. Orduan, mugimendu guztiak, eta ETA ere sartzen da, ezker abertzalearen baitako eragileek eman dituzte. Gaineratikoek bat ere ez. Espainiako Estatuaren aldetik errepresioa besterik ez: presoen isolamenduak, epaiketak, atxiloketak, euro-aginduak, torturak. Ilegalizazioak bestalde. Hitz egin behar dela diote mila bider, bada, gu prest gaude hitz egiteko, gatazka konpontzeko eta negoziazioaren bidean sartzeko. Haien esku ere badago.

Herri plataformak onartzeko abagunea ikusten al duzu?
Legeaz interpretazio zabal eta ezberdinak egin daitezke. Are gehiago legea politikoa delarik. Alegia, plataforma bat planteatzen duzu -HZ, adibidez- eta gero bere aurkezpen batean Arnaldo Otegi azaltzen bada, bereak egin du. Beraz, abagunea gobernuaren borondate politikoaren araberakoa izango da. Zer gertatuko den? Ramon Jauregik oso argi esan du: «Hauteskunde hauetan ez, baina udal hauteskundeetan bai». Horrek ilegalizazioa guztiz politikoa dela frogatzen du.

Aralar prest agertu da Batasunarekin adosteko hauteskundeei begira.
Ez dakit non eta nola kokatu eskaintza. Ez dakit azterketa politikoaren edo haien interes politikoen arabera egina dagoen. Zer-nolako emaitza elektoralak izan dituzten ikusita, bada zer pentsatua. Haiek emaitza askoz hobeagoak espero zituzten, baina, antza konturatu dira arazoa ez dela hain sinplea. Dena den, interesak edo asmoak alde batera utzita, kontua ez da Aralarren zerrendan edo Elkarriren zerrendan joatea, behin aipatu zen bezala. Lehentasuna Batasuna hauteskundeetan egotea da, eta hori gauzatzeko Aralarri ez ezik gaineratiko alderdi eta eragileei eskatu behar zaie.


Batasuna eta PSOEren arteko harremanez espekulatzen ari da halaber.
Argi eta garbi gera dadin: ez dago Espainiako Gobernua eta Batasunaren arteko elkarrizketarik. Egotekotan, aldian aldiko elkarrizketa pertsonalak daude, besterik ez. Horren harian egin diren interpretazioak eta gizartearen aurrean zabaldu dena -edo zabaldu nahi dena- ez da egia. Alderdi batzuek «hemen dauden arazoak ez dagozkigu guri, PSOE eta Batasuna hitz egiten ari badira haiek konponduko dituzte» zabaldu dute. Hau da, sektore horiek harreman pertsonalak bere testuingurutik ateratzen dituzte beren interesengatik eta beren ardurak gainetik kentzeko. Guk ez dugu beste batzuek bezala, gauza bat esan eta alderantziz egin. Guk arazoak konpontzeko hitz egin behar dela diogu. Euskal Herriaren interesen alde egiteko mahai batean eseri behar dugu orain arte lortu ez duguna lortzeko.

Malores Etxeberria

Unibertsitateko irakasleek, halaxe baitziren lehen eguneko lau hizlariak, herri hartzaileetako eta bidaltzaileetako egoerak aztertu zituzten. Europako herrialde hartzaileetan, iparraldeko herrialdeetan eta Herbehereetan nagusiki, etorkinen integraziorako irakaskuntzan aplikatzen diren baliabide eta esperientzien berri eman zuten. Urte askotako esperientzia dute herrialde hauetan, eta baliabide ugari bideratzen dituzte zeregin honetara, kultur eta hizkuntz aniztasuna aberastasun iturri den uste osoarekin, nahiz eta azken urteotako joerek asimilaziorako gogo handiagoa erakusten duten integraziorako baino. Zalantza bera agertu dute bai Suediako irakasleak eta baita Herbehereetakoak ere.

Herrialde bidaltzaileen ordezkari, Hector Muńoz, txiletarra, Mexikotik Amerikako Estatu Batuetarako emigrazioaren garrantziaz eta honen ondorio ekonomiko, politiko nahiz hizkuntzazkoaz aritu zen. Hizkuntzari dagokionean azpimarratzekoa da egin zuen adierazpena, alegia, emigrazio honen eraginez indigenen hizkuntzak, sorterrian azpiratuak eta gutxietsiak, biziberritzen ari direla jatorrizko lurraldetik kanpo, eta, ondorioz, baita jatorrizko lurraldeetan ere. Lanak eta bizimodua atera beharrak elkartuta, talde oso egituratuak eta dinamikoak sortu dira Amerikako Estatu Batuetan eta berauek dira hizkuntza indigenak sustatzen eta indartzen ari direnak.

Mohand Tilmatine amazight etniakoa (berberea), berriz, berbereen integrazioaz eta identitateaz aritu zen. Berbereak maiz arabiartzat hartzen dira Europan eta ez zaie aitortzen beren identitate eta hizkuntza, ezagutu ere ez dugu egiten askotan, eta arabiar klasikoko eskolak ematen dizkiegu beren ama-hizkuntza arabiera delakoan. Fenomeno bera beste kultura eta herrialde askotako etorkinekin ere gertatzen da, Hego Ameriketakoekin esaterako. Ekuadortik edota Boliviatik datozkigunak gaztelaniaz mintzo direla uste dugu eta, aldiz, ketxuaz edo aimaraz ari dira. Honek erakusten du zer nolako informazio falta daukagun datozkigun pertsona hauen jatorrizko hizkuntzaz.

Informazio zuzena izatea funtsezkotzat jo zuten bigarren eguneko hizlariek ere, Kataluniatik etorriak asko, eta, berriro ere, hizlari trebeak bezain didaktikoak direla erakutsi digutenek.

Artur Noguerol irakasleak integrazioaren bidean eskolak duen zeregin garrantzitsua azpimarratu zuen eta integrazioa etorkinari bertako hizkuntza irakastea ez ezik, bertakook beraien hizkuntzak ikastea ere badela adierazi zuen. Eta hiztun eleanitzak sortzeko helburuarekin Kataluniako eskola batzuetan hizkuntzez jabetzeko duten Evlang programaren berri eman zuen. Eskola bakoitzak bere proiektu berezitua izan behar duela adierazi zuen eskola horretan irakasten diren eta presente dauden hizkuntzak kontuan hartuta. Hizkuntzak, bestalde, ez dira bakoitza bere aldetik eta aparteko moduan irakatsi behar, elkarlotuta eta harreman estuan baizik.

Helduen hizkuntz integrazioari dagokionean, Dolors Solį hizkuntz normalkuntzarako teknikariak Voluntaris per la llengua programaren berri eman zuen oso modu sutsu eta erakargarrian. Euskal Herriko mintzalaguna, berbalaguna... antzeko programa da hau.

Amaitzeko, Carme Junyent-ek hiztun anitz hauen etorrerak hilzorian dauden katalanari eta euskarari aukera berria ematen diotela adierazi zuen hizketaldi guztiz interesgarrian.

Grup d“Estudi de Llengües Amenaēades taldeko ordezkariaren esanetan, elebitasun egoerek hizkuntza gutxituaren ordezkapen prozesuan amaitzen dute, beti. Eta irauten duten hizkuntza gutxituak egoera anitzagoetan daudenak izaten dira. Horregatik, eta gure (katalana nahiz euskara) egoera elebidun hilgarritik salbatzeko aukera ikusten du berak etorkinen uholde hau. Hauek beren hizkuntza gutxituaren kontzientzia hartzen duten neurrian baloratuko dute gure hizkuntza gutxitua ere. Baina, noski, guk beraien hizkuntza gutxitua baloratu egin behar dugu horretarako. Berbereei edo aimarei gaztelaniaz hitz egiten badiegu, beraiek ere arabierara edota gaztelaniara joko dute, beren hizkuntza baztertuz, eta, orduan, akabo beraien tamazight eta aimara eta akabo gure katalana eta euskara ere.

Euskaldunon errealitateari hurbilenetik heldu zion hizlaria izan zen Carme eta entzuleok eskertu genuen hurbilpen hori. Izan ere, ez da gauza bera hizkuntza normalizatua dagoen komunitatera datozen etorkinekin sortzen den egoera eta hauen integrazioa bideratzeko egin beharreko lana edota bertako hizkuntza oraindik normalizatu gabe egonda, beste hizkuntza bat nagusi den komunitate batean sortzen den egoera, Euskal Herrikoa kasu. Aurreko etorkin uholdeak eragindako egoera normaldu gabe beste uholde bat datorkigu, lehenengoa baino ahulagoa, oraingoz, baina bigarren uholde honek badirudi batzuetan estali egiten duela lehenengoa, eta, haren balantze erabatekoa egin gabe egin nahi diogula aurre bigarren honi. Etorkinez osatutako mahai-inguruko amazight-ak gogorarazi digu: "Ni Bilbora Kataluniatik bueltan nentorren. Katalunian hasia nintzen katalana ikasten, baina Bilbora etorri beharra egokitu zitzaidan. Buruan nekarren etorri bezain laster euskara ikasten hastea, Bilbon euskaraz hitz egiten zela uste bainuen. Bilbora iritsi eta konturatu nintzen jendea gaztelaniaz bizi zela. Urte mordoxka daramat hemen eta beti buruan dut euskara ikastea, baina oraindik ez dut ikasi. Bilbon ez da beharrezkoa eta ikasteko aukerak ere ez daude oso eskura. Haurrak ere askotan gaztelaniazko irakaskuntzara biderarazten dizkiguzue..."

Frantziako eskoletan haur hezkuntzan ingelesa derrigorrezko ikasgai izateko egin diren proposamenen haritik hasi du artikulua Cassenek: "(...) Ingelesa ęnazioarteko harremanetarakoĘ hizkuntza bakarra izateko presioa handia da, batez ere hedabideetan, nahiz eta zehatz-mehatz ez jakin horrek zer esan nahi duen".

"Ingelesa, sistema global baten erdigunean kokatzen da, eta hor, nazioarteko moneta sisteman dolarrak duen betebehar bera du. (...) Billete berdearen bi ezaugarriei esker, (ordaintzeko modua izatea eta nazioarteko erreserbako moneta dominatzailea izatea) Amerikako Estatu Batuak gainerako planetaren kontura bizi daitezke. Hizkuntza hiperzentrala edukitzeak errentagarritasun handia lortzeko egokieran jartzen du.

Estatu Batuek, batetik, etekin ideologikoa ateratzen die hizkuntzari: «Mugaz haraindiko alderdi estatubatuarrak munduko ęeliteĘ gehienak nagusiaren hizkuntzaren basailu izatera bultzatzen ditu (...). Bestetik, etekin ekonomikoa dago, «gainerako estatuak baitira ingelesa ikasteko edo itzultzeko gastuak ordaindu behar dituztenak». Mundu multipolarra nahiko bagenu ordea, ordenu linguistikoak ere multipolarra beharko luke Cassenen ustez eta horrek esan nahi du ingelesari ez zaiola utzi behar ez sinbolikoki, ezta materialki ere, hiperzentralitatearen monopolioa izaten.

Monopolio hori hausteko aterabideak aurkezten hasita, «hizkuntz familiak» terminoa kontuan hartu eta hizkuntza horien arteko ulermena irakastea proposatzen du. Batik bat, hizkuntza latinoen familiari buruz ari da Cassen: «Hizkuntza horiek, ikasketari dagokionez, hizkuntza bakartzat har daitezke (...). Hizkuntza erromantzeak ofizialak dira 60 estatutan: 30etan frantsesa hitz egiten dute, 20tan espainola, zazpitan portugesa, bitan italiarra (Italia eta Suitza) eta estatu batean errumaniarra. Andorran katalana darabilte... Ingelesa hizkuntza ofiziala 45 estatutan baino ez da eta arabiera 25etan".

2025erako aurreikusitako demografiari dagokionez, zifra hauek aipatu ditu Cassenek: 1.561 milioi txinatar, 1.048 milioi anglofono, 484 milioi gaztelera hiztun, 285 milioi portuges hiztun eta 506 milioi frankofono. Kopuruak ikusita, hiperzentralitatea ingelesean ez beste inon ezartzea aurreikuspenerako gaitasun gutxi erakustea dela uste du Cassenek.

Europan, ingelesa, eskolako oso maila goiztiarretan sartzen saiatzen ari direla dio eta ez du etorkizuna hor kokatzen: «Europan hizkuntz aniztasuna beharrezkoa dela uste badugu, arrazoi asko daude, hain justu, ingelesa izan ezik, gainerako hizkuntza guztiak irakasteko. Ingelesa hirugarren hizkuntza moduan ikasteko denbora izango da gero (...).

Ez diezaiegun europarrei beste behin ere esan, komunikatzeko ingelesak beste ezerk ez diela balio. Europako Batasunean 174 milioi biztanlek hitz egiten dituzte hizkuntza latinoak eta anglofonoak 70 milioi baino gutxiago dira. Umberto Ecok dioen bezala: ęPoligloten Europa ez da hizkuntza asko erraz hitz egiten dituen hiztunek osatzen dutena, baizik eta onenean ere, bakoitzak bere hizkuntza hitz eginda elkar ulertzen dutenena, nahiz eta bestearen hizkuntza ondo hitz egiteko gai ez izan».

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan