Koldo Aldalur
Nire lagun bardoak dioen bezala, etorriak lanean harrapa gaitzala.
Hasi berri da Euskal Herriko goma gaineko soka-tira txapelketa. Munduko txapelketa bi urtetik behin jokatu ohi da eta aurten ez da tokatzen. Hala ere, ia bazter guztietatik etorritako taldeak plazaratuko dira martxoaren 19an finalak jokatu arte. Honetan ere berezia da definizioz berezia den kirol hau: atzera gehien egiten duen taldeak irabazten du. Bizkaitarrak Abadiño, Altamira, Gatika eta Gaztedi. Arabarrak Badaiotz, Arrizkozubi eta Koartangoko Arana. Naparrak, Sakanakoak. Lapurtarrak, Ñapurrak eta Baionako Indarka. Gipuzkoarrak Oiartzungo Girizia eta Auzolan eta Nafarroa Beherekoa den Jutsi-Baigorri.
Azken orduan talderik osatzerik izan ez dutenak Beti Gazte, Berriozar eta Torrekolanda. Koadrila ederra beraz, dirurik ez baina ohorea gainezka duen kirolean.
Lehen saioa Mungiako pilotalekuan jokatu zen eta airean hamaika komentario zebilen. Sakanako neskak bertan ziren eta zalantzarik gabe albiste pozgarria da. Japonian 2001ean geure selekzioak behar ditugula azaldu ondoren Nazioarteko Soka Tira Federazioaren erantzuna etorri zen, eta ondorioz, lehen gaizki xamar egotetik seko jota egotera pasatu zen herri bat garen aldarrikapena.
Hiru urte luze igaro dira eta Sakanakoak sokan ikustea garai berrien seinale da. Eztabaidak epaileak txistua jotakoan. Elkarrizketak dutxa beroa hartu ostean.
Kontua da egungo egoera negargarria alda daitekeela irailean Italian Europako lur gaineko txapelketa hasi baino lehen. Norbaitek gogoratzen ez badu ere, esan, orain euskal taldeek Espainiako izen eta banderapean hartzen dutela parte nazioarteko lehiaketatan. Badakizue txunda, txunda, piperpotoa eta abar. Bakarren batzuk, iraina mingarriegia delako edo, hortik ez pasatzea erabaki zuten arerioen pozerako eta lagunen pena sortuz.
Hona heltzeko esanguratsua da T.W.I.F.eko agintarien jarrera. Coren buru dutela erabateko paper politikoa jokatu ohi du Nazioarteko Soka Tira Federazioak. Espainia dela bere ordezkaria izendatu behar duena eta geure arteko arazoak konpondutakoan azaltzeko zerbait eskatzera. Betikoa, sinplismora jo erroari ez begiratzeko.
Talante berriaren itzalpean ordea Madrilen kirol agintariak konturatu dira Espainiako Soka Tira Federaziorik ez dela eta ondorioz Euskadikoek behar dutela txapelketetan. Beno, beraiek konturatu baino gehiago belarri ertzera errepikatu behar izan diete Jaurlaritzatik denok genekiena uler zezaten. Lehen mila aldiz entzuna ez balute bezala!
Eta balizko egoera horretan kokatzen dira lehen aipatzen nituen airean zebiltzan galderak. T.W.I.F.eko ordezkariak Espainiako Kirol Kontseilu Goreneko jauntxoa nahiz dagokion ministerioko atsoa Jaurlaritzako arduradunekin bilduko balira, zertaz negoziatuko lukete? Hitz egingo, barkatu. Ikurrina bai ala ez? Zein ereserki? Nafarrak barruan direla edo ez? Iparraldeko lagunak frantsesak ote diren?
Batzuk esango dute tiraldiak kolpeka hasiz gero frentean denak lehen kolpea geratzea duela lanik zailena. Beste hainbatek goxo-goxo hastea hobe dela, presioan, indartsu bukatzeko. Horrela barre egingo digutela pentsatuko duenik ere ez da faltako. Irabazteko atzera egin behar den kirol honetan aurrera egiteko garaia heldu zaigu.
Horretarako sokatiralariek eta politikariek sokaren alde berean jarri beharra dute. Eseri eta jarrera bat hartu. Akordioa maitatu, bilatu. Bakoitzaren interesak, ahal den neurrian, neurtu interes orokorra topatu arte. Eta elkarri eskua eman arte mahaitik jaiki ez.
Unea interesgarria da sokatiraren kasua bide luzearen lehen urratsa izan daitekeelako. Hemen badakigu, Madrilen ere bai.
Nire lagun bardoak dioen bezala, etorriak lanean harrapa gaitzala.
Josemari Velez De Mendizabal
Espainiarra ideia batek menderatua bizi izan da, nire iritziz zeharo kaltegarria, eta hori batasunari dagokiona da. Beste ezer hoberik ez dela sinetsi du eta batasun erlijioso, politiko edo beste edozein zeinukoa lortzeagatik itzelkeriarik handienak eta era guztietako jazarpenak buru daitezkeela pentsatu du. Amesturiko batasuna ez da erdietsi, baina -aldiz- etsipen kolektiboaren maila batera iritsi da, noizean behin berpizten dena.
Nire bizitzan zehar batasunaren izenean egin dena nahikoa da -ikerketa historiko gehiago egin gabe- batasunzale bat ikusten dudanean -erlijioso, politiko zein kulturala izan- hura nire areriotzat hartzeko. Zehazkizunaren, desberdintasunaren, eta -nahi bada- salbuespenaren defendatzailea naiz, eta uste dut gizakiak gauzen jatorri eta xedeen pluralismoko ideiaren argitan berreraiki beharko duela bere bizitza. Ez naiz politeista, ahal ez dudalako, baina antimonoteista nauzue eta politikoen nahiz irakasleen sermoiek -ezker edo eskuin kutsukoak diren ere- hotz uzten naute. Zertara heltzen gara ideia horiek eta horien korolarioak aplikatzean? Gizon eta emakume ergelak sortzera, batere interesik gabeak, koldarrak eta, aldi berean, espiritu inkisitorialekoak, ortodoxia batetik bestera igaroko direnak. Niretzat ez dago ezer higuingarriagorik sekta eta alderdi politikoen moral errepresiboa baino, dogma ukiezinei erantsita.
Aurreko hitzak nire egiten ditut, nireak ez direlako. Julio Caro Barojak idatzi zituen 1970 inguruan, eta Los Baroja liburu bikainean argitaratu zituen bi urte beranduago. Sarritan pentsatu dut nola arraio utzi zioten Don Juliori aipatutako testu horretako hainbat eta hainbat ideia bikain eta baieztapen gordin azaltzen. Garaiko zentsura toreatu zuen poligrafoak, itxura denez.
Diodan moduan, beraz, munduko kulturan sinesten dut, baina ez kultura bakar batean baizik eta kultura guztien batuketa bezala. Gauza bera aitor dezaket politikari eta giza zientziek zein aplikatuek adieraz dezaketen aldaera desberdinei dagokienez. Ez zait interesatzen uniformitatea, militar usain kirastua gogorarazten dit eta. Caro Barojak, dena den, espainiarren artean kokatzen zituen euskaldunak ere eta nik ez diot -sailkapen hori dela eta- aurka egingo, hildakoetako inor ez baita -orain arte bederen- defendatu ahal izan. Nolanahi ere, irakurleetakoren batek euskaldunak espainiarrak ez garela konbentzituta dagoela esango balit, barojarraren goiko adierazpenak euskaldunen kasuan ere bete betean aplika litezkeelakoan nagoela erantzungo nioke. Eta eztabaida, kasu horretan, edukiaz piz genezake, edukiontziaz aritu gabe.
Ez dut uste estatuak direnik munduko gizarte desberdinetarako irtenbidea. Badakit mintzatzen ari naizela txiki eta ahul izatezko eskema mugatu eta laburretik, baina egun ez da ezelako estatu zeharo unibertsala. Eta ez dut uste inoiz egongo denik, batasuna -nahiz eta nire hitzak gogorrak irudi daitezkeen- inoiz inon ezarri ahal izango ez delako, ez politiko ezta ekonomikoki ere; komunitaterik txikienak izan arren, batasuna kontzeptu helezina baita. Zorionez, denak desberdinak gara. Horregatik, espainiarrek, frantziarrek edo euskaldunek garbi eduki beharko lukete -nork bere burua sailkapen horretako edozein ataletan jar beza- indarraren erakuspen guztiak soberan daudela eta bide bakarra -elkarren ondoan bakean bizi ahal izateko- lankidetza dela. Eta bakoitzak bere txokotxotik -batzuena handiagoa besteena baino- lagun hurkoaren bizimodua ahalik eta hoberena bilakarazten jardutean guztiontzako garapen osoari urrezko zubiak ipiniko zaizkio.
Beti iruditu zait eskailerako auzokoekiko elkarkidetzari irtenbidea emanda gero kaleko lagunekikoarekin hasteko garaia dela; eta hortik aurrerako lasterketa ordura arte garaitutakoa bezain konplikatua dela. Baina ez zailagoa, batez ere ahaleginean borondatea jarriz gero. Bai, badakit handiagoekin egingo dugula topo bidean. Hain zuzen horrexegatik pentsatzen dut pentsatzen dudan moduan.
Gabi Basañez
Europaren esanahiaren inguruko kantu zahar bezain argigarri bati jarraituko natzaio, euskaltzalea naizen aldetik, Europako Itun Konstituzionalari buruz ditudan usteak laguntzeko.
«Badakit unibertsalak izan behar garela... Euskaradunen kontrako estatu espainol eta frantsesaren bilakaera zapaltzaileak, gizarte funtzio garrantzitsuenetatik erdalduntzen hasi ziren hizkuntza ordezkatze prozesua: ebatz-organo politiko eta ekonomiatik. Euskara, sendian eta baserri giroan babestu zen gehien bat. Francoren garaia amaitzear zegoela berreuskalduntze mugimenduak euskara modernotasunean murgiltzeko premia zuen: eskola, komunikabideak. Beste gai batzuk jorratzearen nahia baita, erdal mundutik zetorren ideien berriztatzea euskal unibertsora eramatekoa. Baina bazen, eta bada ere, baserri inguruko kultura ez dela unibertsala, atzerakoia eta zaharkitua gelditu izanaren hala-moduzko sentsazioa. Artaburu konplexua astindu beharra. Unibertsalak izateak, hizkuntzei dagokienean, ez gintuzke Europan modernotasun betean dauden herri hizkuntzen berdintasuna aldarrikatzera soilik eraman behar. Kontsumismoa oinarri ez duten Europako eta munduko beste herrien hizkuntza berdintasuna buruan egin behar dugu gurean lan. Gure normalkuntza prozesua ez da beste herrienekin kontrajarri. Erreferendumera datorren Itun Konstituzionalak berriz, Europan bizirik diren 125 hizkuntzatatik 21 soilik ofizialduko ditu, estatu propioa duten hizkuntzak, alegia.
Bainan euskalduntasuna eta euskera oinarria... Hizkuntza politika aurreratuen dugun Lurralde zatikatuan nabarmen, ofizialtasuna legez onartua egon arren, gure dugunok ezin euskaraz bizi. Hala ere, euskara eta euskalduntasuna oinarri sendoa jarririk, buruz buru plantea genitzake beste auzo hizkuntzekiko harremanak. Tamalez, ofizial izango diren 21 hizkuntza horien artean frantsesera, gaztelera eta ingelesa daude. Hiru hizkuntzok indartzeko ahalegin gozagaitua dator. Ez dugu euskaldunok, galesek, katalanek, sarduek... hizkuntza eskubiderik izango Europako Batasunaren aurrean. Geuk gazteleraz edo frantsesaraz aritu beharko. Ezinbestean.
Europa guztiz berria, benetako alkartea... Berritasun gutxi dakar Itunak. Gaur arte, hizkuntzen arteko berdintasuna helburu, nazioartean landu den dokumenturik garrantzitsuena, Bartzelonan 1996.ean mundu zabaleko hizkuntzalariek adostutako Hizkuntza Eskubideen Deklarazioa dugu. Bi ditu ardatz garrantzitsuenak: hizkuntza eskubideak eta hizkuntza komunitateak. Biak ala biak baztertu ditu Itun europarrak. Hizkuntza gatazkak areagotu nahi diren seinale, aniztasunaren mezu ederrak Europako soberako ahotsak irrintzi barik desagerraraziko dituela konbentziturik, antza. Benetako elkarte bat nahi denean, bazkide izango direnekiko proiektua konpartitzea, eztabaidatzea eta adostea da derrigorrezko. Zein elkarte edo norbanako euskaltzaleri galdetu diote ezer?
Herrietan finkatua, ez jauntxo ekonomia... Estatuak hartzen ditu aintzat Itunak. Bretainarik, Okzitaniarik, Cymrurik, Euskal Herririk ez dira existitu ere egiten. Horrexegatik harrigarria da Imazi entzutea: "Ipar eta Hego Euskal Herrian konpartitzen dugun proiektu bakarra da Europako Konstituzioa". Euskal Unibertsora kate motzean mugatuz, AEK, Kontseilua, EHE, EHKME, UEU, Udal Herrien bizia euskalduntzea, Berriaà Jeltzaleen buruak ez ote daki proiektuok konpartitzen ditugula edo ez ote die proiektu kategoriarik ematen hauei? Merkatu ekonomiak agintzen du zer den proiektu eta zer ez.
Badakit nire abotsa isiltasunaren gauean galduko dela, baina nik deiadar ta deiadar... Galdetzen hasi ezkero euskaldun gutxik topatuko ditugu herri guztien eta hizkuntza guztien berdintasunaren aurka. Itun hau, aurrera pausua balitz bezala zakur-ametsa zabaltzen ikusteak, bati ezkortasuna sustraitu liezaioke tripetan. Deiadar egin dezagun. Ezerezetik eta haize denak kontra, ginena izateko borondatea ere altxatzeko gauza izan den herriak, egun argiz bezain ozen, Itun honi EZETZ esango dio. Berriro ere, herri eta hizkuntza berdintasunaren Europari ateak zabalik uzteko. Deiadarrari kasu eginez,... gauz bat bakar ezpainetan, Herriak, Europa».
Jexux Mari Irazu
Hogeita hamabost berrogei urtetik gorako askok entzun izango dute noiz edo noiz Egoki da eta zuzen eliz kantu-otoitz hori, eta herri txikietakoak garen gazteago batzuoi ere tokatu zaigu horren berri izatea. Egoki da eta zuzen. Gure fedearen kalitatea ez zen izugarria izango seguru asko, gaurko gazteek omen duten euskera kalitatearen paretsukoa hor nonbait. Euskeraren kalitate eta egokitasun kontuak dezenteko indarra hartzen ari dira bazterretan, eta poztekoa da gure arteko eztabaida amaigabeetarako beste kontzeptu eta hausnarketa bat gehiago izatea. Drogekin eta euskerarekin beti gazteek problemak. Ez daukat dudarik arazo hori planteatu dutenak egoki ez ezik zuzen dabiltzanik. Baina, ez harritu handik edo hemendik beste ziurtagiri bat gehiago etortzea. Kalitatea, ordea, gaur egunean Q-z idazten da eta egokitasuna ere kontzeptu irristakorra da, eta ez du zertan beti garbi garbia izanik. Beste zenbait disziplinetan ere bidea egin nahian dabil. Bertsolaritzan adibidez, txapelketa nagusirako epai irizpideekin. Kontuak kontu eta ebindentziak ebidentzi, ez dezagun behintzat geure bururik engainatu: hizkuntza eredu sortzaileak direnek -pertsonak, aginte-erakundeak, medioak, guneak, giroak...- euskeraz egin ezean, alper xamarrik ariko gara kalitate eta egokitasun bila. Ez dakit hizkera egokirik baden. Nik hizketan egokiak direnak ezagutzen ditut, eta ez dira hainbeste ere.
Bixente Serrano Izko
Den-denak bertzeei mugitzeko aginduka norbera nola mugituko zain, Ibarretxe higitu zen ausarten. Gaurko kontua ez da. Bi burutako PPSE alderdi bakar hura eratu eta ezker abertzale hura sartu zenetik EAJk tresneria autonomikoa kosta ahala kosta gal zezalako estrategian ûsu-etena eten osteko EHren estrategia hartaz ari naizû, ezin erran EAJk jakin ez duenik mugitzen. Eta hara, interesatu zaionean eman dio amaiera legegintzaldi honi. Irteteko tiro-hotsa entzunda, nire antiojoekin erreparatuko diet korrikalarien abiapuntuei.
Kalerik onenean, bistan dena, EAJ-EA. Ibilera gihartsuarekin, ia bertze guztiak mugiarazi ditu koalizio buruak. Badakigu, jakin, koalizio batek gutxitan batzen dituena partaide denek banaka lortuko lituzketen boto guztiak. Baina gutxi horietan, aukera historiko deritzagun horietan, batu ez ezik, ugaritu ere egin daitezke fruituak. Madrilgo ikuskizunaren ondoren eta erreferenduma agindu, aukera historiko horietako baten irudia du koalizioak ikur. Sinesgarritasuna eman behar dio amuari, eta, oraingoz, bertze guztiek esku-eskuan jarri diote hori.
PPSE? Ikusteke dago soberan duen hasierako P hori erabat desagertu edo eranskin gisa gordeko duen, PSE(P) itxura halako bat ematen. Mementoz, PP ezertan ere mugitu ez denez, PSE bezala agertu nahi du Patxi Lopezek, bertze proposamen bat besapean, baina EAEn kale egin zuen konstituzioaren herdoilaz zikinduta. Ongi kokaturik? Bai, neurri batean: PPSEren aurreko botoetan, PSEk gehiago biltzeko egoeran; baina ez dut ikusten EAJ-EAren amuaren liluramendua lausotu eta abertzaleak "desengainatzeko" gai. Xelebre, gero, PSEren argumentu berria "desengainu" hori pizteko ezkerreko abertzaleengan: ez ote du bere egin nahi ezker abertzale ortodoxoaren argudio zahar hura, EAJ-EAk boto lapurretan hasi nahi duela alegia? Ba al du itxurarik amu horrek PSEren kanaberan?
Ezker abertzale ortodoxoa dugu urrats bereziak egin dituen bertze bat. Su-etena eten osteko estrategia burugabe harekin, amildegian behera irristan hasi zen. Legez kanporaketa ekarri ziolako ez, kanporaketa gora-behera baizik, nonbait: PPSOE, Garzon eta astakaiku enparauek mantsotu egin diote suizidioa. Bide horretan, Alderdi Legea ez da nahikoa ezker hori desagerrarazteko geografia elektoraletik: boto ezeztagarriak eta zuriak ûeta abstentzioa bera ere, hurrengo koskanû debekatu beharko lituzkete Euskal Herrian, ezker abertzale ortodoxoaren isla ezabatuko badute. Baina txantxak aparte, mugitu, mugitu egin da ezker hori. Anoetakoa eta Gasteizko hiru botoak urrats agerikoak izan dira. Beranduegi, baina, apirilaren 17 edo maiatzaren 15erako: gehienez ohorezko kalea izanen du korrika-toki, erakustoki hutsa. Ezusteko bertze urrats bat eginez, PSEren garaipenean ikusiko ote du aukera, hurrengo batean benetako korrikalari izateko? Hauteskundeak geldiarazteko proposamenaren arrakasta jakinda, zein du egiazko A plana?
EB? Kritikak kritika, leku duina irabazten jakin zuen eta badu orain ongi ateratzerik, Llamazares eta Errori federalismoa zer den irakasteko neke latzak dituen arren. Inkognita zailagoa dugu Aralarrena. EAren apustuak kale erosoagoa utzi dio, beti ere Ibarretxeren agindua betearazteko asmoari eusten badio ezker abertzale heterodoxo horrek. Eta ortodoxo batzuek, Anoetakoarekin sinestekotan, Aralarrena ikus dezakete euren kalerik egokiena. Inkognitaren balioa aurkitzeari alferrik ekinen nioke nik. Ezezaguna ez ezik, aldagai ere izan daiteke. Artean, nafarrok, plan honetan. Euskaldun izan nahiko nuke!