Defizit demokratikoa
EAEko hauteskunde autonomikoetarako Espainiako legediaren aurkako zerrenda aurkeztu du azkenean Batasunak, legalki aurkezterik izango ez duela jakitun, baina aurkezteko duen zilegitasunari indar ahalik eta handiena emanez. Eta legez baliorik gabeko ahalik eta boto gehien biltzeko, jakina. Horretarako funtsezkoa da tentsio estrategia bat, hiruko gobernuko alderdiak eta PSE-EEren artean izango den lehiak botorik erakarri ez dezan. Datozen aste eta hilabeteetan hauteskundeetako aurretikoek eta ondorengoek irentsiko dute eta alde horretatik eszenatokia ez da berria, baina bai berau inguratzen duen testuingurua. Hauteskundeetako parentesia zabaldu da, eta berau noiz eta nola itxiko den oso garrantzitsua izango da gatazkaren konponbidearen norabidean. Eusko Legebiltzar berria defizit demokratiko oso garrantzitsuarekin jaioko da, baina ûegungo udalen eraketa lekukoû horrek ez du behar beste asaldatzen gizartea. Hori ere oso esanguratsua da, guztiontzat.
Europako Konstituzioa: abstentzio mailari begira
Iazko Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetan abstentzioa %54,56koa izan zen Hego Euskal Herrian, frankismoaren ondoren hauteskunde batzuetan inoiz izandako abstentzio mailarik handiena. Denak ematen du aditzera, datorren igandeko erreferendumean oraindik herritarren partehartze txikiagoa izango dela. Europakoaz gain, dena den, beste kontu batzuk ere neurtuko dira erreferemdumean, bi behintzat nabarmen. Batetik, ea Espainian zein partehartze maila dagoen eta horri ematen zaion zilegitasun maila, bistan da, Ibarretxe Plana dela eta iragarritako erreferendumarekin konparatzeko besteak beste. Bestetik, Hego Euskal Herrian ezezkoak lortzen duen maila interesgarria izango da, batez ere kontuan hartuta hiru alderdi nagusienak (EAJ, PSOE, PP-UPN) baiezkoaren aldeko jarrera agertu dutela. Konstituzio Itun hau onartzeko lehen erreferenduma izango da Europako Batasunean eta begi ugari izango dira Espainiara begira.
EGA azterketak on-line
Internet&Euskadi elkarteak Euskararen Gaitasun Agiria lortzeko gainditu behar diren atariko frogak interneten jarri ditu: www.interneteuskadi.org/euskara/ega. Zazpi urtetako azterketak daude sarean eta aplikazioak galderen erantzun zuzenak zein diren jakitea ahalbidetzen du. Elkartearen asmoa EGAko azterketaren beste atalak ere, idatzizkoa adibidez, sarean jartzea da.
Ereduzko Prosa Gaur euskarak sarean duen testu corpusik handiena da
Ereduzko Prosa Gaur testu arakatzaileak aurrea hartu dio XX. mendeko corpus estatistikoa izeneko euskarazko corpusik handienari. Ereduzko Prosa Gauren 87 liburu zeuden sartuta arakatu ahal izateko eta orain 152 liburu daude, zazpi milioi hitz, alegia. Dena den, kopuruz euskarazko corpusak urruti dabiltza beste hizkuntza batzuenekin alderatuz. Bank of English-ek (ingelesa) 300 milioi hitz ditu, Frantext-ek (frantsesa) 150 milioi hitz eta CORDE-k (gaztelania) 136 milioi hitz.
Euskal material Didaktikoaren I. Topaketak UEUren eskutik
UEUko Pedagogia Sailak zenbait hezkuntza esparrutan euskal material didaktikoan hutsune handiak sumatu ditu eta martxoaren 4an eta 5ean hezkuntza premia berezien atalean gai hori jorratzea erabaki du. Asmoa ikastetxe, pertsona eta erakundeen indarrak bildu eta kalitatezko euskal material didaktikoa sortzeko zubiak egitea da.
Oinarriak-ek deituta manifestazioa
Nafarroako Parlamentuak euskararen alorreko aurrekontuak aurkeztuta Oinarriak taldeak kanpaina hasi zuen. Euskara Nafarroa osoan ofiziala izan dadin eskatzen ari da Oinarriak eta otsailaren 26an manifestazioa egingo dute Iruñean. Bortzirietako Mankomunitateak ere bat egin du kanpainarekin.
Lanbide Heziketaren eskaria aztertzeari ezetz esan diote UPNk eta CDNk
Eusko Alkartasunak mozioa aurkeztua zuen eta bertan Lanbide Heziketako zenbat ikaslek euskaraz ikasi nahiko luketen galdetu nahi zuen. UPNk eta CDNk ez dute onartu EAren mozioa. EAk emandako datuen arabera Lanbide Heziketako 235 ziklotatik 10 eskaintzen dira euskaraz, hau da, 8.000 ikasletik 200ek ikas dezake euskaraz.
Valentziera eta katalana hizkuntza bera da
Valentzieraren hizkuntza akademiak hala erabaki du. Katalunian, Andorran eta Balear Uharteetan hitz egiten den hizkuntza bera dela erabaki dute. Bestalde, Valentziako hizkuntzari katalana edo katalan-valentziera deitzea errefusatu dute eta valentziera onartu.
Euskara eztabaidagai Foru Legebiltzarrean
PSNko parlamentari Carlos Cristobalek prestatu duen ponentzia atzera botako dute UPNren eta CDNren gehiengoak, baina datozen hilabeteetan euskararen gaiak une interesgarria bizi dezake. PSNk azken urteetan euskararekiko izan duen jarrera gogorragatik bitxia bada ere, indar abertzaleak, Ezker Batuak eta PSNk topatu dezakete osagai bateraturik euskararen garapenean aurrera egiteko.
Emaitza æteknikoakæ eta emaitza politikoak
ARCOren inaugurazio egunean ETAk Madrilen lehertarazitako bonba-autoak hildako eta zauritu larririk gabeko atentatu politika baiezten du, baina jadanik politika hori bere muturrera eramanez. ETAren historian jarritako bonba-auto ugariek erakusten dute, atentatu mota horrekin, une batetik aurrera gerta litekeena ez dagoela jadanik erankunde armatuaren esku. Indar agerpena, bestalde, agerikoa da eta lorturiko eragin mediatikoa ere bai. Molde horretan jarraituz gero, dena den, Anoetako ispirituaren garra bertan behera geratuko da, berandu baino lehen gainera. Indar metaketak balizko negoziazio 'tekniko' batean zer eragina duen baloratzea aski zaila da; horren zaila ez dena zera da, Anoetako adierazpenak iradokitzen duenetik -edo gizartearen gehiengoak ulertu duenetik- ezin dela espero emaitza politiko azkarrik.
Daniel Udalaitz
Industri Sustapen eta Birmoldaketarako Sozietatea, SPRI, Eusko Jaurlaritzak 1981ean sortu zuen agentzia da, xede duena EAEko enpresei garatzen laguntzea eta eremu horretako ehun industriala babestea. Horrez gainera, enpresa-proiektu baten ideia ernetzen denetik ezartzen den arte eskakizun diren erantzunak emateko egitekoa duen sozietate-talde baten burua da. Bestalde, gure enpresa txiki eta ertainei edo pymeei atal hauetan laguntzeko baliabideak ditu: informazioaren teknologiak eskura jartzeko, nazioarteko proiektuekin kanpora ateratzeko, sektore bakoitzaren behar partikularrekin bat datozen enpresa-inguru egokietan kokatzeko eta proiektu berritzaile eta estrategikoetarako finantzazioa arrisku-kapitalaren bidez lortzeko. SPRI Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismoko Sailari atxikia dago. 150 langile ditu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako elkarteetan. SPRIk lau jardun-lerro estrategiko ditu: berrikuntza, nazioartekotzea, garapen industriala eta informazioko sozietateak.
Beste sozietate batzuk ere baditu: SPRILUR, pabilioi industrial egokiak ematen dituena; parke teknologiko bana EAEko lurraldeetan; arrisku kapitaleko sozietatea eta enpresentzako eta berrikuntzarako zentroak EAEko hainbat lekutan.
Iazko urrian Alec Reid apaiz irlandarra ETAren zuzendaritzarekin bildu zela kaleratu zuen joan den igandean El Mundo egunkariak eta, polizi iturriak aipatuz, aditzera ematen zuen Reid eta ETAren zuzendaritzaren arteko kontaktua Belokeko monastegitik egin zela. Albistean Reid Ibarretxe lehendakariaren aholkularitzat jotzen da. Reid Gatazkaren Konponbidea Sustatzeko Batzordearen nazioarteko taldean dago gaur egun eta Irlandako gatazkan, Downing Streeteko akordioa gauzatu aurretik bere bitartekaritza lana funtsezkoa izan zen Irlandako abertzaleen arteko akordioan. Euskal Herriko alderdi abertzaleen aldetik onespen handia du. Iaz, esate baterako, LARRUNerako egindako elkarrizketan, Xabier Arzalluzek alderdi abertzaleen elkarlana laguntzeko bere perfila lukeen pertsona batean beharra zuela azpimarratu zuen.