Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-02-20 -- 1980.zenb

Arnoateko erromeriak eta bidelapurrak

Asier Agirresarobe / Muskilda Tellabide

XI. mendean dagoeneko zenbait agiritan ageri den Astigarribia nekazari auzoko San Andres eliza dugu abiapuntu (25m), Mutriku itsasertzeko herriko lurretan. Alabaina kostatik urrun gaude, ez ordea Deba ibaiertzetik. Izan ere ehunen bat metro beherago dugu garai bateko ibai portua eta ontziola, "molletxua" gisa ezagutua.

Arnorantz igotzen den galtzada zaharretik zuzendu ditugu lehen urratsak, egun, hormigoizko geruza batek estalia, zoritxarrez. Etxezabal eta Jauregi baserri artetik igaroz Mutrikura daraman errepidera irten gara. Zuzenean gora doa bide zaharra, baina sastrakak ez digu aurrera jarraitzen uzten. Beraz, errepidetik egin ditugu hurrengo urratsak, karobia atzean utzi eta metro gutxi batzuk aurrerago ezkerrera doan bidetik jo asmoz. Aparainera igotzen omen zen galtzada, Arnoko mendietan erromatarrek ustiatu omen zituzten meatzetaraino, baina lehen metrotan ez bezala, igo ahala erabat galtzen da bidearen arrastoa. Intsignis pinuak ustiatzeko erabiltzen diren pistetatik gora jarraitu dugu, ezkerreko mendi mazelan bihurgune batzuk eman eta Ormaolara doan pistara irteteko. Lepora iritsi aurretik ezkerrean, gaurkoan ezagutuko ditugun hilarrietatik lehena ikus dezakegu, Aparaingoa, hurrengoak bezala, hipotesi ugari egon arren, jatorri ezezagunekoa.

Aparaingo lepoan bidegurutze lokaztuaren alboan borda zahar baten teilatua ageri da (335 m) eta zutoin adierazle ugari ere inguruan. Horietako batek Done Jakue bidearen ikurra darama. Berau jarraituko dugu, Olatz, Korostola eta Arnoatera iritsi artean. Galtzeko aukera handirik ez dugu beraz, oraindik bederen. Pista zabalean behera garamatzate arrastoek, Abeletxera iritsitakoan ordea, ezkerrera eta behera jotzen duen bidetik jarraitu dugu. Eskuinean, bide bazterrean eguneko bigarren hilarria aurkitu dugu, Arrikrutzekoa. Olatzera doan errepidera jaitsi gara berehala, gurutzatu eta, beste ertzetik, behera abiatzen den bidetik jarraitu dugu, gutxira Olatzeko bailara itxian sartu eta zenbait baserriren ondotik igaroz San Isidro ermitara iristeko (202 m).

Bai Arno eta bai gertu dagoen Izarraitz gisako mendimultzo karstikoetan (kareharriz osatutakoak), higadura mota ugari gertatzen dira. Hauetako bat Olatzeko polje edo bailara itxia dugu, hau da, sakonune handi baten modukoa da, irteerarik gabekoa. Inguruotako beste ezaugarrietako bat, erreka eta errekastoen urritasuna da, izan ere, euri-ura lur barnera iragazten da, aise, lurraren erraietan egonez, beraz, benetako ibai sarea. Dena den, bailararen hondoan badira ere geruza iragazkaitz batzuk, errekasto txiki batzuk sortzen dituztenak. Hauek ordea, Olatzeko ermitaren atzean dagoen Kobaldeko hustubide ikusgarrian amaitzen dute beren bidea.

Ermita eta atsedenlekua atzean utzi eta metro batzuen buruan, bi adarretan banantzen da Olatzeko bailara. Eskuinekotik aurrera jo dugu, hainbat baserritako sarbideak alboan utzi eta hormigoizko bidetik, Añoerrekan gora hasieran, malda gogorragoan gora ondoren, Kostolamendi azpiko Korostola lepora iristeko, non izen bereko baserria dagoen (417 m). Bizkaia eta Gipuzkoa arteko muga den lepo honetatik Larruskainera jaitsi gabe, Done Jakue bideko balizak jarraituz Jangoikomendi inguratzeari ekin diogu, pinudi eta eukalipto landaketetan zabaldutako pista sare zabalaz baliatuz. Lepo zeharo zatar batera iritsi gara ondoren, laupabost basa-pisten elkargunera. Zenbait zutoin adierazle dago bertan, baina Santiago bidekoak jarraitu ditugu. Alanbre hesia gainditu eta pistan behera, hormigoizko beste batekin egin dugu bat. Metro gutxi batzuk aurrerago Damukorta baserri ondotik igaro eta hartxintxarrezko bide zabalak Arnoateraino eraman gaitu (405 m), matarrasean erabat soildutako mazela desitxuratu batzuetan barrena. Garai haietako kondaira zaharretako inguruneak seguru zerikusirik ez duela gaur egungo paisaiarekin, jatorrizko zuhaitz eta basoak galdurik baitaude. Haien ordez, baso industrialak eta kilometrotako pista amaigabeak paratu dizkigute.

Arnoateko lepoan iturriko estalpearen abaroan gure mendiek pairatzen dituzten triskantzez zenbait gogoeta egiteaz gain, atseden hartu dugu, bide luzea egin baitugu dagoeneko eta leku aproposa baita horretarako. Norabidez guztiz aldatuz, Mendarorantz jaisten dena ez, baizik eta Saratsuko gaina inguratuz Amegigurutzeko lepora gerturatuko gaituen bidea hartu dugu eta ordu erdi motzean Amegigurutzeko hilarri sonatuaren ondora heldu gara (485 m). Olatzera jaisten diren bideak utziz, eskuinera jo eta mazela erdian Pagabakarko punta inguratzen duen basa-pistatik jo dugu, Arnoko tontorretarantz zuzenduz. Laster beste bidegurutze batera iritsi eta kairn edo harri piloaz adierazitako sendatik artadi itxian barneratu gara (arrasto zuri-gorri-horiak). Artadi trinkoan barrena, zidor estuak, Arterreagako lepoa gainditu eta zenbait gora eta behera egin ostean, Arnoko gurutzea eta Banderako puntaren artean zabaltzen den Zazpizelaietako lepora igoarazi gaitu (580 m).

Beste aldean, metro batzuk beherago dagoen Morkaiko kirol taldearen aterpera jaitsi gabe, zuzenean Arnoko gurutzeraino daraman zidorra hartu dugu, puntu garaienean egon gabe, gandorrean baina Mutriku aldera dagoena (608 m). Ikuspegi ederra dugu bai Gipuzkoako Debabarrena eta Izarraitz mendigunera eta bai Bizkaiko Lea-Artibai eskualdeko mendi nagusietara ere. Primeran ikusten da itsasoa; diotenez, garai batean zelatari bat egoten zen itsas barrenera begira, baleak noiz agertu zain. Nahikoa gozatu ondoren beherako bidea hartu dugu. Zuzenean gandorretik behera jaistea badagoen arren, lehenik aterpera jaitsi gara, bertatik bide oso ibilian behera, arestian pasatako Aparaingo lepora iristeko (335m). Handik jada, ezaguna dugun bidetik, egiteko samurra dugu Astigarribiarako tartea.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan