Hain maite ere! Orain bi urte Euskal Herrian barrena egin genuen ibilaldian, iluntze aldera, Ezkion geratu ginen, berriemaile adin handiko horietako bat agurtzearren...
Bai horixe! Maite ditut. Gehiagotan geratu nahiko nuke Ezkion...
Filma ere egin zen hurrena. Visionarios, zoritxarrekoa. Filmaren zuzendariak, liburu bat aipatzen zuen iturri, baina ez zuen haren titulurik esaten, ezta egilearen berri ere...
Alabarekin batera joan nintzen filmaren estreinaldira, Donostiako Zinemaldian. Kreditu denak ikusi arte egon ginen zain, jarrita. Ostatuei bai, eskerrak eman zizkieten, taxiei... Filmaren izenburua, liburuaren ingelesezko titulua da, jatorrizko lanarena...
Ezkion bertan ez zioten filmari harrera onik egin. Ohar bat ere idatzi zuten herritarrek... Filmak historia aldrebesten duela ez da dudarik. Eta, gainera, txarra da...
Niri ikaragarri gustatu zitzaidan 30ko hamarkadako urteak ikustea... koloretan! Kar-kar-kar! Nik uste nuen, nire artean, dena zuri-beltzean gertatzen zela. Bildu ahal izan nituen argazkiak sepia kolorekoak ziren eta oroimena, beraz, zuri-beltzean eraiki nuen. Eta filma koloretan ikusi, eta hiru dimentsiotan, txokantea izan zen erabat. Bestela, badaude zenbait eszena eder: Fernando Fernan Gomezek, gobernadore zibil eta antiklerikala, mehatxu egiten die bidenteei, eta mehatxu egin orduko, domina, erlikia edo dena delakoa eskatzen die, faborez. Hori asmatu egin zuten, baina egiazkoa da, filmak duen egiarik handiena! Beste gauza batzuk, aldiz, barkaezinak iruditu zitzaizkidan.
Liburuari buruz jardun duzunean esan duzu "behin eta betiko" zela zure lana. Horren kontzientzia garbia zenuela. Filmaren bertsio berria egiterik bai?
Nik beti pentsatu izan nuen film on bat egiteko materiala zegoela liburuan. Hori kontrolatzeko, eta inork edukia alda ez zezan, argitaletxearekin kontratua sinatu nuenean horixe erantsi nuen, alegia, liburuaren gaineko filmaren eskubideak neuretzat gorde nituen. Filma egin eta gero, oso zaila da beste inork bigarren bertsioa diruz laguntzea.
Ezkio duzu Euskal Herriarekin daukazu lotura estuetarik bat, baina ez da bakarra. Renon ere izan zinen, bertsolaritzari buruzko biltzarrean, orain urte eta erditsu... badakigu euskaldunak ez garela bertsolari bakarrak, beste leku askotan ere badaudena. Repentistak. Baita hemen bertan ere, Kanariar Uharteetan...
Bai, hemen eta munduan. Leku guztietan! Horixe da egia... Kanariar Uharteetan, gaiari buruz munduan denik eta aditurik handienetako bat dugu: Maximiliano Trapero, ahozko bertsoaren gainean beste inork baino gehiago daki. Benetan da espezialista. Orain urte batzuk bat-bateko bertsoari buruzko jardunaldiak antolatu zituen Traperok. Kontua da, nik, tesia egiten ari nintzen garaian ahozko bertso direlako horien bilduma osatu nuela Garabandalen eta argitaratu. Trapero biltzarra antolatzen ari zen sasoian, ni antologia haren edizio berria ari nintzen prestatzen. Berarengana joan nintzen, zenbait zalantza argitzeko asmotan, eta aholku eske. Traperok, jardunaldien berri eman zidan. Nik, Kantabriako tradizioa aipatu nion, oraindik deskribatu gabekoa. Berak, orduan, tradizio horren gaineko ponentzia eskatu zidan. Bat-bateko bertsoa Kantabrian. Horixe izan nuen gaia. Hortik, Renoko biltzarrera.
Labayru Ikastegiarekin ere harreman estua duzu...
Labayru? Bigarren etxea izan dut nik Labayru, Ezkioko ikerketa egiten ari nintzen sasoian. Bertako biblioteka maitasunez dago egina, ez besterik. Euskal Herriko gauza txikiekiko maitasunez dago egina. Beste inon ez dituzten foileto eta aldizkariak dituzte, eta kontu handiz zaintzen dituzte. Eta biblioteka horren arduradunak, berriz, apartak dira. Profesionaltasun handikoak, baita bihotz handikoak ere. Oso ditut lagunak Labayru Ikastegikoak... Labayru altxor bat da Euskal Herriarentzat. Beste zenbait bezala, baina Labayru ere bai. Agiri biltegi ederrak daude Euskal Herrian barrena. Beraien gauzak ongi gordetzen jakin dute. Bai horixe!
Hain zuzen, Arantzazun izan zinen orain bi urte, Labayruren eskutik, memoria historikoari dagozkion zenbait gai lantzen... Oroimen hori ere gai interesgarri zaizu...
Bai... Nire gurasoak hil zirenean, konturatu nintzen biek ere disko gogor bana zutela, ezabatu egin zena. Disko gogor haietan familiaren historia zegoen, pertsonena ez ezik, gauza txiki askorena ere bai. Gurasoak hil zirenean, konturatu ginen gauzek ere iragana galdu zutela, iragan hori gurasoen buruetan gordeta zegoen eta. Horretaz gogoeta egiten ari nintzela, pentsatu nuen beharbada normala zela: seme-alabek ezin dutela beraien oroitzapenak eta gurasoenak, biak, gorde. Gaitasun mugatua dugula, oroitzapenak ere hierarkizatuta daudela, eta gureak beste inorenak baino lehenago ditugula. Uste dut seme-alabak ez direla gurasoen oroitzapenak biltzeko pertsonarik egokienak, beraz. Beharbada bilobak, edo besteren bat, edo inor ez. Hortaz, pentsatzen hasi nintzen: "Zer egin? Nola gorde gurasoen oroitzapenak, jakinik, gordeta ere, benetan ez nuela gordetzeko modurik!". Nola arraio egin behar nuen oroimen galera oztopatzeko?
Ezkion eginda zeunden lan hori...
Ezkion bai, belaunaldirik belaunaldi jardun nuen eta lanean. Baina, familia baten kasuan? Azkenean, zera erabaki nuen: adin handiko senar-emazteak bilatzea, oraindik ongi pentsatzeko sasoian zeudenak, erretiratuak, eta beraien kontuak niri kontatzeko gogoa eta astia izango zutenak. Eta nire gurasoen antzekoen bila hasi nintzen, eta lagun batzuen bidez topatu nituen, Wisconsin-en, Mendebalde Erdian, hangoa baitzen nire ama -eta, beraz, horra honenbestean lotura!-, eta beraien gauzen historia kontatzeko eskatu nien. Gaur egun bost urte daramatzat haiekin harremanetan, eta etxean, sotoan, lorategian eta bestetan dituzten gauzen historia kontatzen didate... 80 urte dituzte eta, aldiro, gauza horiek eta berorien oroitzapenak transmititzen eta ematen hasita daude seme-alabei, lagunei, erakundeei, museoei, bibliotekei. Eta, eman ezin dituztenean, saldu egiten dituzte, estatubatuarren yard sales ezagunetan. Niretzat zoragarria izan da. Batetik, neure gurasoekin bat egitea bezala izan da, nahiz eta ez diren bizi, eta, bestetik, berriz, guraso berri batzuk izatea bezala. Beraiek, aldiz, bizitza osoari birpasa egiteko aukera izan dute. Izan ere, objektu denek diskete bezala jokatzen dute: oroitzapen kutxa dira. Jendea oroitzapenez inguratzen da: argazkiak, oroigarriak, apaingarriak... Horien bidez, bere bizitza kontatzeko gai da. Ez dakit zer egingo dudan material horrekin, baina oso esperientzia aberasgarria izan dut, batere dudarik gabe. Familiako kideek artxibategi bizia dute orain.
Okerrena, grabatu duzun ordu pila, 200 ordu inguru, dakidanez, eta sekula transkribatuko ez dituzuna...
Eskumuturrak ez du horretarako indarrik izango honezkero...
Bertsoa
Doinua: Zer da gaur Donostian
Ezkiokoa heldu
belarrietara
eta zu aztertzera
bildu zinen hara.
Hamalau urteko lan
gogorren islada,
liburu hori eman
duzu argitara.
Sinesmena ez baina
fedea behar da!
Nor bere zoroak bizi du
«Katea baten maila izan zen Ezkio, iberiar katean, eta europar katean.
Ezkio ez zen, soilik, euskal kontua izan. Bidenteak, ikusle nagusiak euskaldunak ziren, baina Ezkiokoa ikustera Espainiako lau kornerretatik etorri ziren, eta Frantziatik ere bai. Ezkio bultzatu zutenak, berriz, ez ziren euskaldunak. Lehenengo elkarrizketak 1975ean egin nituen, baina bete-betean 82an ekin nion lanari. Liburua argitaratu, berriz, 96an argitaratu zen. Hamalau urtean ez nuen besterik egin. Amnistia, lehenengo hauteskundeak, erreferendumak, Autonomia Estatutua... Euskal Herria bere zoroak bizi zuen, eta ni neureak! Kar-kar-kar!».
Bielorrusia, Connecticut, Obaba
«Urtero joaten naiz AEBetara, Connecticut-era, gurasoen etxera. Bertan joaten naiz dentistaren etxera. Dentistaren laguntzailea Bielorrusiakoa da, emigrantea, baina urteak daramatza han eta ongi hitz egiten du ingelesez. Orain urte batzuk, hizketan ari eta Espainian bizi nintzela esan nien. Nik hori esan, eta Bielorrusiako hark, berriz, Euskal Herriko liburu bat irakurtzen ari zela esan zidan. Ni, seko harrituta. Zer ariko irakurtzen eta, Atxaga! Obabakoak!».
Nortasun agiria
William A. Christian 1944an jaio zen Northampton-en (Massachussets, AEB). Antropologoa da. Gazterik, katolikotasunaren eguneroko praktika aztertzen hasi zen, Kantabrian, irudipenak indar handiko ziren inguruan. Hango ikerketak Ezkiora bidean jarri zuen. Hamalau urtez, Ezkioko gertakariak ikertu besterik ez zuen egin, eta Visionaries liburua dugu emaitza. Kanaria Handia uhartean bizi da, emazteak bertan egiten baitio lan. "Hark hemen egiten du lan eta nik, berriz, nahi dudan lekuan egin nezake". Ikerketa baitu lanbide.
Espainiako ertz baten han dago Zamora...
«Tesia egiten ari nintzela, Kantabrian, lagun bat etorri zitzaidan bisitan eta Bizkaiko kostara joan ginen txangoan, astebeteko. Oinez. Uste dut Deban hasi ginela. Handik, herriz herri jo genuen. Herri zoragarriak! Mutriku, Bermeo, Ondarroa... arrantzu herriak, kohesionatuak, bizirik zeudenak... 68-69an izango zen. Iluntzetan, zenbait etxetan egiten genuen lo. Alditan, ostatuetan. Horietako batean, etxekoandreak kontatu zigun semea, apaiz, preso zuela Zamoran. Ez dut apaizaren izenik gogoan, ezta herriarenik ere. Beharbada nire oharren artean izango dut.».