Astekaria

 Bestelakoak 

Ukatzeak ez du arazoa desagerrarazten

Joxemari Agirre

Joxemari Agirre


1979. alea
2005-02-13
alde 0    kontra 0

Iazko urtearen amaieratik hona, ugariak izan dira elkarrizketa, negoziaketa, konponbidea, bake bideari ateak irekitzea, normalizazioa eta antzeko hitzen erabilpenak. Hedabideetan, mahai-inguruetan, politika eta gizarte arduradunen artean, maiz entzuten dira, batez ere azkenaldian, elkarrizketa eta negoziaketa hitzak. Baina denak prest badaude elkarrizketaren bidez negoziatzeko, eta hala diote, zer arraio gertatzen da negoziaketa gauzatzeko eta ixteko garaian?

Badirudi askotan hitz horiek -negoziaketa, elkarrizketa...- errazegi, merkeegi erabiltzen direla, bestela ez litzateke ulertuko, hainbeste aldiz aipatu ondoren, hain fruitu gutxi ematerik. Eta, jakina, benetan negoziatu nahi bada, horretarako jarreraz aparte, benetako borondatea behar da, eta bakoitza bere egiaren zati bat uzteko prest egon behar da. Eta, noski, bestearen egia zati bat, bederen, onartzeko gai izan. Bestela hitz jario hutsean erortzen gara.

Honelako zerbait gertatu zen Madrilgo Parlamentuan, otsailaren 1ean, Ibarretxe Lehendakaria Eusko Legebiltzarraren proposamena aurkeztera joan zenean. Esku zabalik, negoziaketa eskaintzen, arazoak eta proposamenak aztertu eta eztabaidatzeko asmoz eta gogoz agertu zen Lehendakaria. Eta, hasiera hasieratik, euskaraz gainera, markatu zuen bere lehen puntua: «Eusko Legebiltzarraren izenean nator, euskal herritarron eskubidea gure etorkizuna aukeratzea eta erabakitzea delarik». Aspalditik datorren arazoari irtenbide bat eman nahirik, negoziaketa sakon eta sendo bat irekitzeko borondatearekin heldu zen Lehendakaria. Eta, berehalaxe, hitz bitan, laburtu zuen mezuaren muina: «Erabakitzeko eskubidea eta hitzartzeko betebeharra». Bikote horretan oinarritu zuen argudio eraikigarria: «Gurea da, euskaldunona da, gure etorkizuna hautatzeko eskubidea, baina bai gu eta bai zuek -estatua- behartuta gaude negoziaketa bide bat irekitzera. Ez Zapaterok eta ez Raxoik ez dute erabakiko gure etorkizuna, bai, ordea, Bilbon, Sevillan edo Marokon jaiotako euskal herritar batek.

Lehendakariak bi erakundeen arteko mailara igo zuen eztabaida. Gaia Estatuko Parlamentuaren eta Eusko Legebiltzarraren arteko negoziaketa izaki. Azken honetan ûgehiengoz eta zilegitasun osozû onartutako proposamena zeraman Madrilgo Kongresura eta elkarrizketa txanda bat eskatzen zuen, parez pare, inongo mendekotasunik gabe, inolako morrontzarik gabe. Herri baten ordezkari moduan agertu zen, tinko eta irmo, esaten zuena sinesten zuela helaraziz.

Madrilgo Parlamentuak, aurretik jakina zen moduan, ezezkoa eman dio ûgehiengo zabalezû Eusko Legebiltzarraren proposamenari, baina han geratu da irudia, han geratu da proposamena, han geratu da arazoa ûkonpontzekeû. Negoziaketari ateak itxi zaizkio, oraingoz, baina proposamena ez da ezabatu eta bere bidea jarraituko du, eta Lehendakariak, berak, esan zuen bezala, ez dauka itzulerarik, ez du atzera egingo, zailtasunak zailtasun, oztopoak oztopo aurrera segituko du, betiere eskua luzatuz eta negoziaketaren bidez.

Otsailaren 1ean Madrilen entzun da euskaldunon ahotsa, han ikusi da gure ordezkariaren testigantza, nahiz eta estatuko bi alderdi nagusienen aldetik muzin egin zaion. Bakoitza bere erara: Raxoik nazionalismo espainiarraren mitoak eta esentziak harrotuz eta Zapaterok, suabeago, zuhurrago, badaezpada ere, zirrikitu guztiak itxi gabe, ateak zerratu bazituen ere.

Otsailaren 1a, ez dakit egun seinalatu izateraino gogoratua izango den, baina bai egutegi politikoan aipamen berezia izango duela. Ez da euskal ordezkariek Madrilen egiten duten burujabetzaren aldeko lehenengo saioa, gogora ekartzekoak dira foruak ezabatzean egindakoak, baina oraingo hau ozenagoa, aldarrikatuagoa eta jarraituagoa izan dela aitortuko nuke.

Lehendakariak argi eta garbi agertu du Madrilen ûestatuko ordezkari politikoen aurreanû zein den herri honen gehiengoaren nahia, bere etorkizuna aukeratzea. Demokraziari ezin zaiola hesirik jarri. Arauak eta legeak baino zabalagoa dela demokrazia.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala1978
 
azala1977

1979 zenbakia.
2005ko otsailaren 13a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza