Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2005-02-13 -- 1979.zenb

Mikel Garcia

Kanta herrikoiak abesten jardutea baino, belaunaldi berriek nahiago izaten dute egungo musika mota entzuten aritzea. Kantagintzarako zaletasuna galtzen ari da, gazteen artean bereziki. Iparraldean Hegoaldean baino gehiago mantendu bada ere, aurreko urteekin alderatuz bertan ere nabaria da beherakada. Hala diote Euskal Kantuzaleen Elkarteko Iparraldeko egoitzatik: abesti herrikoiekin lotutako ekintzaren bat antolatuta, lehen 500 lagun biltzen ziren lekuan egun 200 inguru biltzen dira.

Begoña Alzaga kantatzeko zaletasuna duten Intxaurrondo Zaharreko bizilagunekin bildu ohi da. Bere ustez, mota horretako ekimenak falta direlako eta ezagutza nahikoa ez dagoelako doa gainbehera. Zailena belaunaldi berriak erakartzea dela dio: «Aisialdia ulertzeko modua aldatu da, jada solasean aritzeko ohitura ez dago lehen bezain zabaldua». Gainera, auzoetan orokorrean nahiko bizitza pobrea ikusten du, geroz eta auzo giro gutxiago dago. «Giro hori gabe zaila da koadrilak sortzea eta kantua koadrilarekin lotuta dago».

Oskar Estangak, Euskal Kantuzaleen Elkarteak Nafarroan duen egoitzako idazkariak, ere argi du kantu motak eta kantatzeko era aldatzen ari direla. Horregatik, bere iritziz, kantuak gizartera eta gizarteak kantura egokitu behar du, formula berriak asmatu behar dira, egungo gazteek dituzten eraginak era guztietakoak baitira. «Hogei urtetik hona goitik behera aldatu da musika eta eten antzekoa egon da». Esaterako, elkarteak urtero antolatu ohi duen Euskal Kantu Txapelketa abesti herrikoiak berreskuratzeko helburuarekin jaio zen batik bat, baina jende gazteak 1975. urtetik aurrerako kantak abesten ditu lehiaketan, ez dituelako zaharragoak ezagutzen. Eta hori, Estangaren esanetan, kantuan aritzeko oztopo nagusienetakoa da: jendeak ezagutzen du abestien melodia, baita kantuen hasiera ere agian, baina ez dakizki hitzak. Ikusten duen beste eragozpen handia lotsa da. «Gaur egun gure ahotsaz lotsatzen gara, irudiak agintzen duen mundu honetan ez baitzaigu kantatzea bururatu ere egiten, hori profesionalen gauza dela pentsatzen dugu».

Aurreiritzi horiei aurka egiteko sortu zen Euskal Kantu Txapelketa eta dagoeneko hamahiru urte bete ditu. Hala ere, txapelketaren baitan ere nabarmena izan da lagunarteko kantagintzak izan duen bilakaera. Hasieran, aurkezten ziren asko eta asko koadrilak ziren, baina egun gehienak bikoteak edo bakarlariak dira. Eta lagun talderen bat lehiatzen denean, ez ditu normalean kantutegi zaharreko doinuak hautatzen.

Hala, aurrerapausoa eman behar zela eta elkarteak Kantu Afari Erraldoia izeneko ekimena antolatu zuen iaz: kanta zaleen arteko harremana sortzeko, ongi pasatzeko eta ahalik eta lagun gehien erakartzeko asmoz, Iruñerriko hainbat elkartetara jo zuten eta afarian 83 pertsona elkartzea lortu zuten. Sunbillako elkarteak ere Baztan-Bortzirietan antzeko afaria antolatu zuen eta benetan arrakastatsua izan zen. Ehundik gora lagun bildu ziren eta abesti herrikoi eta zaharrekin zortzi orduz aritu ziren. Baionako ereduari jarraiki Iruñea kantuz ekintza prestatzera animatu dira orain. Udaberri aldera kalean leku zehatz batean hitzordua egin eta kantatzeko jende pila elkartzea da xedea. Abeslari asko baldin badago, kantatzeak beste sentsazio bat ematen duela dio Estangak.

Gainera, Estanga Berriketan bikotearen partaideetako bat da. Kantu afarietan abestietako hitzak jende artean banatu eta beraiekin kantatzera gonbidatzen dituzte. Abestien hitzak azaltzen dizkiete eta jendeak kantari zentzua ematen dionean beste modu batean bizi eta sentitzen duela esan digu.

Baina Nafarroa ez da kantagintza berpizteko mugitzen ari den leku bakarra. Donostiako Intxaurrondo auzoko bizilagunek, esaterako, bost urte daramatzate kanta herrikoiez gozatzeko elkartzen. Taldean berrogei dira, gehienak emakumezkoak eta astelehenero auzoko kultur etxean biltzen dira. Edonork parte har dezakeela eta ateak zeharo zabalik daudela ziurtatu digu Begoña Alzaga taldeko kideak, baina gazte jendea ez omen da animatzen. Ordu eta erdiz abesten ondo pasatzea eta zaletasun hori jende gehiagorekin elkarbanatzea beste asmorik ez dute. Hitzak ikasi, CD-an abestia entzun eta a capella edo gitarraren laguntzarekin aritzen dira. Pozik daude emaitzekin.

Gainera, Donostialdean eredua beste leku batzuetara zabaldu da eta Alde Zaharra, Amara-Berri, Aiete edo Antiguo auzoetan ere halako proiektuak jarri dituzte martxan. Beraien artean harremana dute eta kantu-jiran elkartzen dira hilean behin. Euskaldunon Egunkaria itxi zutenean, protesta modura Donostiako Alde Zaharrean bildu eta abestuz jira egin zuten auzoko kaleetan barna. Ordutik, hileko hirugarren larunbatero elkartzea erabaki zuten, eguerdi partean. Nahi duen orok har dezake parte eta azkenaldian 200 lagun inguru elkartu ohi direla dio Alzagak.

Intxaurrondoko bizilagunak ez dira geldirik egoten eta maiatzean Lagunekin kantari ekimena antolatzeko denbora ateratzen dute. Hainbat abeslari ezagun gonbidatu eta bi zatitan banatutako emanaldiak eskaintzen dituzte. Lehenengoan, musikariek beraien abestiak kantatzen dituzte eta bigarrenean, ikus-entzuleekin batera aritzen dira.

Euskal Herri osoan zehar aurki daitezke abesti herrikoien zaleak biltzen dituzten saiakerak, baina agian Iparraldean mantendu da bizien kantarako izpiritua. Bertan, haur eta helduentzako txapelketak eta ahots eskolak antolatzen direla jakinarazi digu Eñaut Larralde Kantuzaleen Elkarteko kideak. Donibane Garaziko kanta tailerra gidatzen du Larraldek. Hamabostean behin, 30 eta 40 lagun arteko talde anitza biltzen da eta kanta zaharrak berreskuratzeaz bat, abesti berriren bat ikasten dute. Guztira, mota horretako 17 tailer daude Iparraldean eta denek antzeko programa jarraitzen dute. «Donibane Lohizunekoa bereziki handia da eta Baionakoa, Azkainekoa, Miarritzekoa eta Donapaleukoa ere dezente ezagunak dira», adierazi digu Larraldek. Gainera, Zuberoan Aitzindariak taldea sortu dute, dantzak eta kantak ikasteko helburuarekin.

Kantuaren Eguna

Baiona kantuz ekimenak urte batzuk daramatza jada eta eredu izan da kantatzea gustuko duten nafarrentzako. Baina ekitaldirik garrantzitsuenetakoa Kantuaren Eguna izan ohi da. Donibane Lohitzunen egiten da urtean behin eta Iparraldeko 17 tailerrak eta Hegoaldeko bizpahiru elkartzen dira giro herrikoian abesteko.

Oraindik ere lan handia dago egiteke, kantagintza gizarteratzeko eta belaunaldi berriak erakartzeko. Estangarentzat, sekretua aritzea da. Bere kabuz jende asko agian ez da animatuko, baina afaria antolatu, hitzak banatu eta gidaritza eta musika pixka bat ipiniz gero, "harrigarria da jendeak nola abesten duen. Jendea harritua geratzen da zein ondo pasatzen duen kantatzen. Lagun arteko babesa eta afalosteko patxada lortuz gero, bide erdia egina dago». Baina zergatik lotzen da hainbeste kantagintza otorduekin? Testuinguru kontua dela uste dute zaleek. Estangaren esanetan, arratsaldean tabernan kantatzea ohikoa zen lehen, baina gaur egun mozkorren kontua bihurtu da ia. «Gizartea dagoen moduan, kantatzeko testuinguruak murriztu egin dira. Eszenatoki gainean kanta daiteke, baina badirudi oso ona izan behar zarela hori egiteko, profesionala kasik». Horregatik, otorduen osteko testuinguru hori modu idiliko edo folklorikoan mantendu dela uste du. «Giro horrek jendeari xarma ematen dio eta lotsa galtzen da, afalostean abestea ia derrigorrezkoa dela dirudi». Gizarteak berak finkatzen du hori, baina horretan bakarrik geratzea ez zaigula komeni azpimarratzen du elkarteko idazkariak. Testuinguru gehiagotara zabaltzea baikorra izango da beti.

Estangaren teoriaren arabera, pertsona bakoitzak kantari bat du barruan; beste kontu bat da hobeto edo okerrago zaintzen duen, batzuetan ateratzen utziko dio eta besteetan baztertuta utziko du. Bere hitzetan, leku guztietan daude kantu zaleak eta kantuan aritzearen falta sumatzen dutenak. «Kantatzeak ez duela gauza serioa izan behar erakutsi nahi dugu, giro onean barre egiteko balio duela». Eta zer eman dio berari kantagintzak? «Ongi pasatzeko aukera, sentsazio onak». Hausnarketarako modua ere bada eta abestietako hitzen inguruan filosofatzeko joera du Estangak. «Gure izaera eta tradizioa ezagutzen laguntzen digu. Ikastaro batean irakatsi zidaten kanta herrikoi gehienak bere garaian apaizek moldatu zituztela, eta hori kontuan hartuta gauza asko ezagutu daitezke kantuetan».

Horretarako, beharrezkoa da dugun euskal kantutegi oparoa mantentzea. Zaleek diote ez dela zaila ondo osatutako kanta bildumak topatzea, Larraldek adibidez ehun eta hamabost abestidun programa erabiltzen du Donibane Garaziko tailerrean. Estangak, hala ere, egile garaikideak badaudela baina oso zaharrak direnak aurkitzea zailagoa dela azaldu du. «Pantxoak eta Peiok antzinakoak dirudite jada, Etxahun Iruri eta garai hartako abeslarien lanak ez baitira erraz topatzen». Hori bai, Hiru Truku taldea edo duela gutxi berrargitaratu den Boga-boga kantu bilduma bezalako ekimenak herriko doinuak berreskuratzeko oso lagungarriak direla argi dute denek. Azken finean, melodia herrikoiez dugun ezagutza aberastea beti ere ondo etorriko zaigu sagardo denboraldian gauden honetan.

Eider Garaikoetxea

Erandioko (Bizkaia) merkatu zaharrean sekulako hotza egiten du; bitxia badirudi ere, kazetariak berokia erantsi du sartu eta gutxira, Emilia Epelde eta Mikel Mardaras arte galeristekin hitz egiten hasi eta ia segituan. Epelean sentitzen da euren azalpenen artean. Euskal artearen egoerari buruz, La Brocha (Bilbo Zaharrean) eta bere etxean bertan duten arte aretoei buruz, Erandioko merkatu zaharra eraberritu eta erakusketa erraldoiak egiteko proiektuari buruz eta dituzten ametsei buruz egin dute berba. Hain sutsuki, hain hunkituta, ezen kazetariari iruditu zaion paretetan eskegita zeuden Fito Ramirez Escuderoren koadroak ere itzartu egin direla. Artea bizirik dago Epelde eta Mardaras kementsuen magalean.
guztia irakurri

Pilar Iparragirre

Nolakoa dugu Jokin Galtxagorri?
Galtxagorriak nahiko ezagunak dira Zarautzen, badute halako tradizioa. Baina nik aurkezten dudan galtxagorri hau berezi samarra da. Galtxagorriek, normalean, egiten dutena azkar eta ondo egiten dute eta oso langileak dira. Ipuinekoa, ordea, galtxagorri alferra da. Beraz, liburu honek badu lehengo ipuin zaharren moldea, azpian dagoen gai guztia nolabait tradiziozkoa da, baina badu baita ere ukitu berria, ni behintzat saiatu naiz ukitu berri hori ematen, umore puntu batekin lehengo istorio zaharrak aurpegi berriarekin agertzen.

Zertan mamitzen da aipatu duzun berritasuna?
Liburuak baditu tartean beste ipuin batzuk, baita ere kontatzen du nolabait nolakoak ziren Euskal Herriko tradizioko izaki berezi horiek eta nola pixkanaka-pixkanaka joan diren desagertzen. Hor agertzen da, esate baterako, basajauna nola desagertu zen, lamiak nola desagertu ziren eta gelditzen direnak desagertzeko arriskuan nola dauden. Hori guztia lotuta dago bederatzi-hamar bat urte dituen neskaren istorioarekin. Neska horrek, alderdi batetik, halako galtxagorri bat edukitzearen bentajak jasoko ditu, baina beste alderdi batetik galtxagorri horrek egiten dizkion alukeriak ere jasan beharko ditu.

Gaiztakeria asko egiten al dizkio?
Bai. Adibidez, Txinaraino bidaltzen baldin badu lore batzuk jasotzera, Jokin Galtxagorriri askoz errazago zaio amonak balkoian eginda dauzkan loreak hartu, moztu eta ekartzea. Eta horrelako bihurrikeria dezente egingo ditu.

Pilar Iparragirre

Joxe Mari Lopetegi
Joxan Elosegiren edizioa
Paper Hotsak
276 orrialde
16 euro

Errepublikanoen bertsolaria

Paper Hotsak argitaletxeak plazaratutako Joxe Mari Lopetegi. Errepublikanoen bertsolaria liburuan, 1875ean Irunen jaio eta 1942an Arruetan hil zen bertsolari bikain bezain ûgaur egunû ezezagunaren bizitzako pasarte gogoangarrienak eta hark sortutako bertsoak jasorik daude. Errepublikaren eta bizitza duin baten aldeko ahaleginetan joan zitzaion Joxe Mari Lopetegiri bizitza, eta jakina, sentimendu eta nahi horiek azaldu zituen bere bertsoetan. Hori izango ote da gizon hau bertsolaritzaren historia ofizialetik baztertua izanaren arrazoia? Litekeena dela irizten dio Joxan Elosegik, behintzat, gar biziko bertsolari apal honen bertso lana aurkezterakoan. Horietan daude agerian Joxe Mari Lopetegiren itxaropenak, ezinak, beldurrak, pozak eta nahigabeak.

Etorkinak eskolan
Marije Fullaondo
Sortzen-Ikasbatuaz Elkartea
129 orrialde
15 euro

Kulturarteko hezkuntzan sakontzeko beste arrazoi bat

Marije Fullaondok eskainitako lan honen izenburu zehatza Etorkinak eskolan. Aniztasunaren trataeran eta kulturarteko hezkuntzan sakontzeko beste arrazoi bat da, eta ukitzen dituen gaien artean honako hauek daude: etorkinak gurera etortzearen arrazoiak eta nola hartu izan ditugun; eguneroko hizkuntzan islatzen diren aurreiritzi eta estereotipoak; gure eskolak kultura anitzekoak dira aspalditik, zein ote egungo egoera aurrekoetatik bereizten duen aldea?; kulturarteko hezkuntzaren ezaugarriak eta Xabier Besalúren proposamen globala; kulturarteko lantegiak direla-eta egindako proposamena; harrera egokiak duen garrantzia; administrazioak eskaintzen dituen bitartekoak eta bete beharreko hutsuneak.

Juan Cruz Juaristi eta Ruanda
Rikardo Uzkudun
Ori-Zautz
119 orrialde

Ruanda bertatik bertara

Argazki iradokitzaileez hornitua agertzen da jazotako triskantzengatik oso ospetsu egin zen lurralde afrikar bati buruz euskaraz argitaratu den lehenengo liburua: Juan Cruz Juaristi eta Ruanda. Gogoa Afrikaren bihotzean. Urte batzuetan Orion apaiz izandako Zarauzko semea da Juan Cruz Juaristi, eta hogeita hamasei urtean misiolari lanetan ibilia dugu Ruandan. Eskarmentu horretan oinarriturik idatzi zuen El fracaso de una fraternidad. Breve historia de Ruanda, orain Rikardo Uzkudunek liburu honetarako euskaratu duen lana, misiolariari egindako elkarrizketa sakona gehituz. Ruandaren, bertako etnien eta kulturaren ezaugarriak eta historia, lurralde horren hondamendiaren eboluzioa, 1994n gertatutako genozidioaren arrazoiak eta besteren berri eskaintzen da bertan.

Montes de Bizkaia
Batzuen artean
Sua
216 orrialde
18 euro

75 gailurretara igotzeko aukera

Azucena Martínez, Mariano Molinero, Alberto Muro eta Ana Otxoa de Aldaren artean osatutako Montes de Bizkaia gidak Bizkaiko 75 gailurretara bisitan joateko erarik aberasgarriena eskaintzen du. Atxondo, Bizkargi, Ereñozar, Oiz, Anboto, Udalatx, Mugarra, Kalamua, Errialtabaso, Ilunbe, Arralde, Elorritxugana/Kukutxakoatxa, Gorbeia, Lekanda, Usategieta, Beratza, Tologorri, Txarlazo, Artanda, Malmasin, Pastorekorta, Alen, Ganekorta, Luxar, Ganeran, Peña del Moro edota Trasmosomosera igotzeko erarik aukerakoenak eskaintzeaz batera, Uribe, Urdaibai, Lea-Artibai, Durangaldea, Arratia, Gorbeiako Mazizoa, Urduña, Nerbioi Behera eta Enkarterria hartzen ditu kontuan, lekuan lekuko natur edertasunak eta historiaren berri emateko orduan.

Hizkuntz eskubideak Euskal Herrian
Paula Kasares
Deustuko Unibertsitatea
115 orrialde
2,40 euro


Zertan diren gurean hizkuntz eskubideak

Deustuko Unibertsitateak plazaratzen dituen Giza Eskubideeei Buruzko Deustu Koadernoek beren 31. zenbakian Paula Kasaresek burututako Hizkuntz eskubideak Euskal Herrian. Zer eskubidez ari garen eta zertan diren saioa aurkezten dute. Lanean aztertutako gaien artean, hizkuntz eskubideen kontzeptua eta garapena, nazioarteko zuzenbidean daukaten egoera, euskararen estatusa Euskal Herrian eta Iparraldean, Euskal Autonomia Erkidegoan zein Nafarroako Foru Komunitatean hizkuntz eskubideek duten legezko egoera; aipatu eskubideak zertan diren eremu pribatuan; euren aldeko herri ekimena Euskal Herrian eta egilearen azken gogoeta daude.

Txit oilo bitxia
Mercè Arànega
Ibaizabal
30 orrialde
5,60 euro

Txinatik iritsitako oilo bitxiaren azken abenturak

Irudien alboan letra mordo bat ikusteagatik dagoeneko izutzen ez diren haurretan pentsatuz sortu zituen Mercè Arànegak Txit oilo bitxia Txinatik iritsiaren abenturak. Sei alez osatutako bilduma, denera. Ale horietako bakoitzean, lagun ezberdinak egiten ditu oiloak eta beraiekin jolasean ibili ohi da. Azkenekoan, hartzak ezagutuko ditu. Beldur pixka bat ematen diote animalia erraldoi horiek hasieran, baina berehala ohartuko da haien jatortasunaz, eta primeran pasako dute denek elkarrekin.

Jokin Galtxagorri
J. M. Olaizola «Txiliku»
Elkar
106 orrialde
7,80 euro

Galtxagorri bihurriaren abenturak

Ikasliburuak prestatzen egiten duen lanaz gain, literaturaren alorrean ere, eta bereziki haur eta gazteei begira, makina bat ahalegin egindakoa dugu Jesus Mari Olaizola zarauztarra, Txiliku goitizenez ezagunagoa dena. Bere irudimenetik sortutako lan horien emaitza iazkoan jaso zuen, Osaba Bin Floren liburuarekin Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria eskuratu zuenean. Baina ez da Jesus Mari Olaizola garaipena lortu eta lo gozoan gelditzen direnetakoa, eta hor datorkigu 10 urtetik aurrerako neska-mutikoentzat aproposa den beste lan batekin. Jokin Galtxagorri kontakizunean, izaeraz oso alferra den izaki horietako baten jabe egiteagatik neska batek jasan beharko dituen burukominen berri ematen du. Badu Jokin Galtxagorrik abantailarik ere, ordea, kontalari oso ona baita. Noizbehinka ahaztu egiten zaio zertan ari den, eta aspaldi-aspaldiko istorio dotore batzuk kontatzen ditu: gizakiak txahal gorria ezagutu zuenekoa, adibidez, edo basajaun desagertzera eraman zuen bidea; hala nola artzaina eta lamia ederra maitemindu zirenekoa eta nola, zoritxarrez, amodio horren ondorioz etorri zen lamina askoren desagertzea...

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan