Mikel Asurmendi
Sei hilabete iragan dira Carlos Chivitek Juan Jose Lizarbe idazkari ohia ordezkatu zuenetik. Nafarroako sozialisten azken kongresua emozio eta tentsioen artean ebatzi zen. PSNko idazkari nagusi berriaren helburua Nafarroako Gobernuaren presidentziara iristea da: �Eroso ari naiz, eboluzio jarraikor eta dinamikoan. Jarduera publikoak eta herritarrekiko harremanak oso gustukoak ditut. Hauengandik ikasten saiatzen naiz�. Nafarroako Foru Erkidegoaren berezko izaera defendatu, eta autogobernua sakontzea eta zabaltzea da bere nahia. Nafarroaren etorkizuna Espainiaren baitan baino ez du ikusten. Erkidegoen arteko diferentziak errespetatuz, elkartasunean eta kolaborazioan: �Eskuinarekiko diferentziak nabariak ditugu, ordea. 2005eko aurrekontuei zuzenketa osoa jarri diegu. Eskuinaren UPN-CDN gobernu bikoaren hitzezko politika ez dator bat Nafarroarentzat egiten ari omen diren proiektuen zenbatekoekin. Hitz politak bai, baina zenbakiak ez dira koadratzen. UPN zilindro-zapalgailua da eta CDN arrabola�, adierazi digu Chivitek.
Zein dira gakoak PSN Nafarroako Gobernura iristeko?
Hiru dira hauteskundeak irabazi edo galtzeko gakoak. Lehenik, alderdia norabide zehatzean jartzea. Bigarrenik, arerio politikoen asmoak ezagutzea. Nafarroaren egoera politikoa konplexua da. Batetik, eskuineko UPN eta CDNren mugimenduak kontuan hartu behar ditugu. IUren estrategia ahaztu gabe. Halaber, euskal nazionalistak daude. Hauek Nafarroa Bai aukera errepikatu nahiko dute. Hirugarrenik eta garrantzizkoena gizartea da. Jokaleku politikoa ondo ezagutu behar dugu. Merindade bakoitzaren identitatea eta singulartasuna errespetuz landu behar dugu, tokian tokiko familia eta pertsonen nortasuna, harreman pertsonalak nahiz lanekoak sakon ezagutu behar ditugu. Horiek guztiek Nafarrokoa puzzlea osatzen dute, berauek uztartzea oso zaila izaki. Elizaren eragina dago halaber. Bi adar dituena: hierarkiarena eta eliztarrena. Opus Dei dago: hezkuntzan, osasunean, ekonomian eta massmediatan errotua. Gizartea eskatzen ari denarekin bat egiten jakin behar dugu, eta horretarako berau ondo ulertu, onartu eta erakarri behar dugu. Ezin diogu gizarteari erantzunik eman, berari kasu egin gabe.
Eskuina ordezkatzeko beste alderdiekin akordiorako aukerak ikusten al dituzu?
Hauteskundeak 2007an izanda, ez dut inola ere akordio aukeraz hitz egin nahi gaur egun. Arinegi mintzatzea litzateke, zuhurtziagabekoa eta eroa nintzateke. Nafarroako jokaleku politikoak klabe eta joko askorako ematen du. Baina, jokalekua herritarrek erabaki behar dute. Zergatik arin jardun? Zertarako presak? Nire lemak zuhurtzia, pazientzia eta pertseberantzia dira. Politikan funtsezko ezaugarriak.
Nafarroako hainbat udaletan PSNk zenbait alderdirekin �UPN eta CDNren alternatiban� akordioak gauzatu ditu.
Hara, akordio horiek baino ez dira aipatzen. Alderdi sozialistak Nafarroako 32 udaletan gobernatzen du, �UPNk 33 gobernatzen ditu, Iru�ea eta Tutera barne; garrantzizkoenak�, baina badaude ere UPNrekin akordioan gobernatzen dugun udal asko. Egia da, zenbait udaletan alderdi abertzaleekin ari gara. Hori bizikidetzaren isla da, bakearen lekukotasuna. Edonola ere, batzuekin nahiz besteekin ari gara.
Katalunian, PSCk ERC eta ICVrekin gobernatzen du. Nafarroan konbinazio mota hori posible ikusten al duzu?
Badakit nondik nora zoazen, eta berriz diot: alderdi politikoek Nafarroako jokaleku politikoa ongi ulertu behar dugu, bakoitzaren espazioak zein diren ongi ezagutu eta beraietan nola jokatu ikasi. Bestela erratuko gara erabat, Kataluniako egoera ezin da hona aldatu. Han xake taula erabiltzen ari dira, horrelako fitxak behar dituztelako. Hemen, berriz, dama taula batez ari gara, eta dama taula eta fitxekin jokatu beharra daukagu.
Zein da Nafarroa Bai-z zure iritzia?
Esperimentu politikoa da, kuantitatiboki emaitza onak lortu dituena. Alabaina, elkarganatzen dituen indar politikoak elementu bakarrak lotuta daude: abertzaletasuna edo nazionalismoa. Programa politikoetan oso ezberdinak dira. EA eta Aralarren programa politiko, sozial eta estrategikoetan diferentziak kointzidentziak baino askoz gehiago dira. Nafarroa Bai lurralde honen konplexutasunaren isla eta aukera da, baina Nafarroan etorkizun politikoa diseinatzea zaila da. Enpresek ez badute urte bateko etorkizuna diseinatzen, are gutxiago alderdi politikoek.
Autonomien Estatua hizpide orain, zein da Ibarretxe Planaz zure iritzia?
Ibarretxe Plana Eusko Legebiltzarrean onartu zen egunean sortu eta hil zen. Ez naiz sartuko bere prozeduran, ez baitzuen adostasuna bilatu.
Bere bultzatzaileek baietz diote.
Ez. Egitateek baiezpen hori ezeztatu dute. Adostasuna ez da bilatze edo iragarpen soila, aurkitu behar da. Bilatu bazuten ez zuten aurkitu. Trantsizioan, kontsentsu konstituzionala aurkitu zenean, bakoitzak bere nahiak kanpo utzi zituen, guztion nahiak bildu ahal izateko. Ibarretxe Planak alde baten proposamena inposatu nahi du. Plan txarra da arlo politiko, ekonomiko eta sozialean. Nazionalistentzat askoz onuragarriagoa zatekeen Gernikako Estatutuaren bidean aurreratzea eta ez berau Ibarretxe Planaz ordezkatu nahi izatea. Espainiako Konstituzioa Euskal Konstituzioaz edo Ibarretxe Planaz ordezkatu nahi izatea txarra da. Euskadiren independentzia txarra da Espainia eta Euskadirentzat.
Ibarretxeren aburuz, ez da independentziarako plana.
Ibarretxek nahi duena esango du, baina planak dioena dio. Publikoki eufemismo linguistikoak erabiliko ditu bere helburua perbertituz, baina Elkartekideko Estatu Librearen proposamena independentzia da. Gainera, EAE zazpi herrialdeen ideiarekin lotzea aberrazioa da, erabateko zentzugabekeria. Plan hori ez da pertsona zentzudun baten buruan sartzen, Ibarretxeren megalomaniak jokaleku ezinezkora eraman du eztabaida politikoa. Kontraesankorra da. Mapa geopolitikoek batasunerako joera duten garai honetan, arau partekatuen bitartez, denon arteko konpromisoen bidez, Europako Konstituzioa gauzatzen ari denean, Ibarretxe kontrako norabidean doa, sezesioa bilatzen ari da. Are gehiago, Nafarroatik begiratua, aldi baterako 4. Xedapen Gehigarria izanda, ezin da pertsonen eta herritarren aurkako plana egin. Nafarren borondatearen aurkako plana da. Are gehiago, euskal abertzaleak sentitzen diren nafarren aurkakoa da. Beraiek ere ez dute Ibarretxe Plana nahi.
Aldi baterako 4. Xedapen Gehigarria bertan behera geratu beharko al litzateke?
Demokrazia eta Autonomien Estatua egonkortu denean, xedapen horrek nahasmendua besterik ez du eragiten, kezka eta seguritate eza. Erkidego honetako herritarren gehiengoaren nahia zein den ezagututa, ez dago inolako arriskurik hala ere. Aukera hipotetikorik ere ez dago, arau eta prozedurak jarraitu behar direlako �Ibarretxek egin ez duena�. Baina PSNrentzat ez du lehentasunik, ez PSOErentzat. Konstituzioan eroso gaude. Egia esan, 4. Xedapen Gehigarria gabe hobekiago egongo ginateke. 25 urte pasa ondoren ez du zentzurik, ezabatu beharko litzateke. Hipotesi baterako ezarri zen, ez da beharrezkoa, nafar gizartearen nortasuna heldutasunera iritsi delako. Nafarrei galdetzen badiezu, edozein soslai ideologiko izanik ere, gutxiengoa kenduta, argi eta garbi esango dizute: nafar eta espainol izaten jarraitu nahi dugu eta kito. Nazionalistek horrela diote euskaldunak direla esatean, euskaldunak eta kito!
Aralarrek Nafarroarako "estatus politiko berria" proposatuko du Nafarroarentzat. Zer iradokitzen dizu proposamenak?
Ibatxerre Planaren ondoan Zabaletaren plana. Astakeria bera. Nik Aralarren ekimen politikoak errespetatzen ditut, baina, antza, presa izugarria etorri zaio. Nafarroako Parlamentua Foru Hobekuntzaren erreforma aztertzeko ponentzia bat lantzen ari da. Orain, bat-batean, Aralarrek, EAEko instituzioetan ez dagoenez, Ibarretxe Plana proposatu nahi du Nafarroan. Aralarrek EAE eta Nafarroaren arteko autonomia bateratua nahi du Zabaleta Planaren bidez. Zinez ulergaitza. Ibarretxe eta Zabaletaren planek konplizitate bera dute. Berriz diot, galde diezaioten nafarrei zer nahi duten.
Zein neurrian oztopatzen ditu egungo egoera politikoak PSNren helburuak?
Eguneroko agenda politikoan trabak sorrarazten ditu, baina, Nafarroako politikan zehazki ez. EAEko hauteskundeak hurbildu ahala jokalekua aldatuko da. Ikusiko duzu zein egoera desberdinak izanen diren. 1996tik 2000ra diputatua izan nintzen. Aznarrek eta Arzalluzek �politikoki ulerturik� elkarri egiten zioten ohea. Ezkontza banaezina omen zen. 1996ko urrian sinatu zuten akordio batean, Arzalluzek eta Pujolek esan zutenez, Aznarren gobernuarekin 14 egunetan, Gonzalezen gobernuarekin 14 urtetan lortutakoa erdietsi zuten. Ondoren, urte bakar batean, bikotean istiluak hasi eta 1988an apurtu zen. Politika gizartea bezain dinamikoa da. Hauteskundeek posizioak seinalatzen dituzte koiunturaz koiuntura. Horregatik denborari denbora eman, eta isilik hobe.
Patxi Lopezek esan duenez, Batasunaren aldaketak "egoera politikoa irauli du". Zapaterori bidali zion gutunak Ibarretxe Plana bigarren plano batean utzi du. Alderdien arteko elkarrizketa Euskadin proposatu du Lopezek. Nola ikusten duzu euskal gatazkaren ebazpena?
Horretan PP da egin behar ez den adibide onena. PPren lehen ahalegina Gonzalezen gobernua botatzea izan zen. Ondoren, elkarbizitzarako jokaleku batzuk eraitsi zituen: Ajuria Eneko, Iru�eko nahiz Madrilgo mahaiak. Horiek oso aurrekari onak ziren bakea lortzeko. Aznarren gobernua ordea ETAren terrorismoaz baliatu zen.
PSNren estrategia kontsentsuan oinarritzen da. Demokraziaren oinarria askatasuna da, elkarbizitza eta bakerako jokaleku bakarra. Horretan UPN eta CDNrekin bat egiten dugu oro har. Baina UPN eta CDNrekin desberdintasunak ditugu Nafarroako estatus instituzionalari dagokionean, guk geurea dugu-eta. Gainerakoekiko diferentzia nabariagoa da, guk ez dugu askatasuna nahasten, bakea, demokrazia, elkarbizitza, lurraldeko nortasuna eta nahikari subirano zaleekin.
Alderdien arteko elkarrizketa mahaia hobesten duzu edonola ere?
Bai. Baina, finka dezagun helburua: nora joateko? Helburua finkatzen badugu, elkarrizketarako bideak zabaldu daitezke. Ez dut uste Patxi Lopezen proposamena bestelakoa denik. Bere estrategiak eragin dezake hemengo politikan, baina ez du gure jarduera politikoa aldatuko. EAE eta Nafarroaren osagai politikoak diferenteak dira, ez dira soziologikoki ez politikoki ez ekonomikoki gauza bera, alta, nazionalistek batu nahi dituzte. Alabaina, nik ez ditut kultur ezaugarriak komunak ditugula ukatzen.
Ainhoa Lendinez
13-14 urte arteko lagunarteentzat prestaturiko egitasmoa da Kuadrillategi, alegia, DBH-ko 2. eta 3. mailetan dauden gazteentzat. B edo D ereduetako nerabeak biltzen dira proiektuan. Gutxienez bost laguneko taldeak osatu eta astean hiruzpalau orduko saioa egiten dute. Gazteen intereseko gaiak lantzeko hiru elementu izaten dituzte ardatz: jolasa, lagun-taldea eta euskara.
Proiektua hasi eta lagun taldeak hiru aldiz elkartzen dira ikasturtean dinamizatzaileekin, koadrila-saio izenekoan egitasmoaren gorabeherak aztertzeko. Hasi eta buka, ikasturte bat irauten du asmoak, baina eskaintza ikasturtero errepikatu ohi da. Lagun-talde batek gehienez ere bi ikasturtetan jardun ahal izango du, taldeko kide guztiek eta dinamizatzaileek hala adosten badute. Bestalde, egitasmoa herriko eragileek kudeatzen dute.
Sorrera, eta hasierako urratsak
Orain 12 bat urte, Pello Jauregi doktorea gazte talde baten euskalduntze prozesua aztertzen hasi zen. Hari horri tiraka, Pasai Antxon (Gipuzkoa) jarri zuen martxan proiektua. Bi ziren helburu nagusiak: gaztelaniaz bizi zen gazte talde baten hizkuntza ohiturak aldatzea eta aldaketa prozesu horren jarraipena egitea. Hasierako teoria eta metodologia orraztu ostean, proiektua osatu eta Lasarte-Orian (Gipuzkoa) aplikatu zuen diseinu berria. Bigarren ikerketan esperientzia eta lagun kopurua handitu zituen. Horrezaz gain, lagunarte euskaldunak eta lagunarte mistoak ûeuskaldunak eta gaztelaniadunakû, bildu ziren egitasmora. 2000ko ekainean ikerketa fasea amaitu eta datuen berri eman zuten. Emaitzak oso onak izan ziren, batez ere talde mistoetan hizkuntza ohitura euskararen alde aldatu zelako. Euskaraz egiteko ohitura duten lagun taldeek ohitura indartzea eta gaztelaniaz mintzatzen ziren taldeek euskaraz egiteko ohitura hartzea zen asmoaren helburua. Diseinu berria ere egin zuten gero, adina txikitu, euskara-eskolak bazter utzi eta aisialdi eskaintza erraztuta. Orain arte, dozena bat inguru udaletan jarri dute martxan: Gipuzkoako Andoain, Aretxabaleta, Astigarraga, Beasain, Deba, Lasarte-Oria, Bergara eta Urnietan eta Nafarroako Burlata, Uharte eta Atarrabian.
Ikerketa-aholkularitza taldea eta prestakuntza
Lasarte-Oriako esperientziaren ostean, Kuadrillategi Ikerketa eta Aholkularitza Elkartea osatu zen, hasitako proiektuari eusteko. Euskalgintzan diharduten pertsona, elkarte eta erakundeak euskararen normalizazio prozesuan berezko taldeek duten garrantziaz ohartaraztea da talde horren helburua. Baita euskararen erabilera indartzeko bide berriak ikertzea ere.
Horrezaz gain, Kuadrillategi egitasmoa martxan jarri nahi dutenentzat 50 orduko prestakuntza ikastaroa ere antolatu du Elkarteak, proiektuaren teoria eta metodologia azaltzeko, eta orobat, berezko taldeetan euskararen erabilera sustatzeko Kuadrillategi Elkarteak eginiko ikerketen berri jasotzeko.
Daniel Udalaitz
BBVAko Akziodunen Batzar Nagusiak aurki egitekoa duen bilkura, antza denez, erakundearen egungo presidentearen kontrako ofentsiba handiaren erdian egingo da. Francisco Gonzalez, Ratoren eta Aznarren adiskidea, PPren gobernuak goratu zuen presidentzia horretara, bankuak Argentariarekin bat egin ondoren. Ofentsiba horren azken fasean, aurreko bere burtsa-enpresan egin zituen ustezko irregularitateak aztertuko dira, eta Aznarren gobernuak Balore Merkatuko Komisio Nazionalaren (CNMV) bitartez bere mesederako egin zuen ustezko prebarikazioa ikertuko da.
guztia irakurri