PTM Mundubat Euskal Herriko GKE bat da (www.ptmmundubat.org). Egoitza nagusia Bilbon duen erakunde honek hamabost urte bete ditu Hegoaldeko erkidego eta herrialdeekiko elkartasuna eta konpromisoa mantenduz. Nikaragua eta El Salvadorren egiten du lanik gehien, bere zeregina Hegoaldeko beste hainbat herritara hedatzen den arren. FIARE fundazioaren bazkide-sortzaile eta euskal banku etikoaren bultzatzaile gisa, badu eskarmenturik halako banku etikoak sortzeko. Euskal GKEen aitzindaria izan da 1995 urtetik aipatutako Hegoaldeko herrialdeetako erkidego eta proiektuei mikrokredituak emanez. Bere finantziazio tresnak PTMCREDIT izena du.
2004ko ekitaldiko datuen faltan, euskal GKE honek hamalau milioi euro (14.220.559) baino gehiago kudeatu zituen 2003an. Milioiok hainbat herri eta erkidegotako proiektu sozialak gauzatzea ahalbidetu dute: Guatemala, RADS (Mendebaldeko Sahara), El Salvador, Chiapas (Mexiko), Nikaragua, Kuba, Honduras, Brasil, Kolonbia eta Palestina, besteak beste. Funtsa ekonomikoa honako erakundeek eman dute: Europar Batasuna (%67), Nazioarteko Lankidetzaren Espainiako Agentzia (%1,7), Tokian tokiko korporazioak ûeuskaldun ugari (%4,5)û, Autonomia Erkidegoak, ûEAE eta Nafarroaû (%19,8) eta funtsa pribatuak (%5,1). Funtsaren %94 Hegoaldeko proiektu ugari gauzatzeko erabili zen, %2,3 kudeaketa eta administrazio orokorreko gastuak ordaintzeko, %3,5 sentsibilizazio-heziketa proiektuetara zuzendu da eta %0,2 amortizazio-gastutarako.
PTMCREDITen filosofia
PTM Mundubatek Hegoaldean laguntzen dituen Erkidego eta taldeen zerbitzurako lanean diharduen banku etikoaren tresnetako bat izan nahi du. Tresna honek Garapen integral eta iraunkorraren erronkei aurre egiteko baliabideak ugarituko ditu; era berean, Iparraldeko sektore sozialak sentsibilizatzeko bidea izan daiteke, sektoreok hegoaldeko aldaketa-prozesuak bultza ditzaten elkartasunezko diru-maileguen bidez. Lankidetzaz gain, PTMcreditek PTM Mundubaten estrategiak garatu nahi ditu Partaidetzazko Garapen Endogenoa (PGE) lortzeko Hegoaldeko herrialde eta erkidegoen artean. Bere ordezkariek adierazi dutenez, "ez dugu edozein banku etikoren proiektu edo sustapen-makroproiekturik burutu nahi... gure egitekoa DEPen baitan kokatuta dago: erakundearen filosofia ekonomia herrikoia, elkartasunezko ekonomia soziala da, bere ekintza guztien irizpide nagusia tokian tokiko ekonomiak garatu eta berdintasun soziala bermatzea direlarik".
Ondorioz, erakundearen lehentasunezko arlo tematikoak honakoak dira: nekazaritza iraunkorra, subiranotasuna elikagai horniduran, mikroenpresa eta kooperatibak sustatzea, botere lokala, enpresak sortu eta bultzatzea, komertzializazioa eta kreditua. Onuradun populazioa erkidego osoa da, eta onuradunak udalerriak, tokian tokiko GKEak, tokian tokiko mikrofinantziazio erakundeak, aurrezki eta kreditu kooperatibak, PTM Mundubatekin batera hainbat proiektu eta programatan lan egiten dutenak. Euskal GKE honek Nikaraguan du protagonismorik handiena. Bertan honako hauek ditu bultzagai, besteak beste: militar desmobilizatuen aldeko proiektuak, sustrairik gabeko populazioa, Managuako auzo baztertuak, emakumeak, kooperatibak, etxebizitzak... milioi erdi euroko funtsaren bidez.
Datorren apirilean abian jarriko ditu lehen euskal banku etikoaren oinarriak FIAREk, Inbertsio eta Aurrezki Erantzuleen Fundazioak, Banca Popolare Etica, BPE (Padua) Italiako bankuaren eskutik. Bere helburu nagusia da gizaki orok kreditua izateko duen eskubide unibertsala ahalbidetzea, batez ere, ohiko bankuen krediturik jasoko ez luketen kasuetan. Horretarako, hasieran banku italiarrak agentzia irekiko du Bilbon, bultzatzaile euskaldunek autonomo izan nahiko luketen arren lau urteren buruan, norbere fitxa sortu eta Euskal Herriko hiriburuetara zabaltzeko. Banku etikoaren fenomenoa duela hogeita hamar urte abiatu zen Hegoaldeko herrialdeetan, Bangladeshen, gerora Hego Amerika eta Europara hedatzeko. Euskal Herrian, PTM Mundubat euskal Gobernuz Kanpoko Erakundea, FIAREko kide eta euskal banku etikoaren sustatzaile dena, aitzindaria izan da mikrokreditu famatuen kasuan, 1995 urtetik Nikaragua eta El Salvadorreko hainbat proiektu sozial finantzatzen dituela.