Jakoba Errekondo
Elurmen artean idazteak argitasun punttu bat emango zidalakoan nengoen, baina ingurura begira betiko bihurtzen ari den gai horietako bat datorkit bueltaka, zurrunbiloan burura. Txertu sasoia dator eta horra gai garaikidea. Etxeko sailetan antigualeko erako sagasti bat egitekotan nabil, sagarrondoak txertatzeko basoko sagar-makatza edo sagar-basaka mentu-oin gisa erabilita, alegia. Ez dago erraza, baina dema-harria baino egoskorrago jartzen badakigunez lortuko dugu...
Antzeko lanetan dabil herriko sagardotegi bateko lagun bat. Sagasti handi bat sortu nahi du eta sagarrondoak zein mentu-oini txertatu galdezka nuen lehenxeago. Gaia zurrunbiloan.
Gero eta bertako sagar barietate gehiago galtzen eta kanpokoak ekartzen ari garenean, mentu-oin aukera gero eta zabalagoa da. Sagarrondoa lurrari lotuko duena eta beharrezko dituen elikagaiak emango dizkiona da oina. Lur-sail bakoitza berezia da eta denetan sagarrondoak landatu eta ondo bizitzeaz gain fruta oparo ematea nahi izaten da. Buztin-lurretan, arbel gainean, lur gazietan, kisua nagusi denetan... Lur bakoitzerako mentu-oin egokiak daude eta mentu oin bakoitzak tamaina bateko sagarrondoak haztea ahalbideratuko du: bi-hiru metroko nano-ttikietatik hasi eta hamar-hamabi metroko galantetaraino. Lur eta klima bakoitzera ondoen egokitzen direnek emango dituzte handienak; geurean makatzak, milaka urte baitaramatzate geurera egiten... Hain handiak egin behar eta hamabost-hogei urte behar dituzte sagarra lodi emateko, baina ehun urtetik gora aise emango dute. Nanoak aldiz, hirugarrenerako ematen ari dira, baina hogeitabosgarrenerako bereak emanak izango ditu.
Frantsesak eta ingelesak sortu dituzte mentu-oin klon erabilienak. Izenik ere merezi ez nonbait eta hizki bat eta zenbaki ziztrin batez bataiatuak dituzte: M-2, M-7, M-9, M-26, M-27, MM-106, MM-111... Finean, denak m... m... m... makatzetik datoz.
Jabier Agirre
Hiru euskaldunetik bik ez daki zer-nolako gaitza den pneumonia eta biztanleen erdiak baino gehiagok ez daki nola gutxitu arnas infekzio hori harrapatzeko arriskua. Horiexek dira Respira Fundazioak egin berri duen inkestaren emaitza nagusiak. Inkesta horrek agerian jartzen du zein ezezaguna den hiritarrentzat 1.000 biztanleko 3-6 kasu urtean ematen dituen gaixotasuna. Eta pneumonia ez da nolanahiko gaixotasuna, ez alajaina, bere heriotza-tasa (%5,7) ez baita batere txantxetakoa.
Pneumonia ûedo pulmoniaû da 65 urtetik gorakoen heriotza-arrazoi nagusietakoa. Horregatik, Espainiako Pneumologia eta Kirurgia Torazikoko Elkartean bildutako euskal adituek oso beharrezkotzat jotzen dute informazio-kanpaina egokiak martxan jartzea, prebentzio neurriak eta bizi-ohitura osasungarriak ezagutzera emateko, gaixotasunaren eragina murriztu nahi baldin bada.
Adituen ustez, gripearen kontra txertatzeaz gain, 65 urtetik gorako pertsonak eta baita gaixo kronikoak ere ûbihotzeko, giltzurrunetako edo gibeleko gaitzak dituztenak, edo baita immunologikoki gutxituak daudenak ereû, pneumokokoaren kontra txertatu beharko lirateke. Pneumokokoaren kontrako txertoak Streptococcus pneumoniae bakterioarengandik babesten du, eta bakterio hau da adineko pertsonetan eta gaixo kronikoetan pneumonia sarrienik eragiten duena.
Euskadiko Autonomia Erkidegoan oraindik ez da ezarri pneumoniaren kontrako txertorik 65 urtetik gorakoen eta arriskuko biztanleen txertaketa-egutegian, gripearena ezarrita dagoen bezala. Adituek txertoa gomendatzen dute, baina EAEn oraindik ospitaletako espezialisten iritzia da kasu bakoitzean txertoaren komenigarritasuna erabakitzen duena. Dena den, Osasunaren Munduko Erakundeak jadanik gomendatzen du txertoa, eta horregatik berandu baino lehen EAEko egutegi ofizialean ere ikusiko dugu pneumoniaren kontrako txertoa.
Joxerra Aizpurua
Hipopotamoak eta baleak lehengusu
Anatomiaz hipopotamoa eta balea desberdinak dira erabat. Balea zetazeoa da eta hipopotamoa artiodaktiloa. Ageriko antzekotasun bakarra itsas azpian murgiltzeko ahalmena da. Hala ere, egin berri den azterketa genetikoaren arabera, uste baino antzekotasun handiagoa dago bi animalien artean. Honen arabera, bi animaliek aitzindari bera omen zuten.
Poitiers-eko (Frantzia) unibertsitateko Jean-Renaud Boisserie, Fabrice Lihoreau eta Michel Brunet paleontologoek hipopotamo eta baleen hainbat fosil alderatu dituzte eta Pakistanen topatutako baleen aitzindari batek hezur bat zuen oinean, astragaloa, eta hezur hau artiodaktiloen ezaugarri da.
Beraz, orain 50 edo 60 milioi urte, lehorrekoa zen animalia batetik bi talde sortu ziren, zetazeoak edo itsas ugaztunak eta antrakoteroak, lehorreko ugaztun ungulatuak.
Hipopotamoak egun desagerturik dauden antrakoteroen ondorengoak lirateke ikerlariek Proceedings of the National Academy of Sciences-en azaltzen dutenez. Gainera, eta urte askotan uste izan denaren aurka, hipopotamoek ez dute antzekotasun hurbilik Tayassuidae izeneko artiodaktiloen familiarekin.
Itsasotik etorritako armadurak
Algak jaten dituen itsas barakuiloaren oskola eredu, San Diegoko Kaliforniako (AEB) unibertsitateko ikerlariak balen aurkako armadura garatzen ari dira. Zientzialariak harrituta daude oso, aipatu oskolak talka gogorren aurka duen erresistentziarekin.
Itsas belarri gorria bitxitegietarako nakar-iturri da, baina ikerlariek propietate mekanikoak aztertu dituzte. Ikerlari nagusiak argitara eman berri duen artikuluan, xehetasun handiz eta lehen aldiz azaltzen da animaliak nola eraikitzen duen %95 kaltzio karbonatoa eta %5 proteina den bere oskola.
Gauza jakina da kaltzio karbonatoa (klariona) oso hauskorra dela, baina moluskuak sortutako ordenamendu molekularrak erabat iraultzen du hauskortasuna.
Gertaera hau oso interesgarria da biomimetikan, hots, natura imitatzen saiatzen den zientzian. Kasu honetan materialak baino egiturak du garrantzia, hau da, AK47 baten bala ez zukeen moluskuaren oskolak geratuko, baina ezta aluminioz eta beste materialez egindako armadurek ere. Ikerketa burua den Meyers-en ustean, moluskuak oskola eraikitzeko ematen dituen urratsei so eginez, armadura askoz arinagoak eta sendoagoak lor daitezke.
Antza denez, armaduren teknologia agortzeko bidean zegoen, ez zen ikusten armaduraren propietateak hobetzeko biderik, baina aipatu ikerlanarekin badirudi itsas belarriaren oskolak duen xafla egiturak bide berriak zabal ditzakeela ikerketa lerroetan. Izan ere, itsas belarriaren oskolak duen ezaugarri nagusietakoa oskolaren pisuaren eta zabaleraren arteko erlazioa da. Hau da, ohiko armaduratan gogortasuna lortzeko zabalera handitu behar da eta ondorioz pisua ere bai. Moluskuak eskema hori apurtzen du bere egiturarekin.