Katixa Garate
Altzürükütarrek maskarada berpiztu dute
Zuberoako herriak 240 biztanle ditu eta horietarik 40k hartuko dute parte maskaradan. Zaharrenak 30 urte ditu eta 6-8 urte arteko hamabost bat haurrek ere parte hartuko dute antzezpenean. 1992az geroztik ez dute antolatu herritarrek maskaradarik. Iaz ordea, irailean hasi ziren entseguekin eta urtarrilaren 30ean estreinaldia egin zuten herrian bertan. Zuberoan zehar bidaiatuko dute apirilaren amaiera arte. Hona otsaileko egutegia: Urdiñarbe (otsailak 6), Muskildi (otsailak 13), Altzai (otsailak 20), Barkoxe (otsailak 27).
Nafarroako editore independenteak
Txoria errekan, Pamiela, Mintzoa, Igela eta Txalaparta nafar argitaletxeek Nafarroako Editore Profesional Independenteen Elkartea sortu berri dute, Nafarroako Gobernuak liburu eta kultur politikan kontuan har ditzan. Gobernuak kultur politika anitzik ez duela garatzen salatzen dute eta, besteak beste, liburu industria bultzatzeko plan bateratu bat burutzea eskatzen diote.
Imanolen oroimenez kantuan
Asteburuan hasiko da Euskal Kultur Erakundeak antolatutako Kantuketan 05 egitaraua. Otsailaren 5ean (Luhuson) 6an (Getxon) Mundu osotik Euskal Herri osorako izeneko ikuskizuna eskainiko dute Sylvain Lucek, Kepa Junkerak, Maddi Oihenartek, Ekialdeko Kongoko Lokua Kanzak eta Keyvan Chemirani perkusionista iraniarrak. Hurrengo emanaldiak Getxon izango dira. Hilaren 11n Logela Multimedia taldeak Ohe handi bat ikuskizuna eskainiko du eta 12an Sagarroi, Kerobia eta Kauta taldeak izango dira taula gainean. Iaz zendu zen Imanol kantariaren omenez kantaldia izango da otsailaren 13an. Bertan Xabier Lete, Pier Paul Berzaitz, Iñaki Eizmendi, Niko Etxart, Antton Valverde, Mikel Andueza, Txema Garces eta Karlos Jimenez bilduko dira, besteak beste.
Sei literatur aldizkari bat eginik
Elkarlanean arituko dira aurrerantzean Egan, Hegats, Beterriko Liburua, Idatz&Mintz, Behinola eta Maiatz literatur aldizkariak. Lehenengo pausoa jada eman dute. Prezio onean, berrogeita hamar euroan, harpidetza bakarrarekin sei aldizkariak jaso ahal izango ditu literatur zaleak. Hurrengo pausoa euskal literatur aldizkarigintzaren azterketa egin eta aurrera begirako urratsak zehaztea izango da. Kulturaren Euskal Planean, Euskal Idazleen Elkarteak proposatuta, literatur aldizkari bat sortzeko proiektua ere bada. Aldizkari hau besteen osagarri litzateke, sei aldizkari hauen arduradunen aburuz; izan ere, proiektuan den aldizkaria euskal literatura hainbeste ezagutzen ez dutenei zuzendua egongo baita.
* * * * * * * * * * * * * * * * * * *
Otsaileko ostegunetan hitzaldi interesgarriak izango dira Nafarroa Behereko Amikuzeko txokoaren eskutik. Aste honetan bertan Battitta Bolokik emango dio hasiera hitzaldi zikloari Kaledonia Berriaren azken 20 urteotako bilakaerari buruz eskainiko duen mintzaldian. Hilaren 10ean, berriz, Aurelia Arkotxa idazlea izango da Amikuzen. Arkotxak idazlearen mundua deskribatuko du. Otsaileko hirugarren ostegunean Jokin Apalategi Pierre Villar historiagileari buruz mintzatuko da. Eta azkenik, euskal antzerkiaren etorkizuna eta izatea bera aztertuko ditu Antton Luku antzerkigileak hileko azken ostegunean. Antolatzaileek gertuko gaiak aukeratu nahi izan dituzte, publikoa erakartzeko eta modu honetan euskararen normalizazioan aurrerapausoak eman ahal izateko.
Jon Kortazar eta Miren Billelabeitiak Haurrentzako euskal poesia antologia (Zubia-Alfaguara) atondu dute. Hamaika euskal idazleren lanak (Pello Añorga, Yolanda Arrieta, Juan Kruz Igerabide) batu dituzte, Mikel Valverdek eginiko ilustrazioak lagunduta.
Javier Ibarretxek ekoitzitako eta Nacho Vigalondok zuzendutako 7.35 de la mañana film laburrak Oscarretan lehiatzeko izendapena jaso du. Laburra Kimuak 2003 egitasmoan parte hartu zuen.
Mauro Entrialgo, Ata eta Santi Orue komikigileek TMEOko Herminio Bolaextra pertsonaiaren istorio berriak kontatzen dituen Cómo convertirse en un hijo de puta plazaratu dute.
María Luisa Ibisate historiagileak San Sebastián, avanzada teatral (1900-1950) liburua (Kutxa) argitaratu du. Antzerkiak mendearen lehen erdian Gipuzkoako hiriburuan zuen garrantziaz dihardu bertan.
Et Incarnatus ganbera orkestrak Troika-Tolosako iñauteriak (Elkar) diskoa kaleratu du. Urtetan musikari ezagun ugari lagundutako taldeak hau du lehen disko propioa.
Tanttakak Tramankuluak antzezlana estreinatu du haurrak ipuinen mundura eta sorkuntzara hurbiltzeko asmoz. Antonio Portilloren Artefactes lana Harkaitz Canok euskaratu du. Fernando Bernuesek zuzendu du eta Aitzpea Goenaga eta Jose Ramon Soroiz dira aktoreak.
Hiru argitaletxeak, Serantes kultur aretoak eta Zornotza aretoak, besteak beste, jaso dituzte Artez aldizkariak banatzen dituen Zapatila sariak, antzerkia zabaltzen eta gizarteratzen egindako lanagatik.
Diego Martiartuk lerro hauek izkiriatu zituen Berrian: «Ez duzu munduan kritikorik ez literatur a(r)diturik topatuko, bere iruzkina 'badu zerbait' xalo batekin errematatuko duenik, gaur egungo kritikoen jardunak zerikusi handiagoa baitu txerriaren sakrifizioarekin literaturarekin baino:obrak odolustu, tripak atera, erraiak interpretatu, eta sailkatu, sailkatu, sailkatu... Literatur-lan baten magia txorixo moldeko iruzkinetan sartuta ematea posible balitz bezala!».
Gontzal Mendibilek honakoa adierazi zion 7Kri: «Gure politikarien artean ez dut ikusten sentitzen dutenik euskal kulturaren sena, eta sentitzen ez duenari ezin ezer eskatu.(...) Kultura da herri baten geroa salbatu behar duena. Kultura arduradunak ez daki nor den Gandiaga, eta okerragoa dena, jakin ere ez du jakin gura».
Iñigito Txapel taldeko kidea Matrakan: «Euskal musika munduan, zortzi hilabeteko negua eta lau hilabeteko uda dute taldeek. Udako lau hil horietan ateratzen da zerbait, eta irabazitako sosa ondo gorde behar da, urte guztian platerean indaba faltarik ez izateko».