Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2005-02-06 -- 1978.zenb

Katixa Garate

Amorrua, haragikeria, zuhurkeria, inbidia, nagikeria, harrokeria eta tripazainkeria dira zazpi bekatu nagusiak eta horiexek ditu oinarri Pok konpainiak taularatu berri duen antzezlanak. Bekatuak euskararen testuinguruan kokatu ditu, euskaldunok egunerokoan bizi ditugun hainbat egoera azaltzeko eta, zergatik ez, haien gainean barre pixka bat egiteko. Seguru batek baino gehiagok bere burua ikusiko duela islatuta pasarteren batean.

Zazpi bekatu nagusi izaki, zazpi esketxetan banatu dute obra. Olatz Beobide eta Edi Naudóren zuzendaritzapean, Lierni Fresnedo ûtxalo zaparrada jaso zuenû, Mikel Laskurain eta Niko Lizeaga aktoreak sendo ageri dira esketx horietako pertsonaia ugari eta askotarikoak gorpuzten: Romeo eta Julieta euskaraz ûinoiz ikusi ahal izango dugu osorik?û antzezteko zailtasunak dituzten aktore amorratuak izango dira, hitanoaren erotismoak lotutako euskaltegiko ikasle eta irakaslea, Xiberolandia parke tematikoa sortu nahi duen enpresari bergararra eta haren aurka egiten duen artzain zuberotarra, bilera ele bitan egin dadin eztabaidan ari diren herritarrak, ahaztua izateaz kokoteraino dagoen kulturgilea...

Zazpi esketxek bekatua dute abiapuntu, baina aitzakia da gure eguneroko egoera batzuk mahai gainean jartzeko eta umorez begiratzeko. Hain bekatari ote garen galdetu diogu Aitzpea Goenagari: «Kulpa oso barneratuta daukagu eta erru horren jatorria bekatuak dira. Kulpak garbitu egin behar dira, gainetik kendu eta esan zer arraio!, herri honetan gauza on asko egiten dira. Zergatik ibili behar dugu egun guztia gure burua zigortzen eta aieneka? Bada garaia umore pixka batekin hartzeko eta esateko: ez dago bekaturik ez ezer, guk egiten duguna ahal duguna da. Gehiago egin daitekeela? Dudarik gabe». Olatz Beobidek zera gaineratu du: «Euskara etorkizuneko arma ez balitz, etorkizunerako balio izango ez balu ezingo genuke umorea egin, zer egin pentsatzen arituko ginakeelako. Umore guztiarekin, baina Romeo eta Julieta euskaraz egin dugu, hiru minutuz bada ere, eta horrek esan nahi du egitea posible dela. Eta hori ikusita, nola ez gara ba baikorrak izango!».

Arin eta martxa onean

Esketx guztiak arin doaz, aktore eta zuzendarien lanari esker. Aktoreen arteko elkarrizketa pipertsuek ere laguntzen dute horretan. Esketx batzuen bukaerak doituz gero, obra hazi egingo da hurrengo emanaldietan. Pascal Gaignek obrarako propio egin duen musika eta Pokekoek Alkiza, Ondarru eta Oztibarre eskualdeko haurrei egindako bideo grabaketek ûeuskarari buruz eta bekatuei buruz hitz egiten dute bertanû lokailu lana egiten dute. Estreinaldiaren egunean bideoak ez ziren ondo entzun. Olatz Beobide zuzendariak esan digunez, bideo grabaketa nahiko modu artisauan egin zuten eta pixka bat sufritzen ari dira horregatik. Soinu arazoak konpontze aldera ari dira orain lanean.

Edi Naudók diseinatutako eszenografia xumea da: bi panel zeharrargik osatzen dute. Esketx bakoitza lekutze aldera, panelak mugitu egiten dituzte eta itzalen teknikaren bidez eta argi koloretsuen bidez taxuz lortzen dute asmoa. Erabiltzen dituzten elementuen artean harriak indar berezia du. Esketx guztietan agertzen da, batzuetan ûnahitaû traba izan dadin eta beste batzuetan aktoreen lagungarri moduan. Azkenean, hizketagai ere bilakatuko da. Beobidek esan digunez, harriarena autorearen «harrikada» bat da. «Badakit absurdoa dela harria eszenatokian sartzea eta absurdoa delako gustatu zitzaidan. Harria pisua den zerbait da guretzat. Irudi polita da: estropezu egiten duzu harri berarekin, harriak altxatzen dira herri honetan, momentu batean æharrizko herri hauÆ esaten da... Bukaeran dialogo bat dago harriari buruz: zer da okerrago zuloan erortzea ala hura estaltzen duen harriarekin estropezu egitea? Ez dakigu, baina hortxe dago harria erdi-erdian. Obra sortzerakoan harriak arazoak eman zizkidan, zeren irekita utzi nahi nuen, ez nuen sententziarik egin nahi».

Euskara aberatsa

Hizkera eta euskalki ugaritan mintzo dira pertsonaiak obran: hika, berorika, Bergarako euskara, Zuberoakoa... Ongi erabilita daude esketxetan eta halako nahasketa ez da batere artifiziala suertatzen. Aitzpea Goenagaren ustetan, «ezin duzu batua eta zuka bakarrik erabiliz hitz egin. Euskarak duen aberastasuna eta kolorea taula gainean ikustea luxua da eta askotan baztertu egin izan dugu. Ez du zertan beti horrela izan behar, baina lan honek hori guztia taula gainean jartzeko aukera ematen zuen eta gozatu egin dut».

AEKri esker ona

«Ez da erraza garaiotan euskarazko obra bat montatzea eta beraz, laguntza handia da Korrika-AEK beka, bai ekoizpenari eta banaketari dagokionean», esan digu Beobidek. Aurten gainera beste antzezlan batek, antzerkiola Imaginarioak eta Sagarroik sortu duten Ezequiel lanak, bekaren akzesit saria jaso du. Duela bi urte banatu zen lehen beka eta Tentazioak konpainiak eskuratu zuen Koldo Izagirreren Metxa esaten dioten agirretar baten ibili herrenak liburuan oinarritutako Metxa antzezlana muntatzeko. AEK-k eta Korrikak euskal kulturari ekarpen bat egiteko asmoz sortu zuten beka, bai bertoko sortzaileen alde egiteko bai euskal kulturatik sortutako ikuskizun propioak bultzatzeko. Lehen edizioan askotariko ûzinema, antzerkia eta beste arteen uztarketa, antzerki hutsaû hamar lan aurkeztu ziren; bigarrenean, aldiz, hemezortzi proiektu. Bertako kulturgileek interes handia duten seinale.

Korrika Kulturalarekin biran

Hamar emanaldi eskainiko ditu Pok taldeak Korrika amaitu bitarte eta beste sei bat-edo lotuta ditu dagoeneko. Donostiako eta Altsasuko plazen ondoren, honako herrietan izango da Korrikaren eskutik: Bilbo (otsailak 7), Getxo (otsailak 10), Andoain (otsailak 11), Gasteiz (otsailak 23), Elorrio (otsailak 25), Iruñea (martxoak 4), Azkoitia (martxoak 5) eta Luhuso (martxoak 6).

Pilar Iparragirre

Nolakoa zen liburua argitaratu zenueneko garaia?
Orain dela hogeita bat urte; ez dakit nola pasatu den hainbeste denbora...! Nolanahi ere, hau izan da jendaurrean aurkeztu dudan aurreneko aldia, garai hartan ez baitzen liburu aurkezpenik egiten ûagian gu baino famatuago zen norbaitek egingo zuen, baina bestela...û. Kontraturik ere ez zen egiten, eta dirurik kobratu ere ez, guk behintzat. Liburu honekin zer edo zer kobratu nuen, Ramon Etxezarretak Mugika Arregi Ezkerrari nire kontu-korrontean 50.000 pezeta sartzeko esan ziolako ûizugarri iruditu zitzaidan!û; baina bigarren liburuarekin ez nuen ezer kobratu.

Ipuinen mamiaz zer esan dezakezu?
Bost dira. Lau fantastikoak -baina nire ipuinetakoa ez da fantasia kapritxosoa, eh! Alegorikoak direla esango nuke. Adibidez, lehenengo ipuina diktadura bihurtzen den iraultzaren alegoria da-, eta bestea errealista da, luzeena. Nire bi eleberriak iragartzen ditu nolabait, Euskal Herriko egoera politikoa eta beste agertzen baitira bertan.

Zein da liburua berrargitaratzearen arrazoia?
Egia esan, liburu hau berrargitaratzeko asmoa betidanik izan dut, ez nintzelako oso gustura gelditu atera zeneko gauza batzuekin. Duela 10-15 urte atera nahi nuen, Elkarren. Zer edo zer gehitu nahi nion, ordea, eta hara non idatzi nituen gehiketa horiekin beste liburu bat egiteko proposamena egin zidaten, eta Bazko arrautzak atera zen. Baina nik hau ere atera nahi nuen, eta azkenean epilogo autobiografikoa gehitu diot.

Pilar Iparragirre

Akordatzen
Joseba Sarrionandia
Txalaparta
80 orrialde
13 euro

Sarriren atzera begira poetikoa

Txalaparta argitaletxeak kaleratu duen Joseba Sarrionandiaren Akordatzen liburuan, hainbeste urtetan bere etxe eta inguruetatik kanpo bizitzea egokitu zaion idazle durangarraren memoria ariketa dago gorderik. Atzera begira jarri zaigu Sarrionandia, haurtzaroko garaietatik, dena egiteke dagoela baina guztia egin daitekeela aldarrikatzen zuen adiskide zenaz gogoratu arterainokoak kontura ekarriz, betiere poesia ukituarekin. Arreba eta biak elgorriz gaixotu zirenekoa, aittitteren anai itsua, Bilboko Labe Handiengatik zabaltzen zen oskorria, umetako jolasak, hizkera, kantak, geroko irakurketak, sentimenduak, erdaraz ez zekien amamari emandako erantzuna, etsaigoak, maitasunak, filmak, gutunak, ezagutzak, klandestinitatea, tortura, kartzelak...

Urte politikoari begira
Xabier Barandiaran Irastorza
Ostoa
191 orrialde

Soziologo ataundarrak idatzitako artikuluen bilduma

Ostoa argitaletxearen Gizartea bilduma, gizakien sustraiari eta beren artekoari begira sortu da. Plazaratzen duen lehen alean, Xabier Barandiaran Irastorza soziologo ataundarrak ARGIAn eta Berria egunkarian argitaratu dituen artikuluak daude bilduak. Gehientsuenek Euskal Herriko auzi politikoa dute ardatz, baina badira ere nazioarteari buruzko artikuluak, gai sozialen ingurukoak, euskarari buruzkoak eta komunikazioaren munduari lotutako hausnarketak. Aipatu artikuluen bildumaz gain, egileak berak prestatutako sarrera eskaintzen da, globalizazioaren prozesuak herrigintzaren eta politikaren izaeran duen eragina aztertuz, eta transizio politikoaz geroztik EAEko errealitate politikoaren argazkia eskainiz.

Ilunetik argira. Elbira Zipitria
Batzuen artean
Hik Hasi
139 orrialde 17 euro

Elbira Zipitriaren bizitzan aratuz

Argazki gogoangarri batzuen laguntzaz eskaini dute Resu Abasolok, Juana Lopez de Munainek eta Arantxa Urbe Irazustak Ilunetik Argira. Elbira Zipitria, ikastolaren hazia gerra aurretik eta gerra ondoren hain ondo ereiten jakin zuen emakume donostiarraren eginahalak jasotzen dituen lana. Abertzalea, euskaltzalea, fededuna ûbaina erlijioa bere erara interpretatzen jakin zuenaû eta klase kontzientzia handikoa izan genuen Elbira Zipitria, garairik ilunenetan ere euskal irakaskuntzari egundoko ekarria egin ziona. Euskara Batua ez zuen sekula onartu, ordea, eta bere bizitzako zio bihurtu zuen haren aurkako gurutzada. Hala ere, ezagutu zuten askok maitatua izan zen, eta ezagutu zuten guztiek aitortu dute dioten zorra, liburu honetan azaltzen denez.

Jakin
Batzuen artean
Jakin
108 orrialde
9,10 euro

Euskal kultura joan den urtean

Pasa berri dugun urtean zehar euskal kulturaren alorrean gertatutakoaren balantzea agertu nahi izan du Jakin aldizkariak gai nagusi gisa azken zenbakian, Alberto Barandiaran, Mikel Bujanda, Pantxoa Etchegoien, Tere Irastortza, Ritxi Lizartza, Xabier Mendiguren Bereziartu, Xabier Mendiguren Elizegi, Allande Sokarros, Andres Urrutia, Josemari Velez de Mendizabal eta Iñaki Zabaleta Urkiolaren gogoetak azalduz. Besteak beste, Kulturaren Euskal Planaren aurkezpena, Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea nobela eta literatur sariak, Nafarroako kultur politika, Ipar Euskal Herriko hainbat kultur gertakizun, Zuberoako euskalgintza eta kulturgintza zein euskal kulturaren esparruan ere hedatzen ari den kontserbadurismoa dira horretarako hautatutako gaiak.

Panorama de la Literatura Infantil y Juvenil
Batzuen artean
Galtzagorri Elkartea
181 orrialde
16 euro

Behinola aldizkariko lanak, gaztelaniaz

Behinola Haur eta Gazte Literatura aldizkariak 1999-2004 urteetan plazaratu dituen hainbat lan gaztelaniara itzuli eta bildu ditu Panorama de la Literatura Infantil y Juvenil vasca actual izenburuko liburuan, euskaraz jakin ez eta euskal haur eta gazte literaturaz interesaturik dauden hezitzaileen, liburuzainen nahiz Asociación Galega do Libro Infantil e Xuvenil, Consell Catalá del Libre per a Infants i Joves eta Asociación Española de Amigos del Libro Infantil y Juvenil elkarteen eskaerari erantzuteko asmo sendoarekin. Liburuan, Behinola aldizkariaren nondik norakoak, gazteenentzat euskaraz idazten dutenei eginiko elkarrizketak eta hainbat marrazkilariren ezberdinen lanak ere jasota daude.

Armiarma...
Antton Kazabon
Aizkorri
57 orrialde
5,75 euro

Irakurtzen eta idazten ikasten ari direnentzat

Iván Estévezen marrazki iradokitzaileak lagun Armiarma zuhaitzean eskaintzen zaizkigun Antton Kazabonen olerkiok irakurtzen eta idazten ikasten ari diren neska-mutikoei daude zuzenduak. Errepika, onomatopeia eta errima ugari dituzten poemok natura daukate bereziki gai nagusi, baina badira eskola edo etxeko giroan kokaturikoak ere. Atik Zrainoko poema segida honekin, gorrek esku-keinuen bidez letrak adierazteko duten sistemaren lagungarri poetikoa osatu nahi izan du Antton Kazabonek.

Panpinen erreinua
Mikel Hernandez Abaitua
Erein
109 orrialde 10,40 euro

Hernandez Abaitua laurogeiko hamarkadan

Erein argitaletxeak kaleratutako Mikel Hernandez Abaituaren liburu honetan, idazle gasteiztarrak 1983an Hordago argitaletxearen eskutik eta Panpinen erreinua izenburupean argitara eman zituen bost ipuinen berrargitalpena dago. Liburu honetan daude lehen edizio hartarako Koldo Izagirrek egin zion hitzaurrea, Mikel Hernandez Abaitua berak ipuin horiek idatzi zituen garaiaren inguruko urteak gogoraturik idatzi duen Epilogo autobiografiko-sentimentala eta Xabier Mendiguren Elizegik Juan Mari Torrealdairen Euskal Kultura Gaur libururako osatutako Aniztasuna eta kalitatea idazlana. Errealismotik fantasia alegorikoraino doaz bertako ipuinak. Epilogoan aitatzen diren pasadizoetan, berriz, honako kontuak ageri dira: Mikel Hernandez Abaituak Euskal Filologia Donostian ikasten aritutako urteak; zer modu barregarrian sartu zuten Oh! Euzkadi aldizkarian; Koldo Izagirre, Ramon Saizarbitoria, Txuma Lasagabaster, Iñaki Uria eta beste hamaika ezagutu zituenekoa; zein Mikel Antza, Josu Landa eta hirurak Zeruko Argia-ko anabasan sartu zireneko lehenengo aldia daude, besteak beste.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan