Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-02-06 -- 1978.zenb

Agurtzane Intxaurraga ( antzerkilaria)


Aspaldiko partez, argazki albuma eskuetan dudala pasatu dut arratsaldea... Gure antzerki taldea sortu genueneko garaiak gogoratuz joan zaizkit orduak... Taldearen ibilbidea urtez urte jarraitu dut.

Orduan, hasi berritan, duela hamabost urte, besteak beste, gazteagoak ginen... saiatuenen artean saiatuenak... grinatsuenak, ausartenak... Hala tokatzen zen!

Makina bat ordu lanean, bata bestearen atzetik, denbora denboraren gainean emaitza gustukoa izan arte. Denbora bat eta bakarra zen, lana ondo egiteko behar zena. Denboraren neurria nekeak ematen zuen, ez diruak. A ze garaiak! Zirraragarriak...

Azkenean argazki albuma itxi eta beste mota bateko koaderno bat ireki dut. Izenburua: 2005. urteko ekoizpena. Zirrara orain ere... Zirrara, diru kontuak egin behar ditudalako. Dirua... Denbora... Orain, lehen ez bezala, gure sormenaren segundo bakoitza dirutan kontatzen dela pentsatu dut. Antzerkia industria bihurtu dugu. Zer nahi dugu egin? Ba horrek denbora honetan, honenbeste balio du eta gurea bezalako herri batean gehiago oraindik. Nola? Ondo entzun duzu, gurean edozein ekoizpenek berez, kostu handiagoari aurre egin behar dio.

Gurea bezalako komunitate txiki batean bizi bagara, eta, komunitate horren kide sentitzen garen aldetik, komunitate horretako hizkuntza eta bizitzeko moduak gureak egiten baditugu, hamaika diru eta bat gehiago kostatuko zaigu adibidez edozein antzerki ekoizpen aurrera ateratzea. Gure komunitate txiki honetan bi baitira hizkuntza ofizialak, bi modu komunikatzeko eta bi modu bizitzeko. Baina kontua da horietako hizkuntza bat, teorikoki biak maila berean egonda ere, besteari gailenduta dagoela. Eta hain zuzen ere, beste hori, gaztelania alegia, gailentzen den moduan gailentzen delako, urteetan asko eta asko egon gara dirua galtzeko prest gure euskaldun nortasunari tinko eustearren.

Arazo politikoa dirudi honek... ekonomiko bihurtzen ari da guretzat, ordea. Lan segundo bakoitzak honenbeste balio badu, are gehiago gauza bera birritan egin behar badugu.

Antzerki taldeok enpresa pribatuak izanik, nahiz eta kasuan kasu instituzioen diru laguntzak ere jaso, mugak ditugu batez ere proiektuak finantzatzeko eta merkaturatzeko momentuan. Eta zoritxarrez, muga horiek behin baino gehiagotan sorkuntza baldintzatzen dute. Egun esatea dago Euskal Herriko antzerki taldeok sabaia jo dugula azken urteotan gero eta neurri handiagoko ekoizpenak kaleratuz.

Bestalde, datu objektibo bat da antzerki enpresok gure proiektuentzat dirulaguntza eske joan garenetan Gasteiza, euskarak, puntuazio mailan orain arte izan duen gehieneko balioa ehuneko bosta besterik ez dela izan. Ezer gutxi bigarren bertsioa egiteak sortzen dituen gastuei aurre egiteko. Horren ondorioz, neurri handiko ekoizpenetan, batez ere, gero eta gehiago izan dira euskarazko bertsioa egiteari uko egin diotenak. Kontuak ez dira ateratzen. Batez beste, euskarazko emanaldi gutxi, laguntza gutxi eta denbora eta diru kostu handiegiak, ordea. Beste behin gure hizkuntza galtzen ateratzen da.

Hitz hauek idazten nagoela, ordea, e-mail bat jaso dut ESKENArena (Euskadiko Antzerki Enpresen Elkartea) zera esanez, Eusko Jaurlaritzak aldaketa batzuk proposatu nahi dituela aurtengo dirulaguntzak emateko orduan. Horien artean euskararen balorazioa ehuneko bostetik ehuneko hamarrera aldatzeko proposamena egin dute. Ea zein den gure iritzia. Hauxe nire erantzun ofiziala: ongi etorri edozein neurriri gure hizkuntza babesteko bada. Izan ere, euskal antzerkia ez da galduko sekula egin ez dutenek euskaraz egiten hasiko direlako, beti egin dugunok, babes faltak gogaituta, egiteari utziko diogulako baizik.

Xabier Ezeizabarrena

Eusko Legebiltzarrak estatutu-erreformaren proposamena onetsi zuenetik, gero eta gehiago dira proposamenak sorrarazitako auzien gaineko analisiak. Besteak beste, deigarria da J. M. Ruiz Soroaren moduko legelari batek Estatutu Berrirako Proposamenaren zenbait elementu hain era distortsionatuan interpretatzea -El País 05-01-08, "Tomarse en serio a Ibarretxe"-

Soroaren arabera, "plana defendatzen duten hiru alderdiek, kasik gauekotasunez, azkenean onetsitako testua æbaliozko gisa onartutako botoen gehiengoÆ bihurtu dute", onetsitako testuaren 13.3 artikuluari erreferentzia eginez. Aldiz, badirudi aipatu egileak esaldi zehatz horren zatirik garrantzitsuena ahaztu nahi duela, izan ere, argi eta garbi adierazten baitu testuak, borondateak argia eta zehatza behar duela izan "baliozko gisa onartutako botoen gehiengo absolutuen" kasuan.

Nazionaltasunaren gai usatuari dagokionez, Soroak dioenari jarraiki, onartutako testuaren 4.2 artikuluak argi dio "euskal nazionaltasuna derrigorrezkoa dela Euskadin bizi den biztanle ororentzat". Puntu horretan behar bezala erabili omen du testua. Testutik ondoriozta liteke, begi bistan denez, inor ez dela behartua izango euskal nazionaltasuna onartzera. Hori baino, nazionaltasunaren izateaz gozatzeko aukera ematen zaie hala nahi dutenei, Espainiako legeriak xedatutako baldintzei jarraiki, betiere nazionaltasuna hautatzeko eskubidea izango den arren. Nazionaltasuna, bide batez, espainiarra, alemana edo argentinarra dela, ezin liteke inoiz arau juridikoen bidez inposatu; edozein hiritarrek eskubidea izango du edozein nazionaltasun libreki ukatzeko, bere borondatez hala nahi baldin badu. Ondorioz, gure kasuan ez da inolako inposaketarik, ez bada bereizketarik gabeko ondorio eta egiaztagiriez hornitutako hautaketa bikoitza egiteko aukera. Zuzenbidea izaten da gizakion zerbitzura diharduena, eta ez alderantziz.

Ezinbesteko ñabardurak alde batera utzita, Legebiltzarrak gehiengo absolutu bidez Euskal Estatutuaren artikulu-testuari emandako onespenak, erabakigarria suerta litekeen erreforma horri zilegitasun demokratikoa eransten dio. Ikuspegi juridikotik so, bi ardatz nagusi ditu Gasteizko Legebiltzarrak onartutako estatutu-erreformak:

- Eskubide historikoak.
- Quebeceko kasua.

Lehena determinazio askerako eskubidea onartzeko ahalegina da, dagoeneko Konstituzioak ûXedapen Gehigarrietan, Lehenaû eta Euskal Estatutuak ûXedapen Gehigarrietanû aurreikusten dutena, Euskadik Espainiarekiko duen erlazioa berrantolatuko duen Estatutu Berri batean islatzeko asmoz. Bigarrenean, Soroak dioenaren aurka, kontuan hartu beharra dago Kanadako Auzitegi Gorenak Quebeci buruz egindako adierazpen famatuen jarraipen hertsia. Prozesu horretan guztian zehar, lehentasunezko zeregina dute honako kontzeptuek: alde biko negoziazioa, alde biko akordioa eta biolentzia-egoerarik gabeko galdeketa.

Legebiltzarrak onartutako artikulu-testua erakargarria izan liteke ala ez; gure jomuga politikoekin bat egin ala talka egin dezake; askoren itxaropena piztu eta beste hainbesteren haserrea areagotu. Edozein kasutan, ikuspegi juridikotik begira, integraziorako aukera irekia da zalantza gabe:

a) Demokratikoa: euskaldun guztien borondatea errespetatzen du edozein dela euren errealitatea, baita Espainia osoarena ere Gorte Nagusien onespenaren bitartez. Horrela, biolentzia-egoerarik gabeko galdeketarako bidea sor liteke;

b) Konstituzionala: Estatutuak eta Konstituzioak berak aldarrikatzen dituen Eskubide Historikoek aski zilegitasun ematen dute estatutu-erreforma eskatzeko Eusko Legebiltzar eta Gorteen bitartez ûEuskal Estatutuaren 46. artikuluaû;

c) Soziala: gizarte osoari zabaldutako prozesua da, inolako bazterketarik gabe;

d) Europarra: begi bistan da Europako erkidegoaren parte izanik, Europako Itunetan eta Europako Batasunaren Konstituzioan parte hartzea ezinbestekoa dela.

Hala ere, aipatutako guztitik askoz haratago, euskal gizarteak are erantzun argiago bat emango balio proposatutako eredu berriari, benetako eragin-kolpea izan liteke eta horrek ondorio politiko zuzenak izango lituzke bai Espainian, bai Europako Batasunean. Horren karietara, bakea nahitaezko baldintza da herri galdeketa burutzeko. Gainontzekoa kultura demokratikoari eta Estatu ikuspegiari dagokio, eta Gorte Nagusien eta Espainiako Gobernuaren esku dago. Soroak zioen bezala, agian beharrezkoa den bakarra horixe da ûberak oso zentzu ezberdinean esanagatikû, "Ibarretxe serio hartzea".

Ramon Ibeas

«Basoa ikusten uzten ez gaituen zuhaitza" esaldia oso erabilia da, baina ez horregatik garrantzi gabea. Euskal politikagintza azken boladan dabilen moduan, badirudi honelako zerbait gertatzen ari zaigula, Ibarretxe Plana zuhaitz hori izatea, beste gauzarik ikustea utziko ez ligukeen bitartean. Azken hau, egia esateko, Plana berari lepora ezin geniezaioke, nire ustez, gure lanbidearen ajean oinarrituta baitago. Horregatik, zuhaitza alde batera utziz oraingoan, sar gaitezen euskal ekonomiaren basoan.

Duela egun batzuk, honelako albiste titulua topatzen genuen egunkari ezberdinetan: "Lanbide arteko gutxieneko soldata jasotzen duten 80.000 euskal herritar pobreziaren atalase-maialatik behera bizi da". Albisteak honela jarraitzen zuen, OCDEren arabera, pobrezia ekidin edo saihesteko hilabete oro 780 eurotan legokeela kopuru minimoa, eta gogorarazten zuen, aurreko hilabetearen igoeraren onarpenaren ondorioz, soldata hau gure autonomia erkidegoan, eta hedaduraz Espainia guzian, kopurua 513 eta 598 euroen artean egokitzen dela, urtean 12 edo 14 paga jasotzen diren arabera. Beraz, hau jakinda, argi dago Caldera jaunak onetsi zuen %4,5eko igoerak ez duela inor pobreziatik ateratzen eta aterako.

Bestetik, kontuan badugu SMIa oinarri dela beste zenbait kalkulu egiteko orduan, hala nola, pentsioen dirua, langabeziaren prestakuntza, oinarrizko errenta, eta abar, esan daiteke ehun mila pertsona baino gehiagok kantitate ekonomiko urria jasotzen dutela eta ez daudela bizi baldintza minimoetan irauteko moduan.

Egia da bestetik, lan merkatuak badituela bere zirrikitu eta zokoak, eta ziurrenik ere SMI jasotzen duten pertsonek, zenbait kasutan, beste diru sarrera batzuk izatea, edo komunitatean bizi diren pertsonekin soldata borobiltzea, baina ez da egia gutxiago, konponketa hauek guztiak beharrezko adabaki batzuk besterik ez direla honela bizitzera behartuta aurkitzen diren pertsonentzat.

Honek guztiak gure gizartearen zati batek bizi duen egoera larriaz eta estuaz hitz egiten digu, baina ez, era berean, gure sistema ekonomikoa eskasia honetan sostengatzen dugula, eta zati batean behintzat, gure ongizatearen gezurra.

Gabonak pasa dira, San Sebastianak ere bai eta inauteriak etorriko dira. Berriro ere "etxea leihotik" botako dugu, baina herritar askok ez dute hori egiteko aukerarik izango, horregatik, zorpean sartu beharko dute beraien buruei normaltasunaren itxura eman nahian, edota zalapartatik baztertu beharko dute bere behartasun egoera isolaturik eta bakarrean bizitzeko.

Baina egia esanda, aurreko honek gure gizartearen gehiegikeria eta neurrigabekeriarekin erlazioa izango lukeela iruditzen zait, horregatik gehiago kezkatzen nau, etxebizitzen prezioak, erosketen saskiak eta oinarrizko bizitzaren beharrak ere, gure kale eta herrietan bizi diren pertsona hauen esku ez egoteak, bien bitartean gu, nolabaiteko marjinarekin kontsumitu dezakegunak, ez gara ohartzen ez arduratzen.

Pobreziak lotsa ematen du eta gainera lotsagarria da, Lazaro Carreterrek azaltzen zuen bezala bere ezagunak diren El Dardo en la palabra delako ezberdintasun burutsu eta zorrotzetan. Badira ezkutatzen saiatzen diren pobreziak, non sufritzen dutenek ez duten bere benetako egoera azaldu nahi herritarren artean, eta hori pobrezi lotsagarria da. Aldiz, badago beste pobrezia mota bat denoi lotsa eman beharko ligukeena, hau da, gizarte zati bat behartasun eta eskasian bizitzera kondenatzea, beste zatia bizitza ugaritasun eta oparotasunean bizi den bitartean. Honela beharrezkoa dirudit, marxismoaren plusvalia terminologia berreskuratzea, alegia, miseri bat ordaintzea etekin eta mozkina ateratzeko lotsagarria da, baina hori egiten duten askok gure gizartean pertsona arrakastatsuak kontsideratzen dira. Beraien aberastasuna gizarte iruzurrean baliatzen da gehienetan eta herritarron tresna funtzioan, hau guztia gizarte neoliberalaren isla delarik, gurea.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan