Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-01-30 -- 1977.zenb

Jakoba Errekondo


Landaketa sasoi betea da. Eguna luzatzen hasia da eta konturatzerako izerdi berria mugituko da eta landaketak ahantzi eta txertaketak eta inausketak egin beharrean izango gara. Izerdia berritu arteko tarte hau dugu hostoa galtzen dutenak aldatzeko: zuhaitzak, arbolak, zuhaixkak... banaka, multzoka, ilaran, hesian...
Hesiak gero eta ugariagoak dira, jabego moderno berekoiaren adierazle argi. Barrukoa neurea da, dotorea eta kanpokoa denona, publikoa, lardaskeria... Landare bakarrez osatutako hesiak dira nagusi, ia erabat koniferoren batekin eginak. Urte osoan kolore eta forma bera mantentzen dutenak: kartzela monotono eta itsusiak.
Hesiren bat egin asmotan bazara bizitza hesitu beharrean hesia bera bizitu ezazu. Eman kolore, forma, lore, fruitu eta abar itxiturari. Hesi itxia bizitzara suspertu, ireki. Hostoak galtzen dituztenak eta hostaiari eusten diotenak, hosto handiak eta txikiak, hostoak eta orriak, landare tenteak eta makurtuak, urte-sasoi guztietan loreak emango dituztenak, hostoak gorri, hori eta arretuko dituztenak, hostoak ihartuagatik eroriko ez zaizkienak, fruitu gozoak eskainiko dituztenak... aukera ikaragarria da: gurbitza, gorostia, hagina, pagoa, ereinotza, arkakaratsa, zumea, sahatsa, elorri zuria eta beltza, artea, basa-erratza, hurritza, txilarrak, huntzak, astigarrak, urkia, zumalikarra, garoak, zuhandorra, maltza, otsolizarra...
Hesia egiterakoan urte guztian izan dezakezun ikuskizun bizia edo beti berdin izango den eta atzenean ikusi ere egingo ez duzun horma bat diseinatu dezakezu. Nahi izatera, horra hor, ortzadarra zure esku... egunero.

Jabier Agirre


Argazkian ikusten den familiari gertatutakoa oso-oso arraroa da, ehunka milioiren artean behin gertatzekoa. Baina hain bitxia den gertakaria Londreseko iparraldean bizi den familia nigeriar honetan gertatu da, eta ez behin bakarrik, hiru aldiz jarraian baizik. Dickson eta Cynthia Unoarunhi senar-emazte nigeriarrak beltzak dira, noski, eta izan dituzten hiru seme-alabak ûAyonote eta Osimo izeneko bi mutiko, eta Atinuke, alaba gazteenaû albinoak dira. Zer esan nahi du horrek? Melaninarik, hau da azalari, ileari eta begiei kolorea ematen dien pigmenturik, ezin dutela sortu beren gorputzean.
Albinismoa alterazio genetikoa da, arraza zuriari bezala baita beltzari ere erasan diezaiokeena. Baina arraza beltzeko pertsonen artean "akatsa" askoz ere nabarmenagoa da, beltzek melanina gehiago izaten baitute zuriek baino, eta horregatik da euren azala ilunagoa.
Beren aurreneko semea jaio zenetik, Cynthiak eta senar Dicksonek era guztietako txantxak eta esamesak entzun eta jasan behar izan dituzte. Hala ere, familiak harrotasunez eutsi zion umearen berezitasunari. Arrazoi gehiagoz, gainera, bigarren semea ere, medikuen iragarpen guztien kontra, albinoa jaio zenean. Zer esanik ez, hirugarren aldiz, alaba ere, bere bi anaiak bezalaxe, albinoa zela ikusi zutenean. Ez da harritzekoa Guiness liburuan sartzea, seme-alaba albino gehien dituen familia hau ûezagutzen genituen aspalditik Johnny eta Edgar Winter rockero iparramerikarrak ere, baina 2 anaia besterik ez zirenû.
Eta kasua bitxikeria bezala hartua izan bazen Britainia Handian û60 albino beltz besterik ez baitaude herrialde osoanû, pentsa zer-nola hartu ote zuten albistea Nigerian, beren jaioterrian. Dena den, jaio zirenetik ûorain 11, 9 eta 7 urte dituzte umeekû, behin bakarrik joan dira Nigeriara, Afrikako eguzkia mehatxu latza baita bere azalarentzat, eta izpiek kalte handia egin baitiezaiekete begietan, argiarekiko oso-oso sentikorrak dira eta.

Joxerra Aizpurua


Ugaztunek dinosauruak jaten zituzten
130 milioi urte dituzten bi ugaztunen fosil ia osoak aurkitu berri dira Txinan. Aurkikuntzak ugaztunen bizi eta elikadura ohiturak argitzeko balio izan du, eta harrigarria bada ere, ugaztunen inguruko uste bat zalantzan jartzeko ere bai. Hain zuzen ere, orain arte oso errotua zegoen dinosauruak desagertu arte, hots orain 65 milioi urte arte, ugaztunak txikiak eta ekologikoki garrantzi txikikoak zirela.
Aurkitutako fosilak oso ongi zeuden, batez ere, sumendiko labak harrapatu zituelako eta are gehiago, hiru dimentsioetan ailegatu dira geuregana New Yorkeko American Museum of Natural History-ko Jin Meng paleontologoaren arabera.
Bi gorpuetatik luzeena, metro batekoa, Repenomanus giganticusarena da eta egungo azkonarraren antza du. Hortzak aztertuz animalia heldu eta gaztea zela ikusi da. Urtarrilaren 13an Nature aldizkarian Meng eta lagunek argitaratutako artikuluan adierazi dute animalia honek 12 eta 14 kilo arteko pisua zuela eta dinosauru garaiko ezagutzen den ugaztunik handiena dela.
Topatutako beste fosil multzoa Repenomanus robustusarena da, hots Repenomanus giganticusen lehengusu hurbila, nolabait esatearren.
R giganticusen fosilekin batera beste animalia baten hezur puskak eta hortzak topatu zituzten. Hezur hauek hozkaka puskatuta zeuden eta behin berrosatu ondoren ia 2 metro neurtzen zuen Psittacosaurus dinosauru landare-jalearenak zirela ikusi zen.
Beraz, aurkikuntza honek ekar dezake ugaztunek dinosauruen garaian zuten izaera eta garrantzia berraztertzea.

Kotxeetan telefonoak despisteen iturri
Esku batean bolantea eta bestean telefono higikorra garai bateko argazkia da, gero eta estatu gehiagotan debekaturik baitago. Horren alternatiba "esku libreak" ahalbidetzen dituen telefono eramangarrien bidetik etorri zen.
Illinois eta Utah-ko unibertsitateetako ikerlariek azterketa egin dute «esku libre»ko telefonoen inguruan. Horretarako gutxienez urtebetez gidatzen zeramatzaten hamalau gidari gazte û21,4 urtekoak batez besteû eta hamalau gidari heldu û68,4 urtekoak batez besteû aztertu ziren bi taldetan. Jarritako frogak hauexek izan ziren: errealitate birtualeko ingurunean Chicagoko hainbat kaletako irudi digitalizatuak pantaila batean ematen ziren bitartean, gidariek elkarrizketak edukitzen zituzten. Azterketa hau Zientzia eta Teknologia Aurreratuko Beckman Institutuan egin zen eta begien erregistroekin erlazionaturiko teknikak erabili ziren erreakzio-denborak neurtzeko. Testen arabera, helduek zein gazteek oso portaera ezkorra izan zuten "esku libre»tik hitz egiterakoan. Irudietako aldaketa garrantzitsuen aurrean akatsak egin zituzten eta erreakziorako denbora asko behar izan zuten. Atzerapenak ez ziren segundo hamarretakoenak izan, segundotakoak baizik eta hau oso emaitza txarra da. Beste bi talderekin egin zen azterketan taldekideek soilik entzun egiten zuten eta ez hitz egin. Honen emaitzak aurrekoenak baino askoz ere hobeak izan ziren, are gehiago, aldaketen aurrean erreakzio denbora segundo hamarrenetakoa izan zen. Psikologia irakaslea den Arthur Kramer-en arabera entzuteak hitz egiteak baino baliabide mental gutxiago behar ditu eta beraz, gidatzean askoz ere zentratuago egon gaitezke entzunaz hitz eginaz baino.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan