Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-01-30 -- 1977.zenb

Erredakzioa



Trantsizioaren begia

Salamanca eta Istanbuletik pasa ondoren, Donostiara iritsi da «En el umbral del cambio» Paco Elvira argazkilari kataluniarraren erakusketa, Amarako Ernest Lluch Kultur Etxera. Izenburu horrekin, argazkilariak 70eko hamarkadan eta 80koaren hasieran, Espainiako Trantsizio garaian beraz, egindako 50 argazki inguru bildu ditu. Trantsizio politiko garaiko argazkietan hala ere, politikak baino, gizarteak, biztanle anonimoek dute protagonismoa. Horren lekuko alboko argazkia, Elvirak 1982. urtean Huelvako meatzarien itxialdian ateratako irudi hunkigarria.


Euskal Kultur Erakundearen 2005eko asmoak

120 ekimen, 54 elkarte eta 803.000 euroko aurrekontua. Horixe zenbakitan EKEren 2005erako aurreikuspena. Egitasmo horren barnean Batek Mila egitasmoa da garrantzitsuenetakoa. Proiektu horrek biltzen du adibidez, kultur ohituren inkesta. Dagoeneko Euskal Herrian 1.600 galdeketa egin dituzte eta emaitzak uda hasi aurretik emango dituzte. Zenbait artista bildu eta ikuskizunen bat sortzeko gogoz ere badira eta Biarritz Baleta, Musika Eskola, Scene Nationale-a, Theatre de Rivage eta euskal artistak bilduko dira.


Gipuzkoako arkitektura 1850-1960

Gipuzkoaren garapen urbanoa «oso orekatua eta asko eraberritua» izan dela esan dute Gipuzkoa. Guía de arquitectura 1850-1960 liburua argitaratu dutenek. Lan hau Artearen Historian doktorea den Ana Azpirik koordinatu du eta Gipuzkoako Foru Aldundiko arkitekto talde batek eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoak egin dute. 1850 eta 1960 urte arteko arkitektura-lan adierazgarrienak aukeratzen saiatu dira egileak eta argazkien ondoan azalpenak eman dituzte. Hala ere, ez dute testuingurua alboratu. XIX. mende erdialdeko suspertze ekonomiko, demografiko eta industrialarekin abiatu eta XX. mendeko 60ko hamarkadako industrializazioaren garai oparorako bidea egin dute. Eraikin bakoitzaren ezaugarriak eta eraikitako garaia hobeto ulertzeko lagungarriak ditu beraz liburuak.


Arcon Euskal Herriko zazpi galeria

289 galeria bilduko dira Madrilen otsailaren 10etik 14ra. Horietako zazpi Euskal Herrikoak: Bizkaiko Windsor Kulturgintza, Colon XVI eta Vanguardia, Gipuzkoako Altxerri eta Dieciseis, Nafarroako Moises Perez Albeniz eta Arabako Trayecto. Bizkaiko Foru Aldundiak Arte Eder museoaren, Guggenheim-en, Rekalde aretoaren eta Bilbo Arte Fundazioaren eskaintza ere eramango ditu.


Totem komiki dendak 25 urte

Bilbon dago Totem komiki denda eta Conchita Ciruelos eta Jose Maria Boulandierrek ireki zuten duela 25 urte. Komiki argitaratu berriak, atzeratutako aleak, erabilitakoak eta katalogotik kanpo geratu direnak saltzen dituzte. Abentura, erotika, umorea, fantasia, underground, politika... gaitzat duten komikiak dira apaletan. Alabari dendan lekukoa pasa dion Conchita Ciruelosek nabarmendu du etorkizuneko merkatua euskarazko haurrentzako komikigintzan dagoela.


Iparraldeko bertso kanporaketa

Euskal Herriko Txapelketarako bi ordezkari aukeratzeko, kanporaketa jokatu zen urtarrilaren 18an, Donibane Lohizunen. Amets Arzallus eta Miren Artetxe geratu ziren aurrena eta bigarren, eta beste lau lehiakideak Eneritz Zabaleta, Xumai Murua, Fermin Mihura eta Egoitz Zelaia izan ziren. Bi sailkatu hauei Sustrai Colina batuko zaie Txapelketa Nagusiko finalerdietan eta hiruko honekin, Iparraldeak ordezkaritza sendoa du aurten. Aurrera begira, Iparraldeko Lehen Txapelketa noiz antolatu aztertzen hasi da Bertsularien Lagunak Elkartea. Eskoletan trebatzen ari diren gazteak eta plazan dabiltzanak batuta, 15 bertsolari inguruko talde ederra kontatu daiteke. Kopuruz nahikoa izatea, eta Iparraldean euskarak duen egoera larria dira epe laburrean antolatzera bultzatzen dituztenak, eta aldiz, bertsolari gazteei heltzeko denbora gehiago uztea da tartea luzatu dezakeen arrazoia.


Guggenheim eta Artiumen «arrakasta» iazko urtean

Guggenheim museoak 909.144 bisitari jaso zituen 2004an, aurrekoan baino %7 gehiago. Artiumi, aldiz, kopurua txikitu zitzaion urte batetik bestera, eta 87.500 pertsona hartu zituen. Arrakasta, ordea, helburuen araberakoa dela eman du aditzera Berrian Javier Gonzalez de Durana, Artium museoko zuzendariak: «Munduan bi ildo daude. Batetik, ekonomiaren traktorea izateko bokazioa duen museoa dugu. (...) Beste museo batzuek beste ildo bat aukeratu dugu. Beharrezkoa egiten dugu, nahiz egiten den unean gutxiengo batek soilik ulertu. (...) Badira gauza beharrezkoak, eta badira errentagarriak izateko komeni direnak».


Rafael Moneo Espainiako Arte Ederretako Akademiako kide izendatu berri dute. 1997an izan zen aukeratua eta orain Julian Cano Lasso arkitekto zenduaren lekua beteko du.

Juan Carlos Perezek Hiriko istorioak izeneko proiektua jarriko du martxan udaberrian. Azken urteetan konposiziora dedikatu bada ere, Perezek 2001ean eginiko emanaldi batzuetan erabilitako formula berreskuratu nahi du. Orduan, Gonzalo Tejada kontrabaxua eta Gernan Irazoki bateriarekin batera aritu zen. Hainbat kontzertu eskainiko ditu udaberrian eta emanaldi horietan zuzeneko disko bat grabatu nahi du.

Nabarraldek www.nabarralde.com web orrialdea berritu du. Hemendik aurrera egunero berrituko dute. Helburuetako bat sarean iritzi egunkaria sortzea dela diote koordinatzaileek.

Sorne Unzueta Utarsus poeta eta Emakume abertzale Batzako kidea zendu berri da. Unzuetak euskal poesiak 36ko Gerra aurretik bizi izan zuen loraldian parte hartu zuen.


Iñaki Aldekoa EHUko irakasleak honakoak esan zituen El Paisen: «Ni harrituta geratu nintzen behin Majisteritzan euskal literaturari buruzko ikastaroa ematen ari nintzela. Ikasleei galdetu nien: nor da Lizardi? Ez zen talde handia baina inork ez zekien. (...) Zuk imajinatzen duzu Frantziako ikasle bat Lizeoa amaitzean Victor Hugo eta Vodelaire nor diren jakin gabe eta haien bertso batzuk jakin gabe?».

Iñaki Askunze jazz musikariak zera adierazi zuen Garan: «Musika, zinema, literaturari... dagokienez garai nahiko erosoak bizi ditugu. Hanburgesa kontzetua da, sabela edo belarriak lau topikorekin bete eta haratago ez joatearena. Hortik aurrera jazza topatzen duzula, bada, ederki. Musika eskimala dela, ederki baita ere. Bisbal? Ez, mesedez».

Txuma Murugarrenek ere musika izan zuen hizpide Berrian egin zioten elkarrizketan: «Prezioak merkatu behar dira, modu erradikalean, bestela ez dago zer eginik.(...) Gehienez 10 eurotan izan beharko lukete diskoek eta, nire ustez, 8 eurotan ere sal daitezke diskoak, dirua irabazita».

hemeroteka

1976. zenbakia | 2005-01-23
1975. zenbakia | 2005-01-16

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan