Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2005-01-30 -- 1977.zenb

Jon Gurrutxaga

Taldeak berehalakoan identifikagarria den estiloa lortu du. Horrez gain, ikerketan eta kultura zabaltzen lan aparta egin dute. Hona hemen trukurik gabeko galderoi Ordorika, Tapia eta Martínezek emandako erantzunak.

Euskadi Gazteako Top Gaztea zerrendan izan da asteotan Alejotxo kanta. Hiru Trukuk egiten duen musika, ordea, ez dator bat irrati kate publikoak eskaintzen duenarekin. Zein da kanta honen sekretua?
Jakin dugu, bai, Alejotxo asko eskatzen dela. Alde batera horrek baieztatzen du guk kantaldietan ikusten duguna: era guztietako entzuleak etortzen direla eta interesatzen direla gure emanaldiekin. Bestaldera, musikari guztiok izaten gara kritikoak komunikabideekin, oro har. Euskal musika nola tratatzen den eta, kasu honetan bereziki, kantu zaharraren tokia zein den ez dago batere argi. Joera handia dago komunikabideetan halako musikak bazterrean uzteko gaur egungoak ez direlakoan, behar bezain homologagarriak-edo ez direlakoan. Gure artean, esaterako, maiz eztabaidatzen dugu irrati eta prentsaren aurrean hartu beharreko jokabideazà eta ez da gure esku Alejotxo zerrendetan sartuko den ala ezà Behin sartuz gero jendeari gustatzea ez da harrigarria. Gure esperientzia beretik esan dezakegu kantu hauek badutela gauza berezirik eta ederrik eta gu horixe ematen saiatzen gara.

Tradizioa dakarzue musikaren bidez eta tradizioa gazteok jasotzea ezinbestekoa da iraun dezan. Gazteok jarraitzen al dugu Hiru Trukuren musika?
Ez zaigu iduritzen gazteek multzo homogeneoa osatzen dutenik. Beste alor eta adinetan bezala musikaren alor honetan ere badaude era askotako gazteak: musika batere maite ez dutenak, heavya maite dutenak, Bisbal maite dutenak eta baita Hiru Truku maite dutenak ere. Musika jakin baten estimazioaren gorabeherak guk gehiago lotzen ditugu prestigioaren inguruko burutazioekin. Jende askorentzat kantu zaharra zerbait pintoreskoa da: ondo egongo da baina txokoan gordetzeko, igande goizetarako eta gastronomia azoketarako. Maila zabalagoan euskal musikarekin gertatzen da gauza bera. Eta ez da esan beharrik gazteak direla merkatuaren presioa zuzenen jasotzen dutenak eta gazteei zuzendutako irratiak eta abar. Gehien-gehienetan, salbuespenak salbuespen, zuzen-zuzen sartzen dira kontsumoaren aldeko katean.
Dena den, honetaz guk asko ikasi dugu Hiru Trukurekin. Euskal Herrian zaletasun handia dago herri musika zaharrarekin eta ez da adin batera mugatzen. Ez duzu lurralde askotan topatuko hemen dugun entzuleen maila.

Ohitura izan da bertso eta olerki zaharrak folk formatuan eskaintzea. Tradizioa jasotzeko estilorik egokiena berau dela uste al duzue?
Geure modura ematen ditugu kantuok. Ez dugu uste tradizioa hor nonbait geldirik dagoen ezer denik baizik eta etengabeko aldaketan heltzen zaiguna. Hiru Trukuk bere gustuz ematen ditu pieza hauek eta parte hartze horretan gozatzen du. Nork bere bidea. Dena da zilegi eta hemen denetarik egin da musika tradizionalean oinarrituta, baina guk era batera nahi dugu.
Zuk diozu ohitura izan dela folk formatuan ematearena, baina guk uste dugu aski gauza modernoa dela musika tresna akustikoekin-eta aritzea. Gurean abesbatzak eta konpositore klasikoak aspaldian hasi ziren halako eginkizunetan, halako erromantizismo musikalaren ondorioz (Guridi, Aita Donostiaà) Kantu zaharrak eta doinu tradizionalak gaurko moldeekin ematea nahiko gauza berria izan da eta doinu tradizionaletan oinarrituriko lanak alor guzietan entzuten ahal dira: jazzean, garaikidean, rockeanà Zenbat aldiz ez ote den sanpleatu Maurizia eta Leonen alboka eta ahotsa rock taldeen grabaketetan! Hori bai, sarritan maila sinboliko hutsean gelditzeko.

Zein pauso ematen dituzue olerki bati musika jartzerakoan?
Lehenengo, gustuko olerkia topatu edo sortu behar da, noski. Hiru Trukuren kasuan, kantutegi bat, altxor bat deskubritu genuen hemen eta han eta horren inguruan hasi ginen lanean. Intuizioak eta norberak duen esperientziak lagundu digu guztia atontzen: doinuak hautatu, pasarte musikalak asmatu... Zaila da teorizatzea doinuei buruz, hamaika ideologia dagoelako gai honen inguruan. Zer esanik ez moldaketei buruz, musika janzkera, instrumentazioa... Guk xumetasunean aurkitu dugu modu egokia kantu hauen mundua hobekien adierazteko. Sofistikazio harmonikoetatik eta birtuosismotik ihes egiten saiatu gara kantua ahal den gordinen gera dadin. Garai batean instrumentaziorik gabe edo instrumentazio oso xumeak lagunduko zituen seguruen. Gure hautua ideia horri jarraitzea izango litzateke beraz.

Zein izan ohi da publikoaren erreakzioa Euskal Herritik kanpo aritzen zaretenean? Disko berriarekin atzerrira joateko asmorik?
Batez ere diskoa argitaratzea izan da gure lehen asmoa eta ondoren Euskal Herriari ezagutzera ematea. Zentzu gehien hemen dutelako kantu hauek eta ederrak dira kantatzeko gainera. Guk gozatu egiten dugu emanaldietan eta feed backa nabaria da entzulearekin. Kanpoan noizbehinka eman ditugu kontzertuak eta ondo asko hartu gaituzte. Hala ere, folk jaialdi handi horiek interes komertzialagoak dituzte eta jende asko biltzeko izarrak behar izaten dituzte. Estilo aldetik exotikotasuna eta birtuosismoa nahi izaten dute, espektakulo deigarriak dituzte maite. Jendea aho zabalik uztea da musikarien eginkizuna.
Hala ere, parekotasun handiak daude Hiru Trukuren kantutegian Europako beste herrialdeetako kantu zaharrekin, bai gaietan eta baita kantatzeko moduan ere, garai bateko bizimodua, pentsamendua, kezkak agertzen dira kantu hauetan eta jende askorengan pizten du interesa mundu hark. Gugan ere nabaria da zaletasun hori. Gustatzen zaigu aurrekoen kezkak eta pozak gureganatzea, berritzea. Azken batean gaur egunekoetatik ez dira horrenbeste aldentzen. Eta ikuspegi berriak eskaintzen dizkigute gainera gure gaurko mundurako.

Euskal folka Euskal Herritik kanpo bertan baino baloratuagoa dagoela entzun nion behin musikari bati.
Askotan gertatzen da, bai, kanpotik datorrena nahiago izaten dugula hobea den ustetan eta bertakoak ez digu atentziorik eman ere egiten. Hala ere, Hiru Trukuren kasuan ezin esan dezakegu horrelakorik. Euskal Herrian sentitu izan dugu berotasun gehien. Gure emankizunetara jende asko dator eta gurekin batera gozatzen duela ematen du gainera. Gu eginahal guztian aritzen gara, ditugunak emanda, falta txikienik ere ez egiteko. Kantu hauek guztionak dira eta aldaera on bat osatzea izaten da gure erronka, aldiro kantuei mami guztia atera nahian. Ez dugu beti lortzen baina gehienetan konforme xamar gelditu ohi gara. Katalunian maite gaituzte baina Espainian gure lagunei gero eta gehiago kostatzen zaie gure kontzertu bat antolatzea. Ezagutzen ez bagaituzte ere gorroto gaituen jende asko dago hemengoak garelako eta "vasco" izena dugulako. Bestela, atzerrian ez dugu horrelako arazorik.

Antzinako kantak berreskuratzea al da Hiru Trukuren baldintzetako bat ala zuen hitzez osatutako lanik argitaratzeko aukerarik ikusten al duzue?
Bai aurreko bi diskoetan, bai oraingo Nafarroako Kantu Zaharrak honetan ere, Hiru Trukukook beti elkartu gara errepertorio zehatz baten inguruan. Kantu hauekiko zaletasunak batu gaitu, eta kantu hauek eman digute bidea eta aukera diskoak eta kontzertuak osatzeko, kantu hauekiko gure zaletasunari irteera emanez. Hiru Trukutik aparte, hirurok sarri egon gara azken urteetan harremanetan, gure beste proiektuetan elkarrekin kolaboratzen.
Etorkizunean zer egingo dugun? Auskalo! Baina Hiru Truku bezala nahiko seguru esan dezakegu zerbait gehiago egitekotan beti izango dela modu horretan, kanta jakin batzuen inguruan.

Kanta ezezagunak bildu dituzue disko berrian, beste hainbat, ahoz aho mantendu dira (Oi Peio Peio, Haika mutil...) A capella edonon kantatzeko joera hori galdu dela uste duzue?
Tabernetan eta kalean kantatzeko ohitura galtzen joan da azken urteetan, Hegoaldean ia erabat, Iparraldean ez hainbeste. Iparraldeko barnealdean oraindik mantentzen da leku askotan kantatzeko ohitura, tabernetan-eta. Gure teoria batek dioenez, hau honela da Hegoaldeko tabernek musika oso bolumen altuan jartzen dutelako eta Iparraldeko ostatuetan askotan ez da egoten musikarik ere. Ez genuke nahi, baina modernitateak û gure uste apalean askotan gaizki ulertua denakû horrelako galeretara eramaten gaitu. Kantu zaharrak bere garaian ez ziren ikuskizunen osagarri, baizik eta jende guztiaren espresiobide, elkarrekin ematekoa. Hori gaur galdu da eta kantu zaharra beste modu batean ulertzen du gizarteak, pasatako garai batzuen oihartzuna bezala eta ikuskizun baten barruan.

Kopla edo bertso eran abestuak daude kantak. Bestelako modulazio zein tempoekin kantatzeko grinik ez duzue izan?
Kantu hauek normalean beti izan dira a capella kantatuak, beraz, musika laguntzarik gabe, eta erritmikoki oso modu librean. Baina kanta hauek instrumentuekin ematen direnean beti egiten da nolabaiteko kantuen "zibilizazioa", onerako eta txarrerako. Lehen modu librean ematen zena orain harmonia eta erritmo baten barruan sartzen bada, nolabaiteko "estandarizazioa" edo "normalizazioa" ematen zaio kantuari. Hiru Trukukook instrumentu akustiko gutxirekin janzten ditugu gure kantak, honela maite dugulako, eta gure mentalitate modernoarentzat kantak honela ematea "puruago" ematen du, baina, egia esanda, aldaketarik funtsezkoena kanta hauek harmonizatzean eta erritmoan sartzean ematen da, ez hainbeste gitarra akustiko edo elektriko batekin erabiltzeagatik.

Eider Garaikoetxea

Eskarmentu handia duzu bai irratian bai antzerkian ere. Halere, erronka behar du izan irratsaio hau taula gainera eramatea. Nola gauzatu zen?
Niri Toño Pintok, Glu Glu antzerki taldeko ekoizleak deitu zidan. Berak aspalditik omen zuen ideia baina 2004ko udaberrian proposamen serioa egin zioten. Javier Vizcainok ez ei zuen egin nahi, oso zaila ikusten baitzuen. Niri proposatu zidaten egokitzapena egitea eta hala nahi izanez gero, aktore ibiltzea. Ondoren, Eloi Beato zuzendariarekin eta gidoilariarekin bildu nintzen eta orduan hasi ginen lanean. Diozun eskarmentu hori oso baliagarria izan da; Cocidito madrileño antzezlana irrati programa ere badelako.

Beldurra eman behar du hainbesteko arrakasta izan duen irratsaio baten egokitzapena egiteak.
Zentzu batean bai, baina baditu abantailak. Jendeak badaki zer den Cocidito madrileño irratian, baina antzerkian ez. Galdetzen ziguten: zer arraio eramango duzue oholtza gainera? Guk asmatu behar genuen formula; sortzaileak gu ginenez horrek konfiantza ematen du. Nik gainera, oso gustura egin dut lan Eloi Beatorekin, ezagutzen nituen berak aurretik egindako lanak, Sobradumekin-eta... Harekin lanean hasi nintzenean pilo bat lasaitu nintzen. Berak oso argi zituen gauza asko: komedia izan behar zuela, irrati-korteak atalka banatu behar genituela... Lanean hasi ahala konturatu nintzen lana oso ondo zihoala, ondo aterako zela, eta lasaitzen joan nintzen.

Javier Vizcainok 3.000 irrati-korte eman zizkizuen, aukeratu beharra zegoen...
Hautaketa egiten oso ondo pasa genuen, gaika banatu genituen eta gai bakoitzetik onenak hautatu. Kasu honetan zeintzuk dira onenak? Bada astakeria handienak. Ez genuen nahi gai garrantzitsurik edo pertsonaiarik kanpoan gelditzea eta beldur hori genuen. Gure zoritxarrerako, gauza asko kanpoan geratu dira: erritmoa mantendu behar da, ildoa jarraitu... Korte batzuk gogorregiak ziren, gainera.

Espainiako Estatuko tertuliakideek esaten dituzten izugarrikeriekin tragedia ere egin zitekeen.
Nik uste badituela, eta handikeriarik gabe diot hau, antzerki dokumentalaren ezaugarriak, errealitatean esaten diren gauza batzuk erakusten ditugulako. Tragedia bat ere bada, azkenean oso gauza serioen inguruan ari garelako. Dena dela, tragedia handiena honakoa da: zer nolako lasaitasunez esaten dituzten gure herriaren inguruko gauzak. Denok ezagutzen ditugu gure herriaren arazoak, egoera, eta horren aurrean, astakeriak esaten dituzte, askatasun osoz, gainera; hori tragedia da. Bada gehiago, guk badakigu zer dugun hemen baina Espainiako Estatuan tertulia horiek eman ematen dira, eta hangoek duten informazio bakarra, askotan, hori da. Nolanahi ere, guk badakigu zer dagoen eta eurek esandakoarekin alderatuz, komedia sortzen da. Hori da azken batean, Vizcainok programa sortzean izan zuen asmoa: tragediatxo horrekin barre egitea.

Euskal gizartearen kontura ere barre egin duzue, baina.
Betiko kontua da, baina egia da, besteen lepo barre egiteko zure buruaz barre egiten ikasi behar duzu lehendabizi. Hori hasieratik geneukan argi, gure kontura barre egin behar genuela: herri moduan ditugun ohiturekin, hemen gertatzen diren gauzekin... Finean, desdramatizatzea da barre egitea, guk ere komiko bihurtu nahi genuen hori guztia. Haiek ere, dena den, oso komiko bihurtzen dute dena; ez da hain zaila izan.

Gidoia zabalik utzi duzue. Zergatik?
Gaurkotasunak asko agintzen duelako, komedia politikoa da gurea eta politika egun batetik bestera aldatzen da, bereziki hemen. Orduan, beharrezkoa zen eszenatxo bat zabalik uztea azken asteetan gertatutakoa sartu ahal izateko, tira, gertatutakoa baino, jazoera horien inguruan esandakoak. Guk harreman zuzena dugu Javier Vizcainorekin, berak esaten digu astero zer duen. Sartu genuen azkeneko gauza sukaldariena izan zen, astero-astero astakeriak esaten dituzte baina den-denak ezin ditugu sartu. Jendeak erraz identifikatu behar ditu. 2000ko irrati-korteak ere badaude, eta gaurkotasuna dute.

Javier Vizcaino, irratsaioaren sortzailea, sinesgaitz zen hasieran. Nola hartu du oholtza gainekoa?
Gidoiaren lehenengo bertsioa irakurri zuenean harri eta zur geratu zen, ez zuen halakorik espero. Nik azalduta nion kontua, baina berak ez zuen ondo ulertzen. Entseguak ikusi zituenean barre egin zuen! Nik uste oso pozik dagoela. Bera ere oso harrituta geratu zen irratsaioak arrakasta izan zuenean, gauza bera gertatu zitzaion liburuarekin eta orain antzezlanarekin.

Protagonisten iritzirik heldu al zaizue?
Ba mementoz ez dakigu ezer, tamalez. Nik behintzat gogoa dut zerbait entzuteko, azken batean eurak direlako protagonistak, eurei esker sortu dugulako antzezlana. Dena den, izenik ez dugu esaten eta esatariak ateratzen direnean fikziozko izenak erabiltzen ditugu, agian horregatik...

Koktel ederra da Cocidito madrileño: 70 pertsonaia, 50 eszena, irrati-korteak zuzenean...
Bai, oso antzezlan azkarra da, hori zen hasierako asmoa. Nik uste jendeak ez duela astirik dena barneratzeko, horregatik, askok eta askok obra bigarrenez ikusi nahi dute, gauza asko oharkabean joan zaizkielako. Guretzat lan handia da, kontzentrazio handikoa. Gainera, aktore bakoitzak 15 roletik gora egiten ditu, nik neuk 20 ditut... Pertsonaiatik pertsonaiara izaera, fisikoa, arropa... dena aldatu behar duzu, zoramena da, baina, era berean, polita.

Ikusiko al dugu Cocidito madrileñoren bertsiorik euskaraz?
Ezinezkoa da, pena handia ematen badit ere. Lanaren erdia irrati-korteetatik atera dugu. Tertulietan esandako horiek gaztelaniaz dira, hitzez hitzekoak, eta ezin dugu solasaldietatik ateratako ezer aldatu; ezin ditugu euskarara, berdin frantsesera, edo ingelesera itzuli. Nahigabea ematen dit hain leku handietan egotea eta antzezlana euskaraz ez izatea. Pena da arrakastatsua den obra bat erdalduna izatea.

Ba al da Espainiako Estatuan taularatzeko asmorik?
Primerakoa litzateke Madrilen egitea. Katalunian aukerak egon daitezke, oraindik ez dakigu. Dena dela, uste dut Madrilera joatea oso gauza garrantzitsua izango litzatekeela, madrildar guztiak ez direlako berdinak, askok badakite zer ari den gertatzen. Bestalde, han egon diren artista askori gertatutakoa, musikariei gertatutakoa, gogoan izateko balioko luke.

Pilar Iparragirre

Zein dira lanaren nondik norakoak?
Itoizko urtegiaren kontra ia hogei urtez aritu diren herritarren eta taldeen berri ematen du liburuak. Txalaparta argitaletxeak berak egindako enkargua da. Artozkin hamabost egunez sortu zen erresistentzia mugimenduan erabat murgildu zen argitaletxea eta handik sortu zitzaion han gertatutakoaren berri emateko grina.

Zer aurki daiteke 'Itoitz. Porlanezko gezurra'n?
Itoitzekin Elkartasuna taldeko kideak Artozkiko etxeak defendatzen egon ziren bi astez, azkenean hondeamakinek herria bota zuten arte, Itoitzen egin zuten bezala. Solidarioek pisu nabarmena dute liburuan, baina, oro har, hogei urteko ibilbideari egiten dio so. Gogora ekartzen ditu proiektuaren hastapenak, jada Francoren garaian mahai gainean baitzegoen inguruan urtegi bat egiteko asmoa. Epaitegietan egindako bidea eta Itoizko Koordinakundeak betetako rola aztertzen ditu, halaber, eta hogei urteok eman dituzten gainontzekoak ere: Agoizko herritarren beldurraà

Ikerketaren arlorik azpimarragarriena?
Lan honetan, batez ere, pertsonak dira protagonista. Herriak eta etxeak galdu dituzten pertsonak, eta hogei urtez horma handi baten itzalpean bizi izan diren pertsonak. Urtegiak erabat baldintzatu du haien bizitza. Urtegia beharra balitz saldu digute nafarroi eta hori da Itoitzen atzean dagoen gezur nagusia. Gezur horren izenean herriak galdu ditugu. Nafarroako Gobernuak eta urtegia bultzatu dutenek noizbait horren erantzukizuna beren gain hartuko ote dute?

Pilar Iparragirre



Nafarroa Oinez 25 urte
Batzuen Artean
Iñigo Aritza Ikastola, Altaffaylla Kultur Taldea
101 or.+ CD+ DVD
20 euro

Nafarroa Oinez urtez urte

Nafarroa Oinez jaiaren 25. edizioa ospatzeko Iñigo Aritza ikastola eta Altaffaylla kultur taldearen artean argitaratu den bilduma honetan, Nafarroa Oinez-ek izan dituen logotipo guztiak aurki daitezke, hala nola ospatu den bakoitzeko sortu izan diren abestiek eduki izan dituzten hitz den-denak ere. Eta horiez gain, Nafarroa Oinez bakoitzari Castillo Suarez idazleak eskaintzen dion testua ûeuskaraz eta gaztelaniazû, gehi Jose Mari Morcillo marrazkilariaren ilustrazioak koloretan eskaintzen dira. CDan, berriz, Nafarroa Oinez dela-eta kaleratu diren kantu guztien bilduma jaso dute, eta DVD-an, Nafarroako ikastolen aldeko jai hau egin bakoitzean editatu diren bideoklip eta iragarkien bilduma.

Esne katilu batean ezkutatu egiten zen neska
Javi Cillero Goiriastuena
Aizkorri
87 orrialde
7,50 euro

Bere senera etorri arte gauzetan ezkutatzen zen neska

Guraso langile baten alaba izateak bere gorabeherak ekarri zizkion Javi Cillerok sortutako Esne katilu batean ezkutatu egiten zen neskari. Izan ere, ikasi eta zine zuzendari izan nahi zuen hazitakoan berak, jakinik bere aitak hamasei urte bete orduko lanean jarri nahi zuela. Aitarekin etengabe eztabaidan ez aritu behar izateko era, eskolan nota onak atera eta beka mantentzea zen, gustura egiten zuen gauza, eta aitaren haserrea saihesteko, irudimenaren laguntza: txiki-txiki egin eta gauzetan ezkutatzea. Azken afizio honek, ordea, bazituen bere desabantailak, eta badaezpada, isilean gordetzea erabaki zuen; psikologo harroputzari ez zion aitatuko, behintzat! Heltzen lagunduko zioten adiskideak egin zituen arte.

Dultzaina Gipuzkoan. 1950 hamarkada arte
Juan Mari Beltran
Herri Musikaren Txokoa
447 orrialde 25 euro

Dultzainaren historia Gipuzkoan

Oiartzungo Herri Musikaren Txokoak sortu zuen Herri Musika Bilduma, euskal herri musikaren alor batzuk ezagutzera emateko asmo sendoarekin. Eta hain zuzen ere, bilduma horrek plazaratutako aurreneko liburua da Juan Mari Beltran Argiñenaren Dultzaina Gipuzkoan. 1950 hamarkada arte. Juan Mari Beltran Argiñenak aurrera eramandako ikerketa honen helburua dultzainak eta dultzaineroak Gipuzkoan eduki duten lekuari buruzko berriak ahalik eta modu zabalenean jaso eta biltzea izan da, soinu-tresna honen inguruko hainbat osagai bat eginik bere iragana aztertu eta argitu nahian. Datuak, beste ikertzaile batzuk egindako lanetan aurkituak, eta azken dultzaineroek ûedo hauek ezagutu zituztenekû egileari eman dizkiotenak dira.

Zehar
Batzuen artean
Gipuzkoako Foru Aldundia
68 orrialde

Sexu gunea aztergai

Artelekuko aldizkariaren 54. zenbakian, sexu gunea berriro politizatzea gaur egungo jarduera artistikoetan daukate aztergai, queer teoriak eta praktikek nortasun, genero eta sexu ezberdintasunean izan duten eragina, alegia. Horri lotuta plazaratzen dituzten lanen artean, Terre Thaemlitzen Ez naiz lesbiana!, Itziar Okarizen Garuna muskulu bat da, Beatriz Preciadoren Género y perfomance, Hans Sheirlen Arteak haurdun utzi du lurra. Mundu trans-... bat, Cecilia Barrigaren Nitaz geratzen dena, eta Laura Cottinghamen Zenbait ohar lesbianismoaren inguruan daude. Bestalde, aldizkari berean aurki daizteke ere Susana Blasen Ulrike Ottinger, Kebir Sabar-en Route 181 edota Ana Arregiren Gaixotasun bat daukat: hizkuntza ikasten dut bezalako lanak.

Narrazioak eta olerkiak. R. Mª Azkue saria
Batzuen artean
BBK Fundazioa, Euskaltzaindia
122 orrialde
3 euro

Gaztetxoenek 2003an eskuratutako sariak

Euskal eskoletako umeak literaturgintzara bultzatu eta euren artean irakurketa indartzeko asmoz Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioak eta Euskaltzaindiak urtero antolatu ohi duten R. Mª Azkue sarietan, 2003an irabazle gertatu zirenen lan guztiak jasotzen ditu liburu honek. A mailan, 12 urte dituen Hazparneko Enma Aristeguiren Tikot Orzatxatarren historia narrazioak eta 13 urte dituen Hodei Balantzategi arrasatearraren Denbora olerkiak eskuratu zuten lehenengo saria. B mailan, berriz, Pasai Donibaneko 17 urteko Ane Arbillaga Etxarriren Amildegi amaieran narrazioak eta 16 urteko Amets Zuazo Garmendia irundarraren Teilatuan kontatzen nizkizun ipuinak olerkiak.

Alaba adoptatua...
Xosé A. Neira Cruz, Jokin Mitxelena
Elkar
30 or./ 5,65 euro
euro

Neskato adoptatu baten zuhaitz genealogikoa

Xosé A. Neira Cruz idazle galiziarrak sortu eta Jokin Mitxelenak marraztutako Alaba adoptatua naiz. Eta zer? kontakizunak jatorri txinatarra duen eta gurasoak hemengoak dituen neskato baten gorabeherak azaltzen ditu. Arazo berezirik gabe bizi zen Lu, eskolan maistrak zuhaitz genealogikoa egitea proposatu zien arte. Neskatoak badaki adoptatua dela eta, beraz, bi ama, bi aita, lau amona eta lau aitona dituela, baina, nola azaldu hori guztia zuhaitzean? Izan ere, nortzuk ote dira Txinan utzitako haien izenak?

Itoitz. Porlanezko gezurra
Edurne Elizondo
Txalaparta
200 orrialde 15 euro

Itoitzko urtegiari aurre egin dion borroka

Edurne Elizondok burutu duen lan honek ia hogei urtean zehar aurrera eramandako borrokaren berri zehatz bezain sentitua ematen du. Batez ere, Itoitz, Artozki eta Orbaitz bezala urtegiak betirako desagerrarazi zituen herrietan bizi zirenen lekukotza biltzen du, Francoren garaiko proiektu horri beti aurre egin zioten herritarrena, urtegia egin ez zedin zuhaitzetara igo eta etxeetara kateatu ziren solidarioena, baita Itoizko Koordinakundea osatzen dutenen urratsak ere, epaitegiz epaitegi egindako bide korapilotsua ahaztu gabe. 1985eko urtarrilaren 26an Nafarroako Gobernuak Itoizko urtegiko proiektua Espainiako Herri Lan ministroa zen Julian Campori aurkeztu zionetik iazko ekainaren 19an Itoizko Koordinakundeak deituta milaka lagunek Iruñeko kaleetan urtegirik ez zutela nahi aldarrikatu zutenera arte koak kontatzen ditu liburuak. Tartean, Itoizko urtegiari ezetz esan diotenen ahalegina eta, nola ez, proiektua aurrera atera zedin gogor saiatu direnena: hau da, Nafarroako zein Espainiako Gobernuak, Ebroko Ur konfederazioa, obrak egiteko lehiaketa irabazi zuten enpresak, Uraren Plataformako erakundeak...

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan