Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2005-01-30 -- 1977.zenb

Mikel Asurmendi

120 auzapezen sostenguarekin eta 1.000 lagunen presentziarekin inauguratu zen Laborantza Ganbera. Pozik?
Bai. Alta, komeni da zehazpen bat egitea. Hastapeneko proiektuari 120 auzapezek eman zioten baietza, baina orduko proiektua ez da egungoa, proiektuak ez du erran bera egun. Hau da, 120 auzapezek estatuari eginiko Laborantza Ganberari eskaera sostengatu zuten. Eskaera egin genuenetik, 1995ean, Paueko Ganberak mespretxuak eta jarrera bortitzak baino ez dizkigu erakutsi. Proiektua sozializatuz joan den ahala ganberaren eskaera eta eraikitzeko moldea erradikala bilakatu da. Azkenik, ELBk eskaera obratu du. Alabaina, gaur egun 120 auzapez horiek berdin emango ote lukete baiezkoa? Auzapez kopuru horrek Laborantza Ganbera ofizialari baietza eman zion, baina hau ez da ofiziala.

Prefetaren mehatxuak jaso zenituzten. Inaugurazio egunean beldur al zineten?
Ez baitezpada. Prefetak badaki guk ez dugula proiektua geldituko, baina berak laborariengan beldurra sarrarazi nahi zuen: proiektuari ilegaltasun kutsua ezarri nahi izan dio. Guk, berriz, konfiantzazko mezua helarazi diogu jendeari lehenbailehen. Adibidez, Ganberaren izena euskaraz eman dugu eraikinean. Gisa horretara, ezin dute erran izen bera daraman Paueko egoitza ofiziala ûfrantsesezû ordezkatu dugunik. Ganberaren izen nagusiaren azpikoak Pour une devéloppement rural dio. Prefetak egitura hau ilegala dela dio, dirua ez baitu jaso erakunde publikoetatik. Guk legearen araberako elkartea dela diogu. Inaugurazio eguna arte ez zen existitzen, laborarien bozen bitartez sortu da. Ondoren, eskaera prefekturara eraman dugu legala izan dadin. Prozedura errespetatu eta desmartxa eta argipenak eman dizkiegu laborariei. Aritzeko manerak zaindu ditugu prefektuak jendea izutzeko agertu duen asmoari aurre egiteko.

Nolanahi ere, auzapezek ongi erantzun zuten inaugurazio egunean.
Bai. Hendaiako auzapezak ûeta ez da abertzaleû presioak politikan ohikoak direla eta kuraiaz erantzun behar zaiela erran zuen. Auzapez abertzaleentzat desafioa izan da. Abertzale ez direnentzat, berriz, iraultza gisakoa. Auzapezak, oro har, lasai egon ziren, ekimena legala dela transmititu zuten. Ororen buru prefektuak proiektuari oihartzuna eman dio eta «laborarien alde jokatu du» (irriak).

Euskal laborariek bere ganbera daukate. Epe laburrean zein da egitekoa?
Proiektuak hamasei langile bildu nahi ditu, gutxienez. Baina zuhurtziaz jokatu behar dugu. Urte hondarrerako ongi liteke zortzi langile ukatea. Oraingoz bi langilerekin hasi gara. Animatzaile nagusi batekin eta bere ondokoa. Paueko Laborantza Ganberako bozak burutu bitartean bi urte ditugu gure ganbera antolatzeko, laborariei frogatu behar diegu laborantza lagundu eta egituratu dezakegula. Laborarien artean badago abertzale munduko ez den asko, eta horiei bereziki zerbitzu sendoa eskaini behar diegu. Laboraria administrazioak itota bizi da ûpaperen eta tramitazioen menpeû eta guk Ganbera hau arazoak konpontzeko dela erakutsi behar diegu. Arazo anitzek jurista baten laguntza behar dute eta proiektua bermatzeko jurista bat ere lanean ari da Ganberan.

Ganbera Hegoaldeko Robles-Arangiz Fundazioaren diru laguntzaz sortu da.
ELBk 550 kide inguru ditu. Guk ezin dugu egitura hori muntatu, ezta Batera plataformaren inguruko taldeen laguntzaz ere. Berehala ohartu ginen Hegoaldeko sektore sindikalen laguntza behar genuela eta proiektua haiekin landu dugu. ELA izan da lehenik interesatu dena, eta besteak ondoren heldu dira, bakoitza bere ahalen arabera. Guretzat oso pozgarria da. Sindikatuez gain, Udalbiltzak ere sostengu ekonomikoa nahiz politikoa eskaini dizkigu. EAJko EBBko Josu Jon Imaz lehendakariaren eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza sailburu Gonzalo Saenz de Samaniegoren sostengua dugu halaber.

Prefetak berehala erran du dirua Espainiatik heldu delaà
Sosa atzerritik heldu dela dio. Guk ganbera ofiziala eskatu genuen eta ukatu ziguten. Sosa lagunengandik hartu dugu. Ez dut uste hori debekatua denik. Europatik heldu diren diru laguntzak atzerritik heldu dira. Oraingoan Europako lagunengandik heldu zaigu eta gainera lagun euskaldunengandik. ELBk euskalduntzat jotzen du bere burua, ez abertzale. Euskal Herrian eta munduan oro har erroturiko sindikatua gara. Euskal Herria errealitate soziala dela diogu. Beraz, sosa ez da Espainiatik heldu, Euskal Herritik bertatik heldu da. Gainera, sosa langileen aldetik heldu zaigu. Keinu naturala eta eskergarria da.

FDSEAko Jean-Pierre Goitik ganbera "legaltasunik gabeko elkartea" dela erran du.
Goiti Paueko Laborantza Ganberako lehendakariordea da. Zer erranen du? Paueko Ganberak ematen dio jatera. Goitik gure alde amiñi bat eginez gero bere kargutik kenduko lukete. Baina honezkero ezin du gure Ganbera legala ez dela erran. Gurea ez da Paueko Laborantza Ganbera, gurea elkarte bat da. Alta, urte batzuen buruan estatuak gurea errekonozitu beharko du, erronka hori irabaziko dugu. Honelako proiektuak ûSeaska eta Herrikoa bezalaû hasieran ez dira onartuak, alta herriko erakundeetan eta jendartean txertatzen bada, estatuak azkenean onartu beharko du. Orduan egitasmo politikoa bilakatuko da. Euskal Herria biziaraztea ekimen politikoa baita funtsean.

ELAko Jose Elorrietak Ganbera proiektu nazionaltzat jo du. Hazparneko kontseilari Beñat Intxauspek, berriz, proiektua laborarien arlo profesionalean garatu behar dela, ez politiko bihurtu, erran du.
Nahi dutena erran dezakete, libre da, ezta? Elorrietak alde bat azpimarratu du, Intxauspek beste bat. ELBn pentsaera politiko ezberdinak biltzen dira eta laborarien pentsaera guztiak errespetatzen ditugu, baita sostengua ematen dutenenak ere. Guk proiektuari kutsu politikoa kendu nahi diogu. ELBk alkimia hori lortu du, jende desberdinen sostenguak batu ditu: Joseba Permach eta Frantxua Maitia egon ziren inaugurazio ekitaldian, arrazoi desberdinengatik egongo ziren. Adibidez, ELBko kide askok ziur Maitia bozkatzen duela. Orduan, Maitiak bere interesak zaindu behar ditu.

Iparraldeko laborantza proiektuak beste laborarien arreta bereganatu du...
EHNEri ELBren proiektua interesgarria iruditzen zaio. Hegoaldean laborantza ttipia lantzen dute edo industriala. Iparraldean, badugu geure moldea, erdibideko molde bat erdietsi dugu, eta haiek hona so egiten dute. Laborantza herrikoia lantzen ari gara, ekoizpena neurtuz, baditugu geure kontraesanak, bistan da. Zeregin horretan, Hegoaldean nahiz geure diasporan gure proiektua lantzen segitu nahi dugu eta berau ongi azaldu. Mota guztietako euskaldunen atxikimendua eta sostengua jaso ditugu eta erdietsi ditugun lorpenak eskaini eta trukatu nahi ditugu beste laborari euskaldunekin.

Laborantza Ganbera Batera-ren aldarrikapenetako bat da. Laborariak aitzindari, horra! Zer gogoeta egiten duzu?
Laborariok eta ez direnak ere etsituta gaude Batera-ren aldarrikapenak ezin erdietsiz ari garelako. 10 urte borrokan, baina ez ditugu aldarrikapenak lortu. Hala ere, ezin dugu beste 10 urte berdin iragan. Baterak, guk laborariok oro har egin dugun gogoeta bera egin eta landu behar du. Guk hordagoa bota dugu eta Batera bultzatu dugu pixka bat bederen. Laborariok Batera-ren aitzindari gisa agertu gara. Orain bidea irekitzen eta sendotzen badugu, beste aldarrikapenentzako ere bide eta perspektiba berriak zabalduko dira. Egoera zaila da alabaina, baina esperantzari leiho bat irekirik bizi behar dugu.

Daniel Udalaitz

Zer da Gaindegia?
Euskal Herriko sozio-ekonomia behategia sortzeko asmoz ekonomia eta alor sozialeko eragileak biltzen dituen erakundea da. Momentuz, elkarte zibilaren itxura hartu dugu, Gaindegia izena duen elkartea, alegia. Elkarte horretan norbanakoak dira partaideak, pertsonak, ez elkarte, instituzio edo bestelakorik. Euskal Herriko herrialde guztietako eta gizartearen hainbat sektoretako pertsonak biltzen dituen erakundea, Euskal Herriko errealitate sozio-ekonomikoa aztertzeko da eta, ahal dela, hobetzeko proposamenak egiteko.

Zergatik sortu da? Nork sustatu du?
Ekonomia eta gizarte alorreko eragileen beharretatik sortu da. Sindikalgintzakoek, enpresa-munduko eragileek, ekonomia alorreko unibertsitarioek, hedabideetako adituek eta, oro har, ekonomia eta gizarteko hainbat pertsonek, Euskal Herriko sektore askotarikoek erakundetzeko beharra ikusi dute. Mundializazioa apurka-apurka gauzatzen ari den bitartean Euskal Herrian kohesioa irabazi baino galtzen ari garela uste dugu. Euskal Herriko industria-ehuna errotik aldatzen ari da, ekonomia sozialaren eragina zabaltzen, lehenengo sektoreak arazo latzak dauzka bizirauteko, zerbitzu-gizartetik ezaguera-gizartera aldatzekotan gaude eta uste dugu ez dagoela eragileen arteko nahikoa komunikazio hari.
Ekonomia eta gizarte alorreko informazio ugari badago ere, zatikaturik eta oso sakabanatuta dago. Ez dugu ezagutzen Euskal Herriko egoera bere osotasunean zertan den. Ez dago Euskal Herria bere osotasunean hartzen duen erakunderik alor honetan, ez dago harreman handirik Euskal Herriko herrialdeetako sozio-ekonomiako eragileen artean. Ehuntzen diren harremanak oso bakanduak dira, ekimen zehatzei loturikoak beti ere. Euskal Herria Europako herririk zaharrena eta zahartuena da, eta ez da erretolika, gazte gutxi eta pertsona adindu gero eta gehiago baitago Euskal Herrian. Ezagutzen ditugun zantzu guztiek adierazten digute etorkizun zaila daukagula. Halere, metatu dugun esperientziak bide berriak urratzeko balio izan diezaguke.

Zein zerbitzu eskainiko ditu Gaindegiak?
Printzipioz, Gaindegia ez da sortu zerbitzu-enpresa gisa. Aurreneko lana ekonomia eta gizarte eragileak biltzea da. Euskal Herriko egoera aztertzea, esparruko informazioa biltzea, antolatzea eta era eraginkorrez interesatuen esku ipintzea. Euskal Herriko eskualde txikienetatik hasi eta Europa mailako azterketak egitera iritsi nahi dugu. Eragileen arteko elkar-eragintza sustatu nahi dugu. Badakigu jakin Euskal Herrian, han hemen, sare txiki ugari dagoela, baina kasurik gehienetan bakandurik eta elkarren arteko erlaziorik gabe. Sektoreen arteko lotuneak aurkitu eta indartu nahi ditugu. Horretarako auzolana eta lankidetza bilatuko dugu esparru honetan diharduten gainontzeko erakundeekin, administraziokoak izan zein ekimen pribatukoak izan. Europako ardatz atlantikoko bazter honetan garapen ildo nagusiak aztertzeko asmoz sortu da Gaindegia, garapen ardatz horri dagozkion arazoak gizarteratu nahi ditugu: garraioarena eta garraiobideak, herri mailako azpiegitura handien auzia, eragileen arteko elkar-eragintza, enplegua, gizarte ereduaren aldaketa eta abar.
Gure aurreneko eginkizuna, eta horretan zerbait aurreratu dugu dagoenekoz, Euskal Herriko oinarrizko informazioa biltzea da. Abiapuntutzat Euskal Herriaren definizio operatiboa adostu dugu, udalerria unitate txikien gisa hartu, Euskal Herriko barne zein kanpo mugak zehaztu eta Europako parametro estatistiko estandarizatuen argitan aztertu. Ez dugu ezer berririk asmatu, egia esan, baina orain artean erabili izan ez den informazio estatistikoa plazaratzeko moduan gaude, demografian, aldagai sozialetan (etxebizitza, enplegua eta abar) eta aurki adierazle ekonomikoak lantzen hasiko gara. Hau da, une honetan, Gaindegiak eskain dezakeen ekarpenik landuena. Eta, gure ustez, ez da gutxi.

Norentzat sortu da Gaindegia?
Euskal Herriko ekonomia eta gizarte eragileentzat, eurentzat sortua da. Sindikalgintza, enpresa, hedabide, profesional edota unibertsitateko interesatuentzat sortu da. Euren jarduerak eta eginkizunak hobetzeko, informazioa trukatzeko, sareak eraikitzeko. Hortik kanpo, horrelako gaietan interesatuta dagoen edozein pertsonarentzat. Hori bai, Gaindegiaren asmoa, eta Gaindegia proiektuan esku hartzen dutenena, beraz, Euskal Herriko sozio-ekonomiaren azterketa eta eragileen arteko elkar-eragintza lortzea da. Laburbilduz, kalitate oneko informazioa lortu, zabaldu eta kohesio maila areagotu. Hori lortu eta bilatu nahi duenak Gaindegian lekua badauka. Gaindegiak, bere aldetik, behar eta nahi duen orori bere lan eta ekarpenen berri emango dio. Konpromisoa hartu dugu eta.

Nola finantzatuko da?
Sortze prozesuan Gaindegiak erabaki du bere buruaren jabe izateko bere baliabideak izan behar dituela. Hori horrela, Gaindegiako bazkideek eurek haien ekarpen ekonomikoez sostengatuko dute elkartea. Halere, Gaindegiaren proiektuak aurrera atera ahal izateko beste finantzabideak bilatu beharko ditu, kasurik kasu eta proiektuen izaeraren arabera. Interes publikoa dago Gaindegiaren sorreran eta jarduera orotan. Gaindegiaren jardueratik eratorritako ekimenek balio erantsia ekarriko digutela itxaron dugu eta hortik erator liezazkigukeen mozkinak ekintza berriak sortzeko erabiliko ditugu. Badakigu jakin ez dela erraza izango, baina erabat konbentzituta gaude Gaindegiak baduela lekurik eta proiektua bideragarria dela. Behar izango ditugun babesak eta laguntzak lantzen ari gara eta lortuko ditugulakoan gaude.

Sindikatuek, alderdiek, instituzioek... zer diote Gaindegia proiektuari buruz?
Ekonomia eta gizarte alorreko eragileen artetik sortu da. Mundu horretako pertsonek sortu dute. Orain artean hitz egin dugunaren arabera proiektuak harrera ona izan du. Hasierako urrats hauetan sozio-ekonomiako eragileengana jo dugu horiek baitira Gaindegiaren behin behineko euskarria. Urteko egitasmoa eta gestio-plana egiten ari gara. Horren arabera hartuko gaituzte alderdietan eta instituzioetan.

Unai Brea

Gaur egun Hego Euskal Herrian indarrean dauden irakaskuntzako hizkuntz ereduak Frankismo ondorengo lehen urteetan egosi ziren ûNafarroan dezente beranduago arautu baziren ereû, trantsizio politikoaren giro nahasiak eta elebitasunari buruzko zalantzek berotutako lapikoan. Hala ere, ereduok badituzte aurrekariak.

Aurrekari horiei buruz hitz egin digu Joxe Garmendia EHUko irakasleak: «Espainiako Estatua XVIII. mendean hasi zen estatu gisa eratzen». «Horretarako eskola zuten zutabeetako bat; XIX. mendean hasi zen Espainiko eskola sortzen, eta orduan hasi ziren irakaskuntzan gaztelania erabiltzera behartzen zuten legeak erditzen».

Euskarak, hala ere, lortu zuen habia egitea administrazioak estaltzen ez zituen zirrikituetan. Eta azkenik, Bizkaian eta Gipuzkoan zirrikitu horiek zabaltzea lortu zen, euskarazko irakaskuntza arautuz. Hala, lehen hizkuntz ereduak, gaur ulertzen ditugun modura, Bizkaian agertu ziren XX. mendeko 20ko hamarkadan. Sasoi hartan abertzaleen esku zegoen Foru Aldundia, eta haiek sortu zituzten auzo-eskolak, hirietatik kanpo bizi ziren umeak eskolaratu ahal izateko.

Auzo-eskolak talde bitan banatu zituzten, hizkuntz-egoeraren arabera. Eremu euskaldunetan gaztelania irakasgai hutsa zen, eta gainerakoa euskaraz ikasten zen, eta erdaldunetan guztiz aurkakoa. Eskola mota bi haiek A eta B zuten izena, hurrenez hurren. Bizkaiko auzo-eskolek indarra hartu zuten denboraren poderioz, eta 1930ean, sortu eta hamar urtera, ia 6.000 ikasle zeuzkaten, 100 ikastetxetan.

30eko hamarkadaren hasieran, Gipuzkoako Foru Aldundiak -artean karlisten esku- landa-eskolak sortzeko proiektua abiarazi zuen, Bizkaiko auzo-eskolen ildoari jarraiki, eta halaber umeen jatorrizko hizkuntza kontuan hartuz. Kontuak kontu, Gipuzkoako landa-eskolek ez zuten luze iraun, ez eta mendebaldeko bizilagunek adina zabalkunde lortu ere; haiek bezalaxe, 36ko Gerrarekin batera desagertu ziren. Edo hobeto esanda, frankismoaren eskola sarean sartu zituzten batzuk zein besteak. Akabo hizkuntz ereduak.

Frankismoaren ostean, berriz agertu

Gaur egungo ereduak 70eko hamarkadako azken urteetan hasi ziren diseinatzen. Artean Eusko Jaurlaritzarik ez zegoela, Eusko Kontseilu Nagusiko Hezkuntza Sailak bereganatu zuen ardura. Arduradunetako bat Lontxo Oihartzabal zen, gaur egun Euskadiko Eskola Kontseiluko presidentea. Dioenez, "ez geneukan artean eskumenik, baina lanean hasiak ginen. Madrilgo Ministerioaren eskabidea izan genuen haur hezkuntzako hizkuntza plangintza nola egin zitekeen adieraz genezan. Gure proposamena onartu zuten, eta 79ko maiatzerako, Gernikako Estatutua onartu baino lehenago ere, lau hizkuntz eredu ûA, B, C eta Dû aurreikusi zituen Errege Dekretua argitaratuta zegoen. Hurrengo ikasturtean hasi zen han esandakoa ezartzen".

Eredu proposamena egiteko garaian, lan taldeak hainbat gauza hartu behar izan zuen kontuan. "Batetik, gurasoen euskararekiko sentiberatasuna ez zen berdina leku guztietan; bestetik, irakasle euskaldun gutxi zegoen; hirugarrenik, zenbait girotan esaten zen elebitasun goiztiarra kaltegarria izan zitekeela umeentzat. Baziren urte haietan eta geroago ere hori aldarrikatu zuten hainbat alderdi politiko. PSEk, esaterako, hala zioen 1986an. Eta horrek, noski, guraso batzuen jarrera baldintzatzen zuen". Horri guztiari eskualde bakoitzeko ezaugarri soziolinguistikoak gaineratu behar zitzaizkion.

Eredu bat ume mota bakoitzarentzat

Osagai haiekin egin zen ereduen errezeta. D eredua jatorriz euskaldunak ziren umeentzat pentsatu zen batez ere, "haiek euskaraz eskolatzeko aukera eduki behar zutela uste genuen eta". Familia erdaldunetatik zetozenentzat, B zatekeen egokiena, eta A "euskararekiko sentiberatasunik ez zuten gurasoentzat jarri genuen, pentsatuz umeak hiru urterekin hasiz gero eta hamasei urtera arte ondo landuz gero, euskara ikas zezaketela, ez beste ereduetan bezain ondo, baina bai behintzat ulertzeko eta bizitzaren oinarrizko eginkizunetan moldatzeko". C eredua, berriz, ez zen sekula ezarri. A ereduaren antzekoa zen, baina ikasgai batzuk euskaraz emanez. A eta Bren arteko erdibidea, nolabait esatearren.

A eredua diseinatu zutenek hura poliki-poliki desagertzeko itxaropena zuten hasieratik, Oihartzabalek dioenez: "Momentu hartan beharrezkoa zela iruditu zitzaigun, guraso askok, beldurrak jota, ez lituzketelako inola ere B ete D ereduak onartuko, eta bestetik nahiko irakasle euskaldunik ez zegoelako". Lehenengo oztopoa berez gaindituko zen, ereduen asmatzaileen ustez, gurasoak B eta D ereduetan ikasteak gaztelaniaren ezagutzari kalte egiten ez ziola konturatu ahala. Bigarren oztopoari aurre egiteko, maisutza euskaraz ikasten hasi berriak ziren irakasle belaunaldien zain egoteaz gain, irakasleak euskalduntzeko IRALE programa jarri zen abian, baina hori ez zen 1981. urtera arte gertatu, Eusko Jaurlaritzak Euskararen Legea onartu baino urte bat lehenago eta Hezkuntza Sailak ereduen dekretua kaleratu baino bi lehenago, hain zuzen. Orduantxe, 1983an, lau urtez indarrean zeramana arautu zen lehenbiziko aldiz.

Nafarroan, 1987an

Nafarroan, hizkuntz ereduen ezaugarriak ez ziren 1987ra arte zehaztu. Funtsean, EAEko berak ziren, baina aldaketa batzuk egon ziren. Batetik, B eredua baztertu egin zen, "gurasoek muturreko aukeretara (A eta D) joko zutelakoan eta eredu harekin lortutako euskara maila eskasa izango zelakoan". Horixe adierazi digute Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailetik. Bestetik, eremu mistoan eta erdaldunean euskarazko irakaskuntzak norberaren borondatearen araberakoa izan behar zuela ebatzita, G ereduaren aukera ere ezarri zen, alegia, euskara irakasgai huts gisa ere ez daukana. Eta hori da, alde handiz gainera, herrialdean nagusi.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan